Donostia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Donostia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
San Sebastian aerial 7906a.jpg
Donostia, airetik ikusia
Donostiako bandera

Donostiako armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoa
Lurraldea Gipuzkoa
Eskualdea Donostialdea
Izen ofiziala Donostia / San Sebastián[1]
Alkatea Eneko Goia Laso EAJlogo.jpg
Posta kodea 200XX
INE kodea 20069
Herritarra donostiarra
Kokapena
Koordenatuak 43° 19′ N, 1° 59′ W / 43.32°N,1.98°W / 43.32; -1.98Koordenatuak: 43° 19′ N, 1° 59′ W / 43.32°N,1.98°W / 43.32; -1.98
Donostia hemen kokatua: Gipuzkoa
Donostia
Donostia
Donostia (Gipuzkoa)
Donostia hemen kokatua: Donostia
Donostia
Donostia (Donostia)
Openstreetmap logo.svg Ikusi OpenStreetMapen
Azalera 60,89 km2
Garaiera 6 metro
Demografia
Biztanleria 180.291 biztanle (2015) — (Red Arrow Down.svg -106)
% 47,04 Twemoji 1f6b9.svg  Twemoji 1f6ba.svg % 52,96
Dentsitatea 2.960,93 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[2]
Green Arrow Up.svg% 2,58
Zahartze tasa[2] % 21,35
Ugalkortasun tasa[2] ‰ 37,24
Ekonomia
Jarduera tasa[2] % 79,05 (2011)
Genero desoreka[2] % 1,51 (2011)
Langabezia erregistratua[2] % 9,64 (2013)
Kultura
Euskaldunak[2] % 38,87 (2010)
Euskararen erabilera[3] % 10,2 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera 1180. urtea
Webgunea http://www.donostia.eus

Donostia (ofizialki Donostia euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz)[1] Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da. Halaber, Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena da, 180.291 biztanle baititu, eta Euskal Herriko hiriburuetatik Donostiak du euskaldunen ehunekorik handiena: % 33,5.[4] Haren metropoli eremuak 400.000 bat biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Madril-Paris errepide eta trenbide ardatzean. Hainbat auzotan banatua, Donostiak Urgull mendiaren oinetan du bere gune zaharrena, Parte Zaharra izenekoa. XIX. mendearen bukaeran, gune hori ixten zuten harresiak eraitsi eta hiria hegoalderantz zabaltzen hasi zen. Halaxe, erdialdeko zabalgunea osatu zen lehenik, eta geroago GrosUlia mendiaren oinetan eta Urumea ibaia bitartean— eta Amara —erdigunetik hegoaldera— auzo modernoak.

Turismoa hiriaren euskarri ekonomiko nagusietakoa izan da XIX. mendeaz geroztik, Kontxako badiaren edertasuna dela kausa. Gaur egun, mundu osoan du sona handia Donostiako gastronomiak, goi mailako sukaldaritza egiten duten sukaldari eta jatetxe entzutetsuei esker (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) eta edonoren eskura dagoen gastronomia egiten duten Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetako pintxoei esker. Kulturaren arloan, nazioartearen arreta erakartzen duten hainbat ekitaldi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia, besteak beste. 2014an, National Geographic aldizkariak Donostia munduko hiri zoriontsuenen zerrendan sartu zuen, ezaugarri erakargarrientzat nabarmendurik hondartzak, jatetxeak eta Igeldoko parkea.[5] 2016an Donostia Europako Kultura Hiriburua da, Poloniako Wrocław hiriarekin batera.

Merkataritzak eta bestelako zerbitzuek ere jendetza handia erakartzen dute probintziako herrietatik. Orobat, zentro administratibo garrantzitsua da: Gipuzkoako erakunde publikoek eta Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait organok Donostian dute egoitza. Unibertsitateek pisu handia dute hiriaren bizimoduan, hiru unibertsitate campus dituenez: Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako Campusa, Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusa edo EUTG eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskola. Ikerkuntza arloan, aipagarriak dira Donostia International Physics Center, fisikaren arloko nazioarteko zentroa, eta nanoGUNE, nanoteknologiari buruzko nazioarteko zentroa.

Kirolzaletasuna ere nabaria da hirian, eta kirol erakunde, azpiegitura eta ekitaldi nabarmenak ditu futbolean (Real Sociedad taldea), saskibaloian (Gipuzkoa Basket taldea), errugbian (Bera Bera taldea), hockeyan (Txuri Urdin taldea), atletismoan (Behobia-Donostia lasterketa), txirrindularitzan (Donostia Klasikoa nazioarteko lasterketa), arraunketan (Kontxako Bandera proba) eta esku huskako pilotan (Atano III.a pilotalekua).

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia 1572an, Georg Braun alemaniarraren margolana.
  • Donostia: Donostia euskal izenaren jatorria ez da oso argia. Hipotesi onartuena Koldo Mitxelenarena da, hots, Sebastian santuaren izenetik datorrela hiriaren euskal izena ere, latinezko Dominus Sebastianus izenetik abiatuta bilakabide hau eginda: *Done Sebastiáne > Donasa(b)astiai > Donasastia > Donastia > Donostia.[6] Beste hipotesi batek dio bilakabidea beste hau izan zela: *Done Sebastiane > *Done Sebastiae > *Done Sebastie (Ezkaroze herrian Sebastie antroponimoa badela argudiatuta) > *Donesebastia > *Donasastia > *Donastia > Donostia.[7] Ez da ahaztu behar Orendaingo San Sebastian ermitari Jaun Donosti izena eman izan diotela herritarrek.[8] Azkenik, gaur egun baztertzen den hipotesi batek dio izenaren jatorria latinezko dominus ostianus (hitzez hitz, portuko buruzagia) izan zela. Nolanahi ere, egungo euskal izenaren lehen aipamen idatzia Joan Perez Lazarraga arabarrak egin zuen, XVI. mendean: «Donostiako San Frantziskuan / hagoan gizon soldadua».[7]
  • San Sebastian: 1180. urteko hiribildu-foruan agertzen da Sanctus Sebastianus izena lehen aldiz agiri batean,[9] 1014. urtetik izen horren berri badago ere, San Sebastian santuaren omenez Antigua auzoan (Loretopearen gainean) eraikitako monasterio bati loturik. Hortik dator San Sebastián erdal izena.
  • Easo: hiriari Easo (edo, gaztelaniaz, la Bella Easo) izena eman izan zaio, aurreko mendeetan Donostialdean kokatua zela uste izan zen Oiasso erromatar hiria zela eta; hortik etorri zen donostiarrek easoar izena jasotzea. Egun, ordea, badakigu Oiasso Bidasoa ibaiaren bokalean zegoela.

Herritarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako herritarrak donostiarrak dira. Halere, Donostiako kultura herrikoian, eta batez ere Parte Zaharrekoan, bi ezizen erabili izan dira: San Bizente elizaren inguruan jaio edota bizi direnentzat, koxkeroak; eta Santa Maria elizaren inguruan jaio edo bizi direnentzat, josemaritarrak.[10][11] Burla egiteko ezizentzat, berriz, donostiarrei kaskarinak[10][11] (hau da, «burugabeak, gauzak pentsatu gabe egiten dituztenak») edo ñoñostiarrak[12] («Donostiako aberaskumeak, señoritoak, txepelak»)[13][14] deritze, eta hiriburuari, Ñoñostia.[15]


Donostia, Igeldoko jolas-parketik ikusita.
Donostia, Igeldoko jolas-parketik ikusita.

Geografia fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia Urumea ibaiaren bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean, eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Elkarren ondoan dauden lur horiez gainera, hiru barrendegi ditu hiriak: hego-mendebaldean, Zubieta auzoaren zati bat; hego-ekialdean, Landarbaso mendialdea; eta hegoalderago, Urdaburu mendialdea.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, Donostiak osoki Kantauri Itsasoarekin egiten du muga; ipar-ekialdean, Kantauri Itsasoa eta Pasaiarekin; ipar-mendebaldean Kantauri Itsasoa, Igeldo eta Oriorekin; ekialdean, Astigarragarekin; hego-ekialdean, Hernani eta Astigarragarekin; hegoaldean, Lasarte-Oria eta Hernanirekin; hego-mendebaldean Lasarte-Oriarekin; eta mendebaldean, berriz, Usurbilrekin.

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia, airetik ikusia. Ekialdetik mendebaldera, Ulia, Urgull, Santa Klara uhartea eta Igeldo mendia ageri dira. Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hondartzak ere argi ikusten dira. Hiria Urumea ibaiak zeharkatzen du.

Hiria Kontxako badiaren inguruetan zabaltzen da, Bizkaiko golkoaren kostaldean. Donostiako kostaldea Hondarribitik Oriora Eozenoko hareharrizko flysch delakoak osaturiko mendikateak zeharkatzen du: Ulia, Urgull, Igeldo mendia eta Mendizorrotz ekialdetik mendebaldera. Mendikatea etena duen eremuetan Zurriola, hain zuzen Urumea ibaiaren bokalean, Kontxa eta Ondarreta hondartzak daude. Kontxako badiako sarreran, Santa Klara uhartea dago.

