Edukira joan

110. Street-eko geltokia

Wikipedia, Entziklopedia askea
110. Street-eko geltokia
Jatorria
Egilea(k)Iñaki Zabaleta
Argitaratze-data1986
Izenburua110. Street-eko geltokia
ArgitaletxeaSusa
Ezaugarriak
Genero artistikoanarrazioa
Hizkuntzaeuskara

110. Street-eko geltokia Iñaki Zabaleta nafarrak argitaratutako genero beltzeko eleberria da. Eleberriak New Yorkera arrazoi politikoengatik ihes egindako Joseba gazte euskalduna du protagonista. Han bizimodu gogorra du. Sukaldari lanetan dabilela, ugazabaren xantaiaz droga trafikoan nahastuta ibiliko da. Aldi berean, kartel batean jarritako mezuen bitartez Angie neska gaztea ezagutu eta harekin maiteminduko da. Josebak xantaia ukatu eta trafiko sarea uztea erabakitzen duenean, sareko kide batek hil egingo du.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Joseba mutil nafarra da, 1973 urtean New York hirian bizitzera joango da eta ikurrina jarri eta manifestazioetan ibilita espainiar polizia atzetik zebilkiolako Euskal Herritik ihes egin duena. Hiru urte eman ditu New Yorken. Han legez kanpoko immigrantea da eta bizimodu latza izan du. Gaur egun, kafetegi bateko sukaldari moduan egiten du lana. Etorkinentzako hotel merke batean bizi da Harlem auzo txiroan. Hara joateko, metroa hartzen du eta 110. kaleko geltokian jaisten da. Hotelera iristen da egun batean, bere gelan lo hartu eta Gregory izeneko gizon beltz zaharrak, II. Mundu Gerrako gerrako beteranoa denak, jotzen dio atea, Josebarekin hitz egiteko ohi bezala. Euskaldunak jatorrak direla iritzita, Parisen egon zeneko pasadizo bat kontatzen dio, non Baiona ondoko herri batekoa zen prostituta batekin oheratu zen, Marie izenekoa, bere bizitza kontatu ziona, nola gurasoen etxetik alde egin zuen eta Parisen lana aurkitu ezinik prostituzioan sartu zen. Gregoryk Marierengana joan zen behin eta berriz, harekin maitemindu eta berarenganako amodioa ere aitortu zion baina neskak euskaldun batekin soilik ezkonduko zela esan zion. Ondoren, Josebak Gregoryrekin eztabaidatzen du kultura desberdineko bikoteen harremanei buruz, Marierekikoa nola bukatu zen kontatzen du: egun batean putetxera joan haren bila eta atezainak bertan ez zegoela esan zion, alde egina zela etxe hartatik; beste neskak ere aukeran dituela adierazi arren, Gregoryk alde egiten du. Joseba nekaturik dago eta biharamunean lanera joateko lo egin duela esanda, Gregoryk alde egiten du, baina aurretik dolar batzuk eskatuta. Leihotik begira, Josebak anbulantziak eta polizia autoak ikusten ditu pasatzen, auzoan gertatutakoak irudikatuz.

Angie ere Harlem-en bizi da. Goiz batean lanera joateko txirrinak esnatu eta Margaret pisukidearekin batera gosaldu ondoren, kalera abiatzen da eta 110. kaleko geltokian metroa hartzen du Manhattanera joateko. Han egiten du lana publizitate-bulego batean. Atsegin du bere lana.

Aldi berean, Joseba bere lanpostuan dago, hau ere Manhattanen, bezeroentzako gosariak azkar prestatzen. Urtebete darama lanpostu horretan. Catherine ugazaba berarengana joan eta Estatu Batuetan legalki ote dagoen galdetzen dio, ziur baitago paperik gabe ari dela lanean. Josebak ez du egoera ongi ulertzen, emakumea berarekin ligatu nahian ibili izan baita. Poliziari deituko diola eta berriz ere Espainiara bidaliko dutela mehatxu eginez, bi pakete garraiatzeko lana agintzen dio azkenik, dirutzaren trukean. Josebak susmo txarra hartzen dio lanari, baina espainiar poliziaren torturen beldurrez onartu egiten du. Biharamunera bere etxera joateko adierazten dio ugazabak.

