Bhagavad-gita ˈbʌɡəvəd ˈɡiːtɑ:[1] भगवद्गीता, ˌbʱɐɡɐʋɐd ˈɡiːtaː, sanskrito klasikoan idatzitako hinduismoaren idazteunik garrantzitsuenetakoa da, baita garai guztietako eta mundu osoko literatura erlijiosoarena ere.[2]
Literalki Jainkoaren kanta esan nahi du. Maiz izena laburtu eta Gita (gītā) soilik deitzen zaio. Mahabharata Indiako epopeia mardulean txertatutako testu sakratu nagusi bat da.[a] Testua ziurrenik K.a. II. edo I. mendean osatu zen, eta epopeiaren zati gisa igorri da.[8]
Testuingurua elkarrizketa bat da: Arjuna printze Pandava eta haren gidari Krishnaren artean. Azken hori Vishnu jainkoaren avatar gisa agertzen da. Elkarrizketa Kurukshetrako gudua hasi aurretik gertatzen da.[7]
Kontakizunean Arjunak zalantzak ditu bere eginkizuna (dharma) bete behar ote duen guduan. Krishnak azaltzen dio norberak bere zeregina bete behar duela, ekintzaren emaitzarekiko atxikimendurik gabe eta ekintza guztiak Jainkoari eskainiz (bhakti).[9][10]
Bestalde, testuak Indiako pentsamendu erlijiosoaren hainbat ikuspegi uztartzen ditu: dharma kontzeptu vedikoa (betebeharra, eginkizuna edo ekintza zuzena), Sāṃkhya filosofiari lotutako yoga eta jnana (ezagutza), eta bhakti edo debozioaren doktrina, besteak beste.[11][b]
Tradizioaren arabera testua Vyasa jakintsuak idatzi zuen; hala ere, ikerketa moderno askoren arabera, hainbat egilek osatutako lana izan liteke.[12][13]
Bhagavad-gita eragin handiko testua da tradizio hinduetan. Filosofia-eskola askok aitortzen dute testu honen garrantzia handia, bereziki Vedanta eta Vaishnava korronteek.
Ikuspegi filosofikotik, Bhagavad-gitak gizaki bakoitzaren bi dimentsio bereizten ditu: alde batetik, banakako izatea (jīvātman, adimena edo egoa), eta, bestetik, goi-izaera edo jainkozko ni-a (Krishna, ātman edo brahman). Horren ondorioz, Krishna eta Arjunaren arteko elkarrizketa askotan interpretatu izan da bi dimentsio horien arteko barne-elkarrizketa etengabearen metafora gisa.
Bestalde, testuak auto-ezagutzara edo askapenera iristeko hainbat bide deskribatzen ditu. XIII. kapituluan lau bide nagusi aipatzen ditu, geroago lau yoga gisa ezagutuko zirenak: meditazioa (rāja yoga), ezagutza edo intuizioa (jñāna yoga), ekintza zuzena (karma yoga) eta debozioa (bhakti yoga). Sailkapen horrek zabalkunde handia izan zuen XIX. mendearen amaieran, batez ere Swami Vivekanandaren irakaspenen bidez.[14][15]
Azkenik, testua gudu-zelai batean kokatzean interpretazio alegorikoei bidea irekitzen die. Zenbait idazle eta pentsalari modernoren arabera, Kurukshetrako gudua gizakiaren bizitzako gatazka moral eta existentzialen irudi sinbolikotzat har daiteke.
Bhagavad-gitaren eskuizkribu baten kopia, paperean egina eta K.o. 1800 ingurukoa. Schøyen bilduman, Norvegian. Devanagari idazkeraz emana.
Gita hitzak "kanta" edo "abestia" esan nahi du. Bhagavad-gita izenburuko bhagavad hitzak interpretazio ugari izan ditu. Eskola teista batzuen arabera, izenburuak "Jainkoaren kanta", "Jainkoaren hitza" edo "Jaunaren hitzak" esan nahi du.[16][17] Beste interpretazio batzuen arabera, berriz, "kanta jainkotiarra" edo "zeruko kanta" izango litzateke.[18][19]
Sanskritozko izena maiz Śrīmad Bhagavad-gītā edo Śrīmad Bhagavadgītā (श्रीमद् भगवद् गीता edo श्रीमद् भगवद्गीता) idazten da. Śrīmad (edo śrīmat) aurrizkiak errespetu edo ohore handia adierazten du.
Bestalde, Bhagavad-gita ez da nahasi behar Bhagavata Purana izeneko testuarekin. Azken testu hori Puranen artean kokatzen da, eta Krishna jainkoaren bizitza eta Vishnuren hainbat avatar agertzen dira bertan.[20]
Lan honi beste izen batzuekin ere ezagutzen da zenbait tradiziotan, hala nola, Īśvara Gita, Ananta Gita, Hari Gita, Vyasa Gita edo, besterik gabe, Gita.[21]
Vyasa jakintsuak Mahabharata diktatzen dio Ganesha jainkoari. Kondairaren arabera, Ganesha-k bere hortz hautsia erabili zuen testua idazteko.
