Cortesko adierazpena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bi herritar 'Cortesko adierazpena' irakurtzen, eta atzean jendea babesa ematen.

Nafarroa Garaiko Erdialdeko eta Erriberako herritar euskaltzale talde batek sustaturiko ekimena da, euskararen alde eta Nafarroan hizkuntz eskubideak hiru eremuren arabera mailakatzen dituen zonifikazioaren kontra. Ekimenaren barnean ekitaldi bat egin zuten 2021eko azaroaren 13an, larunbatarekin, Cortesko Retegi pilotalekuan; han Cortesko adierazpena izenekoa irakurri zuten eta Hordago! egitasmoa aurkeztu zuten[1][2][3], Nafarroa Garaiko udalerri guztietan halako adierazpenak egitea proposatzen zuena.

Ekitaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cortesko paloteado (makil-dantza) dantzariak, 'Hordago!' egitasmoa aurkezteko ekitaldian.

Cortesko adierazpena irakurtzeko ekitaldia herri horretako Udaletxe plazaren ondoan dagoen Retegi pilotalekuan egin zuten, eguerdian. Lehenbizi, haurren arteko pilota partida bat egon zen. Ondoren, Cortesko udal bandako ganbera musikako taldeak Sorotan Beleren Zortzi orduko ekaitza pieza jo zuen. Geroago, Cortesko paloteado (makil-dantza) taldeak herriko dantza ikuskizun tipikoa eskaini zuen. Hori bukatuta, Azkoiengo neska batek eta Cortesko gizon batek manifestua irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren.

Adierazpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cortesko adierazpena

Nafarroako herritar gisa, Cortestik ‒Nafarroan hegoalderago dagoen herritik‒, hordago jo nahi dugu, erronka bota nahi dugu, punta batetik bertzera joanen dena, Foru Komunitateko leku, herri, kontzeju, hiribildu eta hiri guztiak zeharkatuz. Eta hordago horrek lau haizetara zabalduko du hemen eta orain aurrerapausoak eman nahi ditugula edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko. Gaur egun, ordea, gure eskubideak mugatzen dituen oztopo bat da Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen dituen hori: “euskalduna”, “mistoa” eta “ez-euskalduna”. Zonifikazio hori bidegabea zen duela lau hamarkada, eta orain, gainera, anakronikoa da.

Cortestik hordago handira jotzen dugu. Handiak baitira gure lurraldean nagusitzea nahi ditugun balioak. Justizia da balio handi horietako bat, eta Nafarroan nagusi izatea nahi dugu, inolako bereizkeriarik egon ez dadin, ezta arrazoi linguistikoengatik ere. Izan ere, zonifikazioa diskriminazio, desberdintasun eta desadostasun iturri da nafarren artean.

Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu; berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan; eta lurralde horretan eskubide berdinak izanen ditugu une orotan, Nafarroaren zein zatitan gauden kontuan hartu gabe. Herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izanen da hori; herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatuko ez dituena; hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuko duena; eta aniztasun hori mehatxu gisa hartuko ez duena, aberastasun gisa baizik.

Cortestik hordago txikira jotzen dugu. Mundu osoan miloika hiztun dituen gaztelania erraldoiaren ondoan euskara bizi da Nafarroan, hizkuntza gutxitu eta gutxiagotua. Hizkuntza horren ezagutzak eta erabilerak, ordea, handiagoak egiten gaitu, eta behartzen gaitu hizkuntza hori babestera eta kaltetzea edo galtzea eragoztera.

Gaur egun ezagutzen dugun errealitate soziolinguistikoa ‒zonifikazioa ezartzeko justifikazio gisa hainbertzetan aipatzen dutena‒ ez da Nafarroak historia osoan zehar bizi izan duena. Era berean, euskara dakiten pertsonen kopurua txikia izateak ez du zilegitasunik ematen beren eskubideak urratzeko. Eskubideak pertsona guztiei dagozkie leku guztietan. Eta, horregatik, justiziagatik, eskatzen dugu euskaraz bizi nahi duten pertsonak ez tratatzea bigarren mailako herritar gisa.

Cortestik hordago pareetan jotzen dugu. Bi errege ditugu Nafarroan; bi hizkuntza. Edo bi erregina; bi mintzaira. Baina ez dute biek modu berdinean erreinatzen. Izan ere, horietako bat Nafarroako zoko guzti-guztietara iristen den bitartean, bertzea mugarriztatua dago, hesitua, gainditzeko zailak diren horma burokratikoek mugatua. Eta guk, Cortestik, Nafarroako hegoaldetik, aldarrikatzen dugu bi hizkuntzek parez pare egon behar dutela, eta halaxe izan behar dutela tratatuak; ez bata goian eta bertzea behean, baizik eta parean. Beraz, gaur ere aldarrikatzen dugu euskara Nafarroako nortasunaren parte berezkoa dela, bere izatearen eta bertakoen zati bat, eta ezin dela bata bertzea gabe ulertu, euskararik gabe Nafarroa, Nafarroarik gabe euskara.

Cortestik hordago jokoan jotzen dugu. Uste baitugu karta onak ditugula, eta jokoan jarri nahi ditugu, hordago irabazteko, etorkizuna irabazteko. Bereizkeriarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna. Euskaraz bizi, euskaraz lan egin, euskaraz jokatu eta euskaraz maitatu nahi duten nafarrek halaxe egitea posible izanen duten etorkizuna. Lurraldea eta gizartea euskararekin, edo bertze arrazoi batekin, zatikatuko ez duten etorkizuna. Beraz, gaur, Cortestik hordago jotzen diogu Nafarroako euskararen zonifikazioari. Eta Nafarroako erakundeek behingoz aintzat hartu beharreko hordago bat da hori.

Era berean, dei egiten diegu Nafarroako udalerri guztietako biztanleei eta gizarte-, kultura-, kirol-, sindikatu-, ekonomia- eta politika-eragile guztiei, gaurko aldarrikapen hau bere egin dezaten. Animatzen ditugu beren esparruetan eskaera hau zabal dezaten, eta osa dezaten beren ikuspegitik eta beren eskaerekin. Eta animatzen ditugu heldu diren hilabeteetan helburu horrekin egin daitezkeen ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera.

Nafarroako hizkuntza-banaketa gainditzea aurrerapen handia izanen da gure gizartearendako, aurrerapena izanen da justizia sozialean eta gure lurraldearen batasunean eta kohesioan. Azken finean, nafar guztiontzako aurrerapena izanen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Orzaiz, Ion. «Hordago egitasmoa abiarazi dute Nafarroan, zonifikazioaren kontra» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).
  2. SA, Baigorri Argitaletxea. (2021-11-14). «Zonifikazioarekin amaitzeko hordagoa jo dute Cortestik» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).
  3. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Órdago contra la zonificación que impone la Ley del Euskera» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).