Bonba-auto

Bonba-auto bat eztanda bat sortzeko asmoz leherkariz betetako automobila da. Bonba-autoak, izenak dioen bezala, autoetan prestatu ohi badira ere, mekanismo bera erabili izan da kamioi, motor, bizikleta eta abarrekin.
Leherkariak erraz ezkutatzeko aproposa denez, munduko hainbat talde armatuk, gerrillarik, talde terroristak nahiz armadak erabili dute. Euskal Herrian, ETAk maiz erabili zuen, 80ko hamarkadan batez ere. Norbanako batzuek ere (1920an, New Yorken Mario Buda anarkistak, kasu) erabili izan dute bonba-autoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiako lehenengo bonba-autotzat 1905ean Abdul Hamid II.a Sultan Otomandarra hiltzeko erabilitakoa hartu ohi da.
Beste aurrekaria 1920ko irailaren 16an New Yorken izan zen. Dinamitaz eta metrailaz betetako zalgurdi batek eztanda egin zuen Wall Streeten, bonba-autoaren aurrekaria. 40 lagun hil eta kalte handiak eragin zituen AEBetako zentro finantzarioan. Egilea Mario Buda anarkista izan zen, zeinak militante anarkisten aurkako atxiloketa eta deportazioak mendekatzeko kapitalismoaren sinbolo zen gunea eraso ondoren, Italiara alde egin zuen. Bitartean, FBIk anarkista, komunista eta sindikalista oro susmagarritzat joz, haien aurkako errepresioa abiatu zuen. Geroztik Budaren asmakizuna eboluzionatuz joan da, gaur egunera iritsi diren bonba-auto sofistikatuenetara arte, suntsiketa handiko arma generikoa bilakatuz. Era guztietako talde iraultzaile, zerbitzu sekretu zein talde fundamentalista erlijiosok erabili dituzte atentatuak egiteko.[1]
Bonba-autoa Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian ETAk maiz erabili du bonba-autoa, 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera. Iparretarrak (IK) erakundeak ere behin erabili zuen, 1996an Baionan, Frantziako administrazioaren bulego baten aurkako ekintza batean, nahiz eta lehergailua poliziek indargabetu zuten.
Eskuin-muturreko talde parapolizialek, gutxitan bada ere, antzeko lehergailuak erabili izan dituzte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Bonba-autoaren historia, Asia Times.
- Bonba-autoaren historia Argia aldizkarian