Indiako tradizioaren arabera, Bhagavad-gita eta orokorrean Mahabharata epopeia Vyasa jakintsuari egozten zaizkio.[22] Kondaira hindu baten arabera, Vyasa izan zen testuaren egilea, Ganeshak hutsitako bere hortz bat erabili zuen Mahabharata —eta haren baitan dagoen Bhagavad-gita— idazteko.[12][23]
Hala ere, ikerketa moderno askoren arabera, Vyasa ez litzateke egile historiko bakarra izango, baizik eta egile sinboliko edo mitikoa. Izan ere, "Vyasa" izen bera testu baten bildumagileari ematen zaion izen generikotzat hartu izan da. Tradizioak, gainera, Vyasa bera jotzen du Vedak eta Puranak testuen bildumagiletzat; nahiz eta lan horien arteko kronologia milaka urtekoa den.[12][24][25][26]
Bestalde, Alexus McLeod filosofoaren arabera, ezin zaio Bhagavad-gita egile bakar bati egotzi, eta litekeena da testua hainbat egileren lan bateratua izatea.[12][13] Iritzi horrekin bat egiten du Arthur Basham indologoaren analisiak ere. Horren arabera, testuan gutxienez hiru egile edo bildumagile egon zitezkeen, bertso filosofikoak eta bertso teistak modu ez jarraituan nahasten baitira.[27]
Beste ikuspegi batek, ordea, testua estuki lotzen du Mahabharata epopeiarekin. J. A. B. van Buitenen indologoaren arabera, Bhagavad-gita ez da epopeia bukatu ondoren txertatutako testu independentea. Aitzitik, Mahabharataren egileek berariaz garatu zuten, gerraren inguruko dharma dilema nagusiari amaiera eta konponbidea emateko.[28]
Vāsudeva-Krishna agertzen duen txanpona, Baktriako Agathocles erregearen garaikoa (K.a. 180 ingurukoa). Jainkoaren irudikapen zaharrenetako bat omen da.[29][30][31]
Ikertzaile gehienen arabera, Bhagavad-gita K.a. II. edo I. mendean osatu zen.[4][5][6][7] Hala ere, beste datazio batzuk ere proposatu izan dira: batzuek K.o. I. mendekoa dela uste dute, eta beste batzuek are lehenago idatzi zela uste dute, K.a. V. edo IV. mendean, alegia.[32] Zenbait ikerlariren arabera, K.a. 200. urte inguruan egindako berrikuspen edo erredakzio garrantzitsu bat ere izan liteke.[33]
Jeaneane Fowler-en arabera, Bhagavad-gitaren datazioa neurri handi batean lotuta dago Mahabharata epopeiaren datazioarekin. Izan ere, testua epopeiaren barruan transmititu da, eta baliteke jatorrizko bertsioetan egon izana ala geroago txertatu izana.[5]Mahabharata bera hainbat mendetan osatu eta berridatzi zen; zenbait ikerketaren arabera, K.a. 400 ingurutik K.o. II. mendera bitartean, nahiz eta atal batzuk geroagokoak izan daitezkeen.[5] Ikusten den bezala, Bhagavad-gitaren konposizioaren data zehatza eztabaidatzen ari dira oraindik.
Bestalde, Arthur Basham historialariaren arabera, testuaren testuinguru ideologikoak garai jakin bat iradokitzen du: gerra-etikaren inguruko eztabaidak indartzen ari ziren garaia eta bizitza monastikoaren aldeko joera zabaltzen ari zen garaia. Testuinguru hori Budismoaren eta Jainismoaren gorakadaren ondorioz sortu zen, bereziki Ashoka enperadorearen garaiaz geroztik.[34] Horregatik, lehen bertsioa K.a. III. mendetik aurrera osatu zuketela proposatu du.
Ikuspegi linguistikotik, Winthrop Sargeantek testua epika-purana motako sanskritoan sailkatu zuen. Hizkera hori Sanskrito Vedikoa eta Sanskrito klasikoaren arteko trantsizio faseari dagokio.[35] Testuak baditu sanskrito vedikoaren elementu batzuk, hala nola aoristo aditz-formak[c] edo mā debeku-partikula. Horrek iradokitzen du testua Pāṇini ondorengo garaian sortu zela, baina sanskrito klasikoaren egitura finkatu aurretik.[35]
Azkenik, zenbait egileren arabera testua ahozko tradizio luze baten emaitza izan zen. Heather Elgood-en ustez, Bhagavad-gita K.a. 300 eta K.o. 300 artean osatutako bilduma izan liteke.[36]
Beste ikerketa batzuek datazio are goiztiarragoa proposatu dute. Kashi Nath Upadhyaya-k dharmasutra testuak, Brahma sutrak eta sanskritozko literaturako beste lan batzuk aztertu ondoren ondorioztatu zuen Bhagavad-gita K.a. V. edo IV. mendean idatzia izan zitekeela.[37] Haren arabera, testua hasieratik Mahabharataren parte izan zen eta haren forma kanonikoa epopeiarekin batera finkatu zen.[38]
Dennis Hudson ikertzailearen arabera, Bhagavad-gitaren irakaspenetan erritu vedikoen eta tradizio tantrikoen arteko lotura ageri da.[39] Haren ustez, Pāñcarātra Āgama testuen jatorria K.a. I. milurtekoaren azken mendeetan kokatu behar da. Testu horiek, tradizio tantriko eta vedikoek bezala, sustrai komun bat izango lukete Bhagavad-gitarekin: Vāsudeva-Krishnaren gurtza.[40]
Kurukshetrako guduaren irudikapena Mahabharataren eskuizkribu batean (K.o. 1700–1800 ingurukoa).
