Emozio

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Giza grinak adierazten dituzten hamasei aurpegi - J. Pass-ek koloreztatutako grabatua, 1821, Charles Le Brun

Emozioak norbanakoek barneko zein kanpoko eraginen aurrean sumatzen dituzten fenomeno psikofisiologikoak dira. Emozioak aldarteari, izaerari, nortasunari eta jarrerari eta motibazioari lotuta daude[1][2][3][4]. Gaur egun ez dago adostasun zientifikorik definizio bati buruz[5][6]. Emozioa atsegina edo gogoz kontrakoa izaten da, eta fisiologia aldaketak dakartza. Emozioak sarritan aldartearekin, tenperamentuarekin, nortasunarekin, jarrerarekin edo sormenarekin lotzen dira[7].

Emozioa sortzen duten kanpoko nahiz barneko eragin horiek bat-batean azaltzen direnak izan daitezke, edo pixkanaka indar hartzen duten sentimenduak. Emozioek fisiologia aldaketak eragiten dituzte (neuronetan aldaketak, odol-hodi periferikoen uzkurtzea edo lasaitzea, izerdia, eta abar); aldaketa horiek burmuineko eginkizunetan ere eragina izaten dute (nork bere buruarekiko kontrola galtzea eragin dezakete) eta jarrera bereziak sorrarazten dituzte (barrea, negarra, dardarak, eta abar).

Emozioen inguruko ikerketak gora egin du azken bi hamarkadetan, eta hainbat arlok lagundu dute: psikologia, medikuntza, historia, emozioen soziologia eta informatika. Emozioen jatorria, funtzioa eta beste alderdi batzuk azaltzeko saiakera ugariek gai horren inguruko ikerketa biziak bultzatu dituzte. Emozioaren jatorri ebolutiboari eta helburu posibleari buruzko teoriak Charles Darwinengandik datoz. Gaur egungo ikerketa-arloak emozioen neurozientzia dira garuneko irudi afektiboen prozesuak aztertzeko PET (Positroi-igorpenaren bidezko tomografia) eta fMRI (Erresonantzia magnetiko funtzionala) azterketak bezalako tresnak erabiliz[8].

Ikuspegi mekanikotik, emozioak jarduera fisiologikoaren eredu jakin batekin lotzen den esperientzia positibo edo negatibo gisa defini daitezke[4].[4] Emozioak konplexuak dira; osagai ezberdin anitz inplikatzen dituzte, hala nola esperientzia subjektiboa, prozesu kognitiboak, portaera adierazkorra, aldaketa psikofisiologikoak eta portaera instrumentala[9][10]. Garai batean, akademikoak emozioa osagaietako batekin identifikatzen saiatu ziren: William James esperientzia subjektiboarekin; portaera instrumentalarekin konduktistak; aldaketa fisiologikoekin psikofisiologoak, etab. Berriki, ordea, emozioa osagai guztiek osatzen dutela diote. Emozioaren osagai desberdinak zertxobait ezberdin sailkatzen dira diziplina akademikoaren arabera. Psikologian eta filosofian, emozioek, normalean, adierazpen psikofisiologikoek, erreakzio biologikoek eta egoera mentalek ezaugarritzen duten esperientzia subjektiboa eta kontzientea barne hartzen dute. Emozioaren osagai anitzeko deskribapen antzeko bat aurkitzen da soziologian. Esaterako, Peggy Thoitsek emozioak osagai fisiologikoak, etiketa kulturalak edo emozionalak (haserrea, harridura, etab.), gorputz-ekintza adierazgarriak eta egoeren eta testuinguruen balorazioa barne hartzen dituela deskribatu zuen[11]. Prozesu kognitiboak —arrazoibidea eta erabakiak hartzea bezala— prozesu emozionaletatik bereizitzat hartzen dira, pentsamendua eta sentimendua arteko zatiketa eginez. Hala ere, emozioen teoria guztiek ez dute baliozkotzat hartzen bereizketa hori[12].

