Cowboy Bebop
Cowboy Bebop | |
---|---|
Jatorria | |
Izenburua | カウボーイビバップ |
Jatorrizko herrialdea | Japonia |
Ezaugarriak | |
cowboy-bebop.net | |
Cowboy Bebop (japonieraz: カウボーイビバップ Kaubōi Bibappu ) Japoniako animaziozko zientzia-fikziozko telesail bat da, Sunrise ekoiztetxeak plazaratua eta Shinichirō Watanabek zuzenduriko taldeak sortua. Keiko Nobumoto du gidoilari, Toshihiro Kawamoto pertsonaien diseinatzaile, Kimitoshi Yamane diseinu mekaniko lanetan, eta Yoko Kanno musikaren konposizioan. Telesaila 2071 urtean girotua da, eta Bebop izeneko espazio-ontzian bidaiatzen duten sari-ehiztari talde baten bizipenak kontatzen ditu. Cowboy Bebop-ek genero-sorta ezberdinak lantzen dituen arren, batez ere zientzia fikzio, western-a eta noir filmen eragina da nabariena. Gai nagusiei dagokienez, iraganaren zama, asperdura eta bakardadea dira tratatzen direnak.
Saioa Japonian estreinatu zen TV Tokyo katean, eta 1998ko apirilaren 3tik ekainaren 26ra bitartean iraun zuen. Kate horretan hamabi atal soilik eman ziren, eta atal berezi bat, saioaren tonoak eztabaida sortu baitzuen. Saioak 26 atal izan zituen guztira, eta osorik 1999ko urriaren 24tik 2000ko apirilaren 24ra emititu zuten WOWOW-n . Animean oinarrituriko bi manga serie ere egin ziren, baita antzokietan aurkeztu zen animazio film bat ere.
Cowboy Bebop telesailak kritikaren txaloak ukan zituen eta arrakasta handia lortu zuen Japoniako eta nazioarteko merkatuetan (Estatu Batuetan bereziki). Animazio eta zientzia fikziozko sari garrantzitsuak lortu zituen bere estreinaldian, bere estiloa, pertsonaiak, istorioa, ahotsak, animazioa eta soinua goraipatu ziren. Plazaratu zenetik, kritikariek Cowboy Bebop maisulan gisa aldarrikatu dute eta maiz aipatzen da anime onenen zerrendetan. XXI. mendearen hasieran animeak mendebaldean lortu zituen zaleetatik anitzi eman omen zien bidea telesail honek.
2021ean egiazko antzezleekin egindako telesail bat plazaratu zen, izen berekoa. Denboraldi bakarra ekoitzi zen bertan behera utzi aurretik.
Sinopsia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2071. urtean, gizakia eguzki sistema osora hedatu da. Koloniak eta meatzeak dira sistemako planeta, ilargi eta asteroide ugaritan. Batetik bestera mugitzeko ohikoak dira espazio-ontziak, eta sistema barneko distantzia luzeak egiteko hiperespazio-ateen sare bat baliatzen da. Lurra, ordea, nahiko kaltetua da 50 urte lehenago gertaturiko istripu bat dela eta, aipaturiko hiperespazio-ateekin zerikusia ukan zuen istripua, hain zuzen. Gizakiaren hedapen eta barreiatzearekin batera sorturiko krimena kontrolatzeko, eta eguzki sistema osoan lan egin zezakeen polizia indar eraginkor bat kudeatzeko ezintasuna zela eta, legez kanpokoak harrapatzeko kontratu sistema bat ezarri zen abian, sari-ehiztariak edo "Cowboy" deiturikoak agertuz. Baimen egokia ukanik, Cowboy-ek dirusariak jasotzen dituzte poliziarentzat atxilotzen zailak diren delitugileak bizirik harrapatuz gero.
Telesaileko protagonistak Bebop espazio-ontzian lan egiten duten Cowboy-ak dira. Atalek izaera antologikoa dute gehienetan, hau da, hasi eta bukatzen diren istorio itxiak kontatzen dituzte. Hala ere, istorio asko pertsonaien iraganeko arazo eta erabakiekin lotuak dira.
Generoa eta gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Watanabe-k telesaila aurkeztean, honakoa erran zuen; "genero berri bat bere baitan" zela. Geroago, Watanabek esaldia "gehiegikeria" izan zela aitortu zuen, izan ere saila genero ugarien arteko hibridoa baita, western-a, zientzia fikzioa, noir zinema eta pulp literatura barne. Akzio filmeen ezaugarriak ere baditu, baita komedia eta ziberpunk elementuak ere.
Watanabe musikazale amorratua izanki, telesailean presentzia garrantzitsua du musikak. Hainbat estilo ezberdinek osatzen dute soinu-banda, country-a, jazz-a, rock-a...Telesailaren izena, hain zuzen, bebop jazz-estilo bereziagatik eman zitzaion.
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pertsonaiak Watanabe zuzendariak eta Toshihiro Kawamoto pertsonaia diseinatzaileak sortu zituzten. Pertsonaia bakoitza, pertsonaia laguntzaile nagusietatik abiatuta, gizartean sartzeko gai ez den legez kanpokoa izatea zen ideia. Guztiek bakardade edo etsipena sentitzen dute beren patuarekiko, eta iraganarekiko. Kawamotok pertsonaiak diseinatu zituen, elkarrengandik erraz bereizteko moduan. Telesailaren hasieran bi pertsonaia nagusi agertzen dira soilik, eta gainontzekoak geroagoko ataletan elkartzen zaizkio taldeari.
Spike Spiegel da telesaileko pertsonaia nagusia. Cowboy izan baino lehenago krimen sindikatu batentzat egiten zuen lan. Sindikatutik ihes egitean lagunak eta maite zuen pertsona galdu zituen, eta horrek apatia egoera batean sartu du. Swordfish (ezpatarrain) deritzon espazio-ontzi azkarra gidatzen du.
Jet Black Ganimedeseko polizia ohia da. Bere lanean konfidantza galdu eta zinismoan babesten den pertsonaia gisa aurkezten dute telesailean. Bera da Bebop ontziaren jabea, eta horrez gain Hammerhead (mailu-arrain) motako ontzia ere gidatzen du.
Faye Valentine iragan ezezaguneko emakume gaztea da. Jokozalea da, agian ordaindu behar duen zor ikaragarria dela eta. Red Tail (buztan gorri) izeneko ontzia darabil, mugikortasun handikoa.
Edward Wong, edo Ed, informatikan gaitasun handiak dituen gaztetxo lurtarra da. Nortasun bitxia du, duen adimen handiagatik edo lurreko isolamenduaren ondorioz.
Einstein, edo Ein, jaberik gabeko zakurra da esperimentu genetiko baten emaitza.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika Yoko Kanno konposatzaileak sortua da. Telesailaren musika konposatzeaz gain, berau interpretatzeko musika talde bat ere osatu zuen, Seatbelts izenekoa. Yokoren hitzetan, musika izan zen telesailaren abiapuntuetako bat, istorioa edo pertsonaiak zehaztu aurretik ekin baitzitzaion musika borobiltzeari. Watanaberen arabera, Yoko Kannok sorturiko musikak eragina izan zuen animazio eta istorioaren produkzioan. Aldi berean, musikariak pieza berriak sortu zituen telesailaren produkzioan zehar, gerora atal batzuetan txertatu zirenak.
Cowboy Bebop telesailaren soinu-bandak salmenta onak izan zituen merkatuan.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cowboy Bebop IMDB-n
- Webgune ofiziala (Japonieraz)