Angieren ugazabak irrati kate bati buruzko publizitate kanpainaren ardura ematen dio. Metro geltokietan jarriko den kartela ere diseinatu behar du. Lan hori guztia egun gutxitan egin behar du. Berarekin ligatu nahian dabilen Tom lankide biziari deitu eta honek lortzen du azkenean Angierekin egin behar duen bilera kanpoan afari moduan egitea.

Lana bukatu eta Joseba Gregory egoten den Harlemeko tabernara sartzen da. Harekin topatu eta ugazabak proposatutako kontatzen dio. Gregoryk kokaina garraioa egin behar duela uste du. Josebak aterabiderik gabe ikusten du bere burua, Espainiara deportatua izatea eta negozio zikinetan sartzea baititu aukeran. Mozkortuta biak, hotelera heltzen dira azkenik.

Tom eta Angie Broadwayko jatetxe batera doazen bitartean, Joseba ugazabaren etxera doa, paketea jasotzera. Nahi gabe etorri da eta lana egiteagatik jasotzen duen dirua eskuratu bezain laster alde egingo duela esaten dio bere buruari. Catherinen etxera sartu eta emakumea Joseba seduzitzen saiatzen da baina Josebak muzin egiten dio.

Jatetxean, karteletan marraztutako irrati esatariak jartzea proposatzen du Angiek, metroan ibiltzen den jendeak edozer gauza idazteko hutsune batekin batera, irrati kateak jendearen iritzien berri izan dezan. Tomek jendeak zentzugabekeriak jarriko dituela esaten du; ondoren, hiriko bakardadeari buruz hitz egiten dute biek.

Aldi berean, bere sexu-grina asetzeko ezezkoan, Catherinek emigrazio zerbitzura deitzeko mehatxua egiten dio Josebari. Horren aurrean, Josebak emakumearen eskakizuna onartu eta bere gorputza ferekatzen du orduetan zehar, bera ere berotu arte. Orduan, paketeak eramateko xehetasunak eskatzen dizkio Catherineri. Atlantic Cityko kasino batera joan behar du eta han pertsona batek emango dion paketea ekarri behar dio; hurrengo batean, bigarren pakete bat ekarri beharko dio. Lanak egindakoan Catherinek berak ordainduko dio. Noiz egin behar duen abisatuko dio aurrez. Etxera itzultzean, Gregoryrekin topatu eta gertatutakoa kontatzeko tabernara doaz.

Bitartean, Catherinek Walter izeneko bati deitu eta garraiolaria badutela adierazten dio, konfiantzazkoa dela eta harrapatuta dutela bi edo garraio gehiago egiteko.

Biharamunean Catherine kafetegira azaltzen da, Josebari hitzik esan gabe. Auzoko tabernan, Gregoryrekin elkartu eta honek Anthony zaharra aurkezten dio. Gaztetasunari eta zahardadeari buruzko gogoetak egiten dituzte. Goiko solairutik, Nikos grekoaren zalaparta eta oihuak entzuten dira, eta azkenean, Josebari bezala, poliziari deitzeko mehatxua egiten diote goitik bertatik.

Angie, Tom eta Mr. James ugazabak bilduta daude publizitate kanpaina antolatzeko. Kartelen zirriborroak erabaki eta Angiek plangintza aurkezten du, non jarriko diren kartelak, nola eta noiz jasoko diren mezuak eta horien txostena noiz emango den irratiz.

Catherinek Atlantic Cityra joateko eguna iritsi dela adierazten dio Josebari. Josebak amildegiaren ertzean ikusten du bere burua. Ordu zehatz batean azalduko ez balitz, poliziari deitzeko eskatzen dio Gregoryri, hari bere dokumentazioa ematearekin batera. Autobusa hartu eta txikitan Iruñera autobusez joaten zeneko oroitzapenak datozkio, Ezkurrako baserriko eta Iruñeko eskolako eszenekin batera. Kasinora heldu eta Walter izenekoaren bila doa, black jack jokoko mahai baten inguruan. Catherinek emandako kontrazeinua bi aldiz esan, baina inork ez dio kasurik egiten. Azkenean, mahaiko karta-emailea bere atzetik joan eta Walter bera dela eta berarekin joateko esaten dio. Aparkalekuan paketea entregatu eta non, noiz eta nori entregatu behar duen adierazten dizkio, paketean zer dagoen argi esan gabe. Autobusa hartzen du, galtzeko zorian egon den arren eta paketea beti eskutan; aldameneko andre zaharra hasten zaio hizketan, lo hatu gabe. Joseba, ordea, erne eta urduri dago, goizaldean autobusa New Yorkera heldu arte. Etxegabeak han eta hemen, hotelera heldu eta Gregoryrekin hitzerdi bat egin ondoren, paketea azpian duela lo hartzen du.

Angie eta Tom metro geltokietan jarritako kartelak ikustean jendeak nolako erreakzioa duen ikusteko geratu dira goizean goizetik. Bitartean, Gregoryk Joseba esnatu eta Bronxera joateko metro geltokiraino laguntzen du; han entregatu behar du paketea. Hoteleko sarreran lurrean etzanda egoten den emakumearen istorio tristea kontatzen dio. Metroan ere giro eta ilun eta tristean murgilduta egiten du bidaia. Bronx auzo txirora heldu Walterrek paketea entregatu behar zueneko elikagai denda aurkitzen du. Paketea entregatuta alai sentitzen bada ere, berehala tristurak eta etsipenak hartzen dute berriz.

Laneko etenaldi batean, Angie eta Tom jendearen erreakzioaz mintzo dira. Mezu bat bakarra idatzi dute, txantxa kutsukoa eta irratiarekin zerikusirik ez duena gainera.

Itzulerako bidaian, Joseba neska bati begira geratzen da eta hura ezagutzeko gogoa pizten zaio, baina zaila egiten zaio hurreratzea harremanak eragozten dituen hiri horretan, Euskal Herrian ere jendea ezagutzea zaila dela aitortzen badu ere. Metrotik jaitsi eta Angieren kartel batean Jean Genet idazlearen aipu baten hasiera idazten du, bakardadeari buruzkoa.

Ahituta, Angie etxerantz doa metroz. 110. kaleko geltokian jaitsi eta Josebak idatziriko aipua irakurtzen du berak diseinaturiko kartel batean. Aspaldiko maitale batek oihukatzen zion aipu berdina da eta hark idatzirikoa dela pentsatzen du, idazkera desberdina badu ere; gero Tomek idatzi ote duen pentsatzen hasten da, jatetxeko afarian aipu horrena kontatu ziolako; hari deitu eta Tomek bera ez dela izan esaten dio. Bitartean, Catherine Walterrekin eta elikagai dendako Joerekin hitz egiten du telefonoz, Josebak lana ongi egin duela ziurtatzeko.

Biharamunean Angie aipua berriz ere ikusi eta Kelly maitale ohiaren idaztankera hartzen dio. Aipuaren jarraipena idaztea bururatzen zaio baina ez da gogoratzen eta bere literatura irakasle-ohiari deitzen dio galdetzeko. Irakasleak zein liburutan aurkituko duen adierazten dio. Tomekin elkarrizketan, Kelyyrena bukatu baina berriz ere ikusi nahi duela aitortzen dio. Bitartean, Josebak, muturtuta, hitzartutako dirua eskatzen dio Catherineri baina honek hurrengo garraioan emango dizkiola esaten dio.

Angie liburutegian liburuaren aipu osoa aurkitzen du. 110. kaleko geltokira joan eta jarraipenaren zati bat idazten du, egun hartako datarekin batera. Biharamunean eta hurrengo egunetan ere ez du inongo berririk ikusten kartelean eta Kelly berriz ere topatzeko itxaropena galtzen du.

Catherineren etxerako bidea, metroa hartu eta kartela ikusten du Angiek idatzitako aipuaren jarraipenarekin. Aipuaren jarraipena idatzi eta Catherineren etxera doa. Honek arropa arina jantzita egiten dio harrera eta besarkatu egiten du, baina Josebak muzin egiten dio. Eztabaida gogorrean hasten dira biak, Josebak frustrazioa aurpegiratuz Catherineri eta honek azkenik Josebak mespretxatuz. Josebak dirua hartu eta hurrengo garraiorako xehetasunak jasotzen ditu Catherinerengandik.

