Álvaro Villa Galvis
Álvaro Villa Galvis | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Medellín, 1940 (83/84 urte) |
Herrialdea | Kolonbia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | ingeniaria eta enpresaburua |
Álvaro Villa Galvis (Medellín, Kolonbia, 1940 -) kolonbiar ingeniaria da; Imageneering delakoaren munduko hiru handietako bat.
Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pertsonek bezala dantza, abestu, negar eta hitz egiten duten robot erraldoien egilea, joko didaktiko eta ekipo interaktiboen eta aireportuentzako informazio-sistemen asmatzailea.
Disneyn bizi da, bere enpresa AVG Productionsen zuzendari. Etxe-tresnetako lantegi txikietan hasi zen lanean. 1961ean Estatu Batuetara joan zen pilotu izateko asmoz, eta NASArentzako espazio-ontziei buruzko lehen proiektuak egin zituen.
1978an Disney konpainiak kontratatu zuen Disney Worldeko (Florida) jolas-parkea berritzeko eta irudi, jolas eta denbora-pasarako instalazio gehiagoz hornitzeko: Tiki room, Etxe sorgindua, Lehendakarien Aretoa, Karibeko piratak, Laser-galeriak, etab. Horrez gainera, bostehunetik gora giza irudi eta berrehundik gora munstro diseinatu eta fabrikatzeaz gainera.
Bestalde, zenbait filmetarako antzezleku fantastikoak eraiki ditu (Drakularen gaztelua, Galaxietako gerra, ETren abentura...), Fuji telebista-kate japoniarrarentzat Dinosauroen azken gaztelua (benetakoen neurrian egindako hemezortzi dinosauro), Singapurko abentura (46.450 metro koadroko jolas-parkea), Animatronic Herensugea (Las Vegasko Excalibur hotelarentzat), Mamuen antzerkia (Queen Island, Ohio, munduko fantasia handienetakotzat hartua), Pekingo jolas-parkeko igel kantariak eta dragoiak, berrogei monumentu historiko Omango gobernuarentzat, etab.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.