Edukira joan

Kolonbia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kolonbiako Errepublika
República de Colombia
Ereserkia: Kolonbiako Errepublikako ereserki nazionala
Goiburua: Libertad y Orden
"Askatasuna eta Ordena"

Kolonbiako bandera

coat of arms of Colombia (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaBogota
4°36′35″N 74°4′54″W
Azalera1.141.748 km²
Punturik altuenaPico Cristobal Colón
Punturik sakonenaOzeano Barea (0 m)
KontinenteaHego Amerika
MugakideakEkuador, Panama, Peru, Venezuela, Brasil eta Nikaragua
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Kolonbiako presidenteaGustavo Petro
LegebiltzarraCongress of Colombia (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria52.321.152
Dentsitatea45,83 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,897 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak704.803 (2015)
Bizi-itxaropena74,381 (2016)
Giniren koefizientea54,2 (2020)
Giza garapen indizea0,752 (2021)
Ekonomia
BPG nominala309.191.382.833,36 $ (2017)
BPG per capita6.408 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa711.614.618.938 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn14.503,326 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2 % (2016)
Erreserbak47.131.104.746 $ (2017)
Inflazioa1,6 % (2020)
Historia
Sorrera data: 1810
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+57
ISO 3166-1 alpha-2CO
ISO 3166-1 alpha-3COL
Ordu eremua
Elektrizitatea110 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli eta NEMA 5-15 (en) Itzuli
Internet domeinua.co
gov.co

Kolonbia[1] (gaztelaniaz: Colombia, koˈlombja ahoskatua), ofizialki Kolonbiako Errepublika[1] (gaztelaniaz: República de Colombia (reˈpuβlika ðe koˈlombja ahoskatua), Hego Amerikako ipar-mendebaldeko estatua da. Mendebaldean, Ozeano Barea du; ipar-mendebaldean, Panama eta Karibe itsasoa; ekialdean, Venezuela eta Brasil; eta hego-mendebaldean, Peru eta Ekuador. 1.141.748 kilometro koadroko eremua du, eta 2015ean 48.014.026 biztanle zituen[2]. Beraz, Hego Amerikako laugarren herrialderik handiena da, Brasil, Argentina eta Peruren ondoren, eta bigarren populatuena, Brasilen ondoren. Hiriburua Bogota da.

Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako geografia»

Kolonbia Hego Amerikako ipar-mendebaldean dago, 12°N eta 4°S latitudeen artean, eta mendebaldeko longitudeko 67° eta 79° artean hedatua. 1.141.748 kilometro koadroko eremua du, hots, Hego Amerikako laugarren handiena eta munduko 26.a.

Ekialdean Venezuela eta Brasilekin du muga, hegoaldean Ekuador eta Perurekin, iparraldean Ozeano Atlantikoarekin (Karibe itsasoa) eta mendebaldean Panama eta Ozeano Barearekin. Karibe itsasoan Panama, Costa Rica, Nicaragua, Honduras, Jamaika, Haiti, Dominikar Errepublika eta Venezuelarekin ditu itsas mugak eta Ozeano Barean Panama, Costa Rica eta Ekuadorrekin[3].

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako eskualde naturalak»

Sei eskualde natural bereizten dira: Andeetako eskualdea, Karibeko eskualdea, Orinocoko eskualdea, Amazonaseko eskualdea, Pazifikoko eskualdea eta Uharteetako eskualdea).

Kolonbiako mapa orografikoa

Kolonbiako lurraldean bi parte nagusi bereiz daitezke:

Andeetatik bereiz dagoen mendi nagusia Sierra Nevada de Santa Marta izeneko granitozko multzoa da. Iparraldeko muturrean dago, eta bertan dago, itsasbazterretik 40 kmra, Kolonbiako mendirik garaienak: Pico Cristobal Colón (5.775 m) eta Pico Simón Bolívar (5.775 m). Kolonbiako sumendiek bizirik dute sua, eta hondamendi handiak eragiten dituzte.