Parte Zaharra eta erdialdeko zabalgunea San Bartolome gaina eta Urgull mendia lotzen zituen tonboloaren gainean eraiki ziren; eta Gros auzoa osatu aurretik, hareatza zabala zegoen han. Amara auzoko lurretan, berriz, Urumea ibaiak sortutako padura zegoen. Eremu hauetan izan ezik, Donostiako udalerria 50-100 metroko kareharrizko muino txikietan kokatua dago gehienbat, muino batetik bestera kareharriaren higaduraz sortutako ibar txikiak dituela (Ametzagaina, Aiete, Añorga, Igara). Udalerriaren ekialdean dagoen San Marko-Txoritokieta mendia diapiro-egitura bat da.[16]

Sismologiari dagokionez, Donostiak arrisku handia du. Izan ere, lurrikaren sorgune ez den arren, uhin sismikoen anplifikazio eremu baten barruan daude hala Donostia osoa nola haren metropoli eremuaren zati handi bat. Hala, bada, hainbat kilometrotara sortutako lurrikarek eragin handia dute Donostian; halaxe erakutsi dute Iruñeko 1903ko lurrikarak, Martesko (Huesca) 1923koak, Turruncúngo (Errioxa) 1929koak eta Eretako (Okzitania) 1967koak.[17]

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urumea ibaia, Goizueta, Hernani Astigarraga herrietatik igaro ondoren, hiria zeharkatuz itsasoratzen da bokale bat sortuz. Bokalean nabariak dira itsas gorabeheren eragina, Loiola eta Martutene auzoetaraino. Hau dela eta, ohizkoa da, uholdea dagoenean, auzo horietan ibaiko urak gainezka egitea. Urumea ibaiak bere ibilbidean osatzen dituen zeharrunetatik nabaria da hirian Kristinaenea lorategia inguratzen duena. Aipatu behar da ere Oria ibaia, Gipuzkoako ibairik luzeena eta Zubieta auzotik igarotzen dena, itsasoratzetik kilometro gutxitara. Añorga errekak ere Antigua, Ibaeta, Igara eta Añorga auzoak zeharkatzen zituen garai batean, baina egun lur azpian bideratu da bere ibilbidea.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako klima: zutabe urdinek euri kopurua adierazten dute, hilez hil. Marrek tenperatura maximoa, batez bestekoa eta minimoa ematen dituzte.

Donostiak, euskal kostalde guztiak bezala, klima ozeanikoa du. Köppen klima sailkapenaren arabera, Donostiakoa klima hotzepel hezea eta urtaro lehorrik gabea (Cfb kodeaz). Tenperatura hotzepelak, hezetasun nabaria eta euri ugari izaten dira Donostian urte osoan zehar. Hala ere, uda eta negua nabari bereizten dira batez ere tenperaturari buruz. Euria berriz urte osoan izaten da eta neguaren eta udaren arteko aldeak txikiak izaten dira. Elurra, ordea, oso gutxitan egiten du, urtean behin-edo, eta 5-10 alditan izozten du urtean. Enbata ugari izaten dira. Urrian eta martxoan ur biziak izaten dira, hau da, maila handiko itsas gorabeherak.[18]

2007an euri kopurua 1.536,1 mm izan zen. Batez besteko tenperatura 15 °C ingurukoa izaten da, udako hezetasun handiak (% 65-70 inguru) bero handiko sentipen termikoa sortzen duen arren. Hego haizeak jotzen duenean, tenperatura supituki igo daiteke, neguan 20 °C eta udan 38 °C eragin arte. Udan, tenperatura handi hauen ondoren ipar-mendebaldeko haizeak supituki jo dezake, eta enbata eragin.


Datu klimatikoak (Donostia)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.8 13.9 15.4 16.8 20.0 22.3 24.7 25.2 23.7 20.4 15.8 13.7 18.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.6 9.5 10.9 12.4 15.7 18.2 20.6 21.0 19.0 15.8 11.5 9.6 14.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.4 5.1 6.4 8.0 11.3 14.0 16.4 16.7 14.3 11.2 7.2 5.5 10.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 168 150 144 168 138 96 98 112 138 174 186 167 1738
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13 12 12 14 12 10 9 10 10 12 13 12 140
Eguzki orduak 91 104 139 148 174 185 202 194 167 136 100 82 1722
Iturria (1): AEMET[19]
Iturria (2): Geografía e historia de San Sebastián: el clima[18]

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaredi potentzialean, gizakiaren eraginaren ezean litzatekeen hartan alegia, batez ere lizarra eta haritza aurkituko lirateke, eta ezkia, zumarra, gaztainondoa, astigarra, pagoa, zumea eta haltza neurri txikiagoan, betiere hezetasun maila zein den. Azpiko basoan, urritza, elorri beltza eta garoak izango lirateke. Belardi eta soroek ere oparotasun eta aniztasun nabaria erakusten dute. Oro har, Donostiako landaredia klima ozeaniko heze bati dagokiona izango litzateke, tenperatura hotzepelekin, Kantauri isurialde osoaren antzera.

Dena den, egungo landaredia gizakiak gogor eragindakoa da. Hiriko urbanizazioak antzinako basoak eta baserri lurrak ordeztu dituzte neurri handi batean. Hirigunetik kanpo soroak eta baratzak dira, baserrien ustiapenen ondorioz, antzinako landaredia ezabatu dutenak. Ulia eta Igeldoko gune batzuetan, otea , garoa eta txilarra dira nagusi, antzinako basoaren desagerketaren ondoren garatu den landaredia. Bertakoa ez den pinu beltzaren (Pinus radiata) gune batzuk ere badaude, Zubieta eta Landarbaso aldean, Euskal Herriko beste gune batzuetan baino neurri txikiagoan ordea. Hala ere, antzinako landarediko guneak aurki daitezke oraindik Igeldon, Urgullen, Ulian, Igarako erreka inguruetan, Añorgan, Ametzagainan, Basozabalen eta Aieteko zenbait tokitan. Haltzak Urumea ibaiaren ibilbidean, Martutene aldetik, eta Oria ibaiaren ertzetan, Zubieta aldetik, aurki daitezke oraindik.[18]

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendeetan zehar Donostiako harresiek kale estuak dituen Donostiako Parte Zaharra inguratzen zuten, 1863. urtean harresiak eraitsi zirenean hasi zen Donostia hiria zabaltzen egun ezagutzen den hiria osatu arte. Antonio Kortazarren Hiriko Plan Orokorrak etxalde karratu erregularrak aurrikusi zituen egungo Boulevardetik Mendeurrenaren plazaraino. Lehenengo zabalgune hau 1900. urtean burutuko zen. Orduan hiriak zubi bakarra zuen, Santa Katalina zubia hain zuzen. XX. mendearen lehenengo erdian hiria Gros aldera zabaltzen hasi eta Antiguako zabalgunea osatzen ere hasi zen. Urte hauetan Urumea hibaia bideratu eta beste azpiegitura batzuk ere eraiki ziren, hala nola Maria Kristina zubia eta Zurriola zubia. 1950eko hamarkadan Amara auzoa osatzen da, Antso Jakitunaren hiribidean inguruan lehendabizi eta 1960ko hamarkadan ondoren Amara Berria auzoa osatuz. Urte hauetan jasandako hazkunde demografiko itzelaren ondorioz, Altza, Bidebieta, Egia eta Loiola auzoek zabalkunde handia izan zuten, zoritxarrezko handikeriazko urbanismo batez. XX. mendearen hondarretan eta XXI. mendearen hasieran, Loiolako Erriberak, Benta Berri, Errotaburu, Ibaeta eta Berio izeneko auzoak osatu dira besteak beste. Egun, Parte Zaharra eta Igeldo baserri-auzoa dira antzinako itxura erakusten bakarrak.[20]

Egun, hauxe da auzoen zerrenda ofiziala:[21]

Horietaz gain, Donostiak baditu hiru barrendegi ere: Zubietakoa, Landarbasokoa eta Urdaburukoa. Zubietakoak baizik ez ditu biztanleak.


Historia[22][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiaren grabatua (1500-1650)
Antonio Kortazar arkitektoak diseinatutako zabalgunea (1865)

Gizakia orain dela 25.000 urtetik gutxienez bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[23]

Hiriaren fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere fundazioaren berririk izan ez arren, lehendabiziko datua Nafarroako Antso Handiaren 1014. urteko dokumentu faltsu batek ematen du. Horren arabera, Donostiako monasterioa Leyre abadearen eta Iruñeko apezpikuaren eskutan jarri zen. Dokumentu hori, 1101ean baieztatu zuen Pedro Ramirez erregeak (Pedro Sanchez I.a, Nafarroa eta Aragoiko erregea).

XI eta XII. Mendeetan Donostiako Antiguo monasterioa gune espirituala izateaz gain eremu horretako biztanleen bizitza sozial eta administratibo jaio berriaren gune ere bazen. Mugak sendotzeko eta antzinako amets bat egi bihurtzeko, Nafarroako eta Aragoiko artilea salerosteko eta ustiatzeko portu bat eraikitzearena, alegia, eta kontuan izanik portu horrek burgu harresitu batez babestuta egon beharko lukeela, Nafarroako Antso VI.a erregeak erabaki zuen Donostiari, 1180 inguruan, Jaca (1135) eta Lizarra (1164) birpopulatzeko era eraginkorrean erabili zuen foru bera aplikatzea Horrela, hiriaren erdigunea, Antiguon eratzen ari zirena, Urgull mendiaren behealdera aldatu zen aipatu foruarengatik.

