Hordago! (herri ekimena)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Nafarroa Garaiko euskara elkarteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hordago (argipena)».
Hordago!
MotaHerri ekimena
Sorrera2021eko azaroaren 13a
EremuaNafarroa Garaia
HelburuaNafarroa Garaiko euskararen zonifikazioa deuseztatzea
Twitter@hordagonafarroa

Hordago! Nafarroa Garaiko herri ekimen euskaltzalea da. 2021eko azaroaren 13an sortu zen euskararen aldeko aldarriei bidea emateko, elkartearen esanetan. Ekimenaren helburu nagusia da Nafarroa Garaiko Euskararen Foru Legeak ezartzen duen "zonifikazioa gainditzeko baldintzak sortzea" eta euskara "Nafarroa osoko hizkuntza dela aldarrikatzea"[1]. Bere komunikazio eta ekitaldietan bi lelo nagusi erabiltzen ditu: "Zonifikazioari hordago" eta "Viva el euskera, de Cortes a Bera" (Gora euskara, Cortestik Berara).

Cortesko adierazpena (2021/11/13)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi herritar 'Cortesko adierazpena' irakurtzen, eta atzean jendea babesa ematen.

Hordago! egitasmoa Nafarroa Garaiko hegoaldekoen den herrian aurkeztu zuten, Cortesen, 2021eko azaroaren 13an, eta bertan egindako adierazpenaren bidez herri ekimen sortu berriaren helburu nagusiak jakitera eman zituzten. «Edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko» urratsak egiteko nahia adierazi zuten Cortesko adierazpena deitutako agirian, baita euskararen zonifikazioa «diskriminazio, desberdinkeria eta desadostasun iturri» izan dela salatu ere.

Hordago! elkarteak mus karta-jokoaren iruditeria erabili zuen haren aurkezpenean, eta agirian lau "hordago" jotzen dituztela adierazi zuten:

  • Hordago handira: Nafarroan balio handiak nagusitzea nahi baitute, hala nola justizia, «inongo bereizkeriarik egon ez dadin».
  • Hordago txikira: Gaztelaniaren aldean euskara hizkuntza txikia izateak «ez du zilegitasunik ematen euskaldunen eskubideak urratzeko», elkartearen esanetan.
  • Hordago pareetan: Nafarroako «bi hizkuntzek parez pare egon behar dutela» aldarrikatzen baitute, eta «ez bata goian eta bertzea behean».
  • Hordago jokoan: «Bereizketarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna» irabazteko jokatu nahi dutelako, eta hori helburu zonifikazioari hordago jotzen diotela aldarrikatzen dute.

Agiriaren amaieran Nafarroa Garaiko herritar eta eragileei, Cortesko adierazpenarekin bat egiteko deia luzatu zien elkarteak, «eskaera hau beren esparruetan zabal dezaten, eta osa dezaten beren ikuspegitik eta beren eskaerekin».[2]

Tuterako manifestazioa (2022/10/22)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordago! herri ekimenak deituriko manifestazioaren aurrealdea, Tuterako karriketan barna.

Hordago! ekimenak bere lehenbiziko manifestazioa egin zuen 2022ko urriaren 22an, Tuteran. Mobilizazioa 17:30ean abiatu zen, Foruen plazatik, Zonifikazioari Hordago! Viva el euskera lelopean, eta ehunka lagun bildu zituen[3]. Manifestazio bukaerako komunikatuan, Hordago!-ko kideek azpimarratu nahi izan zuten euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, Nafarroa osokoa, eta beraz eremu ez euskaldun gisa izendatu zuten horretakoa ere bai. Zonifikazioak eragiten duen "diskriminazioa" salatu zuten eta aldarrikatu zuten hizkuntzaren araberako banaketa hori bukatzea, "justizia sozialagatik".

Tuteran ehunka euskaltzale elkartzea ez zen, nonbait, bertako alkate Alejandro Toqueroren gustuko izan eta hurrengo astelehenean iragarri zuen Udalean mozioa aurkeztuko duela Tutera "eremu ez euskaldun" gisa blindatzeko[4].

Mañeruko elkarretaratzea (2023/02/11)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mañeruko udalbatzak 2022ko apirilean aho batez erabaki zuen Nafarroako Parlamentuari eskatzea udalerria eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko. Eskaera 2023ko otsailaren 2an bozkatu zuten legebiltzarrean, eta ez zen aurrera atera Navarra Suma eta PSN alderdiek kontra bozkatu zutelako; Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdiek alde bozkatu zuten, baina haien botoak ez ziren nahikoa izan [5]. Erabaki horrek sorturiko atsekabea adierazteko, Mañeruko Udalak eta Hordago! herri ekimenak, elkarlanean, elkarretaratzea egitera deitu zituzten herritarrak otsailaren 11rako, Foruen Plazan, 12:30ean[6]. Hamarka mañeruar bildu ziren kontzentraziora, eskatu zuten herriaren hitza errespetatzeko eta aldarrikatu zuten euskara ere Mañeruko hizkuntza dela[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]