Commissariat à l'énergie atomique et aux énergies alternatives
Commissariat à l'énergie atomique et aux énergies alternatives (euskaraz: «Energia Atomikoaren eta Energia Alternatiboen Komisariotza») edo CEA 1945. urteko urriaren 18an de Gaulle jeneralaren behin-behineko gobernuak, Frédéric Joliot eta Raoul Dautryren proposamenez, sortu zuen erakundea da.
Joliot eta Dautry goi komisario eta gobernuaren ordezko administratzaile orokor izendatu zituzten hurrenez hurren. Horiez gainera, erakundearen lehenengo urteetan kide izan ziren Pierre Auger, Francis Perrin, Bertrand Goldschmidt, Irène Joliot-Curie eta Jules Guérou. Haien guztien asmoa zen fisika nuklearraren inguruan egin ziren aurkikuntzetatik abiatuta, Frantzia energia iturri nagusia izateko ikerketaren eta industrializazioaren bidean jartzea. CEAk, bere burujabetasuna ziurtatzeko, langile zibilak hartu zituen bere gain, administrazioari eta finantzari dagokionez autonomoak. CEAk gaur egun izaera zientifiko, tekniko eta industriala duen erakunde publikoaren estatutu berezia du; administratzaile orokor batek (administrazio batzordearen presidente dena aldi berean) eta goi komisario batek (batzorde zientifikoko presidentea) zuzentzen dute erakundea. Kargu horietan aritu dira: administratzaile orokor gisa Raoul Dautry (1946-1951), Pierre Guillaumat (1951-1958), Pierre Couture (1958-1963), Robert Hirsch (1963-1970), André Giraud (1970-1978), Michel Pecqueur (1978-1983), Gérard Renon (1983-1986), Jean-Pierre Capron (1986-1989), Philippe Rouvillois (1989-1998), René Pellat (1998-2003), Bernard Bigot (2003-2009), Catherine Cesarsky (2009-2012) eta Yves Bréchet (2012-); eta goi komisario gisa, Jacques Yvon (1970-1975), Jean Teillac (1975-1993), Robert Dautray (1993. urteaz geroztik) aritu dira.
Lehenengo ikertzaileak uranio naturaleko erreaktoreen inguruan eta ur astunaren inguruan aritu ziren lanean: 1948an lehenengo Zoé pila esperimentala jarri zen abian (Lew Kowarski). EL 2 bigarren erreaktorea, presiopean dagoen gas karbonikoaren bidez hoztua, 1952an jarri zen abian. Pierre Guillaumat administratzaile orokorra zela, eta Francis Perrin komisario nagusi, CEA laborategi izatetik industria nazional izugarria izatera igaro zen. 1960. urtea bitartean, bikoiztu egin ziren haren baliabideak, eta baita aurrekontua ere. CEAren lan gehienak lehenengo bost urteko planaz geroztik eraman ziren aurrera (1952-1957), batez ere uranioaren bilaketa eta mea ustiaketari dagozkionak: Châtillongo gotorlekuko laborategia (orduz geroztik Fontenay-aux-Rosesen ikerketa nuklearren zentro bilakatu zena) berregin zen, Saclayko zentroa handitu, Marcoule, Grenoble eta Cadaracheko zentroak abian jarri eta pila berriak sortu (G1, G2, G3, Marcoulen; EL 3 Saclayn). 1957an Europar Erkidegoak energia atomikoaren ikerketari laguntza eman zion eta Euratom sortu zen. Hala, abian jarri ziren Van de Graaf bat, 5 MeV-koa (1953), 25 MeV-ko ziklotroi bat, ondoren 28 MeV-ko azeleragailu lineal bat eta 3.000 MeV-ko Saturno azeleragailua (1958), Cosmotron estatubatuarraren kopia. 1959. urtean, Frédéric-Joliot (S.H.F.J.) ospitale zerbitzua sortu zen, teknika nuklearrak erabiltzen direna sendagintzako diagnostikoetarako. 