Edukira joan

DML

Wikipedia, Entziklopedia askea

DML edo Datuak Manipulatzeko Lengoaia datu-baseak kudeatzeko sistema batek hornituriko lengoaia da, honen bidez datu-base bat kontsultatzeko eta manipulatzeko aginduak eskaintzen dira.

Datu-basearen eskemak konpilatu eta katalogoan gorde ondoren, bere datuekin lan egin ahal izateko DBKSk ulertuko duen eragiketa multzoa behar dugu. Eragiketa multzo hori Datu-maneiatze Lengoaiaren sintaxiak definitzen duena izango da. Eragiketa horien artean ditugu:

  • Datu-basean datu berri bat sartzea
  • Gordetako datua aldatzea
  • Gordetako datua irakurtzea
  • Gordetako datua berreskuratzea
  • Gordetako datua ezabatzea

Datu-Maneiatze Lengoaien artean bi multzo egin daitezke:

  • Prozeduralak. DML prozeduraletan aginduek erregistroak banan-banan maneiatzen dituzte. Behe-mailako DML ere esaten zaio. Erabiltzaileak zein datu behar duen eta nola lor daitekeen zehaztu beharko du eta datua lortzeko atzipen-eragiketa egokiak dituen prozedura idatzi beharko du. Horrela, DBKSk prozedura hori jarraituz erregistro bat berreskuratu eta prozesatuko du, eta lortutako emaitzetan oinarrituz beste erregistro bat berreskuratzea joko du, prozesatzeko, etab. Prozesu honek eskatutako datu guztiak lortu arte jarraitzen du.
  • Ez prozeduralak. DML ez prozeduraletan, erregistro multzoekin lan egiten dute. Lengoaia hauetan eskatutako datua, adierazpen sinple batean zehatz daiteke. Erabiltzaileak ez du datu-egiturak inplementatuta dauden moduaren berri ezta biltegiratutako datuen gainean eragiten duten algoritmoen berri ere. Erabiltzaileak, nahi duen datua zehaztu beharko du, baina nola lortu den esan gabe.
Ikasteko eta erabiltzeko, DML ez-prozeduralak prozeduralak baino errazagoak dira, kasu horretan lan gehiena egiten duena DBKS baita. Eredu erlazionala duten sistemek normalean DML ez-prozeduralak erabiltzen dituzte.

DMLren eragiketak erabiltzaileak era interaktiboan defini ditzake edo bestela, programa baten barnean. Programaren aukera hartuz gero, lengoaia ostalaria deituko den programazio-lengoaia (Ada, Java, C,....) erabili beharko du, DML prozeduraletan bezala. Bestalde, eragiketa interaktiboak idatzi ahal izateko sintaxia ematen duen DMLren zatiari Galdeketa-lengoaia deitzen zaio. Eredu erlazionalean ezagunena den lengoaia, SQL (Structured Query Language) deitzen da. Adibidez, aurrekonpilatzaileak Java eta SQL eragiketak desberdindu ahal izan ditzan SQL eragiketaren aurretik #sql marka jartzen da eta Java eragiketen aurrean ezer ere ez.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]