Baiona denbora luzean Nafarroaren portu izan zen eta XI. mendean inolako baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Gertakizun hauek eta foru berriaren abantailek, gaskoien (Baionako armadore eta merkatari burgesak) emigrazio garrantzitsu bat eragin zuten. Hauek azkar okupatu eta zuzendu zuten antzinako Izurum erromatarra, harresien babesean, orduan jada Donostiako hiribildu gisa ezaguna zena.

Donostiako hiribildua Nafarroaren portu izateko jaio zen eta hasieran eginkizun hori bete zuen. Baina ez ziren urte asko igaro, 1194an, Nafarroako Antso Azkarra tronura iritsi zenean, honen eta Donostiaren arteko krisia planteatu zen arte. Gipuzkoa, 1200. urtetik aurrera Gaztelako Alfontso VIII.aren mende jarri zen, Antso Azkarren etsaia.

Donostiako merkatarientzat aldaketa hori positiboa izan zen, izan ere, Frantziako dinastiaren mende erortzera zihoan gainbehera zegoen estatu txiki baten (Nafarroa) portu izatetik, monarkia baten itsasorako irteera izatera pasatu zen, Gaztelakoarena, alegia, askoz handiagoa eta aberatsagoa zena eta hedatzen ari zena.

Gaztelako Erregeek 1248an lehendabizikoz Donostiako itsasontzi indarrak izango dituzte, mairuen ontzidia eta Trianako zubia ezdeus bihurtu dituztenak. Gertakizun horien ondorioa Sevilla hiriaren amore ematea izan zen.

Alfontso VIII.ak foruei zin egin eta Donostiari emandako pribilegio asko emango dizkio, batzuk Nafarroako trafikoa bizirik mantentzera zuzenduak eta besteak, merkatari donostiarrak Gaztelako merkatuan egoera pribilegiatua izatera zuzenduak.

Bere ondorengoek, Fernando III.ak eta, 1256an, Alfontso X.a Jakitunak, hiribildu berriak fundatuko dituzte eta horien helburua, besteak beste, segurtasuna bermatzea eta Araba eta Gipuzkoa zeharkatuz Gaztela Donostiako portuarekin batzen duen bideari azpiegitura bat ematea da. Horrek Gaztelatik zetorren merkatal trafikoa handiagoa eta arinagoa izatea ahalbidetu zuen eta hori, Nafarroarenarekin batera, Donostiaren oparotasunaren oinarri izango dira.

Oparotasun hori izango da 1266tik aurrera jasango dituen hainbat sutetatik berpiztu araziko duena. Sute horiek medio, bi mende eta laurdenetan sei aldiz erre zen erabat.

Antagonismo anglo-frantsesak Ehun Urteko Gerra eragingo du. Bi indarrek Gaztelaren aliantza lortu nahiko dute, honek duen itsas indarrarengatik. Alfontso XI.a argi eta garbi frantziarren alde agertuko da (1336ko ituna eta geroago 1345ekoa). Baina hori guztia, ingelesekin harremanik hautsi gabe, horrela Akitania, ingelesena, eta Gipuzkoaren arteko merkataritza harremanak mantenduta.

Pedro Ankerra eta Enrike Trastamarakoa erregen arteko borroka fratrizidak Gipuzkoan probintzia Donostiaren, Mutriku eta Getariaren aurka jartzea ekarri zuen. Gipuzkoak, "Ahaide Nagusiek" zuzendutako Ermandade bat zuenak, Enrikeren alde egingo du, Donostiak, aldiz, biztanleria burgesa, leinu oligarkikorik gabea eta "Ahaide Nagusien" aurka jarrera aktiboa hartu duenak, Pedro I.aren alde.

Pedro hil zenean, 1369an, bere anaiorde Enrike Trastamarakoak eraila, eta Enrike sasikoa tronura igo zenean, Gaztelako Koroak aliantza bat egingo du Frantziako monarkarekin. Erabaki horrek Akitania ingelesarekin tentsio muga bat eragin zuen eta arrazoi horregatik, asko kaltetu ziren Akitania eta Donostiaren arteko merkataritza harremanak.

Bestalde, Trastamarakoen aldia Gipuzkoarentzat sekulako nahas-mahasa izan zen Bandoen Gerraren barruan; oinaztarrak eta ganboatarrak euren lehia tragikoaren mendean erortzeak donostiarrentzako barne merkataritzan zailtasunak eragingo ditu.

Beste elementu negatibo bat gehituko zaie bi horiei; izan ere, Nafarroak, Donostiako portuaren merkataritzaren zati nagusi eta aberatsak, arrazoi dinastikoak medio frantziar norabidea hartuko du.

Hiru arrazoi horiek Donostiara, XIV. mendearen bigarren erdialdean, ondorio larri bat ekarri zuten: trafikoaren linea nagusiak Bilborantz aldatzea, Donostia merkataritza trafikoaren garrantzigune gisa ordezkatuta.

Aldi luze horretan, probintzia osoa Bandoen Gerraren ondorioz odoleztatuta dago eta hiribilduak elkartzen saiatzen dira horiei aurre egiteko. Bitartean, Donostia bakean dagoen gotorlekua da. Bere harresien barruan Donostiako burgesak lasai bizi dira, baina horietatik eta bere inguruetatik kanpo, "Ahaide Nagusien" gailentasun dinastiko eta ekonomikoa, beren boterea jaio berria zen burdinaren industriatik lortzen zuten oligarkia, Donostiaren kanpoaldea ahulduz doa, udalerria murriztuz. Lehendabizi Hondarribia, geroago Oiartzun, gero Hernani, Andoain, Orio, Usurbil,... etab. izango dira bata bestearen atzetik Donostiatik bereiziko diren herriak.

1489ko urtarrilean sute batek errauts bihurtu zuen hiribildua. Zoritxarreko gertakizun horrek neurri gisa hiribildua harriz eraikitzea ekarri zuen. Sute hori Donostiako erdi aroko garaiko azkena izan zen. Erabateko erreketarik ez da gertatuko 1813. urtea arte.

Aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1489ko zoritxarraren ondoren, hiribildua eraikitzeari baino donostiarrek bizimodu berri bati ekin zioten. Donostia, XV. mendearen azken laurdenetik aurrera, merkataritzagune izatetik, bere kokapen estrategikoarengatik, toki militarra izatera pasatuko da; eta bere portu nagusia, Pasaia, erabat merkataritzakoa izatetik, Kantauriko Ontzidiaren itsasontzi basearen eginkizunak betetzera pasatuko da. Kantauriko Ontzidia mendeetan zehar (XIX. mendea arte) Frantziako, Holandako eta Britainiako ontzidien aurka borroka egingo duen itsas indarra da.

Donostiak gotorleku gisa duen eginkizun berri horrek, frantziarren erasoak geldiaraztearen ardura besteak beste, hiribildua norabide berriak hartzera bideratuko du; horiengatik jaso zituen Noble eta Leial tituluak.

Errege-erregina Katolikoen eta Felipe V.aren arteko aldian, hirurehun urte gutxi gorabehera, hiribilduak setio ugari biziko ditu.

Etengabeko gerra egoera horrek Donostiaren ekonomia larriki hondatzea ekarriko du, sendotzeko egindako gastuengatik, soldaduak mantentzeagatik eta itsas merkataritza etengabe erortzeagatik; hori, 1573tik aurrera are gehiago larrituko da, izan ere, Sevillak Amerikarekiko transakzioen monopolioa eskuratuko du.

Bere eginkizun belikoa bi mendez heroikoki bete ondoren, Felipe IV.ak, 1662an, Hiriaren titulua eman zion.

Errege horrekin berarekin, Felipe IV.arekin, 1659an Frantziarekin bakea lortuko da, "Pirinioetakoa" izenekoa eta horregatik Donostiako buru ziren mailak antzinako merkataritza eginkizunetarako prestatzen dira. Horrela, 1682an Kontsulatua eta Kontratazio Etxea fundatu zen, Gipuzkoako merkataritzari eta nabigazioari zerbitzu onak eskainiko dizkiona.


Baina guztia irudikeria bat izan da, izan ere, gerrak aurrera jarraitzen du eta hiria sendotu egin behar da. Horrela, eztabaida sakona sortzen da harresiak defentsa elementu gisa mantentzearen aldekoen eta defentsaren gunetzat gaztelua hartzearen aldekoen artean.

Eztabaida horretan murgildurik, 1719. urtean lehendabizikoz Donostia Berwick dukea buru duen frantziar armada batek hartzen du. Aurkitu zutena gotorleku ahulak zituen hiri bat izan zen eta elikagai eta munizio urriko garnizio txiki bat. Hiria 2.000 soldadu frantsesez osatutako talde batek okupatu zuen, 1721eko abuztuaren 25a arte. Orduan Hagako Bakearen ondorioz alde egin zuten.