  • Andeetatik ekialdera lurraldearen erdia baino gehiago hartzen duten ordoki zabalak daude, Amazonas eta Orinoko ibaien arroetaraino direnak. Bestalde, iparraldean, Andeetako azken mendien eta Karibe itsasbazterraren artean Magdalena ibaiaren beheko ibilguak eratzen duen ordoki zabala dago.
Putumayo ibaia Puerto Asísen.

Ibai asko daude Kolonbian. Ozeano Barean isurtzen direnak gutxi, laburrak eta ur emari handikoak dira. Ande mendien hegotik iparralderako lerrokadura dela eta, mendiotan biltzen den ur asko iparralderantz jaisten diren Magdalena (1.700 kilometro inguru) eta honen adarra den Cauca ibaiek Karibe itsasoan isurtzen dute. Kolonbiako ibai gehienak, ordea, ura Ozeano Atlantikoan isurtzen duten Orinoko eta Amazonas ibaien adarrak dira: Meta, Vichada, Guaviare eta Inírida ibaiak, batetik, eta Vaupés, Apaporis, Caquetá eta Putumayo, bestetik. Aintzira txiki asko daude Andeetan, eta zingirak ordokietako behe aldeetan.

Kontinenteko lurraz gainera, Kolonbiak uharte txiki batzuk ere ditu. Horien artean Karibeko San Andrés eta Providencia, eta Ozeano Bareko Malpelo uharteak dira nagusiak. Itsasertzak 2.900 kilometro ditu guztira, 1.600 kilometro Karibe aldean eta Ozeano Barean gainerakoa.

Kolonbiako klima ekuatoriala da, beroa eta hezea, alde batetik bestera asko aldatzen dena. Ozeano Bare aldean beroa eta euritsua da; Atlantiko aldean, tropikala, sasoi lehor batekin; Orinokoren aldeko arroan (Los Llanos), berriz, euri eta lehor aldiak tartekatzen dira; Amazonas aldean oso hezea da. Andeetako klima, garaieraren arabera aldatzen da: 1.000 metro bitartean hezea da, 1.000-2.000 metro artean samurragoa, 3.000 metrotik gora Atlantiko aldekoa, eta 4.570 metrotik gora, urtzen ez diren elur-izotzak izaten dira.

Landaredia ugaria eta askotarikoa da Kolonbian. Ozeano Bare aldean mangladiak daude eta Guajirako eremu idorretan karduak eta lur lehorretara egokitutako landareak. Los Llanos ordokian larre sabanak eta baso tropikalak daude, Atlantiko itsasoaren aldeko ordokietan palmondoak, eta Amazonas eta Chocó aldeetan, berriz, ekuatore aldeko oihan sarriak. Ande mendiek dute landare ugaritasun handiena; beste askoren artean, jakaranda, ebanoa eta zedroa dira zuhaitz nagusiak, eta kopaiba, endalaharra eta kinkina sendabelar ezagunenak. Gorago, elurra bitarteko zatia elkorra da, landare urri duena.

Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako historia»

Espainiarrak gaur egungo Kolonbiako lurraldera iritsi zirenean, indiar herriak bizi ziren bertan, besteak beste, karibeak Atlantikoan, arawakak eta guajiroak ekialdeko ordokietan, kitxuak mendebaleko eta erdiko mendietan, etab. Ekialdeko mendietan txibtxa indiarrak bizi ziren eta politika eta gizarte antolakuntza aurreratua zituzten. Txibtxen hiriburua Bacata zen, gaur egungo hiriburuaren inguruetan.

Espainiar konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1499an iritsi ziren espainiarrak egungo Kolonbiaren itsasertzera, Alonso de Ojeda eta bere taldekideak Guajira penintsulara heldu zirenean. Handik urte batzuetara lurraldea esploratzeko espedizioak antolatu eta lehen hiriak sortu ziren (Santa Marta, 1525; Cartagena de Indias, 1533; Cali eta Popayan, 1536). Garai hartakoak dira El Dorado lurralde ustez aberatsaren lehen berriak. 1536an, Gonzalo Jiménez de Quesadaren gidaritzapean, El Dorado aurkitzeko espedizioa antolatu zen. 1538an, gudaroste urri batekin lurralde zabal bat hartu eta Santa Fe de Bogota hiria sortu zuen txibtxa indiarren hiriburuaren ondoan, eta Granada Berria izena jarri zion lurraldeari. Han elkartu ziren Venezuela eta Ekuadorretik sartu ziren beste bi espedizio, eta 1550ean Granada Berriaren gobernua (audiencia) antolatu zuten.

