Apokaliptikoak eta integratuak
Apokaliptikoak eta integratuak | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Umberto Eco (1964) |
Argitaratze-data | 1964 |
Generoa | Saiakera |
Jatorrizko izenburua | Apocalittici e integrati |
Herrialdea | Italia |
Orrialdeak | 416 |
Formatua | 130.0 x 198.0 |
ISBN | 9788845248382 |
Euskaraz | |
Izenburua | Euskarazko bertsiorik ez |
Apokaliptikoak eta integratuak Umberto Eco idazlearen 1964ko entsegu edo saiakera da. Jatorrizko izenburua: (Italieraz) Apocalittici e integrati. Komunikazio eta hedabideak arloa jorratzen duen entseguetan, XX. mendeko entsegu aipatuenetarikoa izan da Apocalittici e integrati.
Entsegu honetan Umberto Ecok zenbait mito modernori buruz teorizatzen du, komunikabide masiboen egituraz, eragin eta garapenetik hasi eta semiotikako kontzeptu konplexuetaraino ibilbidea egiten du, betiere komunikazio praktikoaren ikuspegitik. 1962ko Opera aperta. Forma e indeterminazione nelle poetiche contemporanee idazlanaren jarraipentzat jo izan da Apocalittici e integrati eta oraingoan Ecok herri-kulturari eta komunikabideei buruzko entsegu bat egin zuen.
Saiakerak bi ideia nagusiren inguruan biratzen du.
Alde batetik, masa-komunikazioak aztertzen dira, emozio zehatz eta kontrolatuak eragingo dituen kultura globalizatu eta estandarizatua transmititzeko elementu gisa. Umberto Ecoren arabera, kultura-produktu guztiak baldintza berdinetan eskaintzen dira, nahiz eta maila desberdina izan, eta, gainera, entretenimendu soila denaren eta informazio baliagarria eta jakingarria denaren arteko bereizketa gero eta zailagoa da.
Bestalde, masa-komunikabideak publiko heterogeneo batengana bideratzen dira eta xede-publiko jakin baterantz zehazten dira, originaltasunetik eta jatorrizko produktuen sorkuntzatik ihes egiteko.
Umberto Ecok herri kultura eta komunikabideak bi jarreretan laburbiltzen ditu, bien aldeko eta kontrako argudioak emanez: alde batetik apokaliptikoena, edo kontserbatzaileenena, masen kultura kultura debaluatu eta entretenimendu soilera murriztu duen elementu negatibo gisa ikusten dutenena; eta bestetik integratuena, teknologia berrietara irekita daudena, masen kulturaren interpretazio positiboa egiten dutena, publiko orokorrari kulturara nolabait sartzen utzi zaiolako. Apokaliptiko eta integratuak entseguan jorratzen diren beste gai batzuk honako hauek dira: kultura-industriari buruzko eztabaida jaiotza- eta garapen-fasean, kultura-alternatiboei buruzko lana, edo komunikazioaren eta masa-kulturaren arteko harreman konplexua.
Apokaliptikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apokaliptikoentzat, masa-hedabideek alderdi negatiboak baino ez dituzte; masen kulturari, kultura herrikoiari, "antikultura" esaten diote apokaliptikoek. Komunikabideek bizitza publikoan indokomentatuen parte-hartzea bultzatzen dutela diote, edonori sistema kulturalari ekarpenak egiteko aukera eskainiz, gizartearen maila kulturala debaluatuz, jaitsiz.
Apokaliptikoen arabera, masa-kulturak:
- Originaltasuna suntsitzen du, erdipurdiko gustuak sortuz,
- Bere publikoak inkontzienteki manipulatzen ditu,
- Aurre-eraikitako emozioak eragiten ditu,
- Merkatuko legeen menpe, erabat,
- Azaleko pentsamendu bat sustatzen du, topiko eta publizitateko esloganez egina,
- Azaleko informazioa sustatzen du, historiaren, sakontasunaren, kalterako,
- Xelebrekeriaz eraikia, esamesez josia,
- Munduaren ikuspegi akritikoa eta pasiboa defendatzen du,
- Buztinezko oinak dauzkaten mitoak eta estereotipoak sortzen ditu,
- Paternalista da,
- Kultura eta Artea degradatzen ditu...
Integratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Integratuak masa-komunikabideei alderdi positiboak ikusten dizkietenak dira, eta teknologia berriek dakartzaten gauza onekin pozik daudenak. Integratuek uste dute masa-kumunikaziorako bitartekoak eta teknologia berriak funtsezkoak izango direla etorkizun hurbilean. Oso gutxitan teorizatzen dute, nahiago dute maila guztietan jardun, beren mezuak sortu eta igorri, eta atsegin zaie ideiak xurgatzea eta informazioa jasotzea eta berehalakoan banatzea, kultura-eremua zabaltzeko.
Horrela, esan dezakegu kulturaren bi posizio guztiz antagonikoren aurrean gaudela. Integratuak apokaliptikoen ifrentzua dira kultura kontuetan:
Integratuen arabera, masa-kulturak:
- Aukera ematen die kultura kontuetan parte hartzeko hainbat eragile berriri, lehen erabat jokoz kanpo uzten ziren pertsona multzo askori bidea irekitzen die,
- Orain edozerk balio du informazio eta formazio eskaintzeko, informazio pilo bat edonori hedatzea ahalbidetzen du,
- Entretenimendu beharrak asebetetzen ditu,
- Kultura-lanen zabalkundea ahalbidetzen du kostu baxuan, (orain ez da elitekoa izan behar kultura kontsumitzeko),
- Audientziak munduarekiko sentsibilizatzen dituzte, agertoki berriak irekiz.
Non kokatzen du bere burua Umberto Ecok
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Umberto Ecoren arabera, kultura-industria ez da arazo bat, baina bai kontsumismoa, edo telebistatik datozen edukien azaleko interpretazio akritiko eta konformista.
Umberto Ecoren ustez, bi jarreretan okerrak daude, eta gatazka ideologiko horri beste ikuspegi bat proposatzen dio. Beraz, posizionamendu neutroa bilatzen du.
Alde batetik, apokaliptikoek huts egiten dute masa-kultura ez-garrantzitsutzat jotzerakoan, industriala delako bakarrik, askotan sor ditzakeen ekarpen baliotsuak ikusi gabe.
Bestalde, integratuek nahiko oker daude kultura-produktuen ugalketa berez ona dela pentsatzen badute, masa-kultura ezin dela kritikatu diotenean oker daude.
Kontua ez da masa-kulturaren existentzia kaltegarria edo osasungarria den erabakitzea, horrek apokaliptiko edo integratu bihurtuko baikintuzke nahitaez. Existitzen dela onartu behar da, eta horrekin bizi.
Umberto Ecok masa-kulturan aurkitzen duen ezaugarri garrantzitsuenetako bat gustu txarraren estetikan oinarrituta dago. Umberto Ecok dioenez, gustu txarraren estetika lekuz kanpokotzat jotzen den zerbaiten aurrean (adibidez, gorbata berde bat jantzi urdin batean) edo giro desegokian egindakoaren aurrean suminduta egotetik dator.
Gustu txarraren estetika horren barruan sartuko luke kitsch estetika ezaguna.
Umbereto Ecoren ustez, gustu txarraren estetika hori ezinbesteko 4 faktore kontuan hartuta deskriba daiteke:
- Gustu txarraren estetikak abangoardia artistikoko prozedurak hartzen ditu, hau da, hainbat adierazpen kultural abangoardista sinplifikatzen ditu kontsumitzaile arruntenganaino iristeko. Umberto Ecoren arabera, hori gezurra baino ez da; gezur hutsa, audientziak zabaltzen saiatzen baitira, horretarako kultura maila apalduz.
- Gustu txarraren estetika, Umberto Ecoren arabera, berritzailea izateari utzi diotenean jendeak onartzen dituen prozedurek harrapatzen dute, hau da, kontsumitzaileek arbuiatzeko arriskua saihesten dutenean masen eraginpean jartzen dira.
- Gustu txarraren estetika honek efektu bat-batekoa eta erraza bilatzen du beti. Umberto Ecoren arabera, eraginkortasun handiko irudiak eta hitzak erabiliz egiten dute hori.
- Azkenik, esan behar da gustu txarraren estetika horrek kontsumitzailea engainatu nahi duela sinetsaraziz, kontsumitzaileak ikusten duena benetako ekoizpen kulturala dela, eta, egia esan, aurreko abangoardien bertsio arrunta besterik ez da.
Umberto Ecoren arabera, lau puntu horiek kontsumitzaileari kulturarako sarbide librea izan duela sinestarazten diote, eta horrek kontsumitzaileen interesak beste era bateko kezketara desbideratzen ditu.