Edukira joan

Asurbanipalen lehoi ehiza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Asurbanipalen lehoi ehiza
Jatorria
Ezaugarriak
Kokapena
JabeaBritish Museum

Asurbanipalen lehoi ehiza asiriar artelan ezagun bat da, behe-erliebez osatua. Jatorrizko kokapena Niniveko Iparraldeko Jauregia zen, baina orain Londresen dago, British Museumean hain zuzen ere[1].

Artelana K.a. 645 eta 635 urteen artean egin zuten, eta bertan Asurbanipal erregea agertzen da lehoiak ehizatzen. Harzuria eta igeltsua erabili zuten behe-erliebeak egiteko. Ziurrenik margotuta egon zen.

Lehoien ehiza Asirian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Asurbanipal erregea eta haren soldaduak.

Ohikoa zen Asiriako erregeek lehoi ehizak egitea, haiek baino e zuten baimenik horretako. Aurkituriko buztinezko taulatxo batean esaten da probintzietan hesitura batean lehoia sartzen bazen, harrapatu eta txalupaz erregearen jauregira eraman behar zela. Aurreko Sumerren garaitik zetorren lehoiekiko miresmen erlijioso hura. Mesopotamiako literaturan ere aipatzen da, Gilgamexek ere borrokatu zuen lehoi baten aurka[2].

Ehizaldi hauek erritual gisa ulertu behar dira, erregeak piztiek sinbolizatzen duten Gaizkiaren indarrak garaitzen zituen jainkoek aginduriko ordena mantentzeko eta haren lurretara emankortasuna ekartzeko. Eremu itxi batean askatzen ziren lehoiak, asiriar soldaduek xaxatu egiten zituzten erregearen taldera eramanez eta hauek akatu egiten zituzten. Asurbanipalen erliebetan ikusten denez hiru eratan ehizatzen ziren lehoiak, arku eta geziaz, lantzaz edota ezpataz[3].

Behe-erliebe hauek baino bi mende lehenago dagoeneko Asurnasirpal II.a erregeak Nirmud hiriko jauregian enkargatu zituen ehizaldi baten erliebeak[4]. Asurnasirpal II.ak dio lehoikumeak hartu eta hazi egin zituela ondoren ehizatzeko. Badirudi hori ere ohikoa zela[5].

Ehizaldi hauek mendeetan jarraitu bazuten ere mesopotamiako lehoiek bizirik iraun zuten, 1918an azkena hil zen arte[6]. Gaur egun asiar lehoia Indian baino ez da gelditzen.

Hormuzd Rassam irakiarrak aurkitu zituen eta 1852 eta 1854 artean indusketak egin zituen. 1854-1855 artean William Loftus ingelesak jarraitu zituen indusketak eta behe-erliebe gehienak British Museumera bidali zituen[7]. Berehala bihurtu ziren museoko artelan gogokoenetakoa.

British Museumeko 10. aretoan daude Asurbanipalen lehoi ehizako behe-erliebeak.

Behe-erliebeak jauregiaren paretako horman zabaltzen ziren eta hainbat eszenaz osaturik daude.

Ehiza erliebe horietako batzuek lauzaren altuera guztia hartzen dute eta horma horizontal luze bakarra osatzen dute. Hiru eszena handi errepresentatzen dira horrela:

  • Soldaduak ikusten dira muino batera igotzen ehizaldiaren ikuspegi ona izateko asmoz eta arriskua saihestu nahian. Muinoaren gainean eraikin bat dago, hark ere lehoi ehizaren erliebeak dituela. Badirudi ehiza prestatzeko eta ondoren atseden hartzeko etxola bat zela.
  • Erregea ehizarako prestatzen ikusten da. Gurdian sartuta dago eta zaldizainek zaldiei eusten diete. Inguruan ehiztariak ditu mastin txakurrez eta lantzaz hornituta eta lehoiak gehiegi hurbildu ez daitezen zain daude.
  • Eszena handienean erregea gurdian lehoiak ehizatzen ikusten da, 18 lehoi ikusten dira, gehienak zaurituta edo hilda.

Gainerako behe-erliebeak bitan zatituta daude gainaldea eta behealdea marra batez banaturik. Ikusten diren irudiak txikiagoak dira. Lehoiak kaioletatik ateratzen ikusten dira eta baita ere erregea lehoi hilen gainean likido bat isurtzen. Erliebe hauetako batzuk Parisen edo Berlingo Pergamo Museoan daude gaur egun eta beste batzuek ez dira kontserbatzen, bai aldiz haiek irudikatzen dituzten marrazkiak. Beste erliebe batzuetan soldaduak gazela batzuk xaxatzen ikusten dira eta erregea zuloan ezkutatuta arku eta geziaz gazela ehizatzeko prest[7]. Bada komiki baten biñeta gisa, erregea lehoi bera ehizatzen duen hiru eszena: lehoia kaiolatik ateratzen, erregearen bila joaten eta erregearen gainera salto egiten[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «I am Ashurbanipal king of the world, king of Assyria | British Museum» www.britishmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2024-07-05).
  2. Txantiloi:Gb «Gilgamesh and the lion» Temarte (Noiz kontsultatua: 2024-07-05).
  3. Hugh Honour eta John Fleming. (1982). A World History of Art. Macmillan, London ISBN 0-333-37185-2..
  4. Reade, Julian. (1998). Assyrian Sculpture. The British Museum Press ISBN 978-0-7141-2141-3..
  5. Oates, D. and J. Oates. (2001). Nimrud, An Assyrian Imperial City Revealed. London: British School of Archaeology in Iraq ISBN 978-0-903472-25-8..
  6. Hatt RT. (1959). The mammals of Iraq. Ann Arbor: Museum of Zoology, University of Michigan.
  7. a b c "Grove": Russell, John M. (2016). "c 1000–539 BC., (i) Neo-Assyrian." in Dominique Collon, et al. "Mesopotamia, §III: Sculpture.". Grove Art Online, Oxford Art Online, Oxford University Press,.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]