2023ko Gabongo estatu-kolpea

Wikipedia, Entziklopedia askea
2023ko Gabongo estatu-kolpea
Erlazionatutako irudia
Irudia
Motakolpe militar
Data2023ko abuztuaren 30a
2019
KokalekuGabon
HerrialdeaGabon
Parte-hartzaileak

2023ko Gabongo estatu-kolpea indar armatuek mendebaldeko Afrikako herrialde horretan egindako estatu-kolpea izan zen. Zalantzan jarritako hauteskunde-emaitzen eta tentsio politikoaren testuinguruan, herrialdeak kolpe militar bat jaso zuen, Ali Bongo Ondimba presidente hautetsia agintetik kendu zuena. Azken hauteskundeetan, abuztuaren 26an, putsch-a baino minutu batzuk lehenago, Bongok bere garaipena iragarri zuen.[1]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960an Frantziatik independizatu zenetik, Gabon Bongo familiak gobernatu du nagusiki,[2] 1967an Omar Bongo presidentearekin hasi eta 2009an bere heriotzaren ondoren Ali Bongo Ondimba semearekin. Ali Bongo berriro aukeratu zuten 2016ko hauteskunde eztabaidatsu batean, 2019an porrot egin zuen estatu-kolpe saiakera bat bultzatu zuena.[3] Bongo familiaren agintepean, herrialdea ustelkeria eta nepotismo salaketek asaldatu egin zuten,[4] eta hainbat hauteskunde iruzurra edo irregulartasunak izan ziren.[5]

2023ko abuztuaren 26ko hauteskundeak une erabakigarriak izan ziren Gabongopolitikan. Jarduneko presidentea, Ali Bongo Ondimba, berriz hautatu nahi zuena, irabazle izendatu zuten abuztuaren 29an egindako iragarpen ofizialaren arabera.[6] Hala eta guztiz ere, berehala agertu ziren hauteskunde-iruzurra eta irregulartasunak oposizioko alderdien eta begirale independenteen aldetik, eta zalantza handia sortu zen hauteskundeetako emaitzen zilegitasunari buruz.[7] Albert Ondo Ossak, hauteskundeetan bigarren geratu zenak, hauteskundeetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen.[8]

Estatu-kolpea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Gaur, 2023ko abuztuaren 30ean, defentsa eta segurtasun indarrek, Trantsiziorako eta Erakundeak Berrezartzeko Batzordean bilduta, Gabongo herriaren izenean eta erakundeak babesteko bermean, erabaki dugu bakea defendatzea eta indarrean dagoen erregimena bukatutzat ematea »

. Horrela iragarri zuen estatu kolpea Gabongo militar talde batek, orain arte presidente izandako Ali Bongo hirugarren aldiz gobernuburu izendatua izan eta minutu gutxira. Eta militarren talde horrek Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izendatu zuen herrialdeko lider. Gabon24 telebista katearen bidez Ulrich Manfoumbi koronelak jakinarazi duenez, Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeko presidentea izango zen Oligui Nguema —agintea hartu zuen juntari izen hori jarri diote—.[9]

Hamabi militarrek eman zuten estatu kolpearen berri, gaueko ordu txikietan, Gabon24 telebista katean. Orduan iragarri zituzten lehen neurriak: Gabongo Gobernua, Senatua, Asanblea Nazionala, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa desegitea, hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak baliogabetzea, eta, «behin-behinean», Gabongo muga guztiak ixtea. Are, talde militarreko liderrek jakinarazi dute etxean atxilo dituztela Bongo eta haren semeetako bat, «traizioagatik». Beste zazpi pertsona ere atxilotu dituzte, «traizioa, funts publikoak desbideratzea, nazioarteko finantza axolagabekeriaz erabiltzea eta ustelkeria» egotzita, besteak beste.[9]

Halere, herritarrei «lasai» egoteko eskatu diete militarrek, eta berretsi dute bete egingo dituztela nazioarteko komunitatearekin dituzten konpromiso guztiak.

