Basileako Bakea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Basileako bakea» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Erdialdeko Europa Basileako eta Campo Formioko (1797) itunen ondoren

Basileako Bakea, 1795ean hitzartutakoa, nazioarteko hiru itunen multzoa izan zen, Frantziak Prusiarekin (apirilaren 5ean), Espainiarekin (uztailaren 22an) eta Hessen-Kasselekin (abuztuaren 28an) sinatu zituenak. Itun horien ondorioz, hiru herrialde horiek Frantziako Errepublikaren aurkako Lehen Koalizioa utzi zuten.

Prusia eta Frantziaren arteko ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko ituna Prusia eta Frantziak sinatu zuten 1795eko apirilaren 5ean. Horren arabera, Rhin ibaiaren mendebaldean zeuden Renaniako lurraldeak eman zizkion Prusiak Frantziari. François de Barthélemy izan zen Frantziako Errepublikako ordezkaria, eta Karl August von Hardenberg Prusiakoa.

Espainia eta Frantziaren arteko ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainia eta Frantziak sinatu zuten itunaren arabera, 1793an hasitako Konbentzioaren Gerra amaitu zen. Gerraren hasieran Espainiako armadak garaipen batzuk lortu bazituen ere, 1794ko udan armada frantsesak Katalunia eta Euskal Herriko eskualde zabalak konkistatu zituen. Manuel Godoyk, Karlos IV.a Espainiakoaren lehen ministroak, era honetan azaldu zuen Gipuzkoako konkista:

« Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek.. hiria frantsesen esku utzi zuten »

1794 amaieran bilera ez-ofizial batzuk izan ondoren, 1795eko maiatzean hasi ziren bake elkarrizketak, Jean-François de Bourgoing frantziar enbaxadorearen eta José Ocariz espainiar diplomazialariaren artean. Bi gobernuen hasierako jarrerak oso urrun zeuden. Konkistatutako lurralde batzuk (Gipuzkoa, Cerdanya, Arango harana) atxitzeaz gainera, Frantziak Louisiana eta Hispaniolaren ekialdea bereganatu nahi zituen, eta kalte-ordaina eskatzen zuen 1793 amaieran, Toulongo portuan, espainiarrek eta britainiarrek suntsitu zituzten itsasontziengatik. Egoera ahulean izan arren, Espainiaren eskakizunak ere ez ziren txikiak: Frantziak konkistatutako lurralde guztiak berreskuratzea eta gerra aurrerako mugetara itzultzea; eragin handiagoa izatea Parma eta Napolin; Frantzian katolizismoa berrezartzea; eta preso zeuden Luis XVI.aren seme-alabak askatzea.[1]

Godoy Bakea aurkezten Karlos IV.ari, Pau Montañaren margolana, 1796

Laster gelditu ziren ez aurrera ez atzera Bourgoing eta Ocarizen arteko elkarrizketak, eta beste negoziatzaile batzuk izendatu behar izan zituzten. Espainiako Koroak Domingo Iriarte aukeratu zuen, eta Frantziako Errepublikak François de Barthélemy. Ezagun zaharrak ziren bi diplomazialariak, eta horrek erraztu zituen negoziazioak. Uztailean izandako bi gertaerek bultzatu zituzten bi herrialdeak akordioa lehen baino lehen lortzera: Konbentzioaren armadak Gasteiz eta Bilbo hartu zituen, eta Vendéeko matxinada erregezalea biziberritu zen. Bestalde, Luis XVII.a askatzearen arazoa desagertu zen, umea espetxean hil baitzen ekainaren 8an.[1]

Uztailaren 22an sinatu zuten behin betiko ituna, atarikoa eta 17 artikulu zituena. Katalunian eta Euskal Herrian konkistatutako eskualdeak itzultzearen truke, Espainiak Hispaniolan zituen lurraldeak eman zizkion Frantziari.[oh 1] Gerrako presoak askatzea eta konfiskatutako ondasunak itzultzea hitzartu zen, eta Frantziak ontzat hartu zuen Italia Espainiaren eragin esparruan egotea. Luis XVII.a zendurik, ezkutuko artikulu batean Frantziak onartu zuen haren arreba Maria Teresa askatzea; isileko beste artikulu batean, baimena eman zitzaion Frantziari urtean 50 zaldi garaño, 150 behor, 1.000 ardi eta 100 ahari Espainiatik ateratzeko, bosturteko baten epean.[1]

Bakea sinatu ondoren, Moncey jenerala beldur zen gipuzkoar agintariak Manuel Godoyren errepresaliak pairatuko zituztela. Monceyk egindako eskariari jarraiki, gipuzkoarren segurtasunaren bermea galdatu zion François de Barthélemyk Espainiako ministro ahalguztidunari. Honek hitzeman zion ez zituela euskal herritarrak zigortuko gerran egindakoagatik. Espainiako Koroak, ordea, ez zuen hitza bete, Gipuzkoako Errepublika sortu zuten agintariak epaitu eta zigortu baitzituen, batzuk erbestera, beste batzuk bizi arteko kargugabetzera, eta militarrak enplegua galtzera; Jose Javier Urbiztondo iheslariari heriotza zigorra eman zioten.[2][3]

Espainiar ordezkaria Domingo Iriarte izan bazen ere, Karlos IV.a erregeak Bakearen printze izendatu zuen Godoy ituna negoziatzeagatik. Iriarte Espainiako enbaxadore Parisen izendatu zuen, baina kargua hartu baino lehen hil zen, azaroaren 22an.[1]

Hessen-Kassel eta Frantziaren arteko ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1795eko abuztuaren 28an, Hessen-Kasselek, Friedrich Sigismund Waitz von Eschenek ordezkatua, bake ituna sinatu zuen Frantziarekin.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Frantziarrek Hispaniolaren mendebaldeko zatia edo Haiti kontrolpean zuten 1697an Ryswickeko ituna sinatu zutenetik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d   Giménez López, Enrique La Paz de Basilea artehistoria.com . Noiz kontsultatua: 2018-12-18 .
  2.   Paz de Basilea Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2018-12-19 .
  3.   Konbentzioa Donostian gipuzkoamuseobirtuala.net . Noiz kontsultatua: 2018-11-13 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Basileako Bakea