Erretaula
Erretaula | |
---|---|
visual artwork (en) ![]() | |
![]() | |
Honen parte | aldare |
Erretaula (latinetik: retro tabula altaris, «aldare atzeko ohola») edo eliz oholtza aldare atzean ezartzen den atal bat da, margolanez eta eskulturez osatua.
Erretaulak tamaina askotakoak izan daitezke, altzari izatetik aldare atzeko horma guztia estaltzeraino. Altzari badira, atal mugikorrak ere izan ditzake: bi diptikoa bada, hiru triptikoa bada eta gehiago poliptikoa bada.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldarea Kristoren sinboloa da eta antzinako liturgia kristauan debekatua zegoen gainean edozer ipintzea.
Erdi Aroan elizetako barne-dekorazioa, gehienetan, tenpluen neurri apaletara egokituta zegoen, eta horma-dekorazioari ematen zitzaion garrantzia, bai kolore biziko freskoen bidez, bai urrezko teselekin aberastutako mosaikoen bidez (arte bizantziarrean oso ohikoak), halako moldez non irudiak nabarmendu egiten baitziren barnealde ilun eta murritzetan. Aldareko elementuek izaera higigarria zuten ia beti (kutxatilak, diptikoak, ikonoak), eta materialei zegokienez, beren handitasunak ere tamaina txikia suposatzen zuen.
Erromanikoaren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IX. mendean, Aita Santuaren baimenak alboko aldareetan erlikia-ontziak ezartzea onartu zuen. XI. mende amaieran, agertu ziren aldare atzeko atal istoriodunak, eukaristia ospatzeko erreformarekin batera. Harrezkero mendebaldeko Europako eta katolizismoaren esparruan erretaulak inportanteak izan dira elizetan. Ekialdeko ortodoxian, antzeko apaindura mota bat hedatu zen, bestalde, ikonostasiena.
Mende horietako beste aldaketa bat izan zen aldareko aurrealdeak (frontalak) gero eta dotoreago izatera pasatu zirela.[1] Nahiz eta formak eta materialak atzeko erretaulen oso antzekoak izan, piezaren antolaketa guztiz kontrakoa zen (aldarearen aurrean eta azpian, atzean eta goian egon beharrean). [2]
Gotikoaren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldareko margolanak XIII. mendean agertu ziren, batez ere Ama Birjinari ohore egiteko, baina baita ere bi ordena nagusiei ohoratzeko, frantziskotarrak eta domingotarrak[3].
Erromanikoan bezala, narrazio-ziklo handiak egiten ziren oraindik elizetako eta katedraletako eliz atarietan, baina barne-dekorazioak aldaketa handiagoa izan du: beirateak, hormetan irekitako bao handiak, nabe eta kapera ugarietan banatutako irudiak, objektu sakratu gehiago elizetan eta gero eta luxuzkoagoak eta agerikoagoak. Erlikien eta santuen irudien gurtza areagotu egin zen, ebanjelizaziorako tresna baliotsutzat jotzen baitziren, eta kontestu honetan, erretaulak ere gero eta aberatsagoak bilakatzen joan ziren.
Testuinguru horretan sortu ziren lehen erretaula gotiko berezkoak, lehenik, tamaina txikiko irudidun taula laukizuzen gisa (Westminsterreko erretaula, 1x3 metrokoa, edo Bernaberen erretaula, 1x1,5 metrokoa). Batzuetan aldareko aurrealdearekin batera konbinatuta egin ziren, hala nola Gaztelako Santa María de Mave monasteriokoa edo Veneziako Pala d'Oro bikaina. Egikera artikulatuak ere agertu ziren, poliptikoak alegia, hala nola Ganteko Poliptikoa, eta harribitxi eta metal noblez egindakoak, horien artean berriz aipagarri Pala d'Oro, eta baita Pistoiako katedraleko San Jacoporen zilarrezko aldarekoa.[4]
-
Bernaberen erretaula, Pirinioen inguruetako erresuma kristau zehaztugabe batekoa, Kimbell museoan (Texas) gordea.
-
Westminsterreko erretaula, detailea.
-
Pistoiako katedraleko zilarrezko erretaula.