Hurrengo hirurogeita hamar urteak baketsuak izan ziren; 1728an Caracaseko Gipuzkoar Konpainia fundatu zen eta 1788an Amerikarekin merkataritza librea berrezarri zen. Urte horietan ekonomia indarberrituko da. Fundazio horretan Estatuaren interesak daude, merkataritza amerikarra kontrolatu nahi baitu berriro, baita Donostiako merkatari taldearenak ere, bere merkataritza egurtuari irtenbide bat bilatzen ari baitira, Gaztelako (Bilboren monopolioa) eta Nafarroako (Baionara desbideratua) artilearen trafikoa galdu ostean.

Aldi berean, hiriko defentsak alde batera uzten doaz, geroz eta zaharkituago eta erabilgaitzagoak baitira. Biztanleria hazten doa eta harresien barruan leku arazo serioa sortzen da. Lehen zabaltze bat planteatu zen baina ez zen gauzatu XIX. mendea arte.

Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste behin, eta Konbentzio Frantsesaren aurkako gerra zela eta, baliorik gabeko harresi haiek behar bezala defendatu ez zutenez, eta gobernadore militarra zen Molina jeneralak defendatzeko inolako ahaleginik egin ez zuenez, frantziarrek Donostia hartu zuten 1794ko abuztuaren 4an. Konbentzioaren tropek gillotina ale bat utzi zuten, geroago Plaza Berrian (gaur Konstituzioarena) ezarri zena eta desertore batzuekin erabili zena.

Napoleonen tropek 1808an Donostia okupatu zuten eta Jose I.a (Jose Bonaparte) Espainiako subirano izendatu zuten. Donostian sartu zen ekainaren 9an, Narrika kalea zeharkatuz; kale horretako leiho guztiak itxita zeuden.

Setioa eta suntsiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako setioa»
Donostia eta Donostiako harresiak 1813an izango ziren bezala irudikatzen dituen maketa.

Napoleonen armadaren zatirik handiena bazihoanean, 1813ko ekainaren 22an, Emmanuel Rey frantziar jeneralak lekuaren agintea hartu zuen 2.600 soldadurekin. Aliatuek, tropa anglo-portugaldarrak, Sir Thomas Grahamen zuzeneko agintearen mendean eta jeneraltzat Wellingtongo dukea zutela, tropa eta armekin indartsu ekin zioten setioari eta hiria bakartuta utzi zuten.

Une hartatik eta abuztuaren 31n hiria hartu arte, bi alderdiek borrokaren aurreko mugimendu taktikoak egin zituzten. Frantziarrek Donostian ostatu hartu zuten milaka frantsestu irtenarazi zituzten bitartean, biztanleei hiria uzteko gomendatu zieten, San Bartolome komentua hartu eta kanpoaldeko etxeei su eman zieten. Tropa anglo-portugaldarrak setioa itxiz doaz eta bateria guztiak beren lekuetan jarriz.

Hiriari egindako lehenengo erasoa uztailaren 25ean izan zen, behin jaurtitako jaurtigaiek zulo handia ireki zutela uste zutenean. Frantziarrek ez zuten eraso hori onartu; galera handiak eragin zizkieten tropa anglo-portugaldarrei.

Abuztuaren 4an setioa burutu aurretik Donostiatik irten ahal izan zuten hogeita bat bizilagunek, Wellingtongo dukeari setioaren ondorioz hiriaren egoera agertzen zuen adierazpen bat igorri zioten eta beren bizilagunen eta hiriaren beraren alde egin zuten. Ohar hori ez zen sekula jeneral ingelesaren eskuetara iritsi, izan ere, Alava espainiar jeneralak ez zuen egokitzat jo.

Bonbardaketa biziko hainbat egunen ondoren, 1813ko abuztuaren 31ko goizaldean, zuloa (1719an Frantziako tropak zeharkatu zuten bera) handiagotzea lortu zutenean, "etsitakoak" izeneko boluntario batzuk osatutako eraso eragiketari ekin zitzaion. Hauek, harresian irekitako zuloaren goialdera iritsi zirenean ezusteko bat izan zuten. Haren barnealdeko lurzorutik lau metrora zeudela konturatu ziren eta frantziarrak harridura horretaz baliatu ziren zalantzarik gabe balaz josteko.

Egokiena beste behin atzera egitea zela zirudienean ustekabeko sute bat gertatu zen eta frantziarren munizioak eztanda egin zuen, bando honetan nahastea sortuz. Erasotzaileak gertakizun horretaz baliatzen dira eta Frantziako tropak gaztelurantz atzera egitera behartzen dituzte. Hauek irailaren 8an amore emango dute.

Denbora aldi horretan tropa aliatuak suteak sortu, arpilatu, bortxatu eta erail egin zuen. Arpilatzeak sei egun eta erdi iraun zuen eta sutetik bi parrokiak eta hogeita hamabost etxe salbatu ziren, Trinitate kalean kokatutakoak. Arrazoi hori dela eta gaur Abuztuaren 31 izena du. Etxe horiei ez zieten su eman ofizial britainiar eta portugaldarren ostatu zirelako gazteluari eraso egiten zioten bitartean.

Biztanleen errolda, setioaren aurretik 5.500ekoa zena, 2.600era jaitsi zen.

Gertakari tamalgarri harengatik bi hilarri jarri ziren, bat San Jeronimo kalearen sarreran; bertan aliatuei egozten zaie errua argi eta garbi. Bestea, Erresuma Batuko enbaxadoreak aurkitu zuen gazteluko arma patioan, 1963ko abuztuaren 31n.

Berreraikitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizilagun esanguratsuenak kanpoaldean bildu ziren, Zubietan, eta hiria berreraikitzea erabaki zuten.

Nabarmengarria da, berreraikitze lan horietan, Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoa. 1816an onartu zen behin betiko itxura eta liskarrak sortu ziren militar eta zibilen artean hiria planteatu behar zen moduari buruz. Ez zuten erabaki harresiak defentsa elementu gisa mantentzea ala ez komeni zen. Lanak Fernando VII.aren babesean egingo dira eta honek harresiak mantenduko ditu.

Erresuma berrogeita hamar probintziatan zatitu zen eta Gipuzkoaren hiriburutza Donostiari eman zitzaion. Ordu arte hiriburutza txandatu egin zen Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitiaren artean, Batzarren bilerak non egiten ziren eta korrejidorea (erregearen ordezkaria probintzian) non bizi zen kontuan izanik.

1823an San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin erregimen absolutista ezarriko da eta horren ondorioz, Gipuzkoako hiriburutza Tolosara aldatuko da. 1854an Donostia probintziaren hiriburu izendatu zen. Aduanak Ebrora atzeratzea erabaki zen eta neurri hori probintziaren mesederako izan zen. Halaber, Donostia Amerikarekin merkataritzarako egokitutako portu gisa itxi egin zen.

Probintzian bi bando eratuz doaz, karlistak eta liberalak, azken hauek Konstituzioaren aldekoak. Biek defendatzen zituzten foruak baina modu ezberdinetan. Donostiak liberalismorantz joko du Gipuzkoaren gehiengoa landatarra izanik.

Lehenengo Karlistaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fernando VII.a hil zenean, 1833ko irailaren 29an tronua bere alaba Elisabetek hartu zuen oinordetzan, hiru urte zituela. Bere anaia hil eta bi egunetara, Karlosek bere tronurako eskubidea aldarrikatuko du. Donostiako Udala da Elisabet Espainiako subirano gisa onartzen lehenengoa, eta erregina izendatzen du bere erretratuaren aurrean, Plaza Berrian (gaur Konstituzioarena) urriaren 2an.

Egoera horren ondorioz Lehen Karlistaldia hasi zen, "Zazpi Urtekoa" deiturikoa.

1835eko abenduaren 6an, karlistak hiriaren ateetan kokatu eta amore emateko eskatzen dute. Ezezkoaren aurrean bonbardatzen hasiko dira. Donostiak, kausa liberala defendatzeko 1835eko uztailaren 10etik sir Lacy Evans jeneralen agintearen mende zegoen legio ingeles bat zuenak, hiria defendatu zuen eta hildako asko izan zituen. Bere eginkizuna bete ondoren legio ingelesa desegin egin zen eta bere aberrira itzuli zen 1838an, atzean hildako eta zauritu ugari utziz.

Bere omenez 1924ko irailaren 28an Ingelesen Hilerria izenekoa inauguratu zen, Urgull mendian kokatu zena. Tropa honen ostatua Ategorrieta izan zen eta hor, geroago, Notre-Dame eskola eraiki zen eta alboan zegoen plazari Constitution Hill deitzen zioten. Absolutismo karlistaren aurkako protesta gisa inguruko baserritarrek "Konstituzioa hil" bezala itzuliko dute.

1839an Bergarako Hitzarmena egin zen Maroto, indar karlisten buruaren eta Esparteroren artean, gerrari amaiera emanez. Hitzarmenean ezarritakoa betez, behin Espainiako Gorteak bildu zirenean, euskal probintzien foru erregimena onartu zuten.

Hiriaren zabalgunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiaren hazkunde demografikoak, hirigunean 9.000 bizilagun, pilaketa arazo larriak eragin zizkien harresien barruan bizi zirenei. Militarrekin kudeaketa eta liskarrezko zortzi urte igaro ondoren, beraiek harresiak mantendu nahi baitzituzten, azkenean eta Prim eta Lertxundi jeneralen bitartekotzari esker udal kabildoak eta bizilagunek horrenbeste espero zuten berria iritsi zen: harresiak eraisteko agindua. Agindu hori Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen. Bera Antzoki Zaharrean zegoela Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen. Bertan Gobernuaren erabakia jakinarazten zitzaion, harresiak eraistea onartzen zuena, alegia.

