Bakea gudan
| Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa | |
|---|---|
| Datuak | |
| Idazlea | Joxe Azurmendi (2012) |
| Generoa | Saiakera |
| Herrialdea | Euskal Herria |
| ISBN | 978-84-15313-19-9 |
"Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa" Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako saiakera liburua da.
Liburu honetan Paz en la guerra eleberria aitzakitzat hartuta, Unamunoren pentsamenduan sakondu du. Unamunoren aipatu eleberria azkeneko karlistadari eta, bereziki, Bilboko setioari buruzko nobela da eta, ondorioz, karlismoa vs. liberalismoa gatazkaren interpretazio saio bat. Hala, bada, Euskal Herriaren eta Modernitatearen interpretazio saioa.
Azurmendik nobela horretan aurkitzen den filosofia aztertuko du. Ondorioztatuko du Unamunok XIX. mendeko ikuspegiarekin aztertu eta baztertu zuela euskal arazoa. Paz en la guerra idatzi zuenean Unamunok Herbert Spencerek baldintzatutako historiaren ikuspegi positibista zuen. Horren arabera historia pasiboa da, ez dago ekiterik eta natura bera da borroka egiten duena bakearen bila. Ikuspegi horrekin historia baino intra-historia intetesgarriagoa zitzaion Unamunori baina azkenean atzean utzi zuen naturazkoa bai baina historiarik ez omen zuen Euskal Herria.
1897an jasan zuen krisiaren ondoren Unamunoren fase existentzialista interesgarria hasiko da baina jada Espainia eraikitzeari lotuta izango da.
Azurmendiren hitzetan Unamunoren filosofia kritiko berri hori gerraondoko euskal pentsamenduak aplikatu zion Euskal Herriari, Txillardegik kasu.
Unamunoren hiru berreskurapen modu azaltzen ditu Azurmenfik liburuaren azken atalean. Lehena katolizismo frankista ofizialaren aurkako Unamunoren berreskurapena litzateke, benetako katoliko gisa. Unamunoren fede angustiatu existentzialista goraipatu nahi da. Horretan saiatu zen, adibidez, Karlos Santamaria.
Bigarren berreskurapenak Unamuno euskaldun gisa ulertu nahi du. Euskalduntasuna ulertzeko modu berriaren ordezkari gisa hartu nahi da Unamuno hor. Unamuno tragikoa da, eta ordura arteko euskaldun idealizatuaren aurka, eredu berria eraikitzeko baliagarria zen. Horretan aritu zen Salbatore Mitxelena bere Unamuno ta Abendats (1958) saiakeran, adibidez.
Hirugarren berreskurapena Unamuno kritikoa, egiatia, mito eta uste onen apurtzailea eta ezkertiarra litzateke. Ikuspegi hori hartu zutenen artean ezagunena Txillardegi da. Txillardegik berak aipatzen du, Unamuno eragille (1957) artikuluan, Unamuno eta bere existentzialismoak gazteen artean izan zuen eragina.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Azurmendi, Joxe (2012): "Unamunoren atarian" in Alaitz Aizpuru (koor.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9