Edukira joan

Zenote

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cenote» orritik birbideratua)
Cenote Sagrado ospetsua Chichén Itzá hirian.

Zenotea (maierazko dzonot edo ts'onot hitzetik, gaztelaniaz cenote) dolina mota bat da, harrizko ertz pikoak eta ur gezaz betea dagoena. Batez ere Yucatán penintsulan aurki daitezke, eta Karibeko uharte batzuetan ere bai.

Itxura biribilkarakoak, ingurune karstikoan sortzen dira. Hasieran, lur azpiko leize bat da, euri urak kareharrian eratua. Leizearen tamaina handitu ahala, lurrazaletik hurbildu eta sabaia erori eta kanpotik ikusgai bihurtzen dira. Gehienbat, itsas mailaren beheratzean sortu ziren, Pleistozenoko glaziazioen garaietan.

Espeleologoek aurkitu dutenez, Yucatán penintsulako zenote ugari elkarri lotuta daude, eta itsasoarekin[1], lur azpiko ur sare konplexua sortzen dute.

Hiru zenote mota daude:

  • irekia
  • erdiirekia
  • lurrazpikoa (leizea)

Sailkapen horrek zenotearen adinarekin zerikusia du: zaharrak guztiz irekiak dira eta berrietan, sabaiek oraindik zutik diraute.

Cenoteak kultura maian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiek azpimunduko jainkoekin harremanetan jartzeko bitartekotzat hartzen zituzten zenoteak, aho bat irudikatzen baitzuten. Ur gezako gordailutzat erabiltzeaz gain, gurtza-lekutzat erabiltzen ziren, eta bertara eskaintzak eta giza sakrifizioak jaurtitzen zituzten.[2]

Babestu beharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko herriek ondare natural eta kultural hau premiaz babes dezan eskatu diote Mexikoko Estatuari. Samantha Colli-Sulu Nazio Batuetako aholkulariaren arabera, «duten garrantzi zientifiko, kultural eta espiritualaz gain, familia askorentzat ekonomikoki irauteko aukera dira zenoteak». Masa turismoaren aurrean, asko dira ekoturismoari esker, etxoletan ostatua eskainiz, sostengatzen diren kooperatiba maiak. Colli-Suluren ustez, «naturaren zaintzarekin eta honek sinbolizatzen duen guztiarekin lotura sakona duen antolaketa-modu bat dira». Izan ere, argi baitute, «dirua amaigabea da eta basamortu amaigabeak sortzen ditu».[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Interconexiones entre cenotes y entre éstos y el mar
  2. Casares G. Cantón, Raúl; Duch Colell, Juan ; Antochiw Kolpa, Michel ; Zavala Vallado, Silvio et ál. (1998). Yucatán en el tiempo. Mérida, Yucatán ISBN 970 9071 04 1..
  3. https://www.naiz.eus/eu/gaiak/noticia/20221007/zenoteak-babestu-beharreko-ondare-natural-eta-kulturala

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]