Ana Juanixe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ana Juanixe
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna
Ezaugarriak

Ana Juanixe euskal balada tradizionala da. Beraz, ahozko euskal literaturak utzitako ondare aberatsaren parte da. Bere egilea anonimoa da eta 1935 urtean Kardaberaztarrak izeneko apaizgai-taldeak bildua izan zen. Beraz XIX eta XX. mendeen artean kokatu daiteke. Euskal baladei euskal kontapoesia ere deitzen zaie, beren izaera narratiboa dela eta. Izan ere, garai batean gertaturikoak jasotzeko erabili izan ziren. Ana Juanixe balada, euskal tradizioan sortua izan arren, erdal tradizioetan ere aurki daiteke.

Balada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«

1. Egun batian ni ba'nenguan,

kostela-kostel gaiñian,

ni ba'nenguan kostel-saltzian

ezpabe gari-saltzian.

Iru damatxu etorri ziran

bata bestien atzian

irugarrenak pregunta eustan

gariak zegan zirian.

-Bestientzako dirutan eta

zuretzat laztan-trukian.

-Ez nagizula lotsatu, arren

onelan plaza betian;

onelan plaza betian eta

ainbeste jente artian.

Orrela bere esan bazeustan

leku sekretu batian,

gariak eta zeu ta neu bere

an konponduko giñian.

Ama neuria labarako da

goiz edo arraltsaldian;

paseito bat emoidakezu

ama laban dan artian.

Ama labatik etorri ta

mutil-usaiña etxian...

-Ana Juanixe, Ana Juanixe;

zein da dauana etxian?

-Katalinatxo auzokua da

beroi laban dan artian.


-Eztona ori Katalinatxu;

bizarra dau okotzian...

-Itxagon daizu, mutil, itxagon,

argia piztu artian

argia piztu artian eta

ikusi zeu nor zarian.

-Ama berorrek ez dauela nai

neure osasunik etxian;

biyotz-illunak egiten yataz

argiya datorrenian...

-Urten daik, mutil; urten daik, mutil,

alako bentanarian,

ama neuriak urten dagiyan

kanpora sospetxerian...


2. Egun batian ni ba'nenguan,

Londres'ko Ziudadian,

maitiarentzat joyak erosten,

Tableru baten gaiñian,

dama bateri galdetu neutsan

joya ok zegan zirian.

-Bestientzako dirutan, eta

zeuretzat buru-trukian.

Eskerrik asko, dama galanta,

Ez dot armarik aldian:

neure arma onak itxi nituan

Motriko erri onian,

Motriko erri onian, eta

Ana Juanixe'n etxian.


3. Txalopatxu bat, txalopatxu bi

Santa Klara'ren parian...

Neure anaiya antxe datorke

batian edo bestian...

-Neure anaiya: zer barri diraz

Motriku erri onian?

-Barriak onak diradez, baña

jazo da kalte sobria.

-Oh, neure aniya: ez edo-da il

biyoren aita maitia?

-Biyoren aita ez da il, baña

jazo da kalte sobria.

-Oh traidoria! Ez edo-da il

biyoren ama maitia?

-Biyoren ama ez da il, baña

jazo da kalte sobria.

Ana Juanixe ezkontzen zala

iñuen atzo kalian,

Ana Juanixe ezkontzen zala

aita ta amaren lotsian...

-Ezin izan lei ori egiya,

neuk dot armia aldian;

neuk ditudaz bularrian;

ta neure armak tiretuko dau

bizi diraden artian.

Kapitan jauna: arria bela

txalopa nabegantian,

ainbat ariñen sartu gaitezan

Mutriku erri onian,

Mutriku erri onian, eta

Ana Juanixe'n etxian.


4. Ogetamairu dama lindatxu

Motriku'n molla-gañian,

Ana Juanixe antxe dalarik

arexen danen artian...

Batak "agur" ta bestiak "adios"

Jaunixe negar batian...

-Ana Juanixe: zer pasatu da

Motriku erri onian?

-Zaldun gaztia: neuk bere ez dakit

zeu nundikua zarian.

-Neuk ba'dakit, ba, Ana Juanixe,

zeu nundikua zarian, eta

noren alaba zarian.

Damatxu baten arma-gurutzak

daruadaz bularrian;

Ana Juanixe, ondo dakizu

biok norenak dirian...

Ana Juanixe; ez eixu esan

berbarik banidadian;

despedidako gabian bere

neure besuan ziñian;

zeuk niri laztan, neuk zuri laztan,

an despedidu giñian...

Joya asko bere ba'nakartzuzan

zuretzat izan ustian,

Beste damatxuk gozako dituz

zeuk ezin al dozunian.

»

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiako kostaldean, Mutriku herrian, gertaturiko maitasun istorioa jasotzen duen aldetik, bizkaitarrez idatzirik jaso izan da. Bertako gertakariak jasotzen dira. Balada hau lau sekuentziatan banatuta dago.