Gaur egun, emozioen inguruan egiten den ikerketa kliniko eta ongizatearen testuinguruko gehienak eguneroko bizitzako emozioen dinamikan zentratzen da, batez ere emozio espezifikoen intentsitatean eta haien aldakortasun, ezegonkortasun, inertzia eta bereizketan, baita, denboran zehar, emozioak elkar areagotzen edo moteltzen diren ala ez eta nola ere, halaber, dinamika horien arteko desberdintasunak pertsonen artean eta bizi-iraupenean zehar[13].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza izaera eta harekin lotutako gorputz-sentsazioak pentsalari eta filosofoen interesen parte izan dira beti. Modu zabalagoan, interes handia izan du mendebaldeko zein ekialdeko gizarteentzat. Egoera emozionalak jainkozkoarekin eta giza adimenaren eta gorputzaren argiztapenarekin lotu izan dira[14]. Gizabanakoen etengabeko ekintzek eta haien aldarte-aldaketek garrantzi handia izan zuten Mendebaldeko filosofo gehienentzat (Aristoteles, Platon, Descartes, Tomas Akinokoa eta Hobbes barne), eta haiek teoria zabalak proposatu zituzten —askotan lehian dauden teoriak—, zeinak emozioa eta, harekin batera, giza ekintzaren motibatzaileak eta horren ondorioak azaltzea bilatzen zuten.

Argien Garaian, David Hume[15] pentsalari eskoziarrak argudio iraultzaile bat proposatu zuen, giza ekintzaren eta jokabidearen bultzatzaile nagusiak azaldu nahi zituena. Ekintzak beldurrak, desioak eta pasioak" bultzatuta daudela proposatu zuen. A Treatise of Human Nature (1773) liburuan idatzi zuenez: «Arrazoia bakarrik ezin da inoiz nahimenaren edozein ekintzarako motibo izan... Ezin du inoiz grinaren aurka egin nahimenaren norabidean... Arrazoia da, eta izan behar du pasioen esklaboa, eta ezin du inoiz zerbitzatu eta obeditu beste kargurik egin»[16]. Lerro horiekin, Humek argitu nahi zuen geroko arrazoia eta ekintza gehiago egongo zirela norberaren desioen eta esperientziaren mende. Geroagoko pentsalariek proposatuko zuketen ekintzak eta emozioak elkar harturik daudela errealitatearen alderdi sozial, politiko, historiko eta kulturalekin, zeinak garunari eta gorputz fisikoko beste atal batzuei buruzko ikerketa neurologiko eta fisiologiko sofistikatuekin ere lotuko liratekeen.

Definizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emozioaren lexikoaren definizioa da: Norberaren zirkunstantzia, aldarte edo besteekiko harremanetatik eratorritako sentimendu sendoa[17]. Emozioak barneko eta kanpoko gertaera esanguratsuen erantzunak dira[18].

Emozioak izan daitezke iraupen laburreko (haserrea) gertaerak (izua) edo jarrerak (etsaitasuna), edo luzekoak (dolua)[19]. Michael C. Graham psikoterapeutak emozio guztiak intentsitate-kontinuum batean baleude bezala deskribatzen du[20]. Beraz, beldurra izan daiteke kezka arinetik izurainokoa, edo lotsa joan daiteke lotsa soiletik lotsa toxikoraino[21]. Emozioak erantzun multzo koordinatu batez osatuta daudela deskribatu izan da, zeinak ahozko mekanismoak, fisiologikoak, portaerak eta neurona- mekanismoak izan ditzaketen[22].

Emozioak sailkatu egin dira, emozioen artean erlazio batzuk eta kontrako zuzen batzuk existitzen direlarik. Grahamek emozioak funtzional edo disfuntzional gisa bereizten ditu, eta emozio funtzional guztiek onurak dituztela dio[23].

Hitzaren erabilera batzuetan, emozioak norbaiti edo zerbaiti zuzendutako sentimendu biziak dira[24]. Bestalde, emozioa erabil daiteke arin diren egoerak aipatzeko (haserrea edo poza) eta ezertara zuzenduta ez diren egoeratarako (herstura eta depresioa). Ikerketa-lerro batek emozio hitzak eguneroko hizkuntzan duen esanahia aztertzen du, eta erabilera hori, diskurtso akademikoaren aldean, ezberdin samarra dela ikusten du[25].