Metroarekin amesgaiztoa izan ondoren, Angie lanera doa. Kartelaren aurretik pasatzen da etsirik eta Josebaren jarraipena ikusten du. Pozik, aipuaren jarraipena eta hurrengo egun baterako kafetegi baterako hitzordua idazten du, bere izenarekin batera. Lanean, Tomi mezuarena kontatu eta barruan zerbait ernatu zaiola aitortzen du, hau beti bezala txantxetan dabilkion bitartean. Josebak ustekabez eta ilusioz irakurtzen du Angiek kartelean hitzordua. Hitzordua baino lehenago, kafetegira sartzen da, neskarekin egoteko oso denbora gutxi izango duela kezkarekin, hitzordua eta berehala bigarren garraioa egin behar baitu.

Angiek lanetik atera eta kafetegira autobusez joatea erabakitzen du. Geltokian minituak pasa eta autobusik ez da ageri. Kafetegian bere ustez topatu behar duen Kellyrekin gogoratuz, urdurituta, taxi bat hartzea lortzen du. Kafetegian, bitartean, Joseba Angie ez den neska batengana jotzen du. Angieren taxia, bere aldetik, oso mantso dabil. Azkenean, Angie heldu, taxitik jaitsi eta kafetegirantz doa. Aldi berean, paketearen garraioa egin behar duela eta, Josebak kafetegitik alde egin Angiek utzi berri duen taxia hartzen du. Ez dute elkar topatu. Angie zai geratzen da kafetegian; denbora pasa eta etsiak hartuta alde egiten du.

Joseba, aurrekoan bezala, Atlatin Cityko kasinora joan eta Walterrek paketea ematen dio, arazorik gabe. Azken paketea izango dela erabakitzen du. Bueltan, New Yorken, paketea soinean, bere hotelaren ondoan polizia ikusten du. Polizia batek karneta eskatzen dio eta Josebak gabe ibiltzen dela esaten dioi, baina hoteleko gelako giltza erakusten dio. Gelara igo eta Gregoryrekin topatzen dira. Poliziaren adiskidea da. Gregoryri esker, poliziak bakean uzten du Joseba. Hoteleko Nikos grekoaren bila etorri dira, hotelean zalapartaka dabilena; azkenean, eraman egiten dute. Goizean, elikagai dendako Joeri paketea eman eta lasaia hartzen du Josebak, lan zikinak amaitu baitira beretzat. Etxera itzultzean, 110. kaleko geltokian, hitzordu bat idazten du Angieren kartelean, berarekin topatzeko. Tom Angieri deitu eta honek Kelly ez dela azaldu kontatzen dio. Tomek ateratzeko proposatzen dio baina Angie triste dago eta bakarrik egon nahi du. Kalera ateratzen da buelta bat emateko eta hasieran nahi ez badu ere, kartelera hurbildu eta Josebaren iganderako hitzordua ikusten du, Joseba izenarekin sinatuta, ustekabez eta pozik.

Joseba igandean jaiki, gosaldu, egunkaria irakurri eta igande beste zereginak egiten ditu. Arratsaldean poliki abiatzen da kafetegira. Angie, aurrekoan ez bezala, ordua baino lehenago iritsi eta Joseba ezezagunaren zain geratzen da. Joseba sartu eta topatu egiten dira. Elkarrekin eseri eta bere buruak aurkezten dituzte. Josebak Geneten aipua bakarrik sentitzen zelako idatzi zuela kontatzen du; Angiek bera Kelly zela uste zuela. Bien artean begikotasuna sortzen da. Elkarrekin afaldu eta Josebak etxera laguntzen du ondoren. Aipua eraldatuz, orain berarekin bakarrik ez dagoela esaten dio hunkigarriro. Antzerkira elkarrekin joateko geratzen dira. Gelara itzulita, Gregoryri Angie neska zoragarria dela esaten dio.