Hudsonen interpretazioaren arabera, testu vediko bateko pasarte batek argitzen du Vāsudeva izenaren esanahia: “argitsua (deva) eta gauza guztietan bizi dena (vasu), eta gauza guztiak haren baitan bizi diren hori”. Era berean, Vishnu izenak “dena zeharkatzen duen eragilea” adierazten du. Bhagavad-gitan antzeko ideia ageri da: Krishnak bere burua identifikatzen du Vāsudeva eta Vishnurekin, eta izen horien esanahiarekin.[41][d]
Hudsonen arabera, Shatapatha Brahmanako erritu vedikoen atzean dagoen ideia nagusia eta Bhagavad-gitaren irakaspenen muina izaki absolutu baten kontzeptuaren inguruan antolatzen dira. Izaki hori lehen mailako errealitate unibertsala da, genero bereizketarik gabea, eta helburu espiritual bera adierazten du Pāñcarātra Āgama eta tradizio tantrikoan.[43]
Bhagavad Gitaren eskuizkribuak Mahabharata epopeiaren seigarren liburuan agertzen dira, Bhisma-parvan izenekoan. Atal horretan, testua 23–40 kapituluen artean dago (6.3.23–6.3.40).[44] Hala ere, testua sarritan modu independentean kopiatu eta aztertu izan da, eta kasu horretan kapituluak berriz zenbakitzen dira 1etik 18ra.[44]
Bhagavad Gitaren eskuizkribuak Indiako idazkera askotan aurkitu dira.[45] Horien artean gaur egun erabiltzen diren idazkerak daude, baita zaharragoak ere, hala nola gaur egun ia erabilerarik ez duen Śāradā idazkera.[45][46]
Indiako azpikontinente osoan aurkitu dira Gitaren eskuizkribu desberdinak.[47] Hala ere, Mahabharataren beste ataletan gertatzen den aldakortasun handiarekin alderatuta, Gitaren eskuizkribuen arteko desberdintasunak txikiak dira.[47]
Zenbait ikertzaileren arabera, eskuizkribu zaharrenek 745 bertso izan zitzaketen.[48] Hala ere, gaur egun onartutako estandar historikoa 700 bertsoek osatutako testua da.[49]
Zenbait tradiziotan azaltzen den kalkulu baten arabera, bertso horietatik 574 Krishnak esanak dira, 84 Arjunak, 41 Sanjayak eta 1 Dhritarashtrak.[49]
745 bertso dituen eskuizkribu fidagarririk ez da aurkitu.[50] VIII. mendeko Adi Shankara filosofoak bere komentario batean espresuki adierazi zuen Gita 700 bertsoz osatua zegoela; adierazpen hori, ziurrenik, testuan izan zitezkeen aldaketak edo gehikuntzak saiheste aldera egindako baieztapen kontzientea izan zen.[50] Harrezkero, 700 bertsoak izan dira Bhagavad Gitaren edizio kritikoetan erreferentziazko estandarra.
Bhagavad Gita sanskritoz idatzitako poema filosofiko bat da, guztira 18 kapituluk osatua.[51][52]
Testuako 700 bertsoak Indiako poesia klasikoaren metrika sistemaren arabera antolatuta daude.[e][53] Bertso gehienak anuṣṭubh izeneko neurrian idatzita daude. Śloka bakoitza bi lerroz osatutako bertso pare bat da, eta guztira 1.400 lerro ditu testuak. Lerro bakoitza zortzi silabako bi zatitan banatzen da, eta zati bakoitza lau silabako bi oin metrikotan egituratzen da.[51]
Neurri nagusia anuṣṭubh bada ere, une dramatikoetan triṣṭubh neurkia ere erabiltzen da, Vedetako poesian agertzen dena eta lerro bakoitzean hamaika silaba dituena.[54] Gitaren bertsoak neurrian oinarrituta daude, baina ez dute errimarik.[54]
Bhagavad Gita Krishna eta Arjunaren arteko elkarrizketa bat da, Mahabharata epopeian kontatzen den Kurukshetrako guduaren hasiera baino lehen gertatzen dena.[55]
Bi armada handi elkarren aurrean daude gudurako prest. Arjuna printzeak bere gurdi-gidariari, Krishna-ri, gudu-zelaiaren erdira eramateko eskatzen dio bi armadak ikusi ahal izateko.[56] Han ikusten du aurkari askok bere senideak, lagun maiteak eta irakasle ohoretsuak direla. Horrek zalantza eta etsipena sortzen dizkio, eta borrokatu nahi ez duela adierazten du.[56]
Arjunak bere arkua uzten du eta bere betebeharra alde batera utzi behar ote duen galdetzen dio bere gidariari. Orduan hasten da Krishnaren eta Arjunaren arteko elkarrizketa filosofikoa. Elkarrizketa horretan Arjunaren galderak eta dilema moralak azaltzen dira, eta Krishnak erantzun eta irakaspen filosofikoak ematen dizkio.[56][57]
Elkarrizketa horrek gerra justifikatzeko arrazoietatik harago doa eta hainbat galdera filosofiko eta etiko aztertzen ditu: gizakiaren nortasuna, bizitzaren zentzua eta munduan nola jokatu behar dugun.[58][59]
Zenbait interpretaziotan, Krishna eta Arjunaren arteko elkarrizketa gizakiaren barne-gatazka moralaren metafora dela ulertu izan da. Gizaki bakoitzean bi dimentsio bereizten direla iradokitzen da: banakako ni aldakorra eta goi-ni iraunkorra (ātman edo Brahman).
Krishna eta Arjuna Kurukshetra gudu-zelaian, elkarrizketa filosofikoan.
Bhagavad-gita Indiako pentsamendu erlijioso eta filosofikoaren hainbat tradizio uztartzen ditu. Ikertzaile askoren arabera, lanak tradizio vedikoaren dharma kontzeptua, Sāṃkhya filosofiaren analisia, yoga praktikaren diziplina eta bhakti debozioaren doktrina bateratzen ditu.[10][11][60] Horren ondorioz, testuak askapenera edo mokshara iristeko bide desberdinak aurkezten ditu, eta horiek gizakiaren izaera, betebeharra eta errealitatearen izaerari buruzko ikuspegi filosofiko zabalago baten barruan kokatzen ditu.[61]
Bhagavad-gitan gai nagusi bat dharma edo norberaren betebeharraedo zeregina da. Testuan, termino horrek esanahi bat baino gehiago ditu: zuzentasuna, lege morala, betebeharra, orden soziala eta, testuinguru zabalago batean, gauzak izan behar duten modua ere adieraz ditzake.[62] Kontakizunean, Arjunak zalantza moral sakona sentitzen du bere senide eta maisuen aurka borrokatu behar duelako. Krishnak azaltzen dio gizakiak bere zeregina bete behar duela, ekintzaren emaitzarekiko atxikimendurik gabe.[9][63]
Ildo horretan, Krishnak Arjunari bere sva-dharma edo dagokion betebehar berezia bete behar duela esaten dio; kasu honetan, gudari gisa duen eginbeharra da hori.[64][65] Testuaren hasieratik bertatik, gainera, Kurukshetra gudu-zelaia dharmaren eremutzat aurkezten da, eta horrek adierazten du gatazka ez dela soilik politikoa edo militarra, baizik eta zuzentasunari, betebeharrari eta orden moralari buruzkoa ere badela.[62]
Ikertzaile batzuen arabera, Arjunaren krisia Mahabharatako gerra eta bakearen inguruko eztabaida zabalagoekin lotuta dago. Testuinguru horretan, Bhagavad-gitak gudariaren heroitasuna ez du indar fisiko hutsean kokatzen, baizik eta norberaren dharma betetzeko barne-konpromisoan.[66][67] Horregatik, testuak gerra bera izugarritzat aurkezten badu ere, aldi berean defendatzen du gizakiak bere zalantza pertsonalak gainditu behar dituela, jokoan dagoen zentzu moral eta espiritual zabalagoa ulertzeko.[67]
Arrantzale baten adibidea (angling dharma story) sarritan erabiltzen da dharma kontzeptua azaltzeko: norberari dagokion eginkizuna bete, ekintzaren fruituekiko atxikimendurik gabe.