Termino praktikoetan, Joseph LeDoux-ek abiarazle baten aurrean gorputz-sistemaren erantzun bati erantzunez gertatzen den prozesu kognitibo eta kontziente baten emaitza gisa definitu ditu emozioak[26].

Osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Scherer-en emozioaren Osagai Prozesuaren Ereduaren (CPM) arabera[27], emozioaren bost elementu erabakigarriak daude. Osagai-prozesuaren ikuspegitik, balorazio-prozesuek bultzatuta, esperientzia emozionalak prozesu horiek guztiak koordinatu eta sinkronizatzea eskatzen du denbora-tarte laburrean. Ebaluazio kognitiboa elementuetako bat bezala sartzea apur bat eztabaidagarria den arren (teorialari batzuen ustez emozioa eta kognizioa sistema bereiziak baina elkarreragileak baitira), CPMk gertakari sekuentzia bat eskaintzen du, atal emozional batean parte hartzen duen koordinazioa modu eraginkorrean deskribatzen duena.

  • Ebaluazio kognitiboa: gertaeren eta objektuen ebaluazioa eskaintzen du.
  • Gorputzeko sintomak: esperientzia emozionalaren osagai fisiologikoa.
  • Ekintza-joerak: motibazio-osagaia, erantzun motorrak prestatzeko eta bideratzeko.
  • Adierazpena: aurpegiko eta ahotsaren adierazpenak ia beti egoera emozional batekin batera doaz ekintzen erreakzioa eta asmoa komunikatzeko.
  • Sentimenduak: behin gertatu ondoren, egoera emozionalaren esperientzia subjektiboa.

Bereizketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emozioa, neurozientzia afektiboaren eremuan, antzeko konstruktuetatik bereiz daiteke[28]:

  • Emozioak: estimulu jakin bati erantzuteko, ekintza mota jakin baterako joerak, aldaketa fisiologiko eta kognitibo azkar eta sinkronizatuen jauzi bat sortzen duena[29].
  • Sentimendua: sentimendu guztiek ez dute emozioa barne hartzen, esate baterako, jakitearen sentimendua. Emozioaren testuinguruan, sentimenduak emozioen irudikapen subjektibo gisa ulertzen dira hobekien, haiek bizi dituen gizabanakoarentzat pribatua[30].
  • Aldarteak: orokorrean, emozioek baino askoz iraupen luzeagoan irauten duten egoera afektibo hedatuak; emozioak baino biziagoak ere izan ohi dira, eta, askotan, testuinguru-estimulurik ez dutela dirudi[24].
  • Afektua: emozio edo aldarte baten azpiko esperientzia afektiboa deskribatzeko erabiltzen da.

Helburua eta balioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi bat da, ezen emozioek inguruneko erronkei erantzun egokitzaileak errazten dituztela. Emozioak eboluzioaren ondorioz deskribatu izan dira, gure arbasoek aurre egin behar izan zituzten arazo zahar eta errepikakorrei irtenbide onak eman zizkietelako[31]. Emozioak gizabanakoei garrantzitsua dena komunikatzeko modu gisa funtziona dezakete, hala nola balioak eta etika[32]. Hala ere, emozio batzuk, herstura mota batzuk bezala, buruko gaixotasun baten partetzat hartzen dira batzuetan, eta, beraz, baliteke balio negatiboa izatea[33].

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal emozionalak eta jarrera emozionalak bereiz daitezke. Emozio-disposizioak ere izaera-ezaugarriekin konpara daitezke, non norbait, orokorrean, emozio batzuk bizitzeko prest dagoela esan daiteke. Esaterako, pertsona sumingarri batek narritadura besteek baino errazago edo azkarrago sentitzeko joera izan dezake. Azkenik, teorialari batzuek emozioak egoera afektiboen kategoria orokorrago baten barruan kokatzen dituzte, non egoera afektiboek emozioekin erlazionatutako fenomenoak (plazera eta mina), motibazio-egoerak (gosea edo jakin-mina), aldarteak, jarrerak eta ezaugarriak ere barne izan ditzaketen[34].