Espresuki gertakizun horretarako sortutako martxa baten akordeei jarraituz, 1863ko maiatzaren 4an lehenengo harria kendu zen. Zatikatu eta lehenengo ilarako gonbidatuen artean banatu zen.

Hau historian zehar izandako une garrantzitsuetako bat da, Donostiak norabidea aldatu baitzuen. Gotorleku gisa bere garaia amaiturik probintziaren hiriburu gisa jardun zuen eta Antonio Kortazarrek hiri berrirako egindako planean islatutakoaren arabera hedatzen hasi zuen. Plan horrek polemika handiak sortuko ditu. Batzuk antzinako gunea berritik banatzen duen boulevard edo zuhaizti baten aldekoak dira (boulevaristak) eta beste batzuk horren aurkakoak (antiboulevaristak).

Hirugarren Karlistaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1872an Hirugarren Karlistaldia hasi zen. Mehatxu berri horren aurrean, Donostiak 1873an beste defentsa murru bat eraiki zuen Santa Katalinatik San Bartolomeraino, desagertutako harresiak ordezkatuz.

1875ean 5.000 karlista inguru hiria bonbardatzen hasi ziren. Urgull menditik sutaldiak begiztatzen ziren eta biztanleei hori kanpai baten bidez jakinarazten zitzaien. Horrek esan nahi zuen hamalau segundo zituztela donostiarrek jaurtigaietatik babesteko. Horietako bat Antzoki Zaharrean erori zen 1876ko San Sebastian egunean, atezain gisa Indalezio Bizkarrondo, Bilintxek, zuen bizilekuan. Bi hankak txikitu zizkion eta horren heriotza eragin zion.

Azken karlistaldia amaitu zenean, 1876an foru erregimena indargabetu egin zen. Ondoz ondoko hainbat Ekonomia Itunek ordezkatu zuten, eta 1936 arte indarrean iraun zuten.

Turismoa aristokratikoaren jomuga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfontso XII.a hil zenean,1885ean bere alarguna, M. Kristina erregeordea uda guztietan Donostiako gortera joaten zen eta Miramar Jauregian hartzen zuen ostatu. Donostiako Udalak hiriaren alde egindako lan handiarengatik ohorezko alkate izendatuko du. Geroago, Cortazar Zabaltzea garatzen ari denean, 1887an Kasinoa eraikitzean udatiarren kopurua handituko du.

XX. mendearen hasieran Donostiak aurreko mendearen amaierako joera mantenduko du, udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politiko gisa hobetuz. Probintziako udalerriek gorakada demografikoa biziko dute eta aurrerapen garrantzitsua industrializazioari dagokionez. Urte horietan halaber bankuak finkatuko dira, banku eta aurrezki kutxa asko eratuz.

Era berean, mendearen hasieran, 1904an, Donostian nazionalismoaren lehenengo nukleoak sortuko dira.

Gipuzkoako hiriburuan ekimenak burutuko dira esparru ezberdinetan: parkeak eta aisialdirako guneak (Ulia, Igeldo, Ondarreta hondartza, Urgulleko gotorlekuaren eskurapena...), asistentzia instalazioak, garraio publikoa...; 1920ko hamarkadan bere inguruko esparruetan ere esku hartuko du, golf zelai bat eta Lasarten automobil zirkuitu bat eta Zubietan hipodromo bat eraikita.

Lehen Mundu Gerra hastean, 1914an, Donostia Europak hiririk kosmopolitena bihurtu zen. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia guztiak agertuko dira, Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, Romanones, Pastora Imperio, toreatzaile ospetsuak, banku gizon harroak...; "belle epoque" donostiarraren garaia da eta Donostian operetaren konpainia frantsesa, errusiar balletak, opera abeslariak eta beste artista ospetsu asko aritu zen.

Gerren arteko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ondorioz eskualdeko handitzen ari den industrializazioa finkatzen da eta migrazio mugimendu garrantzitsu bat eragiten du, proletario talde garrantzitsuen oinarria izan zena, eta hortik, hain zuzen, sortzen da langileen mugimendua. Primo de Riveraren diktaduraren (1923tik 1930era) errepresioaren aurrean, langile talde euskaldunek krisialdi bat jasango dute. Esaterako, UGTk Donostian zituen bazkideen kopurua 4.000tik 2.700era jaitsiko da.

1925ean jokoa debekatu zen eta Kasinoa itxi zuten. Uda faktorea ere ahulduz doa Donostiak probintziako hiriburu gisa duen eginkizuna hazten doan bitartean. Egunetik egunera gehituz doaz administrazio publikoaren eta zerbitzuen egitekoak. Hamarkada horretan hiriburuak 61.000 biztanle baino gehiago zituen.

1930ean alderdi politiko errepublikanoen buruak Donostian bildu ziren, fronte eta ideia komunak adosteko. Hori Donostiako Ituna izenez da ezaguna, monarkia hondatu eta errepublika ekarriko duena.

Gerra Zibila hasi zenean, 1936ko irailaren 13an, Donostia nazionalen eskuetan erori zen.

Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko...

Frankismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra amaitu zenean, 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen eta horren hasierako egoitza Kursaal Antzokian ezarri zen. Gero, 1940. urtean Victoria Eugenia Antzokira aldatu zen. Horren bitartez ikuskizun handiak eskainiko dira eta musika arloko pertsona garrantzitsuak arituko dira.

Frankismoak Donostia udako hiriburu gisa mantenduko du. Franco 1940tik 1975 arte abuztuan Aieteko Jauregian biziko da, Udalak erosi eta Estatuko buruari eskaini ziona. Garai hartan leku hartan Ministroen Kontseiluak ospatu ziren.

1940ko hamarkadan eta 1950eko hamarkadaren hasieran hiriaren garapena hasi zen, Egiako auzoaren zabaltze proiektuarekin eta Amarakoa eraikitzen hasiz, Urumeako paduretan.

Donostiak, 1950ean 113.776 biztanle zituen, eta probintzia osoko bizilagunen % 30.

Garai honetan euskal artistaren karakterizazio baten ideia eratzen hasten da. Donostian Gipuzkoako Arte Elkartea sortu zen. Urrezko urteak dira hiriko antzerki amateurrarentzat; igandero obra berri bat estreinatzen da.

Donostia, 1953an lehenengo Zinemaldiaren ospakizunarekin, "zazpigarren arteko" jendearen topagunea bihurtu zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gassman, Charlton Heston...

Urte horietan orduan Espainiako printze zenak, Joan Karlos Borboikoak eta bere anai Alfontso infanteak Miramar Jauregian hartzen zuten ostatu.

1960ko hamarkadan hiria zabaltzeko prozesu sendoa hasi zen, etxebizitza asko eraikiz, industria jaio berria erakartzen zuen immigrazio fenomeno bati eta probintzian jaiotze tasa handitzeari esker. Hiriak sendotzen jarraitzen du Amarako zabaltzearen garapenarekin.

Bai Donostia, bai haren ingurunea migrazio korronte garrantzitsuen hartzaile bihurtu ziren. Etorkinen % 40tik gora Euskaditik kanpokoak ziren. Altza, Amara, Gros eta Egia auzoak, bolumen demografiko handiena dutenak, dira emigratzaile portzentaje handiena jasotzen dutenak.

Migrazio korronte horrek, hiriaren izaera udatiarrarekin batera, lurzoruaren demanda handia eragingo du eta ondorioz, higiezinetan inbertitzea diru sarreren iturri ziurra bihurtuko da.

1965ean Donostiak mendeko ekaitzik handienetako bat jasango du; 15 metrotik gorako olatuak Kursaaleko zubiaren gainetik igaroko dira eta Alde Zaharreko kaleak urak hartuko ditu itsasgoraren orduan.

Donostiako Udala 1966an mozio bat onartzeko ekimenari batuko zaio. Bertan Gipuzkoa Kontzertu Ekonomikorik gabe uzten zuen 1937ko dekretua baliogabetzeko eskatzen da.

Data berean Jazzaldia sortuko da, urte askoan Espainian egon izan den bakarra.

1960ko hamarkadan Donostia, euskal kulturaren berpizkundearen eta mugimendu politiko nazionalistaren gunea, hainbat manifestazioren tokia izango da, 1968 eta 1969an izan ezik, dekretuz salbuespen egoera ezarri baitzen. Egoera hori luzatu egingo da 1970eko hamarkadan zehar, bereziki, Frankismoaren garaia amaitzen denean (1975).

Transizioa eta demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horren ostean sortutako erreforma politikoarekin eta Gernikako Estatutuaren onarpenarekin, Kontzertu Ekonomiko berria ezartzen da 1981ean.

Hiriburuak bere administrazio, kultura, merkataritza eta turismoarekin lotutako eginkizunak betetzen jarraituko du; bitartean auzo eta eskualdeko herri batzuek eginkizun industrialak, zerbitzu txikienak eta langileriarentzako egoitzari dagozkionak bere gain hartuko dituzte.

Donostiak 2004. urtean zituen biztanleak 182.644 ziren, hau da, Gipuzkoako lurralde osoaren %26,6.


