Bularretik mintzora

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bularretik Mintzora egitasmoa 2007an plazaratu zen haurren irakurketa ohiturak sustatzeko helburuarekin bai eremu formalean nahiz informalean. Itziar Zubizarretak sortu zuen proiektua, Galtzagorri elkartearen laguntzarekin eta lankide izan zituen Euskal Herrian erreferente diren hainbat idazle eta ilustratzaile; Elena Odriozola, Pello Añorga, Lourdes Etxebarria, Juan Kruz Igerabide eta Miren Agur Meaberen ahotsarekin, eta Edler Copé, Oihane Igerabide, eta Iñaki Telleriaren musika laguntzarekin.

Ahozko tradizioan oinarritutako liburuxka honetan biltzen dira bularrean, magalean, jolasean eta hizketan kontatu eta abestu daitezkeen kantak, poemak eta ipuinak. Bertan, testuak eta hitzak agertzeaz gain, CD bat ere aurki daiteke edozein une eta lekutan entzuteko. Honetaz gain, haurrekin kontakizunak lantzeko azalpen eta gomendio batzuk ere agertzen dira.

Egitasmo honen helburu nagusietako bat da haurrengan irakurtzeko ohitura sustatzea guraso eta hezitzaileen bidez, haien ingurune naturalean: etxean, eskolan nahiz liburutegian. [1]

Bularrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honek txotxak bildu [2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honek txotxak bildu.

Honek sua egin.

Honek arrautza frijitu.

Honek pixka-pixka bat probatu.

Eta handi pikaro honek

den-dena xurrupatu.

NOLA LANDU HAURREKIN: Bai eskolan eta bai etxean haur txikiekin egiteko jolasa, haurra besoetan eta magalean hartu eta elkarri begira errezitatzeko modukoa. Ahapaldi bakoitzean atzamar bat ukitzen da, banan-banan lodira iristean esku-ahurrean kili-kiliak egiten dira.

(ITURRIA: Herrikoia)

Loa, loa, xuxurunbere [3][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loa, loa, xunxurubere.

Loa, loa, masusta.

Aita gurea Bitorian dago,

Ama mandoan hartuta

Loo, loo, loo…

Lolito-lolito, lo-lo.

Zuk orian eta nik gero.

Biok batera lo egiteko,

etxean inor ez dago.

Loo, loo, loo…

Tirikitrauki, trauki,

mailuaren hotsa.

Hamalau hargin baino

Hoba dot arotza.

Loo, loo, loo…

Lua, lua, lua,

ez “eidazu” lo basuen

Azeri batek jan ez zagiazan

Bildotsa zarelakuen

Loo, loo, loo…

NOLA LANDU HAURREKIN: Haurra besoetan edo sehaskan dagoela goxo-goxo abesteko eta lokartzeko.

Magalean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txalo pintxalo [4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txalopin txalo,

txalo eta txalo,

katutxoa mizpira

gainean dago.

Badago bego,

txalo eta txalo,

zapatatxu berriei

begira dago.

NOLA LANDU HAURREKIN: Bai hezkuntza formalean zein etxean lantzeko abestia da haurra magalean hartuta eta eskuekin txaloak eginez.

Txita polita [5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin batean, Txita Polita harizti batera joan zen eta, ezkur ale bat erori hari-tzetik eta, kaxk!Jo du buruan.

— Ene bada! — Esan zuen, zeharo izutua- Zerua dator goitik behera. Noan Erregeri esatera.

Eta Txita Polita bazihoan, joan Erregerengana; eta Oilo Potxolo topatu zuen bidean:

— Egun on, Txita Polita nora zoaz, horren goiz jaikita?

— Zerua dator goitik behera eta Erregeri esatera noa...

— Oh! Noan ni ere zurekin batera.

Eta Txita Polita eta Oilo Potxolo eta joan bazihoazen Erregeren jauregira eta eta Oliar Goiar topatu zuten bidean.

— Egun on, Oilo Potxolo eta Txita Polita, nora zoazte, horren goiz jaikita?

— Zerua dator goitik behera, eta Erregeri esatera goaz.

— Uh! Noan ni ere zuekin batera.

Eta Txita Polita, Oilo Potxolo eta Oilar Goiar joan, bazihoazen Erregeren jauregira eta Ahate Garate topatu zuten bidean.

— Egun on, Oilar Goiar, Oilo Potxolo eta Txita Polita, nora zoazte, horren goiz jaikita?

— Zerua dator goitik behera, eta Erregeri esatera goaz.

— Iuju! Noan ni ere zuekin batera.

Eta Txita Polita, Oilo Potxolo, Oilar Goiar, Ahate Garate joan, bazihoazen Erregeren jauregira eta Antzar Mantzar topatu zuten bidean.