Hasiera batean, erretaulek ez zuten erabat baztertu beren izaera higigarri edo tolesgarria (poliptikoak horixe baitziren), eta baliteke haietako asko prozesioetan eta tenpluaren esparrutik kanpo erabiltzea, deboziozko diptikoekin edo izaera domestiko eta pribatuko ikonoekin gertatzen zen bezala. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka erretaulak handiagoak eta egonkorragoak egin ziren: gero eta handiagoak ziren tenplu eta katedralen neurri erraldoietan ikusgarri bihurtzeko hazi beharra zuten tamainaz. Hauetako askok, kokatzen diren absidearen forma hartzen dute (Salamancako katedral Zaharreko handiena bezala), nahiz eta ohikoagoa den, goialdean, erremate moduan, irtenune bat duen eskema lauangeluarra (arantza edo atikoa), hasiera batean gablete baten edo batzuen forma hartzen zuena.
Erretablistika kristautasun latindar osoan finkatu zen (espazio zabal bat, Islandiatik Ziprera), genero artistiko indartsu eta sortzaile gisa, eta diseinurako eta exekuziorako artista berezitu garrantzitsuak izan ziren.[5]
Gehien erabilitako materiala egurra izan zen, ia beti urreztatua eta polikromatua, nahiz eta ez diren falta abeste material batzuen adibideak (zilarra edo mota guztietako harriak). Eskualde-aldaerek sailkapen uniformea zailtzen dute; adibidez, Aragoin, 14. mendetik aurrera erakusle eukaristikoen berezia hartu zuten, ia beti alabastroz eginak.
-
Salamancako katedral zaharreko erretaula nagusia, nabearen espazioa eta absidearen forma hartzen.
-
Zaragozako Seo katedraleko alabastrozko erretaula.
-
Kefermarkteko elizako erretaula, Austrian. Horror vacuiaren kontra, dena arkitektura elementuz josia.
Erretaula gotikoak itxura geometriko nabarmena izan ohi du, lerrokatuta dauden enkasamentuekin eta pinturaz edo eskulturaz beteta. Arkitektura gotikoaren elementu apaingarriak asko erabiltzen ziren, irudiak (pinturak, erliebeak), droselak, pinakuluak, gailurreriak, floroiak eta beste elementu batzuk espazioak betez, horror vacui-aren ondorioz. Ohikoa izan zen, halaber, elementu heraldikoak sartzea, baita enkargua egiten zuten aberatsen erretratuak ere (normalean, otoitz egiteko jarreran). Denborarekin, erretaularen gorputza bera eta azpian dizan ohi zuen predela bereizten joan ziren, eta, horren barruan, gorputzen eta kaleen konfigurazioa.
Erretaulek tamaina, konplexutasun eta luxu handiagoa izan zuten, oso apaindutako egitura erraldoi bihurtu arte. Kristoren, Ama Birjinaren edo santu bakoitzaren bizitzako zikloak kontatzeko egokiak ziren. Tenplu berean irudi, adbokazio edo erlikia ugari egotearen ondorioz, kapera, aldare eta erretaulak ere ugaritu ziren. Kapera nagusi edo presbiteriokoari, erakarpen-foku nagusiari, «erretaula nagusi» esaten zaie harrezkero; alboko hormetan, transeptuan eta deanbulatorioan daudenei, berriz, «alboetako erretaulak» edo «erretaula txikiak».
Gotiko berantiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako Erresumaren, Borgoinako estatuaren eta Germaniar Inperio Santuko printzerrien artean politikoki zatitutako eskuadek erretaulen ekoizpen garrantzitsua garatu zuten Erdi Aroko azken mendeetan, estilistikoki Gotiko Berantiarra edo nazioarteko gotikoa esan izan denarekin lotua. Fintasuna, dotorezia eta sentimentalismoa zituen ezaugarri erretaulak egiteko modu horrek. Erdialdeko Europatik urrunago dauden eremuetan ere eragina izan zuen estiloan, Italian edo Iberiar penintsulan, esaterako.
Estilo horren barruan, 14. mendeko Bohemian bi maisu anonimoren lana nabarmendu zen, hurrenez hurren Vyšsí Brodeko erretaula eta Wittingauko erretaulen egileak. Inguru berean, Frankfurteko Paradisuko Lorategiko Maisua deitua nabarmendu zen 15. mendean.