Ikuspegi horren arabera, arazo nagusia ez da ekintza bera, baizik eta ekintzaren fruituei lotutako desioa. Horregatik, testuak niṣkāma karma edo interesik gabeko ekintzaren doktrina azpimarratzen du: gizakiak zuzena dena egin behar du zuzena delako, eta ez emaitza jakin bat lortzeko.[68][69]
Irakaspen horrek uko egitearen eta ekintzaren arteko tentsioa gainditzen saiatzen da. Asketismoaren tradizio batzuek ekintzatik erabat urruntzea proposatzen zuten bitartean, Bhagavad-gitak defendatzen du gizartean jardunez ere posible dela askapen espirituala lortzea, baldin eta ekintza desinteresatua bada.[70] Ildo beretik, testuak ez du ez ekintzarik eza ezta kanpoko erritualismo vedikoa ere askapenaren bide nagusitzat aurkezten. Horren ordez, barne-uko egitea azpimarratzen du: gizakiak jardun egin behar du, baina bere ekintzak Jainkoari eskainiz eta sari pertsonalen desiratik askatuz.[71]
Horrenbestez, Bhagavad-gitaren etikak ez du ekintza eta uko egitea aurrez aurre jartzen. Aitzitik, bien arteko sintesi bat proposatzen du: munduan jardutea, baina barne-atxikimendurik gabe. Horrela, norberaren dharma betetzea eta barne-askatasuna bateragarri bihurtzen dira.[72]
Bhagavad-gitak askapen espirituala lortzeko hainbat praktika edo diziplina espiritual deskribatzen ditu. Diziplina horiek geroago yoga bide gisa sistematizatu ziren. Testuak hiru bide nagusi aipatzen ditu bereziki: ezagutzaren bidea (jñāna-yoga), ekintzaren bidea (karma-yoga) eta debozioaren bidea (bhakti-yoga).[73][74]
Bhagavad-gitaren arabera, diziplina espiritual horiek ez dira elkarren aurkakoak, baizik eta elkarren osagarriak. Gizakiak barne-uko egitea garatu behar du bere jarduera espiritualean, hau da, ekintzen fruituekiko atxikimendurik gabe jardutea.[75] Printzipio horrek bide espiritual guztien oinarri etikoa osatzen du.
Karma-yoga ekintza desinteresatuaren bidea da. Testuak azpimarratzen du gizakiak ezin duela ekintzatik ihes egin; horren ordez, ekintzak egin behar ditu, baina emaitzen desioari lotu gabe.[76][77] Ikuspegi horren arabera, ekintza zuzena bera praktika espirituala bihurtzen da, eta norberaren betebeharra betetzea Jainkoari eskainitako jarduera modura ulertzen da.
Bhakti-yoga Jainkoarekiko debozioaren bidea da. Bhagavad-gitan, debozioa maitasun, konfiantza eta Jainkoarekiko entregaren bidez adierazten da.[78][79] Testuak Krishna jainkoarekiko devoziotik sortzen den harreman pertsonala azpimarratzen du, eta bide hori askotan askapenerako biderik errazena eta irisgarriena bezala aurkeztu izan da interpretazio askotan.[80]
Jñāna-yoga ezagutzaren edo jakinduriaren bidea da. Diziplina honek errealitatearen benetako izaera ulertzea bilatzen du, bereziki ātman eta Brahman kontzeptuen arteko harremana ulertuz.[81][82] Testuak azpimarratzen du ezagutza espirituala lortzea funtsezkoa dela, baina bide hori zaila eta diziplina intelektual handia eskatzen duen praktika gisa deskribatzen da.
Interpretazio batzuen arabera, meditazioan oinarritutako diziplina bat ere agertzen da testuan, batzuetan rāja-yoga edo meditazioaren yoga gisa interpretatua.[83][84] Praktika horrek adimenaren kontrola, kontzentrazioa eta meditazioa azpimarratzen ditu barne-diziplina espiritualaren barruan.
Geroago, XIX. mendeko interpretazioetan, batez ere Swami Vivekanandaren lanetan, sistema hori lau yoga bidera hedatu zen: jñāna-yoga, karma-yoga, bhakti-yoga eta rāja-yoga.[85][86] Interpretazio horrek eragin handia izan zuen yoga modernoaren eta espiritualtasun garaikidearen ulermenean.
Changu Narayan tenplua (Bhaktapur, Nepal). Tenplua Vishnuri eskainia dago, eta hinduismoan Vishnuren avatarretako bat Krishna da; Krishna da ''Bhagavad-gita''ren irakaspenen protagonista.
Bhagavad-gitaren filosofiaren beste ardatz nagusietako bat gizakiaren izaerari buruzko ikuspegia da. Testuak bereizten du gizakiaren izaera iragankorra —gorputza eta adimena barne— eta bere izaera sakonagoa edo ātman, hau da, izatearen dimentsio iraunkorra.[59] Ikuspegi horren arabera, gorputza eta mundu materiala aldakorrak eta iragankorrak dira, baina izaki bizidun bakoitzean badago dimentsio espiritual iraunkor bat.
