Antartikaren esplorazioaren urrezko aroa
Antartikaren esplorazioaren urrezko aroa XIX. mendearen amaieratik 1920. hamarkadaren hasierara arte hedatu zen garai bat izendatzeko erabiltzen da[1]. 25 urtetako aro honetan zehar, Antartika nazioarteko ahalegin baten erdigune bihurtu zen eta esplorazio zientifiko eta geografiko trinkoa ekarri zuen; zortzi herrialdetako hamasei esplorazio jarri ziren martxan[2]. Esplorazio hauetako ohiko faktore bat garraioaren eta komunikazioen teknologiaren izaera mugatua izan zen. Honek espedizio bakoitza erresistentzia-balentria bihurtu zela esan nahi du[3]. "Heroikoa" etiketa, aurrerago emana, aitzindari hauek gainditu behar izan zituzten ezbeharren errekonozimendua izan zen, horietako batzuk ez zuten biziraun. Aldi honetan zehar espedizio desberdinetako hamazazpi kide hil ziren.
Espedizio hauetan zehar polo geografiko eta magnetikoetara iritsi ziren. Polo geografikora iristen lehena izatea izan zen espedizio askoren helburu nagusia, baita Roald Amundsenen abenturaren izateko arrazoi bakarra ere, 1911n lortu zuen lehena izan zena. Ordea, garai honetan zehar, hau ez zen esplorazio polarraren orientazio bakarra izan, mapetan kontinenteko kostaldearen zati handi bat aurkitu eta marraztu zen eta barnealdeko eremu handi bat esploratu zen. Espedizioek datu kopuru handiak sortu zituzten eta diziplina zientifiko ugariren laginak ekarri zituzten, zeinaren azterketa eta analisiak, hamarkadetan zehar, munduko komunitate zientifikoak lanean mantendu zituen.
Espedizio garrantzitsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espediziotako garrantzitsuenen artean hauek aurki ditzakegu:
Belgikar Antartikako espedizioa (1897-1899)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antartika esploratzeko egindako lehen espedizioa izan zen, Adrien de Gerlanche-k zuzendutakoa. Espedizio hau negua Zirkulu Polar Antartikoan igarotzen lehena izan zen, itsasontzia Bellingshausen itsasoan harrapatuta geratu baitzen[4][5][6].
Southern Cross espedizioa (1898-1900)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borchgravink-ek zuzendutako espedizioa izan zen. Gerlache-rena lehenengo espedizioa izan bazen ere, aipatu beharrekoa da Borchgrevink-ek Antartikako esplorazioa hasteko egin zituen ahaleginak. Izan ere, neurri baten, espedizio hauek hari esker hasi ziren. Borchgrevink-en espedizioa Antartikako kontinentean negua iragaten lehena izan zen. Honez gain, Izotz-hesi Handia igotzen lehenak izan ziren, Farthest South errekor berria ezarri zuten (78°30'S) eta Hego Polo magnetikoaren kokapena kalkulatu zuten[7][8][9].
Discovery espedizioa (1901-1904)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Robert Falcon Scott eskoziarraren gidaritzapean burututako espedizioa izan zen. Taldeak, Victoriako Lurraren mendebaldeko mendiak igotzen lehena izateaz gainera, goi-lautada polarra deskubritu zuen. Bidaia honetan Farthest South errekorra apurtu zen (82°17'S)[10][11].
Gauss espedizioa (1901-1903)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antartikako ekialdea ikertzeko lehen espedizioa izan zen, Erich von Drygalski buru zela. Gilen II.aren Lurraldearen kostaldea eta Gauss mendia aurkitu zituen. Espedizioaren ontzia izotzean harrapatuta geratu zen, eta horrek eragotzi egin zuen esplorazio zabalagoa egitea[12].
Suediako Espedizio Antartikoa (1901-1903)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otto Nordenskjöld buru zuen espedizio honek Graham Lurraldearen ekialdeko kostaldean lan egin zuen, eta isolatuta geratu ziren Cerro Nevado uhartean eta Paulet uhartean, Weddell itsasoan, itsasontzia hondoratu ondoren. Argentinako Armadako Uruguai korbetak erreskatatu zituen[13][14].
Frantziako Hirugarren Espedizio Antartikoa (1903-1905)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean-Baptiste Charcotek zuzendutako espedizio hau, jatorriz, Nordenskiöld talde hondartuarentzako errelebu espedizio gisa pentsatua izan zen; espedizio honen zeregin nagusia Antartikako penintsulako Graham lurraldeko uharteen eta mendebaldeko kostaldeen mapaketa eta kartografia izan zen. Kostaldeko sail bat esploratu zuten eta Loubet kostaldea bataiatu zuten Frantziako presidentearen omenez[15][16][17].
