ATA koadernoa
ATA koadernoa nazioarteko dokumentu bat da, zeinak aldi batez (urtebete baino gutxiagoz) inportazioak egiteko tasak eta zergak ordaintzeko betebeharra kentzen duen. ATA koadernoaren izena, jatorriz, ingeleseko eta frantseseko siglen konbinaziotik dator; hain zuzen ere, Admission Temporaire/Temporary Admission izenen konbinaziotik. Bestalde, askorentzat ezaguna da merkantzien pasaportea izenez; izan ere, esportazioan eta inportazioan asko erabiltzen den dokumentu honek esportazio eta inportazio dokumentu nazionalak ordezkatzen ditu. Gainera, koaderno honi esker, operadore logistiko batek aldi baterako inportazio bonuak erosi beharra saihesten du.
ATA koadernoa Aduanen Munduko Erakundeak (WCO) eta Nazioarteko Merkataritza Ganberak (ICC) kudeatzen dute, Munduko Ganberen Federazioaren bidez.[1][2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen azken hamarkadetan, Aduanako Lankidetza Kontseiluak eta Aduanetako Tarifei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorrak pentsatu zuten aldi baterako inportaziorako prozedurak sinplifikatzea eta aipatutako aldi baterako merkantzia inportazioak zergarik gabe uztea. Horren helburu nagusia salgaien zirkulazioa erraztea zen, herrialdeen arteko merkataritza-harremanak eta kultura-jarduerak bultzatzeko.[3] Hori dela eta, 1961eko abenduaren 6an, “Merkantziak aldi baterako onartzeko ATA aduana hitzarmena” sinatu egin zen. Lehen ATA hitzarmen horretan, bi merkantzia mota baino ez zituen uzten:
- Talde profesionalak.
- Erakusketetan, azoketan, biltzarretan… aurkezteko edo erabiltzeko salgaiak.
Geroago, 1990eko ekainaren 26an, Istanbulgo Hitzarmenaren bidez, Europako Erkidegoen Kontseiluak, 1993ko martxoaren 15ean, aldi baterako inportazioari buruzko hitzarmena onetsi zuen eta haren eranskinak onartu egin ziren. Eranskinetan aldi baterako inportazioaren merkantziak eta baldintzak zehazten dira, aduana-batasunaren berezko eskakizun batzuk kontuan hartzeko erreserbekin.[4]
Frantziarentzat berehala sartu zen indarrean Istanbulgo Hitzarmena. Frantzian, Parisko Merkataritza eta Industria Ganberak du ATA koadernoak jaulkitzeko eskumena; ganbera horrek berak jaulkitzen ditu, edota probintziako ganberen bidez. ATA koadernoaren bidez egindako eragiketak aduana eragiketak dira bete-betean, eta horrenbestez arau espezifikoetan zehaztutako dokumentuez lagundu behar dira (osasun kontrola, fitosanitarioa, gerrako materialarena, Washingtongo Hitzarmenarena, eta abar).[5]
Espainiak 1997ko ekainaren 18an berretsi zuen Istanbulgo Hitzarmena, eta hiru hilabete geroago (irailaren 18an) sartu zen indarrean Espainiarentzat.[6] Espainian ATA koadernoak merkataritza ganberek jaulkitzen dituzte.
ATA koadernoa onartzen duten estatu burujabeen zerrenda aldatuz doa, denborarekin.[5][7] Nazioarteko Merkataritza Ganberaren arabera, 2017an 185.000 ATA koaderno baino gehiago jaulki ziren, hau da, 26.000 milioi dolarreko ondasun inportazioa.
Azken garapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken urteotan, Nazioarteko Merkataritza Ganberak ATA koadernoa digitalizatzeko lana egiten ari da.[8][9] Modernizazioaren abantailen artean hauek daude; aduana eta mugetako izapideak sinplifikatzea, datuen transmisioan segurtasun handiagoa egotea, akats eta erreklamazio gutxiago egotea eta paper gutxiago erabiltzea. Koaderno digital batek lehen transakzioa 2019ko urriaren 20an prozesatu zen Zuricheko aireportuan, Suitzan hain zuzen ere [10].