XVI. mendearen bukaeran, kolonoen gehiegikeriak eta gaixotasunak sortutako izurriteak zirela eta, biztanleria asko urritu zen. Denbora gutxiren buruan, hango kultura moldeak erabat aldatu ziren: erlijio katolikoa ezarri zen, bertako hizkuntzak galdu, arrazak nahastu eta Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako.

Granada Berriko Erregeorderria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Granada Berria Peruko Erregeorderriaren administrazioaren mendean egon zen harik eta 1740an Granada Berriko Erregeorderria sortu zen arte (1717-1723 bitarteko aldi laburraren ondoren). Erregeorderriak gaur egungo Kolonbia, Ekuador, Panama eta Venezuelako lurraldeak hartzen zituen.

XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen hasierako gertaera batzuek burujabetasuna lortzera bultzatu zituen bertan jaiotako espainiarren ondorengoak (kriolloak). Arrazoi horien artean, hauek aipa daitezke: zergen igoera eta horrek ekarri zituen matxinadak, bertako kulturaren garapena, Frantziako Iraultzaren ideien zabaltzea eta Espainiako Independentzia Gerra.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Simón Bolívar, Francisco de Paula Santander eta independentziaren beste heroi batzuk.

1810ean hasi zen independentzia lortzeko ahalegina Granada Berriko Erreinuko Batzorde Gorena sortu eta erregeordea kargutik kendu zutenean. 1813an Granada Berriko Probintzia Batuen askatasun osoa onartu zen. Hala ere, abertzaleak ez zetozen denak bat. Izan ere, mendeetako bakartasunaren ondoren hiri eta probintzia bakoitzak bere ezaugarriak zituen, eta gerra zibila piztu zen zentralisten (kontserbadoreak) eta federalisten (liberalak) artean. Hala, Probintzia Batuetan giro nahasia bizi zen bitartean, Fernando VII.a Espainiako erregeak gudarostea bidali zuen eta, zapalkuntza latz baten ondoren, Bogotara iritsi eta Erregeorderria ezarri zuen berriro lurraldean (1816). Baina Simón Bolívarrek abertzale guztien indarrak bildu eta erregearen gudarostea menderatu zuen Boyacan, 1819ko abuztuaren 7an. Bi egun geroago hiriburuan sartu zen eta abenduaren 17an Kolonbia Handiko Errepublika onartu zen. Kolonbia Handiak Granada Berria, Venezuela, Panama (1821az gero) eta Ekuador (1822az gero) hartzen zituen.

Bolivar izan zen lehen lehendakaria, baina Perura jo zuen bere gudarostearekin eta Santanderren eskuetan utzi zuen aginpidea. 1826an espainiarrak kontinentetik egotzi ondoren Bogotara itzuli zenean, Bolivarren zentralismoa eta Santaderren federalismoa aurrez aurre topatu ziren. Bolivarrek diktadore baten ahalmena eskuratu zuen, baina kargua utzi behar izan zuen 1830ean. Hilabete gutxiren buruan Kolonbia Handia hiru estatu independentetan banatu zen: Venezuela, Ekuador eta Granada Berriko Errepublika (gaur egungo Kolonbia eta Panama).

Independentziaz geroztik Kolonbiako historia kontserbadoreen eta liberalen arteko lehia gogorraren mendean izan da, eta aginpidea eskuratzeko lehia horrek gobernu aldaketa ugari eta, askotan, gerra zibilak ekarri ditu. Kontserbadoreak zentralistak eta klerikalak ziren, eta elizaren pribilejioak gordetzearen aldeko. Liberalak, aldiz, federalistak eta antiklerikalak ziren, erlijio askatasunaren aldekoak.

XIX. mendean, urte gutxitan, behin baino gehiagotan aldatu zen estatuaren egitura politikoa: 1858an Granadako Konfederazioa izan zen; 1861ean, Kolonbiako Estatu Batuak, eta 1886an, azkenik, Kolonbiako Errepublika.

Mila Eguneko Gerra eta ondorengoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wisconsingo bake itunaren sinatzeak eman zion amaiera Mila Eguneko Gerrari.

1894tik 1903ra bitarteko gerra zibila (Mila Eguneko Gerra) lazgarria izan zen, eta herria ahitua utzi zuen. 1914an Kolonbiak Panamaren independentzia onartu zuen eta 25 milioi pesoko saria jaso zuen, horren ordainez, Estatu Batuetatik.

1953an Gustavo Rojas jeneralak estatu kolpea jo zuen. 1958an, Sitgeseko Itunean, hurrengo lau agintaldietan (16 urtean) lehendakaritza txandakatzea eta gobernua kontserbadoreen eta liberalen artean banatzea hitzartu zuten bi taldeek, Fronte Nazionala eratu zutenean.

1960ko hamarkadan gerrillari taldeak sortu ziren. 1974ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen, hautesleen konfiantza berreskuratzearren. Liberalak izan ziren garaile, eta haiek izan ziren agintari 1980ko hamarkadara arte. Tarte horretan izugarri areagotu ziren gerrillen jarduera eta haien kontrako zapalkuntza.

XX. mendearen bukaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrillarien eta gobernuaren arteko negoziaketak, su-etenak eta amnistiak gorabehera, gerra giroan bizi izan zen. Bestalde, kokainaren trafikoaren aurkako neurriek gerra ekarri zuten gobernuaren eta kokaina merkatarien artean.

Nevado del Ruizen erupzioak 25.000 pertsonen heriotza eragin zuen Armero herrian.

1982an Belisario Betancur kontserbadoreak lortu zuen lehendakaritza. Bakearen aldeko eta narkotrafikoaren kontrako politika egin zuen (su-etena sinatu zuen M-19, FARC eta ELN gerrillekin, besteak beste) eta urrats garrantzitsuak egin zituen bai nazioarteko politikan eta bai politika sozialean. Baina neurri haietako batzuek huts egin zuten (gerrilla batzuek berriro ekin zioten borrokari). Hurrengo agintaldian, Virgilio Barco liberalaren lehendakaritzapean, gerrillari talde gehienak Simon Bolivar batasunean bildu ziren. 1985eko azaroaren 13an Nevado del Ruiz sumendiak laba egotzi eta izozgune bat urtu zuen, luizi bat sortuz eta Armero herria (Andeetako eskualdea) estaliz. 25.000 lagun inguru hil ziren[4].

1989an M-19ak armak utzi eta hurrengo urteko hauteskundeetan parte hartu zuen. Halaber, batasun horretako gerrillari talde gehienek bide berbera hartzea lortu zuen. Urte horretan droga trafikatzaileen aurkako neurriak hartu zituen gobernu liberalak, eta drogaren mafien erantzun gisa, zenbait hilketa gertatu ziren, besteak beste Luis Carlos Galán lehendakaritzarako hautagai liberalarena. Larrialdi egoera aldarrikatu zen, eta gobernuak hainbat trafikatzaile estraditatu zituen Estatu Batuetara, egoera baretzearren. Harrezkero ere etengabeak izan ziren liskarrak. Gobernuak neurriak hartu orduko drogaren kartelek indarkeriaz erantzuten zuten.

1990ean hitzarmen bat sinatu zuten Peruk, Kolonbiak eta Nikaraguak, kokainaren hiru ekoizle nagusiek, eta Estatu Batuek, kokaina kontsumitzaile handienak, Estatu Batuetatik laguntza ekonomikoa eta militarra jasotzearen truke droga trafikoari aurre egiteko. Bestalde, César Gaviria lehendakari liberalak (1990) konstituzioa eraberritu zuen 1991n eta garrantzizko aldaketak sartu zituen. Droga trafikatzaileekiko liskarrak baretzeko neurriak ere hartu zituen, eta egoera orokorrak hobera egin zuen. Arazo nagusiak, sakonean, konpondu gabe zeuden, ordea.


