Burkoaren liburua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Burkoaren liburua
Jatorria
Egilea(k)Sei Shōnagon
Sorrera-urtea1002
Izenburua枕草子
Jatorrizko herrialdeaJaponia
Ezaugarriak
Genero artistikoazuihitsu (en) Itzuli
HizkuntzaJaponiera klasikoa
Argumentu nagusiaokashi (en) Itzuli
Sei Shōnagon XVII. mende amaierako ilustrazio batean.

Burkoaren liburua (枕草子 Makura no Sōshi) Sei Shōnagonek idatzitako liburu bat da, 990 inguruan idazten hasia eta 1002an amaitua.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

966. urte inguruan, Japonian, Sei Shōnagon idazle, poeta eta gortesaua jaio zen. Fujiwara no Teishi (Sadako izenez ere ezaguna) Heian aroko enperatrizaren zerbitzura jardun zuen. Ezer gutxi dakigu emakume horren bizitzari buruz, bere idatziez gain. Burkoaren liburua bilduma idazteagatik da bereziki ezaguna. Lan horretan egileak enperatrizaren eta gortearen berri jaso zuen. Hainbat poema ere bildu zituen, baina, bereziki, zerrendak nabarmentzen dira liburuan; batzuk bitxiak dira oso eta beste batzuek ez dute gaurkotasunik galdu[1].

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerrenda horien zerrendak berak ez du ezer bazterrean uzteko: bihotz-taupadak azkartzen dizkiguten gauzak; konparatu ezin diren gauzak; zikin sentiarazten gaituzten gauzak; mugitzen diren gauzak; finak izan behar luketen gauzak; boterea galdu duten gauzak; ikusteko edo entzuteko grina eragiten diguten gauzak; urrun egon arren hurbil dauden gauzak; gauza arraroak, etab[1].

Hona hemen gauza arraroen azken zerrenda horretako ale batzuk: aitaginarrebak suhia laudatzea eta, era berean amaginarrebak erraina estimatzea; nagusiaz gaizki esaka ez dabilen mirabea; berezitasunik ez duen pertsona[1].

Lotsarazten gaituzten gauzen zerrendak argi uzten du gauza batzuk ez direla batere aldatu mila urtean: norbaiti buruz hitz egitea, entzun gaitzakeela konturatu gabe; gurasoek, haien haur itsusia maitagarria dela sinistuta, haurrak esaten duen guztia errepikatzea, haren ahotsa imitatuz; gizon batek bereziki onak ez diren bere poemak errezitatzea eta jaso dituen laudorioez jardutea[1].

Horrez gain, gauza dotoreak ere bildu zituen gortesauak beste zerrenda batean: txaleko more baten gainean beroki zuria eramatea; liana xarabea izotzarekin nahastua eta zilarrezko katilu berri batean zerbitzatua; ahateen arrautzak; glizinak loretan; elurrak estalitako aranondo loreak; haur eder bat marrubiak jaten[1].

Burkoaren liburuko beste zerrenda batzuk bihurriagoak dira, hala nola, iragan loriatsua izan arren gaur egun alferrikakoak diren gauzak: ikusmen kaskarreko margolaria; gustu onez eraikitako etxe bateko lorategiko zuhaitzak, suak suntsitu ondoren; inork zaintzen ez duen eta alga geruza lodi bat daukan urmaela[1].

Amaitzeko, Sei Shōnagonn poeta izaera biltzen duen zerrenda ederra, musika duten isiltasunaren gauzak: euriak garbitu berri duen ezkila-loreen saila; egurrezko kutxa ñimiñoak; ibaitik hurbil, amesten duen hari sonata bat idazten dion emakumea, elurra mara-mara botatzea; txorien hilerriak; intsentsu-makilan kea. Eta, azkenik, magnolien heriotza. Magnolia horietan, argia anbar kolorekoa den orduetan, emakume talde bat ikus daiteke pabana dantzatzen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Nagore Irazustabarrena, Mila urteko zerrenda japoniarrak, Argia, 2017ko ekainaren 11

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]