Ātman kontzeptua lotuta dago Brahman errealitate absolutuaren ideiarekin, Upanishadetan ere agertzen denarekin. Ikuspegi horren arabera, izaki guztien baitan dagoen printzipio espirituala errealitate unibertsal beraren adierazpena da.[87][88] Testuak Upanishadetan agertzen den ideia hori jasotzen du, baina interpretazio desberdinak sortu dira Vedanta tradizioaren barruan ātman eta Brahmanen arteko harremanari buruz.
Metafisikaren aldetik, Bhagavad-gitak Indiako filosofia klasikoaren hainbat elementu uztartzen ditu, bereziki Sāṃkhya eta Vedanta tradizioetako ideiak.[89] Testuak naturaren eta kontzientziaren arteko bereizketa azaltzen du, Sāṃkhya filosofiaren eraginpean. Ikuspegi horretan, mundu materiala prakritiren adierazpena da, eta kontzientzia edo izate espirituala purusharekin lotzen da.[90][91]
Prakriti edo natura materiala etengabe aldatzen den errealitate gisa deskribatzen da: gauza guztiak sortu, garatu eta desagertu egiten dira. Testuak mundu iragankor hori batzuetan maya edo itxurazko errealitate gisa ulertzen du, Upanishadetan ere agertzen den ikuspegi baten antzera.[92][89] Horren aurrean, ātman edo benetako ni-a aldaezina eta iraunkorra da.
Testuak, gainera, Jainko pertsonal baten eta errealitate absolutuaren arteko harremana aztertzen du. Krishna askotan agertzen da errealitate kosmikoaren adierazpen gisa, baina aldi berean Brahman absolutuarekin lotuta dago.[93][94] Horregatik, zenbait ikerlariren arabera, Bhagavad-gitak Jainko pertsonalaren eta absolutu inpertsonalaren arteko sintesi moduko bat proposatzen du.
Ikuspegi metafisiko horren barruan, testuak askapen espiritualaren helburua edo moksha ere aztertzen du. Askatasun hori ez da zerbait kanpotik lortzen den egoera, baizik eta norberaren benetako izaera espirituala ezagutzean datza.[95]Bhagavad-gitaren arabera, askapenera iristeko hainbat bide daude —ezagutza, ekintza desinteresatua eta debozioa— eta bide horiek guztiak azken helburu berera bideratzen dira.
Interpretazio batzuen arabera, Krishna eta Arjunaren arteko elkarrizketa bi dimentsio horien arteko barne-gatazka edo barne-elkarrizketaren metafora gisa ulertu izan da. Ikuspegi horrek testua gizakiaren barne-bilakaera espiritualaren irudi gisa interpretatzen du.
Bhagavad-gita hinduismoan munta handiko testua da, eta tradizio hindu askotan autoritate-lan filosofiko eta erlijiosotzat hartzen da.[88]
Krishnaren Viśvarūpa edo forma unibertsala, Bhagavad-gitaren 11. kapituluan agertzen den ikuspena. Irudi honek errealitate kosmikoaren eta izaki guztien batasunaren ideia sinbolizatzen du.
[96] Testuak eragin nabarmena izan du hainbat eskola filosofikotan eta praktika erlijiosotan, batez ere Vedanta tradizioan eta vaishnava mugimenduetan.
Zenbait ikerlariren arabera, hinduismoa zer den adierazteko testu bakarra aukeratu beharko balitz, askotan Bhagavad-gita aipatzen da, bere irakaspenek tradizio erlijioso eta filosofiko askoren arteko zubi lana egiten dutelako.[97][98]
Vedanta filosofiaren barruan, Bhagavad-gita funtsezko testuetako bat da. Izan ere, Prasthanatrayi izeneko hiru testu nagusien multzoan sartzen da, Upanishad nagusiekin eta Brahma-sutraekin batera.[99][100] Vedanta tradizioan hiru testu horiek errealitatearen izaerari, gizakiaren izateari eta askapen espiritualari buruzko oinarrizko irakaspenak ematen dituzten lan nagusitzat hartzen dira.
Erdi Aroan hainbat filosofo vedantak Bhagavad-gitari buruzko komentarioak idatzi zituzten. Horien artean aipagarrienak dira Adi Shankararen interpretazioa, Vedanta ez-dualistaren (Advaita Vedanta) ikuspegitik egina, eta ondorengo autoreenak, hala nola Ramanuja eta Madhva, Vedanta teista edo dualista defendatzen zutenak.[101][102]
Komentario tradizio zabal horren bidez, Bhagavad-gita Vedanta filosofiaren testu nagusietako bat bihurtu zen, eta hainbat interpretazio filosofiko garatzeko oinarri gisa erabili izan da.
Krishnaren ''Viśvarūpa'' edo forma unibertsala irudikatzen duen Vishnuren irudia. ''Bhagavad-gita''ren 11. kapituluan, Krishnak Arjunari bere izaera kosmikoa erakusten dio ikuspen horren bidez.
Bhagavad-gita bereziki garrantzitsua da vaishnava tradizioan, Krishna jainkoa errealitate gorenaren adierazpen gisa aurkezten duelako.[88][96] Testuan, Krishnak bere izaera kosmikoa azaltzen du eta izaki guztien iturri eta oinarri dela adierazten du.
Vaishnava tradizio askotan testua debozioaren (bhakti) doktrina nagusietako baten oinarritzat hartu izan da. Ikuspegi horren arabera, Jainkoarekiko maitasunezko debozioa eta konfiantza dira askapen espirituala lortzeko bide nagusietako bat.[79]
Horregatik, Bhagavad-gitak eragin handia izan du Krishna gurtzan oinarritutako mugimendu erlijiosoetan, eta tradizio horietan maiz erabiltzen da testu didaktiko eta espiritual gisa.[103]
Bhagavad-gitaren interpretazioa historian zehar aldatu egin da, eta garai eta tradizio erlijioso desberdinek testuari esanahi berriak eman dizkiote. Erdi Aroko komentario filosofikoetatik hasi eta XIX. eta XX. mendeko interpretazio modernoetara arte, lanak eragin handia izan du hinduismoaren garapen intelektual eta erlijiosoan.[104][105]
Adi Shankara ikasleekin, Raja Ravi Varmaren margolana (K.o. 1904 ingurukoa). Shankarak 700 bertso zituen bertsioa erabili zuen, gaur egun estandartzat hartu ohi dena.
