British Museum

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
British Museum
British Museum
British Museumaren sarrera
Herrialdea  Erresuma Batua
Hiria Londres
Helbidea Great Russell Street (WC1B 3DG)
Koordenatuak
British Museum hemen kokatua: Londres
British Museum
British Museum
British Museum (Londres)
Irekitze data 1753
www.britishmuseum.org


Elisabet II.aren Atrio Handia.
Errege liburutegia.

British Museum (ingelesezko Britainiar Museoa) Londres eta Erresuma Batuko museorik handiena da, baita munduko ospetsuenetarikoa ere. 1759ko urtarrilaren 15ean ateak ireki zituenez planetako museorik zaharrena da. Ordutik zabalkuntza prozesu asko izan ditu eta ia 7 milioi bisitari izatera heldu da. Munduko laugarren museorik bisitatuena da eta Erresuma Batuko lehena.

Kontinente guztietatik jasotako zortzi milioi objektu baino gehiago ditu. Horietariko asko eta asko ez dira erakusten, birgaitze edo berrikuntza prozesuetan baitaude. Horrez gain, Liburutegi Britainiarreko irakurketa gelarik handiena ere badu museoak, 1997arte hor egon baitzen kokatua aipatutako liburutegia. Gaur egun, liburutegi honek badu bere egoitza propioa. Gauza bera aipatu beharra dago Londresko Historia Naturalaren Museoari buruz, 1963tik beste eraikin baten baitago.

Munduko bildumarik aipagarrienetakoa du Britishak. Arte egiptoarrari buruzko bilduma munduko nabarmenena da, Kairoko Museo Egiptoarraren ostean, beti ere. Museoko sarrera doan da, baita bestelako zerbitzuak ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandan jaiotako Hans Sloane (1660-1753) fisiko eta naturalista britainiarrak bizitzan zehar bitxikeria ugari eskuratu zituen eta bera hil ondoren bilduma zatituko zenaren beldur zenez Jurgi II.a erregeari 20.000 liberatan saldu zizkion. Ordurako mota guztietako 71.000 objetu bazituen Sloanek, tartean 40.000 liburu, 7.000 eskuizkribu, landare lehortuen 337 album eta aintzinako erresumetako altxor ugari.

Sloane hil zenean Jurgi II.ak parlamentuaren oniritziz British Museuma eratu zuen. Sloanek utzitakoari bi liburu bilduma gehitu zizkion, Robert Cotton-ena (Liburutegi Cottoniarra), eta Oxfordeko Earlena (Liburutegi Harleyarra). 1757an Liburutegi biek bat egin zuten Errege Liburutegia bihurtuz. British Museuma munduko lehena izan zen Elizari edo Erregeari ez zegokiona, publikoarentzako doan ezarri zen beraz.

Bilduma berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urteetan objetuen kopurua handitzeari ekin zion. Horretan lagundu zuten James Cook-ek hegoaldeko itsasoetako bidaietatik ekarritako elementu bitxiek, Clayton Mordaunt Cracherode-ren marrazkiek eta bereziki William Hamilton Erresuma Batuak Napolesen zuen enbaxadoreak ekarritako erromatar eta greziarren objetu bildumak.

1801ean britainiarrek frantsesak Niloko borrokan garaitu zituztenean Ejiptoko eskultura ugari ekarri zituzten eta denen artean modu berezian aurkeztu ziren Rosetta harria (1802an) eta Ramses II.aren soingaina (1818an). Ondoren etorriko ziren Asia txikiko hilobi eta mausoleoak (1840an) eta Asiriako eskulturak (1857an).

Ordura arte urruneko lurraldeetan zentratu zen baina 1851ean Augustus Wollaston Franks-ek Ingalaterra eta Europako aurrehistoriako eta Erdi Aroko objetuak eskuratu zituen museoarentzako.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako museoa Montagu jauregian ezarri zen baina txiki gelditu zen eta 1852an eraikin berria altxatu zen Robert Smirk-ek estilo neoklasikoan diseinatu zuena. 1857an bukatu ziren lanak erdiko gela zirkularra amaitzean. Sarrerako frontoian Richard Westmacott eskultore britainiarraren eskultura multzoa ezarri zen. Dena den hainbeste ziren museoak eskuraturiko erakusgaiak tokirik gabe gelditu zirela eta 1887an pieza naturalak Historia Naturalaren Museora eramatea erabaki zuten. 1895ean museoaren inguruko 69 etxe eskuratu zituzten eraitsi eta museoaren gehigarriak altxatzeko.

2000 urtean Elisabet II.aren Atrio handia eraiki zuen Norman Fosterrek, Europako enparantza estali handiena da. Atrioaren erdian Liburutegi Britainiarra dago.

Mintegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamar mintegik osatzen dute museoa:

  • Aurrehistoriako mintegia
  • Mintegi erromatar-britainiarra
  • Erdi Aroko mintegia
  • Txanpon eta dominen mintegia
  • Ejiptoko mintegia
  • Etnografia mintegia
  • Erromatar eta greziar objetuen mintegia
  • Ekialdeko mintegia: Islamaren herrialdeak eta Txina bereziki
  • Aintzinako Asiako mintegia
  • Kontserbazio mintegia

Bilduma aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informazio praktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Helbidea: Great Russell Street, Londres WC1B 3DG
  • Museoaren ordutegia: larunbatetik ostegunera 10:00-17:30, ostiraletan 10:00-20:30
  • Atrio Handiaren ordutegia: larunbatetik ostegunera 9:00-18:00, ostiraletan 9:00-20:30
  • Metro geltokia: Central line roundel (no text).svg Northern roundel1.PNG Tottenham Court Road

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: British Museum Aldatu lotura Wikidatan