Akzioen gaineko opzio (ordainsaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Akzioen gaineko opzioak (ingelesez: stock options) maiz erabiltzen dituzte, burtsa ongi joan denean, Amerikako Estatu Batuetako nahiz Europako enpresek —Espainiakoek nahiz Frantziakoek barne— beren exekutiboei ordainsariak pagatzeko. Enpresako zuzendaritzakoak sustatzeko formula da, enpresarentzat ahalik eta emaitzarik hoberenak lor ditzaten, bai eta Burtsako balioaren kotizazioa gehitzeko ere. Eta, bide batez, zuzendaritzakoak konpainiarentzat leialagoak izatea lortzeko. Zuzendaritzakoei konpainiako akzioak erosteko aukera ematen die, epe jakin batean hiruzpalau urtetik aurrera, esate baterako, baina oraingo prezioetan. Konpainia horrek zenbat eta balio handiagoa lortu Burtsan, zuzendaritzakoek orduan eta ordainsari handiagoak bereganatuko dituzte, plusbalioak gehitu egingo baitira. Konparazio batera, sozietate batek enpresako 100 akzio eskaintzen dizkio zuzendaritzako bati, bakoitzaren prezioa 10 eurokoa denean. Hiru urteren buruan, akzioen balioa 15 eurora igo da, eta, orduan, zuzendaritzakoak 1.000 euroan eros ditzake, merkatuko balio erreala 1.500 eurokoa bada ere. Beraz, akzioaren balioa asko igotzen bada, opzio horien onuradunek diru asko irabaziko dute; igotzen ez bada, berriz, ez dute ezer irabaziko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]