Vishnuren ''Viśvarūpa'' edo forma kosmikoa irudikatzen duen irudia. ''Bhagavad-gita''ren 11. kapituluan, Krishnak Arjunari bere forma unibertsala erakusten dio, unibertso osoa bere baitan biltzen duen errealitatea.
Erdi Aroan, Bhagavad-gita Vedanta filosofiaren testu nagusietako bat bihurtu zen, eta hainbat filosofo eta teologok komentario sistematikoak idatzi zituzten. Tradizio horren barruan, Adi Shankararen komentarioa izan zen eragin handienetako bat. Shankarak testua Vedanta ez-dualistaren (Advaita Vedanta) ikuspegitik interpretatu zuen, eta ātman eta Brahman errealitate absolutuaren arteko identitatea azpimarratu zuen.[102][101]
Ondorengo mendeetan beste interpretazio garrantzitsu batzuk ere garatu ziren. Ramanujak, adibidez, Vedanta kualifikatuaren (Viśiṣṭādvaita) ikuspegitik irakurri zuen testua, Jainko pertsonal baten eta gizakiaren arteko harreman debozionala azpimarratuz. Madhvak, berriz, interpretazio dualista (Dvaita Vedanta) defendatu zuen, Jainkoaren eta arimaren arteko bereizketa ontologikoa azpimarratuz.[101]
Komentario horien bidez, Bhagavad-gita Vedanta tradizioaren testu kanonikoetako bat bihurtu zen, eta hainbat eskola filosofikoren oinarri doktrinal gisa erabili izan da.
XIX. eta XX. mendeetan, hinduismoaren erreforma mugimenduek Bhagavad-gitaren interpretazio berriak proposatu zituzten. Garai horretan, testua maiz aurkeztu zen hinduismoaren funtsa adierazten duen lan gisa, tradizio erlijiosoaren berrinterpretazio intelektual baten barruan.[106][107]
Bankim Chandra Chatterjeek testua hinduismoaren defentsa intelektualerako erabili zuen, mendebaldeko interpretazio orientalisten aurrean. Bestalde, Bal Gangadhar Tilakekkarma-yoga doktrina azpimarratu zuen, ekintza etiko eta sozialaren filosofia gisa interpretatuz.[108]
Garai berean, Sarvepalli RadhakrishnanekBhagavad-gita erlijio unibertsal baten adierazpen gisa interpretatu zuen, gizakiaren esperientzia espiritualaren dimentsio orokorrak azpimarratuz. Interpretazio horiek guztiak hinduismo modernoaren garapen intelektualarekin lotuta egon ziren.
XIX. mendearen amaieratik aurrera, Bhagavad-gitak eragin handia izan zuen Neo-Vedanta izenarekin ezagutzen den mugimendu filosofikoan. Mugimendu horren barruan, testua espiritualtasun unibertsal baten adierazpen gisa interpretatu izan da.[85][109]
Bere interpretazio eragin handienetako bat Swami Vivekanandarena izan zen. Hark testuan agertzen diren irakaspenak lau yoga bideren sistema batean antolatu zituen: jñāna-yoga (ezagutza), karma-yoga (ekintza), bhakti-yoga (debozioa) eta rāja-yoga (meditazioa).[85][86]
Interpretazio moderno askotan, Bhagavad-gita gizakiaren garapen espiritualerako gida gisa aurkezten da, eta bere irakaspenak filosofia, espiritualtasuna eta praktika erlijiosoa uztartzen dituen tradizio zabalago baten barruan kokatzen dira.
Bhagavad-gitak eragin handia izan du hinduismo modernoan ez ezik, Mendebaldeko pentsamendu erlijioso eta filosofikoan ere. XVIII. mendearen amaieratik aurrera, testua hainbat hizkuntzatara itzuli zen eta ikerlarien, filosofoen eta espiritualtasun mugimenduen arreta piztu zuen.[110][111] Itzulpen eta interpretazio horien bidez, lanak eragin nabarmena izan zuen filosofia konparatuan, espiritualtasun modernoan eta kulturaren hainbat esparrutan.
Bhagavad-gitaren lehen itzulpen ingelesa Charles Wilkins-ek egin zuen 1785ean, eta lan horrek testua Europako publiko zabalago bati ezagutarazi zion. Itzulpen horren ondoren, filosofo, idazle eta intelektual askok arreta berezia eskaini zioten testuari.[110]
XIX. mendean, lanak eragin handia izan zuen pentsalari eta idazle batzuengan, bereziki espiritualtasun konparatua eta filosofia erlijiosoa lantzen zituztenen artean. Testua, askotan, gizakiaren barne-bilakaera espiritualari buruzko gogoeta filosofiko gisa irakurri izan zen.[111]
XX. mendean, Bhagavad-gitak eragin berezia izan zuen hainbat lider eta pentsalariren pentsamenduan. Mahatma Gandhik testua inspirazio etiko eta espiritual nagusietako bat bezala aipatu zuen, bere interpretazioan ekintza desinteresatua eta barne-diziplina azpimarratuz.[107]
Testuak zientziaren eta kulturaren esparruetan ere presentzia izan du. Adibidez, J. Robert Oppenheimer fisikariak Bhagavad-gitako bertso bat gogoratu zuen 1945eko Trinity proba nuklearra ikusi zuenean: «Orain heriotza bihurtu naiz, munduen suntsitzailea».[112]
XX. mendearen erdialdeko ''Bhagavad-gita''ren eszena irudikatzen duen litografia edo bazar-irudia. Halako irudiek testuaren pasarte nagusiak irudikatu eta irakaskuntza erlijiosorako erabiltzen ziren.