Oinarrizko emozioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emozioen gurpila
Oinarrizko emozioen adibideak

40 urte baino gehiagoz, Paul Ekman-ek emozioak diskretuak, neurgarriak eta fisiologikoki desberdinak direla bultzatu du. Ekman-en lan eragingarriena izan zen emozio batzuk unibertsalki onartuak zirela aurkitzearen inguruan, baita alfabetatu aurreko kulturetan eta ikus-komunikabideen bidez aurpegi-adierazpenetarako espresioak ikasi ezin izan zituzten kulturetan ere. Beste ikerketa klasiko batek aurkitu zuen parte-hartzaileek aurpegi-adierazpen desberdinekin bat datozen esperientzia subjektibo eta fisiologikoen berri ematen zutela aurpegiko muskuluak aurpegi-adierazpen desberdinetan okertzen zituztenean (adibidez, nazka). Ekman-en aurpegi-adierazpenaren ikerketak oinarrizko sei emozio aztertu zituen: haserrea, nazka, beldurra, zoriontasuna, tristura eta Ustekabe[35].

Ikerketa batean, aurretiko autoreen ekarpenetatik abiatuta, Ekman eta kolaboratzaileek (1983) sei emozio unibertsal eta biologikoki oinarrizko desberdinetarako patroiak proposatu zituzten.

Oinarrizko emozioen zerrenda hau proposamen onartuen bihurtu zen, Sei Emozio Handiak (The Big Six) izena jasoz. Bi modutan kontsideratzen dira oinarrizkoak, psikologikoki zein biologikoki, ez baitituzte beste emozio batzuk barne hartzen eta jaiotzetikoak direlako. Ekman eta kolaboratzaileek ondorengo ikerketak ekarri zituzten; emozio desberdinen arteko patroien ikerketa, nerbio-sistema autonomoaren erantzunak... Hala ere, ondorengo ikerketen arabera, nerbio-sistema autonomoaren erantzunak testuinguruaren arabera alda daiteke; ondorioz, oinarrizko emozioen izateak ere eztabaidan jarraitzen du oraindik.

Geroago, bere ibilbidean[36], Ekmanek sei hauetatik haratago beste emozio unibertsal batzuk egon daitezkeela teorizatu zuen. Horren harira, Daniel Cordarok eta Dacher Keltner-ek (Ekmanen ikasle ohiek) zuzendutako azken kultur arteko azterketek emozio unibertsalen zerrenda zabaldu zuten. Jatorrizko seiez gain, ikerketa horiek dibertsioa, beldurra, poztasuna, desira, lotsa, mina, lasaitasuna eta sinpatia eman zituzten aurpegiko zein ahotseko adierazpenetan. Halaber, Asperraldi, nahasmendu, interes, harrotasun eta lotsaren aurpegi-adierazpenen frogak ere aurkitu zituzten, baita mespretxu, lasaitasun eta garaipen ahots-adierazpenak ere[37][38][39]. Robert Plutchik ados zegoen Ekmanek bultzatutako biologia ikuspegiarekin, baina emozioen gurpila garatu zuen oinarri positiboan edo negatiboan multzokaturiko zortzi emozio nagusi iradokiz: poza versus tristura; haserrea vs beldurra; konfiantza vs nazka; eta sorpresa vs aurreikuspena[40]. Oinarrizko emozio batzuk alda daitezke emozio konplexuak sortzeko. Emozio konplexuak oinarrizko emozioekin konbinatutako kultur baldintzapenetik edo elkartzetik sor zitezkeen. Bestela, kolore primarioak konbinatzeko moduaren antzera, lehen emozioak nahas zitezkeen giza esperientzia emozionalaren espektro osoa osatzeko. Adibidez, pertsonen arteko haserrea eta nazka nahas daitezke mespretxua sortzeko. Harremanak daude oinarrizko emozioen artean, eta eragin positiboak edo negatiboak eragiten dituzte[41].

Jaak Panksepp-ek biologikoki heredatutako lehen sistema afektiboak landu zituen: bilaketa itxaropena), beldurra (antsietatea), amorrua (haserrea), lizunkeria (sexu ilusioa), zainketa (ardura), izua/atsekabea (tristura), eta jokoa (poz soziala), eta, afektua sortzeko, Core-self (norbere muina) izenarekin ezagutzen dena proposatu zuen[42].

Metaanalisiaren emaitzak nerbio-sistema autonomoan sentimendu positiboak eta negatiboak bereizi egin daitezkeela diote, baina ez emozio zehatzak. Bestalde, beste metaanalisiak espezifikotasuna erakusten du beldurra eta haserrearen artean.

Analisi multidimentsionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorting emotions into unpleasant-pleasant and activated-calm.
Emozioen bi dimentsio, erabilpen praktikorako irisgarriak[43]

Psikologoek faktore-analisia bezalako metodoak erabili dituzte emozioekin lotutako erantzunak dimentsio kopuru mugatuago batean mapan sartzen saiatzeko. Horrelako metodoek saiatzen dira esperientzien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak jasotzen dituzten azpiko dimentsioetara murrizten emozioak[44]. Sarritan, faktore-analisiak agerian uzten dituen lehen bi dimentsioak dira: balentzia (esperientzia negatiboa edo positiboa sentitzen den) eta kitzikapena (esperientzia zenbateraino energizatua edo ahuldua sentitzen den). Bi dimentsio horiek 2D-ko koordenatu mapa batean irudika daitezke[4]. Bi dimentsioko mapa horrek muin afektua izeneko emozioaren osagai garrantzitsu bat harrapatzen duela teorizatu da[45][46]. Ez da teorizatzen muin afektua emozioaren osagai bakarra denik, baizik eta emozioari bere energia hedonikoa eta sentitua ematen diola.

Bideo laburren bidez sortutako egoera emozionalak aztertzeko metodo estatistikoak erabiliz, Cowen eta Keltner-ek 27 esperientzia emozional mota identifikatu zituzten: miresmena, adorazioa, estimu estetikoa, dibertsioa, haserrea, antsietatea, txundidura, deserosotasuna, asperraldia, patxada, nahasmendua, Desira, nazka, enpatia. mina, haserrea, zirrara, beldurra, ikara, interesa, poza, oroimina, lasaitasuna, maitasuna, tristura, gogobetetasuna, sexu-nahia eta harridura[47].

Emozioen giza garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisquerraren (2006) arabera, gizakiek etapa hauek jarraitzen dituzte emozioen garapenean:

  • Lehen hilabeteak: jaioberriak emozio positiboak eta negatiboak hautemateko gaitasuna dauka. Emozioak adierazteko gaitasuna izan aurretik, hauek hautemateko gaitasuna badaukatela kontsideratu daiteke.
  • Haurtzaroa: 2 urte dituztenean, enpatia adierazteko gaitasuna daukate; hau da, besteen emozioak zehazki ulertu gabe hauek erakusteko gaitasuna daukate. 4 urte dituztenean, oinarrizko emozioak antzematen dituzte eta hauek erantzun desberdinak eragiten dituztela ere ulertzen dute.
  • Nerabezaroa: etapa honetako alderdi soziala da nagusi. Autobalorazioa garatzen da, besteekiko interakzioaren arabera. Horrez gain, emozio guztiak onargarriak direla ikasten da; emozioek eragiten dituzten erantzun desberdinak onak zein txarrak izan daitezkeela. 11 eta 15 urtera bitartean, emozio propioak eta beste pertsonenak hautematen dira, espresio arauez gain. Hala ere, fase honetan emozioen maneiatzearekin arazoak izan ohi dira.
  • Helduaroa: banakoak emozio propioak zein besteenak hauteman eta maneiatzeko gaitasuna izatea espero da.

Laburtuz, urteak igaro hala, emozioetan aldaketak izaten dira eta hauek banakoaren eta inguruaren hautematea aldatzen dute. Zentzu horretan, kulturak eta gizarteak garrantzi handia dute emozioen adierazpen mailan.

Emozioen aktibazio-maila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonen portaera era handi batean markatzen duen faktorea emozioen barne aktibazio maila da, "arousal" ere esaten zaiona. Subjektuaren beste gaitasun batzuetan ere badauka influentzia; hala nola, atentzio edo arreta gaitasuna. Ondorioz, kontuan hartu behar da ikasketak gestionatzeko garaian.

Adimen emozionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salovey eta Mayer-en (1990) arabera, emozioa metagaitasunen multzo bat da, ikasia izan daitekeena eta 5 oinarrizko dimentsioren inguruan pilatzen direnak, autokontrol gaitasuna, automotibazio gaitasuna, beste pertsonen emozioak hautemateko gaitasuna eta harremanen kontrola. Adimen emozionala garatzeak konpetentzia sozialak handitzen laguntzen duela ematen du, enpatia eta kontrol emozionalaren bitartez.

Inteligentzia-kozientearen eta emozio-kozientearen konbinazioa da psikologia positiboa izendatzen denaren oinarrizko ideia ikasketei dagokionez. Bertan esaten denez, motibazioa eta emozioak elkarlotuta doaz. Ondorioz, oreka emozionalak ikasteko gaitasuna handitzen du. Aldarte baxuek (depresioa) edo handiegiek (haserrea) ikasketa gaitasuna oztopatzen dute. Yerkes-Dobsonen (1908) oinarria horixe bera da, ikasketa gaitasunaren eta emozioen arteko harremana alderantzizko U baten gisa irudikatu zutenak: aktibazio emozionala baxua denean, gutxi ikasiko da; bestalde, aktibazio emozionala handitzen bada puntu egoki batera arte, egokia izango da ikasketa, baina gehiegi handitzen bada ikasketa gaitasunak behera egingo du

Emozioen ikertzaile batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • John Martyn Harlow
  • Charles Darwin
  • William James
  • Carl Lange
  • Charles K. Mills
  • Walter Cannon
  • Philip Bard
  • Heinrich Klüver
  • Paul Bucy
  • James Papez
  • Paul MacLean
  • Paul Ekman

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Panksepp, Jaak (2005). Affective neuroscience: the foundations of human and animal emotions ([Reprint] ed.). Oxford [u.a.]: Oxford Univ. Press. p. 9. ISBN 978-0195096736. Gure sentimendu emozionalek nerbio-sistemaren egoera jakin batzuk subjektiboki bizitzeko dugun gaitasuna islatzen dute. Nahiz eta sentipen kontzienteko estatuak unibertsalki onartuak izan giza afektuen bereizgarri nagusi gisa, animalien ikerketan kontua da ea beste organismoek emozioak sentitzea kontzeptuzko aztoramena baino ez den
  2. (Ingelesez) Damasio, Antonio R. (1998-05-01). «Emotion in the perspective of an integrated nervous system1Published on the World Wide Web on 27 January 1998.1» Brain Research Reviews 26 (2): 83–86. doi:10.1016/S0165-0173(97)00064-7. ISSN 0165-0173. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  3. Ekman, Paul; Davidson, Richard J. (1994). The Nature of emotion: fundamental questions. New York: Oxford University Press. 291–293. or. ISBN 978-0195089448. "Prozesu emozionala, baina ez emozioak, oharkabean gerta daiteke".
  4. a b c Schacter, Daniel L.. (2011). Psychology. New York, NY : Worth Publishers ISBN 978-1-4292-3719-2. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  5. (Ingelesez) Cabanac, Michel. (2002-11-01). «What is emotion?» Behavioural Processes 60 (2): 69–83. doi:10.1016/S0376-6357(02)00078-5. ISSN 0376-6357. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  6. Lisa Feldman Barrett; Michael Lewis; Jeannette M. Haviland-Jones, eds. (2016). Handbook of emotions (Fourth ed.). New York. ISBN 978-1462525348. OCLC 950202673.
  7. Averill, James R. (February 1999). "Individual Differences in Emotional Creativity: Structure and Correlates". Journal of Personality. 67 (2): 331–371. doi:10.1111/1467-6494.00058. ISSN 0022-3506. PMID 10202807
  8. Cacioppo, John T.; Gardner, Wendi L. (1999). "Emotion". Annual Review of Psychology. 50: 191–214. doi:10.1146/annurev.psych.50.1.191. PMID 10074678
  9. (Ingelesez) Cabral, João Carlos Centurion; de Almeida, Rosa Maria Martins. (2022-06). «From social status to emotions: Asymmetric contests predict emotional responses to victory and defeat.» Emotion 22 (4): 769–779. doi:10.1037/emo0000839. ISSN 1931-1516. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  10. (Ingelesez) Scherer, Klaus R.. (2005-12). «What are emotions? And how can they be measured?» Social Science Information 44 (4): 695–729. doi:10.1177/0539018405058216. ISSN 0539-0184. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  11. (Ingelesez) Annual Review of Sociology. 2023-01-02 (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  12. Barrett, Lisa Feldman; Mesquita, Batja; Ochsner, Kevin N.; Gross, James J.. (2007). «The Experience of Emotion» Annual review of psychology 58: 373–403. doi:10.1146/annurev.psych.58.110405.085709. ISSN 0066-4308. PMID 17002554. PMC 1934613. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  13. Reitsema, Anne Margit; Jeronimus, Bertus F.; van Dijk, Marijn; de Jonge, Peter. (2022). «Emotion dynamics in children and adolescents: A meta-analytic and descriptive review» Emotion 22 (2): 374–396. doi:10.1037/emo0000970. ISSN 1528-3542. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  14. Kagan, Jerome (2007). What is emotion?: History, measures, and meanings. Yale University Press. 10-11. or.
  15. Mossner, Ernest Campbell (2001). The Life of David Hume. Oxford University Press. 2. or. ISBN 978-0-199-24336-5
  16. Hume, David (2003). A treatise of human nature. Courier Corporation[ISBN missing]
  17. «EMOTION | Definition of EMOTION by Oxford Dictionary on Lexico.com also meaning of EMOTION» web.archive.org 2021-10-09 (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  18. Schacter, D.L., Gilbert, D.T., Wegner, D.M., & Hood, B.M. (2011). Psychology (European ed.). Basingstoke: Palgrave Macmillan
  19. Scarantino, Andrea; de Sousa, Ronald. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Emotion» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  20. Graham, Michael C.. (2014). Facts of life : ten issues of contentment. Outskirts Press ISBN 978-1-4787-2259-5. PMC 921891399. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  21. Graham, Michael C.. (2014). Facts of life : ten issues of contentment. Outskirts Press ISBN 978-1-4787-2259-5. PMC 921891399. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  22. Fox E (2008). Emotion Science: An Integration of Cognitive and Neuroscientific Approaches. Palgrave MacMillan. pp. 16–17. ISBN 978-0230005174
  23. Graham MC (2014). Facts of Life: ten issues of contentment. Outskirts Press. ISBN 978-1478722595
  24. a b Hume, D. Emotions and Moods. Organizational Behavior, 258–97
  25. Fehr B, Russell JA (1984). "Concept of Emotion Viewed from a Prototype Perspective". Journal of Experimental Psychology: General. 113 (3): 464–486. doi:10.1037/0096-3445.113.3.464
  26. (Ingelesez) Emory, Margaret. (2018-06-07). «On Fear, Emotions, and Memory: An Interview with Dr. Joseph LeDoux» Brain World (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  27. Fox E (2008). Emotion Science: An Integration of Cognitive and Neuroscientific Approaches. Palgrave MacMillan. pp. 16–17. ISBN 978-0230005174
  28. Fox E (2008). Emotion Science: An Integration of Cognitive and Neuroscientific Approaches. Palgrave MacMillan. 16–17. or. ISBN 978-0230005174
  29. Hume, D. Emotions and Moods. Organizational Behavior, 258–97
  30. «emotion» web.archive.org 2014-05-23 (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  31. Ekman P (1992). "An argument for basic emotions" (PDF). Cognition & Emotion. 6 (3): 169–200. CiteSeerX 10.1.1.454.1984. doi:10.1080/02699939208411068. Archived from the original (PDF) on 15 October 2018. Retrieved 25 October 2017
  32. (Ingelesez) «Listening to Your Authentic Self: The Purpose of Emotions» HuffPost 2015-10-21 (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  33. (Ingelesez) Evolutionary approaches to depression. 2023-01-01 (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  34. Schwarz, N.H. (1990). "Feelings as information: Informational and motivational functions of affective states". Handbook of motivation and cognition: Foundations of social behavior, 2, 527–561.[ISBN missing]
  35. Shiota, Michelle N.. (2016). «Ekman’s Theory of Basic Emotions» The SAGE Encyclopedia of Theory in Psychology (SAGE Publications, Inc.): 249–250. doi:10.4135/9781483346274.n85. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
  36. (Ingelesez) Ekman, Paul; Cordaro, Daniel. (2011-10). «What is Meant by Calling Emotions Basic» Emotion Review 3 (4): 364–370. doi:10.1177/1754073911410740. ISSN 1754-0739. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  37. (Ingelesez) Cordaro, Daniel T.; Keltner, Dacher; Tshering, Sumjay; Wangchuk, Dorji; Flynn, Lisa M.. (2016-02). «The voice conveys emotion in ten globalized cultures and one remote village in Bhutan.» Emotion 16 (1): 117–128. doi:10.1037/emo0000100. ISSN 1931-1516. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  38. (Ingelesez) Cordaro, Daniel T.; Sun, Rui; Keltner, Dacher; Kamble, Shanmukh; Huddar, Niranjan; McNeil, Galen. (2018-02). «Universals and cultural variations in 22 emotional expressions across five cultures.» Emotion 18 (1): 75–93. doi:10.1037/emo0000302. ISSN 1931-1516. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  39. Keltner, Dacher; Oatley, Keith; Jenkins, Jennifer M (2019). Understanding emotions. ISBN 978-1119492535. OCLC 1114474792
  40. (Ingelesez) Plutchik, Robert. (2000). Emotions in the practice of psychotherapy: Clinical implications of affect theories.. doi:10.1037/10366-000. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  41. (Ingelesez) Plutchik, Robert. (2001). «The Nature of Emotions» American Scientist 89 (4): 344. doi:10.1511/2001.4.344. ISSN 0003-0996. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  42. (Ingelesez) Panksepp, Jaak; Biven, Lucy. (2012-09-17). The Archaeology of Mind: Neuroevolutionary Origins of Human Emotions (Norton Series on Interpersonal Neurobiology). W. W. Norton & Company ISBN 978-0-393-70731-1. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  43. Scherer, Klaus R.; Shuman, Vera; Fontaine, Johnny R. J.; Soriano, Cristina (2013), "The GRID meets the Wheel: Assessing emotional feeling via self-report1", Components of Emotional Meaning, Oxford University Press, pp. 281–298, Doi:10.1093/acprof:oso/9780199592746.003.0019|doi:10.1093/acprof:oso/9780199592746.003.0019]] ISBN 978-0199592746, archived from the original on 29 January 2020, retrieved 20 December 2019
  44. Osgood CE, Suci GJ, Tannenbaum PH (1957). The Measurement of Meaning. Urbana, Illinois: University of Illinois Press. ISBN 978-0252745393
  45. Russell JA, Barrett LF (May 1999). "Core affect, prototypical emotional episodes, and other things called emotion: dissecting the elephant". Journal of Personality and Social Psychology. 76 (5): 805–819. doi:10.1037/0022-3514.76.5.805 . PMID 10353204.
  46. Russell JA (January 2003). "Core affect and the psychological construction of emotion". Psychological Review. 110 (1): 145–172. CiteSeerX 10.1.1.320.6245 doi:10.1037/0033-295X.110.1.145 . PMID 12529060
  47. Cowen AS, Keltner D (2017). "Self-report captures 27 distinct categories of emotion bridged by continuous gradients". Proceedings of the National Academy of Sciences. National Academy of Sciences. 114 (38): E7900–7909. Bibcode:2017PNAS..114E7900C doi:10.1073/pnas.1702247114 ISSN 0027-8424 PMC 5617253 PMID 28874542

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]