Écoles françaises (Donostia)

Koordenatuak: 43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Wikipedia, Entziklopedia askea
Écoles françaises
Écoles françaisesen egoitza 1941ean
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W / 43.32; -1.98
Map

Écoles Françaises edo Eskola frantsesak, Donostiako Iparraldeko geltokiaren parean, Frantzia pasealekuan hain zuzen, zegoen frantses-eskola zen. Pasealekuko lehenengo etxean zegoen, Frantziako kontsulatuarekin batera. Eskola frantsesak 1913an zabaldu eta 1998an itxi ziren[1].

Hasierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1899an bi eskola frantses zabaldu ziren Gipuzkoako hiriburuan: bata mutilena, Artzai Onaren plazan, eta bestea, neskena, Principe kaleko 16.ean [2]. Handitzen zioan ikasle kopurua egoki hartu eta ikasketa-baldintzak hobetzeko asmoz, eraikin berri baten beharraz jabetu ziren bai irakasle eta bai gurasoak. Raymond Poincaré atzerriko ministro frantsesaren laguntza medio, 1913an eraikin berri bat egin zen.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Elizalde arkitektuak diseinatu zuen eraikina. 1913ko irailaren 28an inauguratu zen.

Lau solairuko eraikina zen, eta eskolaz gain dispensarioa, Cercle français delakoa eta kontsulatua barne zituen.

Eskolaren izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolaren ibilbidean ez ziren falta izan era guztietako arazoak. 1950eko hamarkadan, esate baterako, oso zaila zen bertako ikasle izatea, eta gurasoek ilara luzeak egin behar izaten zituzten urtero, euren seme-alabek bertan ikas zezaten.

Hiriaren erdigunean kokatuta, frankismo betean eskolak espainiera ez zen beste hizkuntza batean ematen zituen. Horrez gain, erakunde laikoa zen eta klaseak mistoak ziren. Donostiako eskolarik garestiena zen garai hartan. Gainontzeko eskoletan gertatzen ez zen bezala, ikasleen osasunaz arduratsu, ohikoa zen urtean behin X izpietatik pasaraztea ikasle guztiak, bai eta Frantzian indarrean jartzen ziren txertoak ikasleei jartzea.

Irakaskuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasleak lapurtarrak, bearnesak, gaskoiak, frantsesak eta donostiarrak ere baziren, Barinaga, Laffite, Orbiscay, Darrigade, Stinus, Liquieur, Barrena besteak beste, hamarkada haietako zenbait ikasleren deiturek salatzen dute aipatu jatorria. Irakasleak Frantziako Instrukzio Publikoko Ministerioak kontratatzen zituen eta Basses-Pyrénées departamenduko irakasle taldekoak ziren.

Lehen Mundu Gerran eroritakoei eskainitako monumentua.

Eskolek Frantzian ezarritako hezkuntza-sistema bera erabiltzen zuten, bai edukietan, nola pedagogia aldetik ere. Irakaskuntza-hizkuntza frantsesa zen eta gai guztiak Frantziako liburuekin ikasten ziren. Hala zen egutegia ere, nahiz eta Donostiako jai-egunak beste eskoletan bezala ospatu. Hamarkada horretan asteko jai-eguna ostegun arratsaldetik larunbat arratsaldera pasa zen. Jai-eguna zen, adibidez, azaroaren 11a, Frantziako Armistizio eguna. Biharamunean, eskolaren albo batean zegoen monumentuan loreak uzten ziren.

Ezaguna egin zen kurtso amaierako festa Donostia osoan: gelaz gela antolatzen ziren ekitaldiak eta ikasle guztiak egoki mozorrotuta desfilean abiatzen ziren eskolatik, Frantziako pasealekua zeharkatzen zuten Maria Cristina hotelaren aurretik, Victoria Eugenia antzokira. Han talde guztien ekitaldiak egiten ziren beste ikasle, guraso eta irakasleen aurrean, eta ondoren, zuzendariak gelaz gela sariak banatzen zizkien ikasle bikainei. Hamar urtetik aurrera, gainera, gainera gaika banatzen zituen.

Eskolatik pasatako ikasleen artean, 2016an Mexikon hil zen Cristina Barrios donostiarra da aipagarri ("Hotel Avenida" delakoaren alaba, Abenidan zegoenean), bera izan baitzen Estatuko protokolo-burua Trantsizioan, eta Espainiako enbaxadore beranduago zenbait estatutan.

Frantseseraren irakaskuntza hiritar orori[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola arautuaz gain, frantses-klaseak ematen ziren helduentzat, eskola-orduen ostean. Udan ere, frantses-klaseak ematen ziren urtean zehar Donostiako beste eskoletan ibiltzen ziren ikasleentzat.

Eskola 1930ean.

Kontsulatua eskola gainean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsulatua eskolaren eraikin berean zegoen. Bertan, alde batetik, ekintza kulturalak egin ohi ziren hilean behin gutxienez, hiritar orori irekiak: Frantziako zinemateka nazionaleko filmen proiekzioa, edo lehen mailako ikerlari frantsesen, geografoen, geologoen, idazleen, musikarien... hitzaldiak.

Bestalde, 70. hamarkadan Frantziar kontsulatuan lehergailu bat eztandarazi zuen ETAk eskola-orduetatik kanpo[3], eta ordutik poliziak jarri zituzten kontsulatua eta ikastetxearen segurtasuna bermatzeko. Azken honek gurasoen protestak eragin zituen, eta azkenean kontsulatua handik atera eta Prim kalera eraman zuten[4]. Gaur egun ez dago Frantziako kontsulaturik Donostian.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Palomo, Juan F.. (1998-06-16). «Au revoir les enfants» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  2. (Frantsesez) Echeberria, Berta. (2019). [https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/38584/TESIS_ECHEBERRIA_ARQUERO_BERTA.pdf?sequence=1 LE PETIT PARIS. PRESENCIA E INFLUENCIA FRANCESA EN LA CONFIGURACIÓN DEL SAN SEBASTIÁN MODERNO (1864-1920). ] EHU, 163-173 or..
  3. (Gaztelaniaz) País, El. (1979-04-06). «Dos policías heridos en un atentado contra el consulado francés de San Sebastián» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  4. (Gaztelaniaz) País, El. (1979-05-02). «El consulado francés en San Sebastián traslada sus oficinas» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).