Barbazana kapera

Koordenatuak: 42°49′11″N 1°38′25″W / 42.81963°N 1.64026°W / 42.81963; -1.64026
Wikipedia, Entziklopedia askea
Barbazana kapera
Iruñeko Alde Zaharra
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°49′11″N 1°38′25″W / 42.81963°N 1.64026°W / 42.81963; -1.64026
Map
Ondarea

Barbazana kapera Iruñeko katedraleko klaustroan dagoen kapera bat da, Arnaldo Barbazan apezpikuak sustatu zuena. Egun (eta azken mendeetan), kapera gisa erabiltzen da, eta apezpiku sustatzailearen gorpuzkinak bertan dautza. Hala ere, kokapenagatik, apainduraren aberastasunagatik eta ate-leihoak klaustrora begira egoteagatik, irudi du hastapenean kapitulu-aretoa eta judizio-aretoa izan zela.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntzari buruzko lehendabiziko datu dokumentalak 1378koak badira ere, dagoen tokian egonda (klaustroko ekialdeko atalari lotuta) eta gainerakoaren apaindura bera edukita, pentsatzekoa da klaustro gotikoarekin batera edo geroxeago hasi zela eraikitzen (XIII. mendearen bukaeran).

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kripta bat dauka azpian, egin zena lurraren desnibela berdintzeko. Oinplanoan, karratua da, eta erdian pilare oktogonal bat dauka, kapitel leunekoa. Hortik zortzi arku abiatzen dira, ganga lau tartetan banatzen dutenak. Lurretik 6 bat metrora dago ganga. Kripta, egun, ehorztegia da. Hormei atxikitako nitxoetan Iruñeko zenbait apezpiku dautza.

Kripta gaineko kaperara klaustrotik sartzen da, ate zabal batetik. Aldamenetan, trazeria finez apainduriko leiho bana dago. Apaindura mota hori oso ohikoa izan zen XIV. mendeko kapitulu-aretoetan. Barneko espazioa karratua da oinplanoan, baina altuera batetik goiti oktogonala da, bazterretako tronpei esker.

Zortzi puntako izar-ganga bat dauka estalki, tertzeleteen, loturen eta nerbioen nahasketa katramilatu bat duena. Zenbait puntutan giltzarriak daude, baina denetan erdiko giltzarria nabarmentzen da, Ama Birjinaren erliebe polikromatua baitu. Hormei atxikitako mentsulek eusten diote gangari, non animaliak baitaude irudikaturik.

Kanpoaldean lau aldeko dorre bat da, hamabi kontrahorma sendo dituena. Erremate gisa, piramideak ditu pinakulu. Horietako bat handiagoa eta garaiagoa da, eta haren barnean eskailera kiribila dago. Kontrahormen artean, arku puntadunen galeria bat dago, teilatu baten azpian.

Kaperaren barnealdean, erretaula manierista bat zegoen lehen, egun Madrilgo eliza batean dagoena. Aldamenetan zeuden bi erretaulak, aldiz, katedralaren barnean daude egun. Kaperan Kontsolamenduaren Andra Maria paratu zen, XIV. mendearen lehenbiziko hereneko irudi gotiko bat, jantokitik ekarria.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]