Nimrod espedizioa (1907-1909)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ernest Shackleton-ek zuzendutako lehenengo espedizioa izan zen. Espedizio honetan Hego Polora joateko Beardmore glaziarraren bidea erabiltzen hasi ziren. Taldea Hego Polo magnetikoaren kokapenera ailegatu zen, Farthest South errekor berria lortuz (88°23'S)[18][19].
Laugarren Espedizio Antartiko Frantsesa (1908-1910)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bidaia horretan, aurreko espedizio frantsesaren lanarekin jarraitu zuten; Bellingshausen itsasoaren esplorazio orokorra egin zuten, eta beste aurkikuntza batzuez gain, uharteak ere aurkitu zituzten, besteak beste, Margarita badia, Charcot uhartea, Renaud uhartea, Mikkelsen badia eta Rothschild uhartea.[17][20]
Japoniako Espedizio Antartikoa (1910-1912)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nobu Shirase buru zuen espedizio hau Europakoa ez zen lehen espedizio antartikoa izan zen. Besteak beste, Eduardo VII.a penintsulako kostaldearen esplorazio bat egin zuten eta Izotz Hesi Handiaren ekialdeko sektorea ikertu zuten, 80 ° 5 'S-ra iritsiz.[21][22]
Amundsen espedizioa (1910-1912)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Roald Amundsen norvegiarrak zuzendutako espedizioa izan zen. Goi-lautada polarrera joateko Axel Heiberg glaziarraren bidea aurkitu zuten. Bide hau jarraituz Amundsek gidatutako bost pertsonetako talde batek Hego Polora iritsi zen lehen aldiz 1911ko abenduaren 15ean[22][23].
Terra Nova espedizioa (1910-1913)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Robert Falcon Scottek zuzendutako bigarren espedizioa izan zen. Shackletonen taldeak aurkitutako Beardmore bidea erabilita Hego Polora heldu ziren 1912ko urtarrilaren 17an, Amundsen baino 33 egun geroago. Zoritxarrez, Scott eta bere lau bidaia-kideak itzulera egiten zuten bitartean hil ziren, hotza eta gosearen ondorioz[24][25].
Alemaniako Bigarren Espedizio Antartikoa (1911-1913)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wilhelm Filchner buru zuen espedizio honen helburua Antartika lehen aldiz gurutzatzea zen. Ordura arte egindako Weddell itsasoaren sartu-irtenik hegoaldekoena egin zuten, 77 ° 45 'S harrapatu baitzituzten, eta Luitpoldeko kostaldea, Filchner-Ronne izotz-hesia eta Vahsel badia aurkitu zituzten. Ezin izan zuten kostan base bat ezarri, handik kontinentez haraindiko bidaiari ekiteko, eta, Weddell itsasoko izotzean luzaroan harrapatuta egon ondoren, Hegoaldeko Georgietara itzuli ziren[26].
Australasiako Espedizio Antartikoa (1911-1914)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Douglas Mawson buru zuen espedizioa Adare lurmuturraren eta Gauss mendiaren arteko kostaldeko lerro antartikoaren hedaduran kontzentratu zen. Kostaldeko eta barruko lurraldeetako mapak eta azterlanak trazatu zituzten. Bere aurkikuntzek Commonwealth badia, Ninnis glaziarra, Mertz glaziarra eta Maria erreginaren Lurraldea barne hartu zituzten[27][28].
Trans-Antartika Espedizio Inperiala (1914-1917)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shackletonek gidatutako bigarren espedizioa izan zen. Antartika zeharkatzeko saiakera bat izan zen, baina ez zuten lortu; taldearen itsasontzia Antartikako ur izoztuetan harrapatuta geratu zen eta izotzak erabat suntsitu zuen. Espedizio-taldeak bizirautea lortu zuen, itsas izotz-bloke baten gainean bidaia luze bat egin behar izan eta gero[29].
Shackleton-Rowett espedizioa (1921-1922)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Shackletonen hirugarren espedizioa izan zen. Zoritxarrez, bihotzeko krisi baten ondorioz Shackleton hil egin zen 1922ko urtarrilaren 5ean eta espedizioko taldeak etxera itzultzea erabaki zuen[30].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antartikaren gaineko subiranotasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antartika esploratzeko burututako espedizioek ez zituzten ekarri aurkikuntza zientifikoak bakarrik, hainbat herrialdek eginiko subiranotasun-aldarrikapenak ere ekarri baitzituzten. Aldarrikapenotako batzuk lur-eremu beraren gainekoak ziren (honen adibide dugu Erresuma Batuak, Argentina eta Txilek aldarrikatutako lur eremuak). Honek tentsioa sortu zuen herrialde hauen artean. Lur-aldarrikapenak egin zituzten beste herrialdeak Norvegia, Australia, Frantzia eta Zeelanda Berria izan ziren.