1994ko hauteskundeetan Ernesto Samper liberala atera zen lehendakari, baina agintaldi oso nahasia eta ustela izan zen, hauteskunde kanpainarako kolonbiar narkotrafikoaren laguntza jaso zuelako salatu baitzuten, Caliko kartelarena hain zuzen, Andrés Pastrana kontserbadorea bezalaxe. Horrez gainera, eta egoera lasaitzeko berriro ere larrialdi egoera ezarri zen arren, ez zen bakerik lortzen gerrillekin (ez FARCekin eta ez ELNrekin) eta erabateko gerra sortu zen gerrillen eta talde paramilitarren artean: 1997ko datuen arabera, milioi bat kolonbiar inguru zegoen beren etxeetatik alde eginda, talde paramilitarren ekintzen beldur zirelako batez ere, eta gobernuaren arabera, gerrillek 750 milioi dolar garbi eskuratzen dituzte urtean (kafeak ematen duen dirua baino gehiago, baina Medellin eta Cali kartelena baino gutxiago betiere).

1998ko hauteskundeetan Indar Demokratiko Berria alderdi kontserbadoreko Andrés Pastrana hautatu zuten lehendakari, eta horrela eman zitzaion amaiera liberalen 12 urteko agintaldiari. Pastranak gerrillarekin indarkeriaren amaiera hitzartuko zuela agindu zuen, eta estatuko erakundeak berritzeko hitza ere eman zuen. Bake elkarrizketak hasi ziren, baina 1999an une zailak bizi izan ziren, gerrillak talde paramilitarrak desegitea eskatu baitzion gobernuari. Aipatzekoa da 1999an Armenian 1.500 lagun hil eta 150.000 etxerik gabe utzi zituen lurrikara handia.

2002an bukatu zen Pastranak FARC gerrillarekin abian jarritako bake prozesua, eta urte horretan bertan Álvaro Uribe izendatu zuten lehendakari. 2006ko hauteskundeetan ere Uribe izan zen irabazlea eta ezkerreko Polo Democrático Alternativo nagusitu zitzaion oposizioan alderdi liberalari. Uribek erreforma ekonomiko batzuk egin zituen eta gogor egin zion aurre gerrillari, baina eskuineko taldeetako paramilitarrekin harreman estua izatea egotzi zioten. 2006an, gobernuko eta legebiltzarreko goi mailako hainbat kideren eta paramilitarren arteko lotura aurkitu izanak eskandalu handia sortu eta auzibidea zabaldu zuen. 2008an, armadak hainbat operazio gogor egin zituen FARCeko gerrillaren aurka, eta hainbat bahitu erreskatatu zituen, haien artean, Ingrid Betancourt lehendakarigai ohia. Urte horretan, manifestazio jendetsuak izan ziren FARCen kontra.

Bestela, 4 urtez Juan Santos presidentearen gobernuak bake prozesua garatu zuen FARC-EP gerrillarekin, gatazkari irtenbide politikoa aurkitu nahian. 2016ko urriaren 2an erreferenduma antolatu zuten herritarrek ere gobernua eta gerrillaren arteko bake akordioak ontzat emateko, baina aurreikuspenen aurka ezezkoa garailea atera zen oso tarte txikiarekin. Urriaren 7an, hala ere, Santos presidenteak Bakearen Nobel Saria jaso zuen "bere herrialdeak pairatutako gerra zibilari 50 urte igaro eta gero amaiera ematen tinko ahalegintzeagatik".

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo konstituzioa 1991koa da. Erregimen politikoari dagokionez, Kolonbiak errepublika egitura du, eta lehendakaria da estatuburu eta gobernuburu. Lehendakaria lau urtez behin hautatzen da, eta berak izendatzen ditu Kolonbiako departamenduetako eta barrutietako gobernadoreak. Legegintzako ahalmena senatuari eta ordezkarien ganberari dagokie eta justiziaren organo nagusia justizia gorte gorena da.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiaren banaketa administratiboa»

Administratiboki Kolonbia 32 departamendu eta Hiriburu Barruti batean banaturik dago.