Italia: gotikotik pizkundetar estilora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Italian, erretaulak (han pala deitua) ez zuen inoiz neurri handirik hartu, elizetan fresko pinturen tradizioa nagusi baitzen; nahiz eta Giotto edo Simone Martini freskista ospetsuek aldareetarako poliptiko nabarmenak ere egin zituzten. Margolanez osatutako lehen erretaula aipagarria[6] Duccio di Buoninsegna toskanarrak margotutako Maestà da, Sienako katedralerako XIV. mendean (dagoeneko egitura klasikoko lana: goiburu arkitektonikoa, margolan nagusia eta predela). Baina Duccioren ia obra guztia palez egina dago. Aipagarria da halaber L'altare di argento, Florentziako bataiategiko zilarrezko erretaula, non erdiko konpartimentuak, Betto di Geri eta Leonardo di Giovannirenak diren, eta alboetako 1366ko lau erliebeak Quattrocentoko eskultoreenak dira: Pollaiuolo, Verrocchio eta beste bi urregilerenak).[7][8]
Estilo berriaren etorrerarekin, erretaularen egitura arkitektonikoa argiago eta sinpleago bilakatzen da (Fra Angelicoren zenbait erretaulak egitura batetik besterako bilakaera erakusten dute).
Teknika berriak ere sortu ziren, hala nola terrakota esmaltatua (Della Robbia anaiak), eta, aldi berean, marmola, brontzea edo granitoa erabili ziren, zur polikromatuari kontrajarrita. Pizkundeko ohiko dekorazio-elementuak, hala nola groteskoa, candelieria, puttiak, tondoak (biribil formako margo/erliebe konbinazioak) klipeoa edo pinakuluak, egitura berriak apaintzen hasi ziren, pilastraz, zutabez edo erdi-zutabez, frisoz eta erlaitzez osatuak, guztia antzinate klasikoan inspiratuta. Erretauletako batzuk diseinatu direneko espazio arkitektonikoan integratu dira, Trompe-l'œil efektuekin. Eragin pagano edo profanoa irudi erlijiosoetara ere ekarri zuten. Elementu horiek guztiek laster igaro ziren Europako gainerako lurraldeetara , eta Iberiako erresumetara ere.
-
Giottoren poliptiko bat, erretaula baten parte zena Florentzian, egun Uffizi galerian.
-
Andrea della Robbiaren erretaula esmaltatu bat.
-
Maesta erretaula, Duccio di Buoninsegnarena, Siena.
Borgoinako eta Flandesko erretaulen tradizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroaren amaieran Estatu Borgoinarraren parte zen Flandes, eta Borgoinatik bertara gotiko berantiarraren estilo eta egikerak igaro ziren. Kultura loraldia gertatu zen bertan eta indar sortzaile horrek Aro Modernoan eta Habsburgotarren garaian jarraitu egin zuen. Kontestu horretan Tapiz flandestark preziatuak bezala, erretaula flandestarrak Europa osora esportatzen ziren, bai poliptiko piktorikoak (Van Eyck anaiak, Van der Weyden, Van der Goes), bai eskultorikoak, arkitektura-konposizio konplexua eta nazioarteko gotikotik eratorritako motiboak zituztenak.[9]
Erreforma eta kontraerreforma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]16. mendeko Erreforma Protestanteak ikonoen arbuioa izan zuen ezaugarri, eta kasu batzuetan ikonoklasiara eraman zuen horrek, eta toki batzuetan ia erabat ezabatu zuen erretaulen eta irudi sakratuen erabilera. Batez ere anabaptismoa eta kalbinismoa gailendu zen eskualdeetan, indar txikiagoz luteranismoaren eremuan, baina apenas anglikanismoaren kasuan, non berariaz baimentzen den erretaulen erabilera.[10] Kasu batzuetan, aurreko garaietako adibide bikainak desagertu ziren. Irudigintzako tradizioa eta erretablistika, berriz, herrialde katolikoetara mugatu zen funtsean, eta han areagotu ere egin zen Kontrarreformaren ondorioz.[11]
Espainia izan zen erretaulagintza asko nabarmendu zen esparru bat garai horretan. Errenazimentuko estetika berandu ezarri zen, forma gotiko edo hispano-flandestarren sustraitzeagatik. Hasieran, Italiako etorritako formak pixaknaka agertzen jasi ziren erretauletan (arkitekturan bezala), apaingarri gisa; baina 16. mendea aurrera zihoala, estetika berria eratu zen: estilo platereskoa.