Kontxako badiaren ikuspegia.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako nekazaritza Zubieta eta Igeldon dago kokatua. Industria gutxi dago eta hiritik kanpo sakabanatua (elikagai industria, ehungintza, lantegi mekanikoak). Zerbitzuetan diharduen hiria da; administrazioaz gain, merkataritza ere garrantzitsua da. Finantza eta unibertsitate zerbitzuak biziki ugaldu dira 1970eko hamarkadaz geroztik. Kultura eta turismo hiria da, hainbat jai, kultura eta kirol ekitaldiren egoitza (estropadetan, Donostiako edo Kontxako bandera; Nazioarteko Zinemaldia; Musika Hamabostaldia; arte erakusketak; Aste Nagusia; eta abar). XIX. mendean Viktoria Eugenia erreginak bere oporraldirako hautatu zuenez geroztik, Donostiak hiri turistiko izateari eutsi dio.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean 185.000 biztanle inguru zituen Donostiak, Gipuzkoa osoko populazioaren %26,5. Euskal Herriko bigarren hiririk handiena izan zen 1980eko hamarkadara arte, eta gaur egun laugarrena da, Bilbo, Gasteiz eta Iruñearen ondoren.

1940ko hamarkadaren ondoren oso azkar hazteari ekin zioten Euskal Herriko beste hiri batzuetan ez bezala, Donostiaren hazkunde demografikoa jadanik nabarmena izan zen XX. mendearen hasieratik, eta 1900tik 1950era hirukoiztu egin zen donostiarren kopurua. 1960 eta 1970eko hamarkadetan ere hazkundeak jarraitu zuen, baina 1980ko hamarkadan beherakada txiki bat jasan zuen hiriak.

Biztanle kopurua %0,5 eta %1 artean hazi da urtero 1991az geroztik. Dena den, biztanleriaren hazkundea moteldu egin da: urtez urteko hazkundea %1 baino nabarmen txikiagoa da azken urteotan.[24]

Donostiako biztanleria

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Donostian», «Donostiako alkateen zerrenda» eta «Donostiako Udala»

Eneko Goia (EAJ) da Donostiako alkatea 2015eko ekainaren 13tik, Juan Karlos Izagirreren (Bildu) alkatetzaren ondotik. Goiak alkatetza lortu zuen EAJren baiezko eta PSE-EE eta EH Bilduren boto zuriei esker, gehiengo sinplea lortuta. Gehiengo osorik lortu ez zenez, boto gehien lortutako hautagaia bihurtu zen alkate.

2015eko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
9 / 27
29.029 (% 29,65)
6 / 27
15.587 (% 17,93)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
7 / 27
24.007 (% 24,52)
7 / 27
19.666 (% 22,63)
Euskal Herria Bildu*
6 / 27
20.467 (% 20,91)
8 / 27
21.110 (% 24,29)
Alderdi Popularra (PP)
3 / 27
9.272 (% 9,47)
6 / 27
16.502 (% 18,99)
Irabazi Donostia (2015) / Ezker Batua - Berdeak (EB-B) (2011)
2 / 27
6.947 (% 7,10)
0 / 27
2.283 (% 2,63)
*2011ko hauteskundeetan Bildu gisa aurkeztu zen koalizioa.
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean

Hirigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako parke eta lorategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren tamaina erlatibo txikian, parke eta lorategi ugariek gehiegizko urbanizazioa leundu egiten dute, naturaz gozatzeko aukera emanez. Halaber, hiriko kale eta plaza gehientsuenetan zuhaitzak eta zuhaixkak daude. Horietatik, ikusgarriak dira Kontxako pasealekuko tamarindoak eta Benta Berriko eta Ibaetako ezkiak. Kristinaenea, Egia auzoaren eta Urumea ibaiaren artean, hiriguneko parke handienetakoa da eta bertan hiria ia guztiz utzi eta baso oparo baten barrena pasea daiteke. Parke hori Mandaseko dukea izan zen Fermin Lasalaren eta Cristina Brunettiren lorategi pribatua zen, baina 1926az geroztik udalaren esku dago.


Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri arteko garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia puntu garrantzitsua da europar errepide trafikoan. Iparretik hegoaldera, E-05 (Glasgow-Paris-Algeciras), eta mendebaldetik ekialdera, E-70 (A Coruña-Bordele) eta E-80 (Lisboa-Burgos-Pabe) europar errepideek zeharkatzen dute. Ibilbide hauetan, Irundik norabidean, A-8 errepidetik sar daiteke Donostiara. Bilbotik A-8 errepide nagusia ordainsariz erabil daiteke. Madril-Gasteiztik A-1 errepidetik egiten da sarrera. A-1 jarraituz, Donostiatik gertu, Andoainen, A-15 errepiderako lotunea dago, Iruñea-Zaragozara eta bertatik Bartzelonara bideratzen dena. Kasu guztietan eta Donostia inguratzen duen errepide gerriko edo sare trinkoari esker, Donostiako hirigunera sartzeko hainbat aukera daude baina sarbide garrantzitsuenak Amara eta Ibaeta auzoetatik dira. Gipuzkoa mendebaldeko kostaldeko herrietatik Donostiara etortzeko maiz erabiltzen den errepide bat N-634 izenekoa da.

Donostiara joan eta etortzeko errepidezko bidaiarien garraio publiko sarean, Lurraldebus autobus zerbitzuetarako elkartea, Gipuzkoako herrietara autobus sare bateratu bat eskaintzen duena, Txartel bakarra izeneko bidai-txartel pertsonal baten bitartez. Euskal Herriko beste hiriburuetara autobus zerbitzu ugari dago egunero.[25]

Trenbideari dagokionez, Iparraldeko geltokian Espainia eremuko eta aldiriko trenak dabiltza. Bestaldetik, Euskotren konpainiak Hendaia eta Bilborainoko bidaiak eskaintzen ditu, baita Donostialdeko metroa ere.

Hegazkinez, Hondarribiko aireportua da hiritik gertuen dagoen aireportua. Bertaraino joateko autobus zerbitzua badago. Aireportu honek eskaintzen dituen hegaldiak ordea mugatuak dira eta beraz, 100 bat kilometrora dagoen Bilbo-Loiu aireportua erabili ohi da nazioarteko hegaldietarako. Miarritzeko aireportua da beste aukera bat, batez ere Pariserako hegaldietarako.

Hiri barneko garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko hiria da Donostia eta beraz, oinez erraz eta eroso zeharka daitekeena, hiria zeharkatzen duten oinezkoentzako kale eta ibilbideei esker. Hain zuzen ere, Monpaseko ekialdeko muturretik, Ulia mendiaren oinetan, hiriaren mendebaldeko puntan dauden Haizearen Orrazia izeneko eskultura multzoraino oinez egin daiteke semaforo bakar batekin topo egin gabe 7 kilometrotan zehar. Bizikleta ere donostiarrek maiz erabiltzen duten garraiobidea da, beste hirien aldean, eta horrela bidegorri edo txirrindularientzako ibilbide sare zabala osatu da. Udalak prestaturiko alokairuzko txirringa-zerbitzu bat ere badago, dBizi izenekoa.

Autobusez, Donostiako Tranbia Konpainiak 27 autobus ibilbide mantentzen ditu hiriko auzoetan zehar, guztira 115 autobusekin (2009ko datuak). Asteburuetan, parrandan ibiltzen den jendeari begira, gau eta goizaldeko Gau Txori izeneko zerbitzuak badaude. Bidaiari kopurua 27.360.638 izan zen 2008. urtean.[26] Horrela, Donostian gehien erabiltzen den hiri barneko garraiobidea da, automobila alde batera utzirik.

Hala eta guztiz ere, trafiko arazo larriak izaten dira Donostiako kaleetan. Ibilaldi guztietatik %27ak ibilgailu partikularrez egiten dira. Konponbide gisa, hiriguneko kanpoaldean disuasiozko aparkalekuak eta hirigunearen zati handi bat hartzen duten TAO guneak ezarri arren, aparkaleku eskasia izaten da eta sarbide nagusietan eta erdiguneko kaleetan automobil ilara luzeak sortu ohi dira. Trafiko trinko honek sortzen duen aire- eta soinu-kutsadura dela-eta kezka badago.[27]

Turismoari begira eratutako hiri barneko garraiobide bereziak ere badaude. Antzinako Igeldoko funikularrak Ondarretatik Igeldo mendi gainerainoko malda igotzen jarraitzen du. Hiriko ikusgarri nagusiak erakusten dituzten autobus turistiko bat eta Txutxu Tren izeneko bagoidun ibilgailua ere badaude.


Hezkuntza eta ikerkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako ikastetxeen zerrenda»

Donostia hiru unibertsitateren egoitza da: Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultate eta eskolak Ibaetako campusean zehar zabaltzen diram euskaraz eta gaztelaniaz ikastea ahalbidetzen duen titulazio-eskaintza zabal batekin; Nafarroako Unibertsitateak ere Tecnun izeneko ingeniaritzako eskola du bertan; eta Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusa Mundaizen da, eta turismoko ikasketak, enpresako ikasketak eta beste batzuk eskaintzen ditu. Unibertsitate horiekin lankidetzan, ikerkuntza-zentro aurreratuak daude: nanoGUNE (nanoteknologiaren arlokoa), Donostia International Physics Center, Inbiomed, Basque Center on Cognition, Brain, and Language, Ciditec, CEIT eta abar.