La GuajiraMagdalenaAtlantikoCesarBolívarNorte de SantanderSucre DepartmentCórdobaSantanderAntioquiaBoyacáAraucaChocóCaldasCundinamarcaCasanareVichadaValle del CaucaTolimaMetaHuilaGuainíaGuaviareCaucaVaupésNariñoCaquetáPutumayoAmazonasRisaralda DepartmentRisaraldaQuindíoQuindíoBogotáBogotáSan Andrés eta Providencia
Departamendua Hiriburua
1 Amazonas Leticia
2 Antioquia Medellín
3 Arauca Arauca
4 Atlantiko Barranquilla
5 Bolívar Cartagena de Indias
6 Boyacá Tunja
7 Caldas Manizales
8 Caquetá Florencia
9 Casanare Yopal
10 Cauca Popayán
11 Cesar Valledupar
12 Chocó Quibdó
13 Córdoba Montería
14 Cundinamarca Bogota
15 Guainía Inírida
16 Guaviare San José del Guaviare
17 Huila Neiva
Departamendua Hiriburua
18 La Guajira Riohacha
19 Magdalena Santa Marta
20 Meta Villavicencio
21 Nariño Pasto
22 Norte de Santander Cúcuta
23 Putumayo Mocoa
24 Quindío Armenia
25 Risaralda Pereira
26 San Andrés eta Providencia San Andrés
27 Santander Bucaramanga
28 Sucre Sincelejo
29 Tolima Ibagué
30 Valle del Cauca Cali
31 Vaupés Mitú
32 Vichada Puerto Carreño
33 Hiriburu Barrutia Bogota

2015eko zenbatespenaren arabera, Kolonbiak 48.014.026 biztanle zituen[2], 40 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanle gehienak (% 76,4 ziren 2015ean[5]) hiriguneetan bizi dira, Karibeko itsasbazterreko eta Ande mendietako inguruetan. Biztanle kopurua oso bizkor hazi zen 1990eko hamarkadaren erdialdea arte, baina azken urteotan jaiotza tasa murriztu izanari esker jaitsi egin da hazkunde tasa (% 1,02ekoa zen 2016an[5]). Bestalde, bertako biztanleria oso gaztea da: 2016an biztanleen %41,1 25 urtetik beherakoa zen, eta %7,2 bakarrik 65 urtetik gorakoa[5]. Bizi itxaropena 75,7 urtekoa da, 72,6-koa gizonena eta 79-koa emakumeena (2016ko zenbatespena[5]).

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Afrikako arbasoak dituzten kolonbiarren banaketa (2005)
Kolonbiako amerindiarren banaketa (2005)

Kolonbiako biztanleen erdia europarren eta indiarren nahasketa da (mestizoak), eta gainerakoak mulatoak, europarrak, beltzak eta indiarrak dira.

Hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da, 1499an espainiarrek Mundu Zaharretik eramanda Kolonbian sartu zutena eta 500 urte baino gehiagotan zehar bertako hizkuntzak ordezkatu dituena. Hala ere, 65 mintzaira indigena bizirik daude oraindik, 1991ko konstituzioaren bidez lehenengo aldiz ofizialki onartuak. Gaur egun, indigenak biztanleen % 3 dira eta horietatik 800.000-850.000 hiztun propioak dira. 2001eko datuen arabera, hauek dira hiztunen kopuruak eta beren kokapen geografikoa:

2010eko datuen arabera, kolonbiarren % 92,5 kristauak dira (% 89 katolikoak eta % 10,8 protestanteak) eta % 6,6, erlijiorik gabekoak[6].

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kafe sailak Quimbayan (Quindío).

Kolonbia baliabide aberatseko herrialdea da. Bertan daude Latinoamerikako harrikatz erreserba handienak, eta badira petrolioa, urrea, esmeraldak (munduko finenetakoak) eta beste zenbait mea ere (zilarra, nikela, platinoa). Dena dela, meatzaritzaren aurretik nekazaritza da oraindik Kolonbiako jarduera nagusia (munduko laugarren kafe ekoizlea da[8]), eta abeltzaintzak indar handia du. Kanpo merkataritza liberalizatzeko eta bertako ekonomia zabaltzeko neurriak hartu ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, eta neurri horiek eragin handia izan zuten bertako industrietan. Industriak eraberritzeko, modernizatzeko eta sendotzeko bidea eman baitzuten jarrera horrek erakarritako atzerriko inbertsioek. Horrela, Kolonbia munduko herrialde azpigaratuen sailean sartu izan den arren, nekazaritzarekin eta meatzaritzarekin izandako loturetatik askatzen ari da azken urteetako industrializazioari eta aurreramendu teknologiko berriei esker: 2015ean barne produktu gordinaren % 34 hartu, eta langileen % 21 enplegatzen zituen[5].

Cannabis eta koka landare asko lantzen da Kolonbian, nahiz eta legez kanpoko jarduera den. Gai horien lanketa eta bilketak, salerosketak, banaketak eta kontsumoak herrialde barruan eta kanpoan arazoak sortu ditu, eta hilketa ugari eta politika ustelkeria ekarri dizkio Kolonbiari, baina oraindik ere jarduera horiek atzerriko diru sarrera handiak erakartzen dute. 2014an 109.788 hektarea landu ziren koka hostoa ekoizteko[9].

Sakontzeko, irakurri: «Amerikako literatura» eta «Gaztelaniazko literatura»

Gabriel García Márquez (1927) kolonbiar idazle ezagunena da. 1982an Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Beste idazle aipagarri batzuk Jorge Isaacs (1837-1895), José Eustasio Rivera (1888-1928), Baldomero Sanín Cano (1861-1957), Manuel Mejía Vallejo (1923-1998) eta Álvaro Mutis (1923) dira.

La Guayabita, Pazifikoko erritmoa
Zumbaquezumba, Llanos eskualdeko erritmoa
Flor de Romero, bambuco, Andeetako eskualdeko erritmoa

Kolonbiako musika folklorikoak espainiar, amerindiar eta afrikar elementuak dauzka. Lau eskualde bereizten dira[10]:

  • Karibeko erritmo nagusiak cumbia, porro, mapalé eta vallenatoa dira. Cumbia guacharaca izeneko musika tresnarekin laguntzen da, eta vallenatoa akordeoiarekin.
  • Pazifikoko musikak espainiar eragina dauka. Erritmorik ezagunena currulaoa da, danborrekin laguntzen dena.
  • Andeetako eskualdean bambuco, pasillo, guabina eta torbellinoa jotzen dira, hari instrumentuekin edo pianorekin lagunduak.
  • Ekialdeko Llanos eskualdean joropoa da erritmo nagusia; cuatro, harpa eta capachoekin jotzen da.

Kolonbiako musikari batzuek arrakasta handia izan dute nazioartean, esate baterako Carlos Vivesek (1961), Juanesek (1972) eta Shakirak (1977)[11]. Kolonbiako folklore abeslaririk ezagunena Totó La Momposina da.

Arte plastikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Sergio Cabrera (1950)
  • Víctor Gaviria (1955)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b Departamento Administrativo Nacional de Estadística 2011ko maiatzaren 3an kontsultatua
  3. Tratados Internacionales limítrofes de Colombia, armada.mil.co
  4. Nevado del Ruiz sumendia lehertu zen Paperekoa.berria.info
  5. a b c d e Colombia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-20).
  6. Colombia. Religious Demography: Affiliation. globalreligiousfutures.org (Noiz kontsultatua: 2016-10-20).
  7. Estimaciones de Población 1985 - 2005 y Proyecciones de Población 2005 - 2020 Total Municipal por Área (estimate). dane.gov.co (Noiz kontsultatua: 2016-12-11).
  8. 2010eko kafe ekoizpena, faostat.fao.org
  9. Euskaltzaindia. Colombia: Monitoreo de Cultivos de Coca 2014. biesimci.org (Noiz kontsultatua: 2016-12-17).
  10. Música colombiana. colombia-sa.com (Noiz kontsultatua: 2016-12-18).
  11. Colombianos que se destacan: Música que vibra por todo el mundo. cromos.com.co (Noiz kontsultatua: 2016-12-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)