Crumbles murders

Wikipedia, Entziklopedia askea

Crumbles murders hitzak bi hilketari egiten diote erreferentzia eta "The Crumbles" lekuan gertatu ziren. Lehenengoa, 1920an gertatu zen Eastbourne eta Pevensey Bay arteko hondartzan. Bertan, Irene Munro Field eta Grayk hil zuten. 1924koan, berriz, Emily Kaye hil zuen Patrick Mahonek.

Emily Kayeren kasua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924ko apirilaren 15ean, Sussexen, Patrick Mahonek bere maitale Emily Kaye hil zuen. Kaye 37 urteko mekanografoa zen. Mahon ezkonduta zegoen arren, andrezale amorratua zen, eta ordurako ezaguna zen hainbat lapurreta eta iruzurrengatik. Mahonek elkarrekin Hegoafrikara ihes egingo zutela agindu zion Kayeri, eta ihesaldia prestatzea aitzakia gisa erabili zuen mekanografo xaloari aurreztutako sosak eskatzeko. Mahonek ez zuen hitza betetzeko asmorik, eta maitaleari ahal zuen zuku guztia atera zionean Sussexeko konderriko bungalow batean asteburu erromantikoa igarotzeko proposamena egin zion[1].

Hurrengo astelehenean Emily ez zen lanera itzuli. Patrick, aldiz, emaztearekin etxera itzuli zen. Baina handik egun batzuetara, Mahonen emazteak Waterlooko geltokiko kontsignaren erreziboa aurkitu zuen senarraren jaka bateko poltsikoan. Geltokira hurbildu zen, kontsignan senarraren desleialtasunaren frogaren bat topatuko zuela pentsatuz, baina Patrick Mahonek odolez betetako emakumezko jantziak eta labana handi bat gordetzen zituen bertan[1].

Scotland Yardeko kideek maiatzaren 2an atxilotu zuten Mahon, eta galdeketak Sussexeko bungalowera eraman zituen. Emily Kayeren gorpua 37 zatitan laurdenkatuta topatu zuten. Zati batzuk kutxa batean gordeta zeuden, beste batzuk gaileta kaxetan banatuta, eta zati batzuk beheko suan erretzen saiatu zen. Biktimaren burua ez zuten sekula aurkitu[1].

Patrick Mahonek istripu bat izan zela argudiatu zuen, alferrik. Poliziak egun batzuk lehenago labana eta zerra handi bat erosi zituela eta, beraz, maitalea hiltzea aurrez pentsatuta zeukala frogatu ahal izan zuen, saltzailearen lekukotasuna medio. Epaileak “sekula ikusi dudan hilketa anker eta higuingarriena” izan zela adierazi zuen, eta hiltzaileari heriotza zigorra ezarri zion. Urte bereko irailaren 2an exekutatu zuten[1].

Emily Kayeren gorpuaren zatiak bildu behar izan zituzten poliziek ere haien karrerako krimen higuingarriena zela adierazi zuten. Ondorioz, Scotland Yardeko arduradunei eskaera bat luzatu zieten:  handik aurrera eskularruak erabili nahi zituzten hilketen gertalekuak prozesatzeko. Hasierako helburua hura ez bazen ere, eskaera hari esker, gomazko eskularruak ezinbesteko bihurtuko ziren aztarnak eta frogak ez kutsatzeko[1].

Filma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketa izugarri hark izan zuen beste eraginik. 30 urte geroago, Rear window (Atzeko leihoa) suspense film ezaguna estreinatu zen. Alfred Hitchcock zuzendariak berak onartu zuen Emily Kayeren hilketa inspirazio iturri izan zuela maisulana filmatzeko[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Zergatik erabiltzen dira eskularruak hilketa baten gertalekuan?», Argia, 2014-06-15, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]