Mutrikuko herrian, garia saltzen ari den mutil bati hiru damatxo gerturatzen zaizkio, horien artean Ana Juanixe. Azken horrek mutilari garia zenbatean dagoen galdetzen diolarik, laztanen trukean emango diola erantzuten dio. Elkarrizketa bat mantendu ondoren, elkarrekin doaz Ana Juanixeren etxera. Baina, bertan daudela, ama itzuli eta etxean harrapatzen ditu biak. Hala, tentsio momentuak modu umoretsuz azaltzen dira elkarrizketaren baliabidea erabiliz, amaren eta alabaren eskutik.

Bigarren sekuentzian, mutila Londreseko hirian dagoela, Ana Juanixerentzako bitxiak erostera doa. Saltzaileak, orduan, buru-trukean emango dizkiola esaten dio, bi protagonisten hasierako elkarrizketa berbera gogoraraziz, hartzailearen harridura eta dibertsiorako. Baina, berak fideltasuna zor dio Ana Juanixeri.

Hirugarren sekuentzian, Euskal Herrira itzultzean, berri txarra dakarren anaiarekin egiten du topo mutilak. Orduan, paralelismoaz baliatzen den anaien arteko elkarrizketa biziaren bitartez, Ana Juanixe beste gizon batekin ezkonduko denaren berri edukitzen du gazteak.

Laugarren sekuentzian, herrira iristean, kaiako beste nesken artean dago negarrez Ana Juanixe, mutilak zer gertatu den galdetzen diolarik. Ana Juanixek ezezaguna balitz bezala jokatzen du (​neuk be ez dakit zeu nundikoa zarian). Mutilak, ordea, guztion aurrean argi uzten du ezagutzen duela eta elkarrekin egon zirela, despedidaren egunean ere. Gainera, neskarengana zuzenduaz, harentzat erositako bitxiak beste norbaiti emango dizkiola esaten dio, traizioaren suminduraz.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balada honetan narrazioa eta elkarrizketa uztartzen dira. Manuel Lekuonak (1992) jasotzen duenez, baladaren estetikotasunaren zerbitzuan nahasten dira bi mota horietako sintagmak. Proportzioa esanguratsua da. Batetik, mutilak lehen pertsonan egiten duen narrazioaren bitartez heltzen da istorioaren haria. Bestetik, ordea, indar eta presentzia handia ematen zaie esanguratsuak diren elkarrizketei.

Aurretik aipatu bezala, balada hau lau sekuentziatan banatuta dago eta sekuentzia hauetako batzuk zati ezberdinetan banatzen dira. Lehen sekuentzia adibidez, bitan banatzen da: bi gazteen arteko topaketa, batetik, eta Ana Juanixeren etxean daudeneko amaren agerpena, bestetik. Bigarren sekuentzia, berriz, laburragoa da eta ez dago azpisekuentziarik. Hirugarrenean, anaiarekin topatzen denean, bien arteko elkarrizketa ageri da lehenengoan eta kapitainari zuzentzen zaio bigarrenenan. Azkenik, Mutrikuko kaiako sekuentzia ere bitan banatu daiteke: lehenik, egoera edo arazoa aurkezten da eta, bigarren azpisekuentzian, Ana Juanixeri zuzendutako mutilaren hitz suminduek borobiltzen dute balada.


Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Resurreccion Maria Azkuek Sunbillan (Nafarroa Garaia) XIX. mendean idatziz jaso zuen Ana Juanixe baladaren gai bera duen bertso bat: Garia saltzen nengoelarik.

Hiru Trukuk 1994. urtean Mendebaldeko Euskal Baladak diska argitaratu zuen. Bertan Bizkaiako balada eta abesti ezberdinak egertzen dira. Haien artean Ana Juanixe balada aurki dezakegu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eusko Ikaskuntza: asmoz ta jakitez (2019). ​Euskal kantutegia: Ana Juanixe. Eusko Ikaskuntza: http://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dokumentu-fondoa/euskal-kantutegia/ab-4471/ Eusko Ikaskuntza: asmoz ta jakitez (2019). ​Euskal kantutegia: Ana Juanixe. Eusko Ikaskuntza
  2. Lekuona, J.M.(1992). ​Euskal balada tradiziozkoen estiloaz. Bilbo: Euskaltzaindia,237-258
  3. Xenpelar Dokumentazio Zentroa (2007-2019). ​Garia saltzen nengoelarik. https://bdb.bertsozale.eus/es/web/doinutegia/view/garia-saltzen-nengoelarik-i-ana-juanixe
  4. Imanol Larzabal (1984). ​Ana Juanixe. Donostia: Elkar. https://www.youtube.com/watch?v=yoowiIj_fq0
  5. Hiru Truku (1994). Ana Juanixe. Nuevos medios. https://www.youtube.com/watch?v=lEO9Ye1_YgE

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]