Birkonbinazio genetiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Birkonbinazio genetikoa[1] material genetikoaren zati bat (DNArena, gehienetan) puskatzean eta ADNaren beste molekula batean txertatzean datza. Prozesu honen bidez, beraz, ADN molekula batetik beste batera pasatzen da, molekula hartzaileak gene berri batzuk hartuz.

Eukariotoen meiosian gertatzen den elkargurutzaketa prozesuan bi kromosoma homologoen arteko truke genetikoa gertatzen da. Hau da birkonbinazio genetikoaren kasu bat, modu naturalean meiosian burutzen dena.

Prokariotoetan birkonbinazio genetikoa ere era naturalean gerta daiteke: kanpotik etorritako ADN (konjugazio, transformazio edo transdukzioaren bidez) bakterio hartzailearen material genetikoan txerta daiteke. Hori gerta dadin, baina, txertatzen den material genetikoak antza handia eduki behar du hartzailearen material genetikoarekin (bakterioen kasuan antzeko espezieen artean burutzen da birkonbinazioa)

Biologia molekularrean birkonbinazio genetikoa era artifizialean lortzen da. Entzima bereziak erabiliz (murrizte-endonukleasak eta ligasak) bi organismo oso ezberdinetako ADNak birkonbina daitezke (esaterako, bakterio batena eta birus batena), molekula hibridoak agertuz. Horren emaitza DNA birkonbinantea da, ingeniaritza genetikoaren arloan erabilera asko dituena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Elikagaigintza Hiztegia] [2015]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]