Haur eskoletatik batxilergora ikastetxe-sare zabala du Donostiak, ikastetxe publikoek, pribatuek (gehienak katolikoak) eta ikastolek osaturikoa. 2006ko datuen arabera, euskara hutsezko D eredua da nagusi (13.910 ikasle), A (9.101 ikasle) eta B (10.148 ikasle) ereduen aldean.[28]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiarren ekimen herrikoiak gaindituz, Donostiako kultura eskaintza batez ere turismoa bultzatzeari eta nazioartean irudi erakargarria emateari begira eratzen da erakunde publikoen aldetik.[29] Kursaal jauregia da asmo hauek islatzen dituen egitura fisikoa. Rafael Moneo arkitektoak diseinaturiko jauregi ikusgarri honetan auditorioak eta areto zabalak daude, zine, musika, antzerki eta dantza emanaldiak egin eta feria, biltzar eta kongresuak antolatzeko. Horrela, Kursaal jauregian eta ondoan dagoen eta halaber ikusgarria den Victoria Eugenia antzokian, hiriak antolaturiko kultura ekitaldi nagusiak ospatzen dira, Donostiako Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia esaterako. Beste kultur jaialdi nabarmen batzuk Maiatza Dantzan, uztaileko Jazzaldia eta udazkeneko Beldurrezko Astea. Parte Zaharreko Antzoki Zaharra antzerki emanaldietarako tokia izaten da.

Koldo Mitxelena Kulturunea eta Liburutegia da ekimen kultural xumeagoetarako beste gune bat. Jende asko biltzen duen liburutegi nagusi baten egoitza izateaz gainera, bertan hitzaldiak eta erakusketak egiten dira. Udalak Alderdi Ederreko bere egoitzan du liburutegi nagusia. Auzoetan barrena, liburutegiak kultur etxeetan kokatzen dira. Kultur etxe hauetan gainera hitzaldiak eta ikastaroak zein musika, antzerki edo zine emanaldiak antolatzeko tokia eskaintzen dute.

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilintxen bertsoetan jasota dago Donostiako euskara urbano zaharra.

Donostiako jatorrizko hizkuntza euskara da, gaur egun egoera minorizatu batean dagoena, gaztelaniaren mesedetan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hasi zen euskararen gainbehera hirian, eta Espainiako gerra zibilaren ostean ordezkapen linguistikoa nabarmen azkartu zen.

Jose Artola euskal idazleak kontatzen duenez, XX. mendearen hasieran Donostiako Parte Zaharrean, Boulevarderaino, euskaraz mintzatzeko ohitura zegoen euskaldunen artean, baina behin Kortazar Zabalgunera iritsi orduko, erdararen indarra gogor sentitzen hasi zen.

XIX. mendearen bigarren erdialdean euskara nagusi zen oraindik Donostiako kaleetan. Inor gutxik daki, esaterako, 1891. urtera arte Donostiako Udaleko langile guztiek euskaraz hitz egiten jakin behar zutela, edo 1897. urtera arte hiriko kaleak euskara hutsez izendatzen zirela (urte hartan erabaki zen izendapen elebiduna).

2006. urteko erroldaren arabera, Donostiako biztanleriaren % 40,35 elebiduna zen. Donostia da, alde handiz, Hego Euskal Herriko hiriburuen artean euskaldunena. Azken hamabost urteetan egindako euskararen erabilerari buruzko kale neurketen arabera, hirian egiten duten elkarrizketen % 15-%20 artean euskaraz izaten dira.

Donostian hitz egiten den jatorrizko euskara gipuzkera da; erdialdeko euskara, Koldo Zuazoren izendapenean. Eta, gipuzkeraren barruan, Beterriko gipuzkera da Donostiako azpieuskalkia, Tolosaldeko Ikaztegieta herritik Iruneraino mintzatua.

Gaskoi izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela mende batzuk Donostian gaskoi jendearen komunitate bat bizi zenez, gaskoi hizkuntzaz ere mintzatzen zen; komunitate horrek leku-izen ugari laga ditu Donostian eta horietako asko gaur egun arte iritsi dira: Urgull (gaskoiz, Orgull edo Urgullus, euskarara Urgull formarekin ekarri zen), Enbeltran (gaskoiz, En Beltran, hots, Beltran jauna), Gros, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetatik dator, Polloe bezala euskaratu zen), Morlans, Monpas (Mont-pas), Aiete (gaskoiz, Ayet; Aiete formarekin euskaratu zen), Ulia (gaskoiz, Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi) eta Miramon (gaskoiz, Miramont).[30]

Donostia 2016: Europako kultura hiriburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua»


Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nabaria da kirolzaletasuna donostiarren artean. Ohikoa da egun osoan zehar jendea korrikan edo bizikletaz ikustea. Hondartzak kirolgune garrantzitsu bihurtu dira. Zurriola hondartza surflarien bilgune da, bertako olatuak erakarrita. Kontxako hondartzan haurrak ibiltzen dira asteburuetan, futbolean, eskola arteko txapelketetan. Piraguismoan ere asko aritzen da Kontxako badian. Urumea ibaian zehar arraunketan aritzen dira kirolari asko. Hiriko ikastetxeetan ere haurrek kirolean jarduteko aukera izaten dute eta ikastetxeen arteko lehiak eta txapelketak izaten dira asteburuetan. Horretarako, hiriak kirol-instalazio ugari eta zenbait kiroldegi ditu.

Goi mailako kirolean, Real Sociedad futbol taldea nabarmendu behar da. Gipuzkoan futbol talde maitatuena izateaz gainera, Espainiako futbol talde entzutetsuenetakoa da. Historian zehar Espainiako lehen mailako bi Espainiako Futbol Liga eta Errege Kopa bat irabazi ditu. Klubak emakumezkoen futbol talde bat eta gazte talde bat ere biltzen ditu bere baitan. Futbolaz gainera, beste kirol batzuetan ere nabarmentzen da Real Sociedad: belar gaineko hockeyan esaterako, emakumezkoen taldeak titulu anitz irabazitakoa da Espainian. Saskibaloian Askatuak talde historikoa eta gaur egun maila gorenean dagoen Gipuzkoa Basket taldeak daude. Akaba Bera Bera emakumezkoen maila goreneko eskubaloi taldea da. Gizonezkoen Bera Bera Rugby Taldea Espainiako Errege Kopa bat irabazitakoa da. Arraunketan, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek txapelketa ugari irabazi dituzte arraunketa olinpikoan; tostako arraunketan, 2007tik aurrera Donostiarra traineru bateratuaren proiektuan batu dira, Club Deportivo Fortunarekin batera.

Ibilbideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Danborrada, San Sebastian egunean

Donostiarren jai nagusia Donostiako Danborrada da, urtarrilaren 20an, Donostia zaindariaren egunean hain zuzen. Erabateko ziurtasunik ez badago ere, 1836. urtean militarren parodia moduan sortua, jai honetan donostiarrek, elkarteetatik eratutako konpainietan bildurik eta sukaldariz edo militarrez jantzirik, danborrada etengane jotzen dute kaleetan zehar donostiar doinu tradizionalen erritmoan, San Sebastian martxa izenekoa nagusi bada ere. Egun horretan eguerdian ospatu eta milaka haur donostiar biltzen dituen Haur Danborrada izeneko desfilea ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da.

Inauteriak dira donostiarren beste jai handi bat. Baina horien aurretik, kaldereroen konpartsek eta Inude eta Artzaien konpartsek egun bana dute bere desfileak egiteko. Santa Agedako ospakizuna ere auzoetan berpizten ari den euskal ohitura bat da. Donostiako inauteriak euskal inauteri tradizionaletatik aldentzen diren ospakizunak dira eta munduko beste toki askotan bezalaxe desfile huts moduan antolatzen dira.

Udan, abuztuko Donostiako Aste Nagusia da jai nagusia. Kanpoko jende asko biltzen dituzten jaiak dira, batez ere gauero pizten diren su artifizialen erakustaldien inguruan. Abuztuaren 31n, 1813. urtean hiria guztiz suntsitu zuen sutea oroitzen da, Abuztuak 31 kalearen inguruan. Irailean Donostiako Euskal Jaiak ospatzen dira eta horiekin batera izaten dira jendetza handia erakartzen duten Donostiako Estropadak.

Abenduaren 21ean Santo Tomas eguna ospatzen da. Egun horretan, baserri produktuen erakusketa eta salmenta postuen inguruan eta baserritar arropa tradizionalez jantzirik, milaka lagun biltzen dira jai giroan sagardoa, taloa eta txistorra, besteak beste, dastatzera. Konstituzio Plazan erakusten den txerritzar baten zozketa ere egiten da.

Aipatzekoak dira, halaber, hiriko auzoetan zehar ospatzen diren jaiak, hala nola Amara Zaharreko jaiak eta Egiako Porrontxoak.

Herri elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Euskal Herriaren mugak gainditu dituzten herri elkarte edo soziedadeak izenekoek Donostian izan zuten jatorri. Gizartearen atal garrantzitsu bat osatzen dute, elkartearen egoitzan lagun giroan afari baten inguruan egoteaz gainera, kultura eta kirol ekintza ugari antolatzen baitituzte. Donostiako jai nagusia den danborradan ere beraiek dira protagonista. Lehenengo elkarte gastronomikoak La Fraternal izena izan zuen eta 1843. urtean sortu zen. Elkarteak sortzeko arrazoi nagusia Donostiako kaleko sagardotegiak galduz joatea izan zen; donostiarrek bilguneak behar zituzten otorduak egiteko eta elkarteak sortzen hasi ziren.

Donostiako portuaren 2002ko aireko ikuspegia.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako ondarea Bandera de San Sebastián.svg


Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunkariei dagokienez, Igaran dute egoitza dute egoitza Euskal Herri osora zabaltzen den Garak eta hala hirian nola probintzian irakurriena den El Diario Vascok, eta Benta Berrin Noticias de Gipuzkoak (hirurak, gaztelaniazkoak gehienbat). Euskara hutsezko Irutxuloko Hitza Donostiako tokiko egunkaria da. Euskarazko aldizkarietan, gazteei zuzendutako Gaztezulo Donostian argitaratzen da, eta Euskal Herri osora zabaltzen da.

Irratiei dagokienez, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea eta Donostialdeko Ttan Ttakun irrati librea euskara hutsezkoak eta Herri Irratia elebiduna dira Donostian egoitza nagusia dutenak. Radio Euskadi, COPE, SER, Onda Cero eta RNE erdal irrati kateek, berriz, ordezkaritzak dituzte Donostian eta bertatik hainbat saio egiten dituzte. Internetez emititzen duen Info7 irratia FM bidez ere entzun daiteke Donostian.

Azkenik, telebistetan, EITB taldeak Miramon auzoan EITB Donostia estudioak ditu. LTDan emititzeko tokiko telebisten lizentziak honakoek lortu zituzten: 1994. urtetik emititzen duen Vocento taldeko Teledonostik, 2000. urtean Localia katearekin emititzen hasi zen Gipuzkoa Telebistak, emititzen hasi berri den Hamaika Telebistak, eta oraindik egitasmoa den Donostiako Udalarenak.

Donostiar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Donostiar ospetsuen zerrenda»

Donostiar ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Eduardo Txillida eskultorea, Pio Baroja, Ramon Saizarbitoria eta Txillardegi idazleak, Luis Miguel Arconada eta Pello Ruiz Cabestany kirolariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Aita Donostia, Pablo Sorozabal eta Nicanor Zabaleta musikariak, Mikel Laboa, Mikel Erentxun, Javier Gurrutxaga eta Imanol Larzabal kantariak, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldariak, Jesus Maria Leizaola eta Odon Elorza politikariak eta Julio Medem zinemagilea.

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia hiri hauekin senidetua dago:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz)  «Donostia / San Sebastián, nueva denominación oficial», Diario Vasco, 2012-08-07, http://www.diariovasco.com/20120807/local/san-sebastian/donostia-sebastian-nueva-denominacion-201208071650.html .
    (Gaztelaniaz)  «Orden Foral de 27 de julio de 2012, de la Diputación Foral de Gipuzkoa, por la que se modifica el nombre oficial del municipio (incluida su capital) de Donostia-San Sebastián.», Espainiako Aldizkari Ofiziala, 2012-09-24, http://www.boe.es/boe/dias/2012/09/24/pdfs/BOE-A-2012-11967.pdf. Noiz kontsultatua: 2012-09-25 .
  2. a b c d e f g (Euskaraz)  Euskal Herriari Begira, Udalbiltza, http://udalbiltza.eus/eu/euskal-herriari-begira .
  3.   «UEMA-Atlasa», Euskararen erabilera (UEMA), http://46.226.108.156/UEMA/atlas.html .
  4. Eusko Jaurlaritza: V. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
  5. Iker Gomez, «Donostia, munduko hiri zoriontsuenen zerrendan», EiTB, 2014-12-29.
  6. (Gaztelaniaz) Koldo Mitxelena: Apellidos vascos, 1955, 96. orrialdea.
  7. a b (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Onomástica», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  8. Orendaingo San Sebastian ermita, herriak Jaun Donosti ere deitua Gipuzkoako Aldundiko webgunea
  9. (Gaztelaniaz) Angel J. Martín Duque: El Fuero de San Sebastián: Traducción manuscrita y edición crítica, Príncipe de Viana, 63 zbk., 227, 2002.
  10. a b Felix Ibargutxi: «Hau fauna», ZingiZango euskara elkartearen webgunea, 2008-02-02.
  11. a b (Gaztelaniaz) Felix Ibargutxi: «La fauna más nuestra, Diario Vasco, 2007-08-26.
  12. «ñoñostiar», Hiztegi Batua Euskal Prosan.
  13. «Kokoteraino zaudetela ñoñostiar señoritooz» idatzi zuen Joxe Austin Arrieta donostiar idazleak, Igeldo Donostiatik banantzekotan zela eta.
    (Joxe Austin Arrieta: «Na’ ezuna intzazu, Igeldo», Irutxuloko Hitza, 2013-10-04.)
  14. «inolako sentimendu ñoñostiar pijorik gabe» dio Begoña del Teso donostiarrak, elkarrizketa batean.
    (Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre: «Begoña del Teso: "Ez ditut beldurrak gainditu nahi, gustura nago horiekin"», Argia, 1829. zenbakia, 2001-11-11.)
  15. (Gaztelaniaz) Mikel G. Gurpegui: «Ñoñostia», Diario Vasco, 2006-04-09.
  16. (Gaztelaniaz) José Miguel Edeso Fito:Geografía e historia de San Sebastián: geología y geomorfología, INGEBA, 2009-10-19.
  17. Antonio Aretxabala: «Donostia-san sebastián, ¿sismicidad de efecto local?», Antonio Aretxabala bloga, 2012-09-16.
  18. a b c (Gaztelaniaz) Ana Sola Bueno: Geografía e historia de San Sebastián: el clima, INGEBA, 2009-10-18.
  19. (Gaztelaniaz)  Valores Climatológicos Normales. San Sebastián / Aeropuerto, http://www.aemet.es/es/elclima/datosclimatologicos/valoresclimatologicos?l=1014&k=pva .
  20. (Gaztelaniaz) «Donostia-San Sebastián: Morfología urbana», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  21. «Auzoak eta herriak», Donostiako Udalaren webgunea.
  22. Atal honen iturri nagusia Gipuzkoako Batzar Nagusien webguneko «Donostia, Gipuzkoako hiriburua» orria da, horretarako baimen egokia eman baitu erakunde horrek: «Kontrakorik adierazi ezean, erreproduzitzea baimentzen da, betiere iturria aipatzen bada.»
  23.   «Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadiren ikerketa batek», Berria, 2014-06-23, http://www.berria.info/albisteak/93263/duela_25000_urte_jada_donostian_gizakiak_bizi_zirela_egiaztatu_du_aranzadiren_ikerketa_batek.htm .
  24. «Datu demografikoak», Donostiako Udalaren webgunea. 2009-11-29.
  25. Pesa enpresak, Iruñera izan ezik, Euskal Herriko hiriburu guztietarako zerbitzuak eskaintzen ditu.
  26. «d·bus konpainia ezagutu», Donostiako Tranbia Konpainiaren webgunea, 2009-10-28.
  27. «Ingurumena eta garapen jasangarria: atmosferako kutsadura», Agenda21 Donostia webgunea, 2009-10-28.
  28. EUSTAT: «Udal-adierazleak: Serie estatistikoak, 2006», 2007-02-21eko prentsa-oharra.
  29. Horrela ageri da Donostiako Plan Estrategikoan, garatu beharreko estrategiak aipatuz: «A.1.2 Dagoen zerbitzu eta ekintza eskaintza indartzea, kultur programazioari dagokionez, turismo eta kirol produktu berriak indartu eta garatuz. Hauek dauden baliabideak optimizatu eta hauen nazioarteko proiekzioa handitu dezaten; ondorioz, baita europar sareetako parte-hartzea ere. A.1.3 Berritutako marka irudi bat garatzea, kalitatea, berrikuntza eta modernitateari lotutakoa, aisialdirako erreferentzia hiri gisa bere egoera hobe dezan, bai Gipuzkoan, bai EAEn, bai Estatuan zein nazioarteko foroetan ere.», Donostiako Plan Estrategikoa, 11. orrialdea.
    Baita ere, aipatzekoa da CIDEU erakundearen dokumentu bat: (Gaztelaniaz) «Encuadrado en el objetivo delimitado por el Plan Estratégico [...] mediante este proyecto se persigue dotar a la ciudad de una Estrategia Cultural y el desarrollo de los grandes proyectos que suponen un salto cualitativo con respecto a la situación actual y que pueden aumentar su presencia internacional. Buscar una culturización de la sociedad que no una popularización de la cultura que pueda llegar a una degradación de la misma.»
  30. (Gaztelaniaz) Serapio Mujika Zufiria: Los gascones en Guipúzcoa. Gipuzkoako Aldundiaren inprimategia, 1923. Donostia.
  31. (Gaztelaniaz) Espainiako eta Japoniako hirien arteko senidetza itunak, Espainiaren Japoniako Enbaxada.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donostia Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia