Arte plastikoak

Arte plastikoak artelan bat sortzeko teknika desberdinen bidez artistak aldatu edo molda ditzakeen materialak erabiltzen dituzten arteak dira. Arte plastikoen bidez, gizakien irudimenaren edo errealitatearen ikuspegiaren produkturen bat islatzen duten obrak ekoizten dira, baliabide plastikoak erabiliz. Transformatua den euskarri edo ekaia erabiltzen duten arte motak arte plastikoen multzoan biltzen dira, besteak beste margolaritza, marrazkigintza, eskultura edota arkitektura. [1]
Tradizionalki, Artea bitan banatzen zen: Arte Ederrak (pintura, eskultura, arkitektura eta arte txikiak edo arte aplikatuak, grabatua eta urregintza bezalako artisau-lanek irudikatuak. Denboraren poderioz, sailkapen hori ez zen nahikoa izan sortzen joan ziren arte-forma berriak hartzeko. [2]
XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan arte kontzeptuala agertu zenean, kontzeptuak gainditu egin zuen objektuak izan behar zuen forma, eta eskura zeuden bitarteko guztiak hura gauzatzeko egokitzat jo ziren, arte-ekoizpena sorkuntza-prozesuan zentratuz. [3]
Konposizio-elementuei dagokienez, arkitekturan espazioak dira, eskulturan bolumenak, pinturan kolore nahiz ehundurak, eta marrazkian lerroa edo argiluna. Arkitekturak hiru dimentsioak behar ditu; eskulturak eta arte-instalazioak, berriz, hiru edo lau dimentsio erabil ditzakete, mugimendua eta, ondorioz, denbora barne hartzen baditu. Pintura, beiratea, tapiza, argazkia, collagea eta marrazki lanak tradizioz gainazaletan egin izan dira (kupula bateko hormak, oihalak, papera, kartoia, zura). Giza gorputzak barne hartzen dituen ekintza eta arteak mugak hausten ditu arte eszeniko garaikideekin.
Arte plastikoak terminoa lausoa den arren, askotan arte aplikatuen kontra edo praktika herrikoi, amateur, artisau edo komertzialetatik bereizteko erabiltzen da. Termino hau arte garaikidean bere burua plastikotzat jotzen duten artisten erabileragatik nagusitu da, musika, antzerkia, zinema, dantza, literatura edota arkitektura bezalako beste arte familia batzuekiko bereizteko asmotan.
Ikus, halaber
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) «Les arts plastiques : de quoi s'agit-il ? | Enseignement des ARTS PLASTIQUES» pedagogie.ac-toulouse.fr (kontsulta data: 2026-07-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tocavén, Zully. (1992). Expresión plástica. Editorial Limusa ISBN 978-968-18-4051-8. (kontsulta data: 2026-07-27).
- ↑ (Katalanez) «L’art com a pràctica» discoveringart.eu (kontsulta data: 2026-07-27).