Gaur egun, Bhagavad-gita hinduismoaren testu klasiko ezagunenetako bat da, eta hainbat tradizio erlijioso eta espiritualetan irakurtzen eta interpretatzen jarraitzen da.[96] Testua maiz erabiltzen da filosofia, espiritualtasuna eta etikaren inguruko eztabaidetan.
XX. mendetik aurrera, lanak presentzia handia izan du yoga eta espiritualtasun mugimendu modernoetan ere. Interpretazio horietan, testuaren irakaspenak askotan gizakiaren garapen pertsonalaren eta kontzientziaren bilakaeraren ikuspegitik ulertu izan dira.[85]
Era berean, Bhagavad-gitak presentzia nabarmena izan du literaturan, zinema eta arte plastikoetan, eta askotan erabiltzen da erlijio, filosofia edo kultura konparatuaren inguruko lanetan erreferentzia klasiko gisa. Testuaren irudiak eta ideiak kultura globalaren parte bihurtu dira neurri handi batean.
Changu Narayan tenplua (Bhaktapur, Nepal). Tenplu hau Nepaleko antzinenetakoa da eta Vishnuren gurtzari lotuta dago, hinduismoan unibertsoaren zaindaria den jainkoari.
Bhagavad-gitak 18 kapitulutan banatzen da, eta Mahabharata epopeiako Bhishma Parva atalean dago txertatuta.[113] Errezentsioen arabera, bertsoen numerazioa aldatu egiten da batzuetan: Mahabharataren testu osoan 6.25–42 kapitulu gisa edo 6.23–40 kapitulu gisa zenbatu izan da.[f] Hala ere, testuaren aldaerak urriak dira eta, oro har, ondo transmititutako lan klasikoa da.[49]
Jatorrizko Bhagavad-gitak ez du kapitulu-izenbururik. Hala ere, sanskrito edizio askok eta itzultzaile modernoek kapitulu bakoitzari izen bat eman diote, eta tradizio batzuetan kapitulu bakoitza yoga gisa interpretatu izan da.[114][115] Zenbait ediziok Gita Dhyanam izeneko bederatzi bertso ere gehitzen dituzte hitzaurre modura, nahiz eta testu horiek ez diren jatorrizko lanaren parte.[116][117]
Kapitulua
Izenburua
Bertso kopurua
1
Arjunaren etsipena (Arjuna Viṣāda Yoga)
47
2
Ezaguera bereizlea (Sāṃkhya Yoga)
72
3
Ekintza (Karma Yoga)
43
4
Ezaguera eta ekintza (Jñāna Karma Sanyāsa Yoga)
42
5
Uko egitea (Karma Sanyāsa Yoga)
29
6
Meditazioa (Dhyāna Yoga)
47
7
Ezagutza eta errealizazioa (Jñāna Vijñāna Yoga)
30
8
Absolutu iragangaitza (Akṣara Brahma Yoga)
28
9
Ezaguerarik sakonena (Rāja Vidyā Rāja Guhya Yoga)
34
10
Jainkoaren agerpenak (Vibhūti Yoga)
42
11
Forma unibertsala (Viśvarūpa Darśana Yoga)
55
12
Debozioa (Bhakti Yoga)
20
13
Eremua eta ezagutzailea (Kṣetra Kṣetrajña Yoga)
34
14
Hiru guṇak (Guṇatraya Vibhāga Yoga)
27
15
Pertsona gorena (Puruṣottama Yoga)
20
16
Jainkozkoa eta demoniozkoa (Daivāsura Sampad Yoga)
24
17
Fede hirukoitza (Śraddhā Traya Yoga)
28
18
Askatasuna uko egitearen bidez (Mokṣa Sanyāsa Yoga)
1. kapitulua: Arjunaren etsipena
Kurukshetrako gudu-zelaian, Arjunak bere senideak, maisuak eta lagunak aurkari gisa ikustean zalantza moral sakona sentitzen du eta borrokatzeari uko egin nahi dio.[118]
2. kapitulua: Sāṃkhya yoga
Krishnak azaltzen du gorputza iragankorra dela baina ātman betierekoa dela. Kapitulu honetan aurkezten dira Gitaren irakaspen nagusiak, hala nola berraragitzearen ideia eta betebeharraren kontzeptua.[119][120]
3. kapitulua: Karma yoga
Krishnak dio ekintzatik ihes egitea ezinezkoa dela; gizakiak bere dharma bete behar du, ekintzaren fruituei atxiki gabe.[121]
4. kapitulua: Ezagutza eta ekintza
Krishnak dio irakaspen hau antzinako jakintsuei eman ziela eta dharma ahultzen denean berriro agertzen dela hura berrezartzeko. Kapitulu honetan azaltzen da avatar doktrina.[122]
5. kapitulua: Uko egitea
Monjeen uko-bizitza eta etxekoaren jardun zuzena alderatzen dira; bi bideek helburu bera dute, baina ekintza desinteresatua azpimarratzen da.[123]
6. kapitulua: Meditazioa
Auto-diziplina eta meditazioaren praktika azaltzen dira, yogiaren bizitza eta adimenaren kontrola azpimarratuz.[124]
Bhagavad Gitaren ingelesezko itzulpena, 1785
7–12. kapituluak
Atal honetan Krishnak bere izaera kosmikoa azaltzen du eta debozioaren garrantzia azpimarratzen du. Horren barruan daude bere agerpenen zerrenda, forma unibertsalaren ikuspena eta bhaktiren doktrina.
13–18. kapituluak
Azken kapituluetan naturaren eta izatearen arteko bereizketa, giza jokabidea baldintzatzen duten guṇa kontzeptuak eta askapenerako bide espiritualak azaltzen dira. Azken kapituluak aurreko irakaspen guztiak laburbiltzen ditu.