« Gabongo herria, hau da zoriontasunerako hegaldiaren azken geltokia. Jainkoak eta gure arbasoek bedeinkatu dezatela Gabon. Ohorea eta leialtasuna aberriari, eskerrik asko denei »

. Herrialdeko zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, tiro hotsak entzun ziren Librevillen, militarrek estatu kolpea eman eta gutxira. Edonola ere, ez zen protestarik edo liskarrik izan, ezta zauriturik ere. Are, milaka lagun kalera irten dira Librevillen, eta elkartasuna adierazi diete boterea hartu duten militarrei.[9]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu kolpea eman eta ordu gutxira, juntako burua eta trantsiziorako presidentea hautatzeko bildu ziren junta militarreko kideak. Brice Oligui Nguemaren alde egin zuten guztiek, eta irailaren 4rako zen karguaren zina egitekoa, Gabongo Auzitegi Konstituzionalean.[10]

Orain arte, Guardia Errepublikanoko burua izan da Nguema, eta boteretik kendutako Bongo presidente ohiaren lehengusua da. «Pixkanaka trantsizioko erakunde guztiak» berrezarriko dituela eta «atzerriko eta herrialdeko konpromiso guztiak» errespetatuko dituela ziurtatu du junta militarreko liderrak. Halere, oposizioak ez du begi onez ikusi haren izendapena.[10]

Gabongo oposizioko Alternantzia 2023 alderdiak bi eskaera egin dizkio herenegun estatu kolpea eman zuen junta militarrari: bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko eta oposizioko lider Albert Ondo Ossak boz orokorrak irabazi zituela aitortzeko.[10]

Beste iritzi bat dute, ordea, orain arte kolpearen inguruan hitz egin duten nazioarteko erakundeek eta herrialdeek. Atzo bertan, Afrikako Batasunak erakundetik kanpo utzi zuen Gabon, behin-behinean, «ordena berrezarri arte».[10]

Kolpez geroztik, Bongo etxeko atxiloaldian dago, familiarekin batera. Militarrek ustelkeria eta «ardurarik gabeko eta ustekabeko gobernantza» leporatzen zizkioten, eta, horregatik, trantsizio garaian erakundeak «hobetu» nahi zituzten; besteak beste, «giza eskubideak, oinarrizko askatasunak, demokrazia eta zuzenbide estatua errespetatzeko». Hori bermatzeko neurrietako bat beste konstituzio bat idaztea litzateke, juntak egunotan azaldu zuenez.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Miembros del Ejército de Gabón anuncian la toma del poder tras la reelección de Ali Bongo como presidente» Europa Press 2023-08-30.
  2. (Ingelesez) «Gabon President Bongo detained in coup attempt after winning third term» Al Jazeera 2023-08-30.
  3. (Ingelesez) Obangome, Gerauds Wilfried; Ross, Aaron. (2019-01-12). Donovan, Kirsten ed. «Gabon's Bongo names new prime minister after thwarted coup attempt» Reuters.
  4. (Ingelesez) «The corrupt nepotist who ruled Gabon for 40 years» The Independent 2009-06-08.
  5. (Ingelesez) Yates, Douglas. (2019-06-15). «The Dynastic Republic of Gabon» Cahiers d'études africaines (234): 483–513.  doi:10.4000/etudesafricaines.25961. ISSN 0008-0055..
  6. (Frantsesez) «Au Gabon, Ali Bongo réélu président avec 64,27 % des voix» France 24 2023-08-30.
  7. (Gaztelaniaz) «La coalición opositora habla de tendencias de voto "muy favorables" y pide "un traspaso pacífico de poder" en Gabón» Europa Press 2023-08-29.
  8. (Ingelesez) «Gabon's Ali Bongo re-elected president in disputed election» France 24 2023-08-30.
  9. a b c Iztueta Olano, Maddi. (2023-08-30). «Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  10. a b c d Iztueta Olano, Maddi. (2023-09-01). «Gabongo oposizioak elkarrizketak hasteko deia egin dio junta militarrari» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  11. Perez Zala, Ander. (2023-09-02). «Gabongo juntak erreformak iragarri ditu, erakunde «demokratikoagoak» izateko» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]