Amona basoan galdu zenekoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amona basoan galdu zenekoa
Datuak
IdazleaArantxa Iturbe
Argitaratze-data2005
Generoanarrazioa
ArgitaletxeaElkar
HerrialdeaEuskal Herria
IlustratzaileaElena Odriozola
BildumaKuku saila
Orrialdeak40
ISBN84-9783-315-5
Datu gehigarriak

Amona basoan galdu zenekoa Arantxa Iturbe idazleak 2005ean idatzitako narrazio liburu bat da, non ipuin nagusi bat azaltzen den barnean beste hiru ipuin dituela.

Liburuaren argumentua[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuin horiek Txanogorritxo ipuinaren bertsio ezberdinak dira. Amona basoan galdu zenekoa izenburupean ezagutzera eman den liburuan bi dira protagonista nagusiak: amona Eleni eta bere biloba Maddi. Ipuin nagusia bilobaren ikuspuntutik, ume baten ikuspuntutik kontatzen da, eta ipuin horren barnean datoz txertaturik amona Elenak kontatzen dituenak, alegia, Txanogorritxoren bertsio diferenteak zeinetan lehendabizikoan, amona ipuinaren barneko pertsonaia bihurtzen den.

« Maddiri amona Eleniren ipuinak gustatzen zaizkio eta txikitatik bere magalean jesarrita entzun izan ditu; baina egun batean amonari Txanogorritxu ipuinaren amaiera ahaztu egiten zaio eta Maddi beldurtu egiten da. Handik gutxira, amona zaharren egoitza batera eramaten dute.[2] »

Zortzi urtetik aurrerako haur zein gaztetxoentzat zuzendutako liburu honetan, amona eta biloben arteko afektuzko harremana begi bistan geratzen da hasieratik. Bilobek amonarekiko duten admirazioak, "inork ez ditu kontatzen ipuinak amona Elenik bezain ondo. Oraindik onena da horretan", ematen dio hasiera ipuinari. Amonak ipuinak kontatzeko unean sortzen den giro goxoa da oinarria ipuin honetan.

Amona memoria kulturalaren gordailua eta transmisorea da, berak ipuinak kontatzean bilobei transmititzen die, ahoz, baina amaiera berezia emanez. Amaiera berriak emanez, ipuinen, ipuin klasikoen berrirakurketa eginez, nahigabean. Jatorrizko ipuin horietako genero rolak aldatzen ditu, gizonezkoak edota genero maskulinoa bigarren mailan utziz, kontatu ahala egiten dituen kritiken bidez, eta kontuan hartuta maskulinoak diren bi protagonista bakarrik azaltzen dituela amonak ipuinetan, otsoa eta Errauskineren printzea. Gainera, ipuin honetako pertsonaiak emakumezkoak dira: amona, Irati, Maddi eta hauen ama.

Baina ipuinaren ardatza Txanogorritxoren ipuina kontatzen duenean topatzen da. Izan ere, amona fantasiaren eta errealitatearen artean nahasten da, txanogorritxo delakoan etxetik irteten da amona zain duelakoan. Orduantxe egiten da kontziente irakurlea ipuinaren gaiaz, amonaren gaixotasunaz. [3]

Izenburuaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amona, Txanogorritxu moduan, basoan galduta dagoen pasarteak ematen dio izenburua obra honi. Egoera horretan emakumeak amaiera hurbil dagoela sumatzen du nonbait eta negar malkoak ezin eutsi agertzen da bilobaren aurrean. Pasartearen hunkigarritasunagatik eta gaiaren esentzia duelako jarri dio Iturbek izenburua.[2]

Gaia eta trataera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur eta Gazte Literaturan berria izan zen gaia erabili du Iturbek. Alzheimerra haurrentzako narrazioetan lantzen duen obra berrienetakoa da. Horretarako Txanogorritxo ipuinaren oihartzunak erabili ditu. Alzheimerraren gaia, gure gizartean tabua den gaia da, heriotzaren antzera. Baina liburu honen bidez tabuekin hautsi eta modu egoki batean islatzen ditu idazleak amonaren beldurrak eta Maddiren sentimendu nahasiak, amona ondoezik ikusi eta gaixotu ote den beldur baita istorio honetako protagonista gaztea. Modu honetan, gaia modu leun baten bidez tratatzen dela nabari da. Irakurlea protagonistaren azalean edota gertu kokatzera bultzatzen dute hitz zein ilustrazioek. Narrazio berria sortzeko, Txanogorritxo ipuina berridatzi ordez, haren oihartzunak erabiltzen ditu.[2]

Ilustrazioak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elena Odriozolaren ilustrazioak osagarri dira liburu honetan. Momentu askotan hunkitu egiten gaituzte, amamaren irudiak oso ondo islatzen baitute ipuinaren esanahia eta amonak daukan etsipena gaixotasunaren aurrean. Odriozolak arkatza, akuarelak eta kolore apalak dituen paleta erabili ditu. Bere ilustrazioak narratiboak dira eta kontatzen duen guztiak du ilustratzailearen interpretazioa eta ikuspuntua.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Amona basoan galdu zenekoa. Euskal Herria: Elkar, 44 or..
  2. a b c d «Amona basoan galdu zenekoa» galtzagorri.eus.
  3. Ibon Egaña. Egungo Haur eta Gazte literaturaren historia. Amona basoan galdu zenekoa, 2005. .
  4. (Gaztelaniaz) «Elena Odriozola» Peonza: Revista de literatura infantil y juvenil (97): 87-88..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]