Itun Antartikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itun hau nazioen arteko lankidetzaren adibide hoberenetako bat da. 1959an 12 herrialdek sinatu zuten eta 1961ean indarrean jarri zen. Ituna sinatu zuten herrialdeen artean garai hartako bi potentzia nagusiak zeuden: Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak. Gaur egun, 54 herrialde dira Itun hau sinatu dutenak.
Itun honek biltzen dituen arauen artean praktika militarren eta proba nuklearren debekua dago. Itunak Antartikan eginiko ekintza guztiak baketsuak izan behar direla ezartzen du. Honez gain, Ituna sinatzen duen edozein herrialdek ikerkuntzarako baseak sortzeko eskubidea dauka. Gaur egun, 30 herrialde ezberdinetako 65 base zientifiko daude.
Antartikaren gaineko subiranotasunari dagokionez, ez da ituna sortu eta geroko aldarrikapenik onartuko, eta tratatua ezarri baino lehenagokoak, ostera, ez dira ez onartuko ezta ukatuko ere, “izozturik” geratuko dira.
Antartikako garrantzia etorkizunean: ura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datozen urteetan Antartikaren garrantzia gero eta handiagoa izango dela aurreikusten da. Izan ere, bertan munduan dagoen izotzaren %90 eta ur gezaren erreserbaren %70 dago. Aldaketa klimatikoaren ondorioz munduak pairatzen duen estres hidrikoa gero eta larriagoa dela gogoan hartuta, erraz ikus daiteke kontinente honen garrantzia estrategikoa handiagotuz joango dela denboraren poderioz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «A timeline of antarctic exploration» www.coolantarctica.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Barczewski, Stephanie. (2007). Antarctic destinies: Scott, Shackleton and the changing face of heroism. Hambledon Continuum ISBN 978-1-84725-192-3. PMC 166315435. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ Fisher, Margery and James. (1 enero 1957). Shackleton. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Adrien de Gerlache» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Belgian Antarctic Expedition 1897 - 1899, Belgica» web.archive.org 2010-10-09 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Huntford, Roland. (1 octubre 1985). The Last Place on Earth. ISBN 978-0-689-70701-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Norway's Forgotten Expedition. Cape Adare, Antarctica. 1899-1900» web.archive.org 2009-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ (Ingelesez) Swan, R. A.. «Carsten Egeberg Borchgrevink (1864–1934)» Australian Dictionary of Biography (National Centre of Biography, Australian National University) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Preston, Diana. (16 febrero 2012). A First Rate Tragedy: A Brief History of Captain Scott's Antarctic Expeditions. ISBN 978-1-84901-724-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Crane, David. (7 noviembre 2005). Scott of the Antarctic: A Life of Courage and Tragedy in the Extreme South. ISBN 978-0-00-715068-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Fiennes, Ranulph. (2003). Captain Scott. London : Hodder & Stoughton ISBN 978-0-340-82697-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Erich von Drygalski» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Scotland and the Antarctic: Swedish expedition 1901-03» gdl.cdlr.strath.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Otto Nordenskjöld» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Mills, William J.. (2003). Exploring polar frontiers: a historical encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 978-1-57607-422-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Jean-Baptiste Charcot» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ a b «Jean-Baptiste Charcot (1867 - 1936) Biographical notes» www.coolantarctica.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Scotland and the Antarctic: The Nimrod expedition, 1907-1909» gdl.cdlr.strath.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Riffenburgh, Beau. (1 enero 2006). Nimrod. ISBN 978-3-8270-0530-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Mills, William J.. (2003). Exploring polar frontiers: a historical encyclopedia. ABC-CLIO ISBN 978-1-57607-422-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Nobu Shirase» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ a b Amundsen, Roald; Norwegian Antarctic Expedition in the "Fram". (1976). The South Pole: an account of the Norwegian Antarctic Expedition in the "Fram", 1910-1912. Hurst & Comp ISBN 978-0-903983-47-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Roald Amundsen (Norway - the official site in the UK)» web.archive.org 2008-04-22 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Scott, Robert Falcon; Huxley, Leonard. (1913). Scott's Last Expedition, Vol I. New York, Dodd, Mead and company (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Captain Scott - Antarctic explorer : Explorers & leaders : Sea & ships fact files : Sea & ships : Explore online : NMM» web.archive.org 2008-12-02 (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Wilhelm Filchner» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Mills, Leif. (1999). Frank Wild. Whitby North Yorkshire : Caedmon of Whitby ISBN 978-0-905355-48-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ (Ingelesez) Jacka, F. J.. «Sir Douglas Mawson (1882–1958)» Australian Dictionary of Biography (National Centre of Biography, Australian National University) (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ Alexander, Caroline; Hurley, Frank. (11 noviembre 1998). Endurance: Shackleton's Legendary Journey to Antarctica. ISBN 978-0-7475-4123-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
- ↑ «Antarctic Explorers: Ernest Shackleton» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).