Erretaula platereskoak elementu gotikoak eta sustrai italiarreko beste batzuk konbinatzen ditu. Bere izaera narratiboa (erliebeak edo pinturak) eta erdiko posizio nabarmena hartzen duen tabernakuluaren garapena dira bere ezaugarri nagusiak. Erretaula platereskoak oso lauak izan ohi dira, pilastra edo erdi-zutabeen bidez egituratzen dira, eta balaustrearen berritasuna dute euskarri. Dekorazioa estilizatua eta txikia izan ohi da, grotesko, benera, kerubin buru, aingerutxo, eta abarrkin, tipologia formal berriak ere agertuz, hala nola erliebe zirkularrak edo stiacciatoan egindakoak.
1530eko hamarkadatik aurrera, manierismoak, klasizismoaren joera berriak, Europako esparru artistiko guztiak inbaditu zituen. Espainian, estilo horren agerpenak gotikoaren azken zantzuak desagerrarazi zituen, eta joera honek iraun zuenu hamarkada horretatik ia 17. mendera arte.
-
Mirafloresko kartusia (Burgos), erretaila nagusia (Gil de Siloé, 1499)
-
Erretaula eramangarria, Limogeskoa, 1500. urtearen ingurukoa.
-
Erretaula platereskoa, San Pablo eliza (Palencia).
Barrokoaren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barrokoa izan zen erretaularen urrezko garaia, bai egin ziren lan ugariengatik, bai beren garrantzi artistikoagatik, beren tipologia eta forma aniztasunagatik, eta beren neurriengatik, guztiz monumentalak izatera iritsi baitziren. Garai horretan, gainera, Trentoko Kontzilioaren ondoren Kontrarreforma ezarri zenean, erretaulen eraikuntza finkatu zen aurreko mendeetan gainbehera egin zuen lekuetan, hala nola Alemania, Austria, Polonia, Herbehere katolikoetan edo Italian bertab. Nolanahi ere, iberiar penintsula izan zen sormen eta garrantzi handieneko gunea, eta gainera handik garai hartan Ameriketako kolonietan eta beste leku batzuetan eraiki ziren eliza eta katedraletara esportatu zen.
Erretaula barrokoak eliza osoan zabaltzen den dekorazio handiago baten zati gisa ulertu ohi dira, eta horrela jokatzen dute batzuetan sabai edo hormetan margotutako freskoekin, edo beste erretaula batzuekin. Adibidez, alboko erretaulek erretaula nagusiaren edo kapera nagusiaren forma eta dekorazioa errepikatzen dute sarri. Garai honetan, tenpluko dekorazio-elementuen hierarkizazioa asko nabarmentzen da, eta, aldi berean, elementu horiek osotasun bat osatzeko joera dute. Jakina, hori nabariagoa da garai barrokoan ex-novo eraikitako elizetan, nahiz eta garai hartan Leongo katedrala bezalako tenplu zaharrek estilo berriaren eragina jasan zuten, eta batzuetan aurreko arkitekturarekin nahiko harrigarriak ziren dekorazioak diseinatu ziren.[12]
Italiako Barrokoan, formalki palak egiten jarraitu zuten eta Kontrarreformaren gomendio teologikoei jarraiki, gai bakar batean kontzentratu ziren, hala nola, elizari edo kaoera zehatzari zegokion adbokazio patronala irudikatuz, gehienetan mihiseetan edo neurri handiko eskultura-multzoetan. Barroko italiarreko erretauletan marmola da gehien erabiltzen den materiala, aurreko garaietako zur urreztatu eta polikromatuarekin alderatuta. Material erdibitxi batzuk ere erabiltzen dira, lapislazulia eta malakita, esaterako.
