Aiurdingo tunelaren gertaera

Aiurdingo tunelaren gertaera 1984. urtearen inguruan Arabako Aiurdingo mendatean, Gasteiztik hamalau kilometrora, gertatutako agerpen misteriotsu baten inguruko gorabehera da. Antza denez, tunel haren barruan arazo bat izan zuen automobil bat laguntzera zihoan Ertzaintzaren patruila batek itzal harrigarri batekin topo egin zuen. Gertaerak hedabideetan zabalkunde handia izan zuen, batez ere testiguen artean EAEko poliziaren goi kargu bat zegoelako.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasuaren elementu harrigarriena testiguen izaera da, zeren eta antzeko gertaerak hiri- eta herri-kondairetan ezagunak baitira. Jose Miguel Ahedok, gaur egun erretreta hartuta dagoena eta 1984ean Ertzaintzaren patruilen burua zena, horrela azaldu zuen gertatutakoa: "negu betean, arazo baten deia jaso eta Aiurdingo tuneletara joan ginen. Tunelean sartzen gara eta irteeran gauza beltz bat ikusten dugu. Argiak jartzen ditugu eta lurreraino ailegatzen den kapa antzeko zerbait ikusten dugu. Ez dugu ezer fisikorik ikusten eta nahasiak gelditzen gara". Geroago esan zuen halaber "ahaztu ezinezko gertaera izan zen".[1] Ahedoren arabera, itzalak bi metroko luzera zuen, besoak irekita zeuzkan eta poliziek hamabost minutu inguruan ikusteko aukera izan zuten. Azkenik, polizia pistola eskuan, automobiletik atera zenean, itzala desagertu omen zen.
Istripua izan zuen bikoteak ere itzala ikusi zuen eta horregatik, hain zuzen, izan zuten arazoa, irudia ikusterakoan bolante kolpe bat eman behar izan zutelako autobidearen erdibitzailean sartzen.
Jose Miguel Ahedoren arabera, itzala bertan desagertu zen. Ondoren, ingurua behatu zuen baina dena normal omen zegoen: autobidearen hesia ondo zegoen eta tokiak ez zuen ezkutatzeko aukera handirik eskaintzen. Tunela, bestetik, laburra da.
Iker Jiménezen saioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iker Jiménez telebistako kazetariak, hogeita hamar urte geroago, Cuatro telebistako kateko Cuarto Milenio saioan kasua azaldu zuen eta, horren ondorioz, Euskal Herriko prentsan zabalkunde handia izan zuen. Dena dela, gertaeren lehenengo informazioak Enrike Etxazaharra parapsikologia ikerlariak zabaldu zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz):El Correon argitaratutako erreportaia.
- (Gaztelaniaz):Cuarto Milenio telebista saioak prestatutako elkarrizketa eta gertaeren berreraiketa.