Pleonasmo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pleonasmo hitza[1] grezieratik dator eta erredundantzia esan nahi du; eta horretan datza hain zuzen: perpaus berean ideia bera bi aldietan adieraztean. Horren arabera, zentzuaren edo morfosintaxiaren aldetik, horietako bat soberan dago, erredundantea da. Hala ere, funtzio estilistikoa du, espresioari indarra emateko modu bat bezala. Baliabide literarioa izanik, eguneroko hizkuntzan ere oso erabilia da. Esaterako: "Sukaldea nik neuk jaso nuen". Hitzen figuren artean kokatzen da.[2]

Hemen Lazkao Txikiren adibide bat:[3]

"Egun batean, Lazkaomendin biok ginan alkarrekin, eta eguraldi txarra egiten zuan.
Lanbroa edo horrela zan. Bat urbildu eta onela esan zigun:
-Au dek eguraldia, au! Au dek eguraldi kabroia! Bein bear eta gaur egin bear lanbroa ta
zikiña! Or gora abiatu nauk, ez guardasol eta ez ezer, eta buru guztia busti zaidak!
Eta Joxe Migelek:
-Puska bateko lanak badituk orduan ori dena sekatzen!"

Gramatika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitza gramatikan erabiltzen da, esate baterako adizki batzuetan zenbait morfemak informazioa errepikatzen dutenean. Adibide argiak daude ez-gramatikaltzat jotzen diren zenbait aldaera dialektaletan:

  • *betetu, *egondu, *izandu, *ateratu... aditzak,
  • *geneukagun aditzean, guk subjektuarekin komunztadura egiteko bi morfema daude,
  • *zenekizun aditzean (bi morfemak zuk subjketua agertzen dute),
  • *doazte (haiek subjketuari erreferentzia egiten dioten markak bi dira: amaierako -z eta ondoko -te),
  • *dirade aditz-forma, bertsolaritzan aski maizkoa: -de aparteko morfema pluralgilea du, berez plurala agertzen duen adizkiari erantsita,
  • zubererazko zenbait tokitako emanenko eta erranenko bezalako [+ etorkizuna] aditz-aspektuak, geroaldia markatzeko -en atzizkiari —ekialdeko euskalkietan ohikoa: eginen, izanen...— aspektu bererako -ko atzizkia metatzen zaionean.
  • Hala ere, euskara batuak badu pleonasmorik, gaingiroki aditzondoa kasu, modua agertzeko hiru morfema segidan baitaramatza:
    • bukaerako -ki (ederki, gaizki, emeki, larriki eta poliki aditzondoetan ageri dena),
    • haren aurreko -ro (emaro eta osoro aditzondoetakoa), eta, berriz ere,
    • -ki atzizkia, haren -gi aldaeraren formaz, aurreko hitzaren bukaeran -n dagoenean (on > ongi).

Ohiko adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gora igo; Nik neuk nire ahotsaz esan dizut; bere iritzi propioa; egia berdaderoa, elur zuria, bele beltza...

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. datismo edo batologia izenez ezaguna halaber.
  2. Xabier Altzibar, 647.or.
  3. Gertaerak eta txisteak. Donostia: Auspoa, 1994, 27.or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiaren Literatura Hiztegia.]