Azpikoetxea paper-errota

Koordenatuak: 43°03′11″N 2°19′50″W / 43.053°N 2.3305°W / 43.053; -2.3305
Wikipedia, Entziklopedia askea
Azpikoetxea paper-errota
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaLegazpi
Koordenatuak43°03′11″N 2°19′50″W / 43.053°N 2.3305°W / 43.053; -2.3305
Map
Arkitektura

Azpikoetxea paper-errota Legazpiko eraikina da, Papelera Patricio Elorza, S.A.ren pabilioietako bat zena[1].

2009ko urtarrilaren 21an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpikoetxea eraikina XX. mendearen lehen hereneko hormigoi armatuzko lantegien artean dago, Urola ibaiaren aldamenean. Azpikoetxea eraikinak alboetako eraikinekiko duen aldea da sarrerako fatxada landu gabeko harriz egindakoa dela, hain zuzen ere XIX. mendean jasotako eraikinak zuena bera. Eraikin horretan XIX. mendean papera egin zuten. Oina laukizuzena duen eraikina da Azpikoetxea, eta teilatua, berriz, bi uretakoa, fatxada nagusiaren paralelo bi bizkar dituena; fatxada hori, gainera, ezkerretara duen pabilioiaren barruan sartuta dago. Beheko solairua eta beste bi solairu ditu, eta zati batean baita sotoa ere. XX. mendean aldatu egin zuten barneko aldea, eta harlauzak eta hormigoi armatuzko zutabeak eta habeak sartu zituzten, burdinazko habeekin eginak. Teilatuari egitura metalikoa jarri zioten. Fatxada nagusian hiru hutsune daude, harlanduzko ateburuak dituztenak, eta Elorza familiaren armarria ere badago bertan. Erdiko ardatza zertxobait nabarmentzen da, eta beheko solairuan handiagoa den sarbide bat ageri da, gaur egun itxita dagoena, eta lehen solairuan balkoia du. Beheko solairuak eta lehenengoak agerian dute landu gabeko harriz egindako pareta, eta bigarren solairua gris kolorez entokatuta dago. Fatxada nagusian, urteetan zehar izandako aldaketak ageri dira: beheko solairuan sarrera nagusia itxita dago, eskuineko aldean beste sarrera bat egin da eta altuera areagotu egin dira. 1928. urtean, eraikina eraberritu egin zuten, ibai alderantz handitu, hormarte bat erantsi eta solairu bat gehiago jarri zioten. Alboetako fatxadak mehelinak dira; ezkerrekoa alboko eraikinean sartuta dago, eta tarte batzuk irekita ditu, eta eskuinekoak goiko solairuan baino ez ditu leihoak; beheko solairuan, berriz, arku itxurako baoa ageri da. Atzeko aldeko fatxada handitu egin zen, eta errekaren aldera dagoen itxitako fatxada da, nahiz eta hutsune horizontal batzuk dituen.

Azken garaian, xehatzeko gela, fintzekoa, eta motorren eta transmisioen gela egon zen bertan. Sotoan turbinarentzako erabiltzen zen garai bateko azpiegitura hidraulikoa dago oraindik ere. Azken garaian, eraikin hau errotak eta zilindroak zeuden eraikin gisa zen ezagutua. Makinak mugiarazteko indar gisa, batetik Azpikoetxeko ur-saltoaren indarra erabiltzen zuen, baina baita diesel motorrak eta lurrunezko turbina bat ere.

Jarraian, eraikinean dauden makinak eta fabrika-obrak deskribatuko ditugu, eta baita eraikinaren barruan dagoen azpiegitura hidraulikoa ere, horiek guztiek osatzen baitute kultur arloko interesa duen ondasun higigarrien multzoa. Guztiak ere Azpikoetxea deituriko eraikinaren solairuren batean daude.

Sotoa:

XIX. mendean paper-fabrika eraikitzeko oinarritzat hartu zen errotaren ur-jauziari dagokion azpiegitura hidraulikoaren fabrika-obra da.

Behe-solairua:

  • Lehen solairuan dauden makinak martxan jartzen zituzten motorrei eusteko puntuen fabrika-obra dago.
  • Azpiegitura hidraulikoa

Lehenengo solairua:

  • Harrizko lau errota, hormigoi armatuzko upeldunak, 2,5 metroko diametroa eta 0,6 metroko altuerakoak. Bakoitzak bi harri ditu, 1400 x 450 neurrikoak.
  • Fintzeko bi aska, 250 kg ore lehorrentzako. Horietako bat Esteban Gorostidi markakoa da, diametroa metro betekoa du eta hasieran motor elektriko bati lotua zegoen. Fintzeko bigarren askak antzeko ezaugarriak ditu, eta hori ere hasiera batean motor elektriko bati lotua zegoen.
  • Bi bahe dardarkari, 1,7 m X 0,60 m X 0,20 m-ko neurria dutenak. Bahea sabaitik zintzilik dago, egurrezko kutxa baten barruan, eta kontramartxako lau burdinarekin dago lotuta. Burdina horietako bakoitzak bere motorra du, mugiarazi egiten zuen bahea, eta horren bidez paperaren orea eta zikinak bereiztu egiten ziren.
  • 2,20 eta 1,60 metroko Pulp Masterra, metalezko lau oinen gainean dagoena, eta oinarria obran egindakoa.
  • Orea garraiatzekoa. Hasieran lau gurpildun gurdi txiki batetik zintzilik egoten ziren metalezko lau ontziak geratzen dira oraindik; desbideratze erraza zuen bide batean mugitzen ziren.

Bigarren solairua: Kolak prestatzea.

  • Hormigoi armatuzko hiru biltegi.
  • Txapazko nahasgailua, mugiarazle bertikala eta hodibihurriak dituena.

Zama-jasogailua:

Kabina irekia dauka, 1700 X 1150 X 1000 neurrikoa, kontrapisuen bidez orekatua. Kable bidez mugiarazten da, vis sin fin erreduktorearen bidez mugiarazitako danbor batean biltzen diren kable bidez, eta Siemens motor elektrikoa du, 5,5 CV 950 rpm ezaugarriak dituena; galga elektriko magnetikoa eta etengailu automatikoak, hartunedunak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa