Ahatetxo itsusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ahatetxo itsusia
Vilhelm Pedersen-en irudia: Hans Christian Andersen-en lehen marrazkilaria
Argitalpena
Lehen agerpena1843ko azaroaren 11
SortzaileaHans Christian Andersen
MarrazkilariaVilhelm Pedersen
Datu biografikoak
HerrialdeaDanimarka
Jatorrizko izenburua: Den grimme ælling

Ahatetxo itsusia edo Ahatekume itsusia (jatorrizko izenburua danieraz: Den grimme ælling) Hans Christian Andersen idazle danimarkarrak idatzitako ipuin klasikoa da[1]. Ipuin klasiko hau lehen aldiz 1843ko azaroaren 11n argitaratu zen.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basetxe bateko ahateen kabira beltxarga arrautz bat erori zen. Arrautz horretatik oso ahate itsusia jaio zen.. Baserrian bizi ziren animaliek barre egiten zioten. Bere anai-arrebek ere gaizki tratatzen zuten eta amak ez zuen ahatetxoa maite. Familiako ardi beltza zen.

Ahatetxoak hau ikusirik, baserritik ihes egin zuen baina basoko animaliek ere ez zuten berarekin egon nahi. Orduan, ehizaldi batean parte hartu zuen eta aste batzuk atso baten etxean igaro zituen baina faltan botatzen zuen igeri egitea eta uretan jolastea. Beraz, alde egin zuen. Udazkeneko arratsalde batean, hegazti talde handi eta eder bat lurretik altxa eta hegan hasi zela ikusi zuen. Beltxargak ziren baina ahatetxoak ez zekien. Negua heldu zenean ahatetxoa izozturik hiltzeko arriskuan egon zen. Nekazari batek hartu eta etxera eraman zuen baina handik ere alde egin behar izan zuen.

Udaberriaren etorrerarekin batera berriz hiru beltxarga eder ikusi zituen. Ahatetxo itsusia haiengana gerturatu zen, hauek ere min egingo zioten beldur baina hauek haren inguruan igerian hasi eta mokoez laztandu zuten. Harrituta zegoen, baina halako batean, uretan bere islada ikusi eta bera ere beltxarga ederra zela konturatu zen. Hainbeste sufritu eta gero, azkenean pozik zegoen. Bere ama, anai-arrebak eta baserriko gainontzeko animaliak zur eta lur geratu ziren ahatetxoa ikusi zutenean. Ahatetxo itsusia zena, orain animalia eder eta liraina zen, beltxarga.

Irakaspena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezberdin izateak ez du inor lotsatu edo larritu behar. Ipuinari errreparatuz, ahateen kabian jaio arren arrautza beltxargarena baldin bada, ezin ahate izan. Ipuin honek haurrei irakatsi nahi diena da ez dutela beren desberdintasunengatik lotsa sentitu behar. Ezberdin izatea akats bat bezala hartu beharrean, etorkizunean onurak ekar ditzakeela adierazi nahi du.

Disney-ren bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Walt Disney zinemagile amerikarrak, Hans Christian Andersen idazleak idatzitako ipuin klasikoaren garrantzia eta eragina ikusita, 1939. urtean marrazki bizidunen bertsioa egitea pentsatu zuen. Bertsio honek izugarrizko arrakasta lortu zuen, 1940. urteko marrazki bizidunen laburmetrai hoberenaren Oscar saria irabazi zuelarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Andersen, Hans Christian. (2005). Ahatetxo itsusia. Desclée de Brouwer.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]