Edukira joan

Castèl del Gigant

Koordenatuak: 43°44′09″N 3°33′01″E / 43.735863°N 3.550242°E / 43.735863; 3.550242
Wikipedia, Entziklopedia askea
Castèl del Gigant
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Okzitania
Departamendua Hérault
Frantziako udalerriSaint-Guilhem-le-Désert
Koordenatuak43°44′09″N 3°33′01″E / 43.735863°N 3.550242°E / 43.735863; 3.550242
Map

Castèl del Gigant ("Erraldoiaren Gaztelua", Verdungo Gaztelu bezala ere ezaguna) Erauko departamentuko (Okzitania) Saint-Guilhem-le-Désert herriaren gainean dagoen zitadela bat da.

Harkaitz ertz baten gainean kokatua, gaztelua Infernet-eko zirkuaren eskuineko ertza osatzen duen itsaslabar altuan behera hedatzen da, désert izeneko gunerako sarrera kontrolatuz. "Desertu" hitz hau ez da hareazko gune lehor bezala ulertu behar (kontrara: landarea eta ura ugari aurki daiteke bertan), baizik eta "eremutarren bizileku isolatu" adieran.[1]

Castél del Gigant izena Ysoré erraldoiaren kondairarekin lotua dago. Ysoré hau saxoien erregea zen, eta hemen errefuxiatu zela kontatzen da.

Sacramentaire de Gellone eskuizkribuan (VIII-IX mende artekoa), gunea Castrum de Virduno bezala aipatzen da (Verdus-eko edo Verdun-go gaztelua) Verdus ibaiaren sorleku den bailararekin lotua.

Gaztelua Castèl de Dom Juan ere deitua izan da, baina izen hau ez da zuzena baizik eta gaizki ulertu baten ondorio (Taylor baroiak egina “Frantzia pintoreskoa" idazlanean, eta hainbat turismo-gidak errepikatua).

Herrian kontatzen denez, erraldoia gazteluan bizi zen mika baten konpainian; eta herriko biztanleak izutzen zituen. Egun batean, Gilen Gellonekoa neskamez mozorrotu zen, gaztelura ura garraiatzeko itxurak eginez,Gaujosa izeneko bere ezpata mitikoa hartuta. Pasatzean, erraldoiaren mika ohartu zen gaztelurantz zetorren neskamea ez zela ohiko bidetik etortzen ari. Galdetu zionean, txoriak Guilhem ezagutu zuen eta erraldoiarengana joan zen, abisu hau emanez:

- « Gigant, es pas ta sirventa que te ven portar d'aiga, es Guilhem que se'n ven per te tuar. » (okzitanieraz: "Erraldoi! Ez da neskamea ura ekarriko dizuna, baizik eta Guilhem, zu erailtzera datorrena"),

Halere erraldoia, bere botereaz ziur, ez zion txoriari jaramonik egin eta gazteluaren atea ireki zion. Borroka gogorra izan zen, baina azkenean Guilhem nagusitu zen, erraldoia gazteluko labarretatik behera botata. Zorigaitzeko mika, babeslea galduta, hegan abiatu zen leku ezezagunean ezkutatzeko. Harrezkero, herriko biztanleak lasaitasunean bizi izan dira,[1] baina Gellone haranean hegazti espezie ugari badira ere, hiru eguneko bidea egin behar izaten da mika bat aurkitzeko.[2]

Castèl du Gigant ezkerrean, Saint-Guilhem-le-Désert herria behean duela.

Uste denez, leku honetan kastro erromatar bat izan zen, Verdus haranaren gainean duen kokapen estrategikoa baliatuz.

XII. mendean, Gelloneko abadearen eta Armand eta Adelaide jaun-andereen arteko liskarrak izan ziren Verdungo gazteluaren jabetzarengatik. Lehenak irabazi zuen, eta bigarrenek 1124an Gilen Deunaren aldarean zin egin behar izan zuten aldarrikapen horri uko egiten ziotela. Hitza ez zuten bete ordea, eta aldarrikapena berriztu zuten Raymond eta Gaucelin Montpeirosen aurrean; alferrik, gazteluaren jabetza akordio solemne baten berretsi baitzen, artxiboetan jasoa geratu zena hainbat lekukoren izenekin batera: Pèir Bernat de Pesenàs, Ponç de Morese, Ramon de Càsols, Pèir de Caus, Guilhèm de Puèg-Abon, Pèir de Mascos, Bernat d 'Espondelhan... Denborarekin, Verdun hondatuz joan zen, Gelloneko abadeek ez zuten berreraiki eta bere horretan utzia izan zen.

XIX. mendean gunea autoritateei ihes egiten zieten ehiztari furtiboen babeslekua izan zen, Saint Guilhemeko biztanleen konplizitatearekin. Furtibo hauei sauta ròcs ("haitz-jauzilariak") esaten zieten; gaur egun, Saint Guilhemeko biztanleen ezizena da hori.[3] Basozainak zetozenean, ehiza-deiak erabilita abisatzen zieten eta lasterka abiatzen ziren gaztelurantz.

Hondakinekiko interesa Lehen Mundu Gerra garaian piztu zen, idazle famatu (baina ezezagun) batek eraikina 150 liberaren truke erosi zuenean; halere hondakinen egoera ez zen aldatu, eroslearen interes bakarra Frantziako Gazteluen Direktorioan "Gelloneko gaztelar" bezala aurkeztea baitzen.

2001etik debekatuta dago eraikinera sartzea, erorketa arriskuarengatik.

2022an, eraikinaren hondakinak egonkortzeko lanak hasi dira, gazteluaren silueta enblematikoa gordetzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) aetheria. (2024-10-19). Saint-Guilhem-le-Désert, el tesoro jacobeo medieval de Occitania | AETHERIA TRAVELS. (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  2. (Frantsesez) pj2h. (2018-09-25). «SAINT-GUILHEM LE DESERT» CLERMONT L'HERAULT.NET (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  3. (Frantsesez) «Saint-Guilhem-le-Désert (Hérault) - Les Plus Beaux Villages de France» www.les-plus-beaux-villages-de-france.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]