Hegoaldeko Herbehereetan, protestanteen anikonismoaren aurkako erreakzio gisa, eliza katolikoen dekorazioa muturreraino eraman zen. Erretaulak ez ezik, pulpituak eta nabeetako zutabeak ere eskultura-multzo sofistikatuen euskarri bihurtu ziren. Poliptikoen tradizioari, berriz, Rubens buru zuen pintura-eskola flandestarraren tamaina handiko sorkuntzak gehitu zitzaizkion, askoz egitura sinpleagoetan.
Espainiako erretablistika barrokoa oso sofistikatua, konplexua eta askotarikoa da, eskola berezitu desberdinak egon ziren, eta hiri beran agertu zitezkeen halako bi eskola adesberdunk.[13] Leku berean, Granadako Kartusian bezala, erretaula klasizistak eta exuberantzia handikoak elkarrekin daude. 18. mendearen amaierako Salamancan estilo churriguereskoak arrakasta izan zuen. 18. mendearen lehen hereneko Toledon, Narciso Tomék estiloaren gailurra lortu zuen («estilo gardena» esan zitzaiona), geroko kritika neoklasikoak «gustu txartzat» joa. Mende eta erdian zehar, artista polifazetikoek (Alonso Cano, adibidez) edo arte batean espezializatuek (Juan Gómez de Mora[14] edo José de Churriguera arkitektoak, Alonso eta Pedro de Mena eskultoreak, Gregorio Fernández, Martínez Montañés edo Francisco Salzillo, edo Murillo, Valdés Leal edo Zurbarán pintoreak, adibidez) bere lanaren zati handi bat erretauletan gauzatu zuten. Era berean aurreko garaietako eskulturak eta margoak erretaula berrietan integratu ziren, adubidez Valentziako katedraleko erretaulen artean.[15]
-
José Churriguerak egindako erretaula bat.
-
Narciso Tomék gardena deitutako erretaula, Toledon.
-
Valentziako katedraleko 17. mendeko erretaula, 16. mende hasierako margolanak integratuta dituela.
Hiru fasetan sailkatu izan da gustu barrokoa: XVII. mendearen lehen hereneko «klasizismoaren luzapena», gero 16. mendearen bigarren erdiko «erretaula kastizoa» edo «benetan hispanikoa» (hasieran zutabe salomonikoz gainezka eta gero estipitez) eta 18. mendearen lehen erdian rokoko estiloa gailenduz.[16]
Aro garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rokokoaren ondoren akademizismoak barrokoan sumatzen zituen «gehiegikeriei» egin zitzaien kritika sakonak Neoklasizismoaren soiltasun handiagora darama [17] eta soiltasunaren eta estilo zahar-berrien artean, forma greko-erromatar sinpleen gailentzen joan ziren.[18][19] XIX. mendearen erdialdetik aurrera, erretaulak eklektikoak eta historizistak dira nagusi. Eta 20. mendean katolizismoan elizen estetikaren berrikuntza erradikala izan zelarik, abangoardia artistikoetara irekiz, bereziki Vatikanoko II. Kontziliotik aurrera, erretaulen esparruan ere igarri zen hau. Aipagarria da Arantzazuko Basilikako erretaula, kontestu honetan.
Euskal Herriko erretaulak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goian garaiz garai deskribatutako erretaulen historian, Mendebaldeko Europako eta katolizismoaren kontestuan, Euskal Herrian zaindu izan diren erretaulak ere badaude.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoen kasuan, Eusko Jaurlaritzak zenbait izendatu ditu monumentu eta ondasun babesgarri gisa. [20] [21] [22]
Euskal primitiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen euskal adibideen artean, erromanikoaren garaian sortu ziren estiloko ale bikain bat bada Euskal Herrian, Aralarko San Migel santutegikoa, frontal esmaltatu erretaula bihurturik baita hangoa.
Euskal Herrikoak iruditan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Aralarko erretaula erromaniko esmaltatua.
-
Jasokundearen eta Koroatzearen erretaula flandestarra, Errenteria.
-
Bidaurretako monasterioko erretaula platereskoa (Oñati).
-
Fontetxako erretaula (16. mendekoa), egun Gasteizko Arte Sakratuaren Museoan.
-
Donibane Lohizuneko erretaula barrokoa.