— Egun on, Ahate Garate, Oilar Goiar, Oilo Potxolo eta Txita Polita, nora zoazte, horren goiz jaikita?

— Zerua dator goitik behera eta Erregeri esatera goaz.

— Ja- jai! Noan ni ere zuekin batera.

Eta Txita Polita, Oilo Potxolo, Oilar Goiar, Ahate Garate, Antzar Mantzar joan, bazihoazen Erregeren jauregira eta Indioilar topatu zuten bidean.

— Egun on, Antzar Mantzar, Ahate Garate, Oilar Giolar, Oilo Potxolo eta Txita Polita; nora zoazte, horren goiz jaikita?

— Zerua dator goitik behera eta Erregeri esatera.

— Mmm!Noan ni ere zuekin batera.

Eta Txita Polita, Oilo Potxolo, Oilar Goiar, Ahate Garate, Antzar Mantzar, Indioilar joan, bazihoazen eta iritsi ziren Erregeren jauregira.

— Errege Jauna, Errege Jauna! Zerua ari da puskatzen dena. Agindu ezazu konpon dezaten azkar- azkar.

Erregeak hazka egin zuen bere bizar zurian, urrezko txanpon bana eman zien eta konponduko zuela esan zien. Eta agurtzeko irribarretsu esan:

Eskerrik asko, Txita Polita, Oilo Potxolo, Oilar Goiar, Ahate Garate, Antzar Mantzar eta Indioilar; etorri berriz ere nahi duzuenean.

NOLA LANDU HAURREKIN: Hezitzaileak ikasgelan haurrei kontakizuna ahoz gora egiteko aproposa izan daiteke. Behin haurrak ipuin hau barneratzen joan ahala jarduera ezberdinak egin daitezke, hala nola, pertsonaia bakoitzari dagozkien irudiak banatu ikasleen artean eta hauek antzeztea.

Jolasean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arre-arre mandoko [6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arre-arre mandoko.

Bihar Iruñerako

Etzi Tolosarako.

-Handik zer ekarriko?

- Zapata eta gerriko!

- Haiek norentzako? (haurraren izena)-tzako!

NOLA LANDU HAURREKIN: Abesti hau aproposa da eskolan zein etxean abesteko. Eskolan errutina orduan erabili daiteke sarrera moduan. Eskolara etorri diren haurren izenak abestu daiteke, azkenengo esaldian haurren izenak esanaz banan-banan. Etxean, haurra magalean hartu eta elkarri begira jarrita, kantaren erritmoan trostan abesteko balio lezake.

Senda mina [7][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senda mina,

putz urdina.

Joan da, joan da

zure mina.

NOLA LANDU HAURREKIN: Abesti hau haurrak mina hartzen duten unerako da aproposa. Haurraren ondora makurtu eta min hartu duen tokiari erreparatuz abestu daiteke. “Putz urdina” esaten den momentuan zaurian putz eginez.

Hizketan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txitxi tela [8][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txitxi tela

papa tela,

bihar dela Bazko,

etzi xinger moko,

arrautza eta koxko.

Nik axala,

hik mamia,

krik!, ahorako.

NOLA LANDU HAURREKIN: Haurrari jaten duen bitartean esateko.

Euria dator menditik [9][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euria dator menditik

Ondarroako aldetik.

Ez daukat zapatatxurik

Banoa Lekeitiotik

NOLA LANDU HAURREKIN: euria egiten duenean edo euria datorrela dirudienean kantatzekoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sagastume, L. (2007). Iraganetik etorkizunera. Behinola, 57, 55.
  2. Herrikoia
  3. Azkue, R. (1922). Cancionero Popular Vasco. Bartzelona: Boileau.
  4. Zulaika, Jose Gonzalo “Aita Donostia”; Dueñas, Xabier (edit. lit.) (2016).Txalopin txalo. In Obras completas (X. bol. Notas de Floklore), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 932.or
  5. Lekuona, M. (1963). Txuri ta Gorri ta Kikiriki. Andoain: Etor.
  6. Zulaika, Jose Gonzalo “Aita Donostia”; Dueñas, Xabier (edit. lit.) (2016). Arre- arre mandoko. In Obras completas (X. bol. Notas de Floklore), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 231.or.
  7. Zulaika, Jose Gonzalo “Aita Donostia”; Dueñas, Xabier (edit. lit.) (2016). Arre- arre mandoko. In Obras completas (X. bol. Notas de Floklore), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 528.or.
  8. Zulaika, Jose Gonzalo “Aita Donostia”; Dueñas, Xabier (edit. lit.) (2016). Arre- arre mandoko. In Obras completas (X. bol. Notas de Floklore), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 268.or.
  9. Zulaika, Jose Gonzalo “Aita Donostia”; Dueñas, Xabier (edit. lit.) (2016). Arre- arre mandoko. In Obras completas (X. bol. Notas de Floklore), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 573.or.