Goizean, jatetxean, Catherinek garraio gehiago egiteko esaten dio. Josebak ukatu egiten du. Catherinek mehatxatu egiten du eta dirua jasotzeko bere etxera joateko hitzordua ematen dio. Angiek, berriz, Josebarena kontatzen dio Tomi. Lanean gogoz dabil eta publizitate kanpainako txostenak bukatzen dituzte. Buruak zorionak eman eta beste lan baterako ardura eskaintzen dio.

Antzerkian Josebak Angieren eskua hartzen du; laster elkar ferekatzen hasten dira.

Catherinek droga banatze lanetan dabilen Joeri deitu eta Josebari zelata egiteko agindua ematen dio. Bitartean, Josebak Catherineren etxera berarekin joateko eskatzen dio Gregoryri, emakumeak larrua jotzera derrigortu ez dezan. Elkarrekin azaltzen dira haren etxera eta Catherinek dirua ematen dio. Josebak azken lana izan dela berresten dio eta beretzat sukaldari moduan ere ez dela arituko. Etxerako bidean, Joe dute atzetik.

Joseba pozik eta bizimodu berri bat hasteko ilusioarekin jaikitzen da goizean. Angieri deitzen dio biharamunean elkarrekin geratzeko. Euskal Etxera lan bila joateko planak egiten ditu eta Euskal Herrira itzultzeko desioa pizten zaio. Biharamunean, bere burua apaindu eta kalera jaisten da Angierekin topatzeko. Joe du atzetik. Metroan, ordea, Joe bere aurka oldartu eta labainkatu egiten du. Larri zauriturik, ospitalera eramaten dute baina han hiltzen da. Bitartean, Angie lanetik ateratzen da Josebarekin elkartzeko ilusioarekin. Joseba ez da kafetegira heltzen, ordea . Angiek, etsirik eta haserre, alde egiten du.

Josebaren gauzen artean hoteleko giltza aurkitu eta hara abiatzen da polizia. Han Gregoryri gertatutakoa kontatzen dio. Gregoryk Joebaren agendatik Angieiri deitu eta Joseba hilik dagoela esaten dio.

Idazleak lehenengo pertsonak gaineratutako atala da. Bertan, 2003 urtean New Yorkera egindako bisita batean Joseba Telleriaren hilobiaren bila hilerri batera nola joan zen kontatzen du, baina ez zuen aurkitu. Joseba bezala, euskal iheslariak ditu gogoan idazleak.

  • Joseba Telleria, Ezkurrako euskal gaztea da, espainiar poliziaren jazarrita New Yorkera ihes egiten duena. Hiru urtez geroztik bizi da han. Paperik gabe dago eta bizimodu gogorra du; hotel merke bateko gela batean bizi da. Sukaldari moduan lan egiten du kafetegi batean. Ugazabaren xantaiaz, droga trafiko sare batentzako bi droga pakete garraiatuko ditu.
  • Gregory, Josebaren laguna, ondoko gelan bizi den gerra-beteranoa, garai hartako pasadizoak kontatu ohi dituena eta Josebarekin garagardoak hartzea gustuko duena. Josebak bere penak eta pozak kontatzen dizkio. Lagundu ere egingo dio batzuetan.
  • Angie O'Connor, estatubatuar neska gaztea, publizitate agentzia batentzat lan egiten duena. Kartel bat diseinatzeko lana ardura emango diote. Kartelean trukatzen duen mezu andanari esker ezagutuko du Joseba.
  • Tom, Angieren lankidea, beti Angierekin txantxetan ibiltzen dena.
  • Margaret, Angieren pisukide adeitsu eta lagunkoia da.
  • Catherine Sand, Josebaren ugazaba, droga-sarean sartuko duena behartuta, poliziari deitu eta kanporatuko dutela mehatxu eginez. Emakume heldu eta erakargarria da. Joseba sexualki limurtzen ere saiatzen da.
  • Walter, droga sareko kidea, Josebari paketeak ematen dizkio kasinoan.
  • Joe, droga sareko kidea, Josebari berari ematen dizkio paketeak. Josebaren hiltzailea izango da.
  • Mr. James, Angie eta Tomen burua da.
  • Nikos, Joseba eta Gregoryren hoteleko goiko bizilagun grekoa. Beti zalaparta sortzen, azkenean poliziak eraman egingo du.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]