1960ko otsailean, CEAk eta frantses gudarosteak lehenengo bonba nuklearra leherrarazi zuten Regganen (Sahara). 1959an CEAk banaketa isotopikorako lantegia eraiki zuen, lehenbizi Pierre Tarangerren zuzendaritzapean eta ondoren Robert Galleyrenean jardun zuena. Gasen barreiaduraren prozedura Frantzian aurrera eramateko ikerketa fisiko-kimikoak Claude Fréjacques zuzendari zela jarri ziren abian. Ikerketa militarraren alorrean, bi bide hartu zituzten: batetik, arma atomikoaren militarizazioa, eta, bestetik, arma termonuklearrak egitea. Arma horien saioak 1966. urteaz geroztik egin ziren Ozeano Bareko Esperimentazio Zentroan. CEAk uranio aberastuarekin funtzionatzen zuen urpekarietarako motor nuklear baten ikerketa hasi zuen: eredu bat 1964an jarri zen abian Cadarachen. 1960. urte bukaeratik aurrera, erregai irradatuak berreskuratzeko bigarren lantegia jarri zuen Hagako lurmuturrean (1966); Chebourgen Redoutable urpekariaren jaurtiketa eta Rapsodie (neutroi bizkorreko lehenengo erreaktore esperimental frantsesa) jarri ziren martxan (1967). 1967. urtean, bestalde, elektronikako eta teknologiako laborategia sortu zen Grenoblen, eta 1969an Orme-des-Merisiersen elektroietako azeleragailu lineala inauguratu zen. 1970ean ikerketa eta hornidura elektronuklearraren programari bide berria ematea erabaki zen: uranio natural-grafito-gas bidea utzi eta uranio aberastuko eta presiopeko ur arrunteko erreaktoreen bideari ekin zitzaion. Energia atomikoaren komisariotzak une latzak bizi izan zituen; programak berritu behar zituen, eta ahal bezain bizkorren eta eraginkorren gainera, izan ere, petrolioaren krisiak eta Frantziaren energia hornikuntzaren eskasiak energia nuklearrean aurrerapenak egitea eskatzen baitzuten. CEAk, hortaz, lan handia egin zuen industria nuklear ahaltsua osatzen. Ikerketaren eta bilakaeraren alorrean egindako ahalegin hori industriarekin elkar hartuta egin zen, eta ahalegin haren ondorioz sorturiko erreaktore multzoak Frantziako elektrizitate beharraren % 80 ase zuen. Garai horretan bertan, CEAk lan handia egin zuen neutroi bizkorren erreaktoreak garatzen: Rapsodie, eta ondoren Phénix (1873). Lan horri esker Super-Phénix egin zen (1.200 MWe). CEAren jarduera militarra Aplikazio Militarren Zuzendaritzatik (DAM) sortu zen, eta hark hartu zuen arma nuklearrak eraikitzeko, saiatzeko, eta bereziki, kontserbatzeko ardura. DAMak hainbat bektoretarako buru nuklearrak osatu zituen. Itsas propultsioaren zuzendaritza, bestalde, urpekarietako jaurtitzaileen motor nuklearren hobekuntzaren arduradun da, eta baita ontzi nuklearren sutegien garapenaren arduradun ere. 1990. urteaz geroztik, CEAren sektore zibileko jarduerak bost zuzendaritzaren eta bi erakunderen ardurapean jarri dira. CEAk 1993. urtearen amaieran hemezortzi mila lagun inguru zituen lanean. Beste erakunde handiek bezalaxe, CEAk aurrekontuetan murrizketa gogorrei eta ikerketarako kredituen gutxitzeari aurre egin behar izan die. Bestalde, industriaren eta aginpide publikoaren eskakizunen aldaketei egokitu behar izan zaie: eskakizun zorrotzak ziurtasunaren alorrean, ingurumenarekiko kezka, hondakin erradioaktiboen kudeaketari buruzko kezkak, etab.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-3-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.