-
Laudioko San Pedro elizako erretaula rokokoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Javier Ocaña, La pintura en los altares Txantiloi:Wayback en Amigos del Románico. Galería de imágenes de frontales románicos
- ↑ Retablo de San Miguel de Aralar. Ricardo Corazón de León y el retablo de Aralar
- ↑ Lacas M, Images de dévotion, De Sienne à Florence, les primitifs italiens, Connaissance des Arts, Hors série n° 391, p 10-18
- ↑ Pierre-Yves Le Pogam, Les premiers retables (XIIe-début du XVe siècle): une mise en scène du sacré, Musée du Louvre, 2009, ISBN 88-89854-32-4
- ↑ J. E. Justin, E. A. Kroesen, Victor Michael Schmidt (eds.) The Altar and Its Environment: 1150-1400, Brepols, 2009, ISBN 2-503-53044-3 (es publicación de las comunicaciones de un simposio que tuvo lugar en Groninga en 2006).
- ↑ Idem
- ↑ L'Altare d'argento - Termina il restauro dell’Altare d’argento e della Croce del Tesoro del Battistero di San Giovanni
- ↑ André Chastel, El arte italiano, Akal, 1988, ISBN 84-7600-301-3, pg. 163. Véase imagen
- ↑ María Jesús Gómez Bárcena, Arte y devoción en las obras importadas. Los retablos “flamencos” esculpidos tardogóticos
- ↑ Retables may be lawfully used in the church of England (Liddell Beale, 1860, 14 P.C.); citado en Encyclopedia Britannica, 1911
- ↑ C.M. Martín Jiménez y A. Martín Ruiz, Retablos escultóricos Renacentistas y Clasicistas, Valladolid: Diputación Provincial, 2010.
- ↑ M. Gómez Rascón, La catedral de León, cristal y fe, Edilesa, León, 2009.
- ↑ Véase, por ejemplo, para Andalucía, José Luis Romero, La imagen edificada: Los retablos barrocos - Andalucía barroca, Junta de Andalucía, 2009; para un entorno más restringido, como la provincia de Gerona, Laurence Gallinaro, Retables baroques de la province de Gerone (1580-1777). Etudes iconologique et socioculturelle (modes de production, diffusion et réception), tesis en la Universidad Autónoma de Barcelona, 22-10-2005.
- ↑ Retablo del Monasterio de Guadalupe en CVC
- ↑ Alfonso Rodríguez G. de Ceballos, El retablo barroco en Artehistoria.
- ↑ Alfonso Rodríguez G. de Ceballos. Evolución morfológica y estilística del retablo - Barroco español en Artehistoria.
- ↑ alt=La basílica de Santa María (Alicante) conserva valiosos retablos del tránsito entre la Edad Moderna y la Contemporánea. En el presbiterio, un retablo ¿rococó del siglo XVIII? (en esta fuente atribuido a Antonio Caro el Viejo) -Los siglos del Barroco, pg. 211-, escultor de finales del siglo XVII -Antonio Caro el Viejo en Cátedra Pedro Ibarra-); también un retablo neogótico, de Blas Gómez y Rodríguez Clement (1903)-noticia en La Verdad Folleto de la restauración, con imágenes Archivado el 17 de julio de 2013 en Wayback Machine.-.|261x261px
- ↑ alt=Colegiata de Santa María (Talavera de la Reina). Al fondo, el retablo mayor, neoclásico, de Mariano Salvador Maella.|180x180px
- ↑ Véase también, El retablo mayor de la iglesia del convento de Santa Clara (de Ramírez de Arellano), Centro de Estudios Borjanos.
- ↑ Etxeberria Goñi, Pedro Luis. (2000-06-09). «Proyecto sobre la calificación de retablos en la C.A.V» Euskonews & Media 82 (kontsulta data: 2025-07-07).
- ↑ Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila. (2001-01-11). «73/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa, I. Eranskinean zerrendatutako erretaulak, banan-banan, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzen dituena.» EHAA (kontsulta data: 2025-07-07).
- ↑ Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila. (2011-01-14). «343/2010 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait erretaula monumentu izendapenaz sailkatutako kultura ondasun deklaratu zituena aldatzeko dena.» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-07-07).