XVI. eta XVII. mendeetan, Mughal Inperioaren garaian, Bhagavad-gita hainbat aldiz itzuli zen persieraz.[125] Itzulpen horiek testuaren harrera islamiar eta sufiarekin lotuta aztertu izan dira, eta Indiako tradizio intelektualen eta persiar kulturaren arteko hartu-emana erakusten dute.
Bhagavad-gitaren lehen itzulpen ingelesez Charles Wilkinsek argitaratu zuen 1785ean, The Bhãgvãt-Gēētā; or, Dialogues of Kreeshna and Arjoon izenburupean.[126][127] Itzulpen horrek eragin handia izan zuen testua Europan ezagutzera emateko, eta handik gutxira frantsesera eta alemanera ere itzuli zen.[128][129]
Bhagavad Gitaren frantsesezko itzulpena, 1787
Ondorengo bi mendeetan, Bhagavad-gitaren itzulpen eta iruzkin ugari argitaratu ziren ingelesez eta Europako beste hizkuntza batzuetan. Gerald James Larsonen arabera, itzulpenen eta bibliografia osagarriaren zerrenda osoa ia amaigabea litzateke.[126] Winthrop Sargeantek dioenez, testua gutxienez 200 aldiz itzuli izan da prosaz eta bertsoz; Richard Davisek, berriz, Callewaert eta Hemrajen 1982ko zenbaketa aipatuz, 75 hizkuntzatan 1.891 itzulpen zenbatu ditu, horietatik 273 ingelesez.[127][130]
Itzulpen horiek ez dira neutroak izan: askotan, itzultzaileen edo iruzkingileen ikuspegi filosofiko, erlijioso edo politikoek baldintzatu dute testuaren interpretazioa. Horregatik, Bhagavad-gitaren itzulpenek interpretazio oso desberdinak sustatu dituzte, monismotik teismora edo bakezaletasunetik nazionalismo militanteagora.[131][132][133]
Bhagavad-gita Indiako hizkuntza askotara itzuli izan da, eta tradizio modernoan zabalkunde handia izan du herri-hizkuntzetan ere.[134] Gita Press argitaletxeak, esaterako, testua hainbat hizkuntza indiarretan argitaratu du, eta beste erakunde batzuek, hala nola ISKCONi lotutako Bhaktivedanta Book Trustek, itzulpen ugari zabaldu dituzte Indian ez ezik nazioartean ere.[134]
2009an Bhagavad Gita euskaraz argitaratu zen Ibaizabal argitaletxearen Erlijioen jakinduria bilduman. Patxi Ezkiagak egin zuen itzulpena; Kepa Egiluzek berrikusketa, sarrera eta oharrak prestatu zituen; eta Joxe Arregi izan zen argitalpenaren koordinatzailea.[135] Euskarazko edizio horrek 142 orrialde ditu eta 978-84-8394-340-3 ISBN zenbakia darama.[136]
↑"Jainkoa" hemen Krishnari egiten dio erreferentzia.[3]
↑Paragrafo hau iturri akademiko desberdinetatik egindako sintesia da.
↑Aoristoa sanskritoan erabiltzen den iraganeko aditz-forma bat da; ekintza bat osotasun batean adierazten du, haren iraupena zehaztu gabe.
↑Beste paralelismo bat Bhagavad-gitaren 10.21 bertsoaren eta Shatapatha Brahmana testuko 1.2.5 bertsoaren egituraren arteko antzekotasuna da.[42]
↑Anuṣṭubh sanskrito epikaren neurri metriko ohikoenetako bat da. Bertso bakoitzak 32 silaba ditu, lau zatitan (*pāda*) banatuta, eta śloka formarekin lotzen da askotan.
↑Ikus Bhandarkar Oriental Research Institute-ren edizio elektronikoaren oharra.
Basham, A. L. (1989) The Origins and Development of Classical Hinduism. Boston: Beacon Press. ISBN 978-0-8070-7300-1
Buitenen, J. A. B. van. (1981) The Bhagavadgītā in the Mahābhārata: Text and Translation. Chicago: University of Chicago Press. ISBN 978-0-226-84660-6
Dalal, Roshen. (2010) Hinduism: An Alphabetical Guide. New Delhi: Penguin Books. ISBN 978-0-14-342317-1
Davis, Richard H. (2015) The Bhagavad Gita: A Biography. Princeton: Princeton University Press. ISBN 978-0-691-13996-8
Flood, Gavin. (1996) An Introduction to Hinduism. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-43878-0
Flood, Gavin; Martin, Charles. (2013) The Bhagavad Gita: A New Translation. New York: W. W. Norton & Company.
Fowler, Jeaneane D. (2012) The Bhagavad Gita: A Text and Commentary for Students. Brighton: Sussex Academic Press. ISBN 978-1-84519-520-5
McLeod, Alexus. (2015) Understanding Asian Philosophy: Ethics in the Analects, Zhuangzi, Dhammapada, and the Bhagavad Gita. London/New York: Bloomsbury.
Minor, Robert Neil (arg.). (1986) Modern Indian Interpreters of the Bhagavadgita. Albany: State University of New York Press.
Nadkarni, M. V. (2017) The Bhagavad-Gita for the Modern Reader: History, Interpretations and Philosophy. London: Routledge. ISBN 978-1-138-19411-3
Robinson, Catherine A. (2006) Interpretations of the Bhagavad-Gītā and Images of the Hindu Tradition: The Song of the Lord. London/New York: Routledge. ISBN 978-0-415-34671-9
Sargeant, Winthrop. (2009) The Bhagavad Gita. Albany: State University of New York Press.
Sharma, Arvind. (1986) The Bhagavad Gita: A Commentary to Aid Study. Lanham, MD: University Press of America.
Smith, Huston; Novak, Philip. (2009) The Bhagavad Gita: A New Translation. New York: HarperOne.
Thompson, George. (2008) The Bhagavad Gita: A New Translation. New York: Farrar, Straus and Giroux.
Zaehner, R. C. (1969) The Bhagavad-Gītā: With a Commentary Based on the Original Sources. Oxford: Oxford University Press.