Ezpata

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erdi Aroko ezpatak

Ezpata bi ahoko arma zuri bat da, helduleku bat eta xafla ebakitzaile luze bat duena (normalean metro erditik gora). Garaiaren eta tokiaren arabera aldatzen dira ezpataren ezaugarriak.

Ezpatak Brontze Aroan sortu ziren, dagatik garatuta. Lehenbiziko aleak K. a. 1600 ingurukoak dira. Burdin Aroko ezpatak labur samarrak eta esku-babesik gabeak ziren oraindik. Erromatar Inperio Berantiarreko armadan sortutako ezpata klasea, spatha izenekoa, Europako Erdi Aroko ezpataren aurrekaria izan zen. Horrek Erdi Aro Betean zaldunen ezpata ekarri zuen. Aro Modernoan, arinagoa den estoke mehea (espada ropera gaztelaniaz) sortu zen Espainian. Ezpatak, XVIII. mendean, garrantzia galtzen joan ziren, eta, XIX. mendean, berriz, arma zeremonial gisa edo eskrima modernoaren kirolean baino ez ziren erabiltzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezpata dagatik garatu zen, xafla luzeak egitea posible izan zenean. K. a. III. milurtekoan lortu zen, Ekialde Hurbilean, hasieran artsenikoa kobreari erantsiz eta zenbait urte geroago, eztainuaren bidez. Baina 60 cm-tik gorako xaflak ez ziren ohikoak edo praktikoak Goi Brontze Arora arte, brontzearen haustura-tentsioa txikia delako, eta, hortaz, xafla luzeak aise tolesten ziren.

Dudarik gabe ezpatatzat har daitezkeen lehenbizikoak zibilizazio minoikokoak dira (K. a. 1700 inguru), metro bateko luzera lortu baitzen. Europako Brontze Aroan, Naue II motako ezpatak nabarmentzen dira (Julius Naue-ren omenez deituak), oso iraupen luzea izan baitzuten. K. a. XIII. mendean sortu ziren, Italiako iparraldean, Kutxa Zelaien Kulturaren testuinguruan, eta Burdin Arora ere ailegatu ziren, zazpi mende geroago. Denbora horretan, brontzetik burdinara pasa zen, baina oinarrizko diseinua ez zen aldatu. Naue II motako ezpatak 85 cm-koak izan zitezkeen, baina gehienak 60 cm-tik 70 cm-ra bitartekoak ziren.

Burdin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hallstatt kulturako ezpatak, XIX. mendeko marrazki batean.

Burdina K. a. XII. mendetik aurrera hasi zen erabiltzen, baina K. a VIII. mendera arte ez zen zabaldu. La Tene kultura hedatu zenerako (K. a. V. mendea), burdinazko ezpatek brontzezkoak ordeztu zituzten Europa osoan.

Burdina gogortzeko, brontzearekin gertatzen zen bezala, ezpatak mailakatu egiten ziren, eta ez tenplatu. Hortaz, ez ziren brontzezko ezpatak baino askoz gogorragoak, baina, produkzioa errazagoa eta lehengaia dezente ugariagoa izanik, lehenbiziko aldiz armada osoak hornitu ziren metalezko armez (nahiz eta Brontze Aroko Egipton hala gertatu).

Denborak aurrera egin ahala, arotzek ikasi zuten karbonoa galdaketan erantsiz, aleazio hobea lortzen zela eta, burdina tenplatuz eta iraotuz, ezpatek ia-ia ez zutela kalterik jasotzen. Hala ere, denbora luzea pasa behar izan zen hori guztia zabaltzeko, eta, Erdi Aroan ere, gogortu gabeko ezpatak ohikoak ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ezpata Aldatu lotura Wikidatan


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.