Europako Erkidegoak onartutako eranskinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]A eranskina | aldi baterako inportazioko tituluei buruzkoa (ATA koadernoak, CPD koadernoak). |
B1 eranskina | erakusketa, feria, biltzar edo antzeko agerraldi batean aurkeztu edo erabiltzeko diren salgaiei buruzkoa. |
B2 eranskina | material profesionalari buruzkoa. |
B3 eranskina | merkataritza-eragiketa baten esparruan inportatutako edukiontzi, paleta, bilgarri, lagin eta bestelako salgaiei buruzkoa. |
B4 eranskina | ekoizpen-eragiketa baten esparruan inportatutako merkantziei buruzkoa. |
B5 eranskina | helburu hezitzaile, zientifiko edo kulturalarekin inportatutako salgaiei buruzkoa. |
B6 eranskina | kirol-xedearekin inportatutako bidaiarien eta merkantzien efektu pertsonalei buruzkoa. |
B7 eranskina | turismo propagandarako materialari buruzkoa. |
B8 eranskina | mugako trafikoan inportatutako salgaiei buruzkoa. |
B9 eranskina | helburu humanitarioekin inportatutako salgaiei buruzkoa. |
C eranskina | garraiobideei buruzkoa. |
D eranskina | animaliei buruzkoa. |
E eranskina | inportatutako salgaiei buruzkoa, inportazioko eskubide eta zergak hein batean etenda. |
Kide diren herrialdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960ko hamarkadaren hasieran, ATA sistema Boli Kostan, Frantzian, Jugoslavian, Suitzan eta Txekoslovakian erabili zen, eta 1982an berriz, 36 herrialdetan. 2018ko urtarriletik aurrera, ATA Koadernoaren sistemak honako 77 herrialde hauetan balio du[8]: Albania, Alemania, Aljeria, Andorra, Australia, Austria, Bahrain, Belgika, Bielorrusia, Bosnia eta Herzegovina, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txile, Txina, Txipre, Hego Korea, Boli Kosta, Kroazia, Danimarka, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estatu Batuak, Estonia, Finlandia, Frantzia, Gibraltar (Erresuma Batua), Grezia, Hong Kong, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Mauricio, Islandia, Israel, Italia, Japonia, Kazakhstan, Letonia, Libano, Lituania, Luxenburgo, Macao, Mazedonia, Madagascar, Malaysia, Malta, Maroko, Mexiko, Moldavia, Mongolia, Montenegro, Norvegia, Berria Zeelanda Herbehereak, Pakistan, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Errusia, Senegal, Serbia, Singapur, Sri Lanka, Hegoafrika, Suedia, Suitza, Thailandia, Tunisia, Turkia eta Ukraina.
Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ez da soilik erakunde bermatzailea aldatzen; aldatu egiten dira eskatzen den bermea (salgaiaren balioaren %25, %50, %75 edo %100) eta aldi baterako inportazioa balia dezaketen artikulu motak. Horregatik, gomendagarria da herrialde bakoitzeko fitxa kontsultatzea.
Europar Batasunaren barruan, estatu kide batetik beste herrialde kide batera ez da beharrezkoa ATA koaderno bat erabiltzea, Europar Batasuneko aduana-lurraldea lurralde bakarra baita[7], merkantziak Kanarietara, Ceutara edo Melillara bidaiatzen duenean izan ezik.
Logistikako operadore batentzako abantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira abantailarik garrantzitsuenak;
- Koadernoa lortzeko erraztasuna eta azkartasuna.
- Kostua nahiko txikia da. Gutxitan gainditzen ditu 200 euroak, eta normalean 130€ eta 200€ artean egoten da.
- Hainbat herrialdetatik salgaiak bidaltzeko aukera.
- Aduanetako izapideak arintzea edo sinplifikatzea. Hau da, mugetan edo portuetan salgaiak bidaltzeko eragiketen motak minimizatzen ditu.
- Baimendutako edozein pertsonak edo espezialistak ordezkatzeko malgutasuna du.
- Bermerik eta gordailurik gabe bisitatutako herrialdeetako aduana gehienetan.
- Mundu osoko merkataritza-harremanak errazten ditu.
Gehien erabiltzen dutenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]ATA koaderno baten babespean bidaiatu dezaketen merkantzien sorta zabalari esker, hainbat sektorek asko erabiltzen duten dokumentua bihurtu da, hauek izanik gehien erabiltzen duten sektoreak;
- Kirola. Kasu honetan, lehiaketarekin, ibilgailuekin edo belarekin lotutako materialetarako, eta baita kirol-ekitaldi handietan ere. (MotoGP, Olinpiadak…)
- Kultura-ekitaldiak. Erakusketetako materialak, koadroak, antzezlanak edo artelanak, kontzertuak…
- Jarduera profesionalak. Mota askotako makineriaren transferentzia, bai industria makineria eta bai ekipo informatikoak adibidez. (telebista-emanaldiak eta azken berrien estaldura, neurketa topograkikoko lanak…)
- Azokak eta Kongresuak. Produktuak trukatzen dituzten mota honetako ekitaldietarako erakustaldi komertzialetarako materialak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ [1], World Customs Organitation www.wcoomd.org.
- ↑ [2], ATA carnet at work - ICC - International Chamber of Commerce ICC - International Chamber of Commerce.
- ↑ [3], Convenio Aduanero sobre Cuadernos ATA, para la Admisión Temporal de Mercancías
- ↑ (Frantsesez) «Convention relative à l'admission temporaire (Convention d'Istambul)» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2020-05-21).
- ↑ a b (Frantsesez) «Carnet ATA (Admission Temporaire/Temporary Admission)» Portail de la Direction Générale des Douanes et Droits Indirects (Noiz kontsultatua: 2020-05-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) [4], Instrumento de Ratificación por parte de España del Convenio relativo a la Importación Temporal, hecho en Estambul el 26 de junio de 1990. «El presente Convenio entró en vigor de forma general el 27 de noviembre de 1993 y para España, el 18 de septiembre de 1997, de conformidad con lo establecido en el artículo 26 del mismo.»
- ↑ (Ingelesez) «ATA Carnet Countries» USCIB 2015-03-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-21).
- ↑ [5], ATA Carnet advances towards digitisation - ICC - International Chamber of Commerce ICC - International Chamber of Commerce
- ↑ [6], ATA Carnet steps into the digital age with new pilot project - ICC - International Chamber of Commerce ICC - International Chamber of Commerce
- ↑ [7], ATA carnet in your country - ICC - International Chamber of Commerce ICC - International Chamber of Commerce
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) ATA Carnet International Chamber of Commerce.
- (Frantsesez) portail des Chambres de commerce et d'industrie (CCI.fr), France.
- (Gaztelaniaz) Cámara de Comercio de España.