Bidebietako jauregia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidebietako jauregia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Historia eta erabilera
Irekiera1888
Arkitektura
EstiloaNormandiar arkitektura
Ondarea
Egungo Sorginaren etxea.

Bidebietako jauregia egun Donostiako izen bereko auzoaren tokian zegoen. Ez dago garbi zein urtetan eraiki zen baina 1888rako bertan zegoen. Estilo ikuspuntutik normandiarra zen eta parke handi batekin inguratuta zegoen. Jauregia gertaera historikoen eszenatokia izan zen. 1977an bota zuten egungo urbanizazioa eraikitzeko.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parkearen azalera 67.000 m²koa zen. Jauregiak 342 m² zituen. Multzoan elementu desberdinak zeuden:

  • Jauregia
  • Parkea oso zuhaitz zaharrekin
  • Atezaindegiaren etxea
  • Garajea
  • Makina etxe bat
  • Negutegia

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beñat Parrak bildutako informazioaren arabera Javier Artazkoz lur zati baten jabea zen eta, poliki-poliki, beste batzuk erosten joan zen, parke osoko eta jauregiko jabetza izan arte. 1908ko apirilaren 7an Artazkoz Madrilen hil zen. Testamentuan dena bere emazteari, Maria Luisa Labaieni utzi zion. Testamentua idatzi ondoren jaio zen senar-emaztearen alaba, Ana Maria de los Dolores Eustaki Bizenta Artazkoz, guztiaren oinordekoa izan behar zen; haren senarra, Pedro Martínez de Irujo Sotomayorgo dukea, testamentu betearazlea izendatu zuten. Maria Luisa hil ondoren (1927ko abuztuaren 4an) Martínez de Irujok, 1932an, Madrilgo etxebizitza batzuen truke, jauregia Fausto Gaiztarro arkitektoari eman zion.[2] Gaiztarrok eragin handia izan zuen inguruan eta oraindik orain, inguru horri Gaiztarro izenarekin ezagutzen zaion (Jose Elosegi alkatearen hiribidearen, Zumardi pasealekuaren eta Pasai San Pedro hiribidearen arteko guneari, alegia).[3]

Fausto Gaiztarro karlista zen eta bere etxean bilera politikoak egin ziren. Horrela, 1936an, Espainiako Gorteetako hauteskundeen aurrean, Fronte Popularraren garaipenaren beldurrez, alderdi eskuindarrak eta nazionalistak klandestinoki bertan bildu ziren. Azken bilera horretan konspirazio militar baten aukera azaldu zen. Ion Urrestarazuren arabera, gerra hasieran jauregia Avance Marino taldeko anarkistek hartu zuten; hauek armak gordetzeko erabili zuten.[4] Frankisten garaipenarekin batera, ondarea Gaiztarroren eskuetara itzuli zen. 1937an beste bilera egin garrantzitsu egin zen bertan, Javier Borboi Parmakoa (1889-1977) hautagai karlistarekin, tronua eskuratzeko zituen aukerak aztertzeko.

Gerra ondoren frankistek Altza herria Donostia barruan sartu zuten eta Bidebieta parkea zein jauregia ere bai.[5] 1962an Donostiako Udalak Bidebieta urbanizatzeko Plan Orokorra onartu zuen. Helburua kanpotik etorritako langileei etxea eskaintzea zen. Gaiztarrok, Luis Arizmendi arkitektoraren batera beste proiektu arinagoa planteatu zuen baina ez zuen ezer lortu. 1977an jauregia bota zuten eta parkean egungo urbanizazioa altxatu zuten.[6]

Sorginaren etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai bateko eraikinaren oroigarri gisa, atezaindegiaren etxea imitatzen zuen eraikina altxatu zuten. Etxea oso berezia da, ipuinetako etxetxo baten itxurarekin, dorrez inguratuta. Gainera, Sorgin-erreka gainean eraikita dago. Hau guztia gogorazteko plaka bat dago jarrita. Elementu horiei esker, jendeak izen horrekin izendatu du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]