Defrenne/Sabena (43/75) auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Defrenne/Sabena auzia
Motaauzitegi prozedura
AuzitegiaEuropako Justizia Auzitegia

Defrenne/Sabena (43/75) kasua, 1976ko apirilaren 8koa, Europar Batasuneko zuzenbideko kasu esanguratsu bat da, efektu zuzen “horizontala” eman ziona tratatuaren eduki jakin batzuei. Esan ohi da, Europar Batasuna (garai hartan Europako Ekonomia Erkidegoa):

« ez da batasun ekonomikora mugatzen, baizik eta, aldi berean, gizarte-aurrerapena ziurtatu behar du, ekintza bateratuaren bitartez, eta Europako herrien bizi- eta lan-baldintzen etengabeko hobekuntza sustatu behar du >> »

—(Europako Justizia Auzitegiaren epaia, 1976ko apirilaren 8koa, 43/75 gaian)


Kasua Belgikako Éliane Vogel-Polsky abokatuak aurkeztu zuen, genero-diskriminazioaren aurkako borrokarekin duen konpromisoagatik ezaguna dena.

Egitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Defrenne andreak, SABENA hegazkin-konpainiako azafata batek, sexuagatiko diskriminazioa deklaratu zuen. Izan ere, lanbide bera edo baliokidea zuten gizonek emakumeek baino ordainsari handiagoa jasotzen zuten.

Sabena konpainiaren hegazkina.

Aurreko bereizketa kontuan hartuz, azafatak errekurtso bat jarri zuen Belgikako lan-auzitegiaren aurrean, Erromako Itunaren 119. artikuluan oinarrituta (langileen arteko diskriminazioa debekatzen duena), honako neurri hauek eskatzeko:

  • Kalte-ordaina, aireko laguntzaile gisa egindako lanagatik gizonezko lankideek baino gutxiago ordaintzeagatik.
  • Zerbitzua amaitzeagatiko esleipen osagarria, erretiroa hartu zuenean jasotzen zuen esleipenaren eta kontratua adin berean eta antzinatasun berarekin deuseztatzen duten gizonezko lankideek jasotakoaren arteko aldea adierazten duena.
  • Errekurtsogileak bere pentsioari dagokionez jasandako kalteen kalte-ordaina.

Hasiera batean demanda ezetsia izan zen 1970. urteko abenduaren 17an. Hala eta guztiz ere, 1975. urteko apirilaren 23an lan-auzitegiak bigarren eta hirugarren uziak berretsi zituen.

Lehenengo puntuari buruz erabakitzeko, auzitegiak aldez aurreko bi gai igorri zizkion Europar Komunitateen Justizia Auzitegiari (EKJA). EKJA-k 1976. urtean emandako epai baten ondorioz, "Cour du Travail"-ek 12.716 franko belgikar eman zizkion demandatzaileari, erreklamatutako ordainsariaren atzerapenengatik.[1]

Erabakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabrielle Defrennek, Europako itunean oinarrituta, bere enpresan lanpostu berdineko gizonezkoen soldata bera jasotzeko eskubide subjektiboa zuela aldarrikatu zuen, estatu kideko barne-legeria edozein zela ere. 119. artikuluaren testuak xehetasunez eta zehatz ezartzen die estatu kideei soldata berdintasunaren printzipioa errespetatzeko betebeharra.[2]

Eztabaidan modu aktiboan parte hartzea erabaki zuen gobernu britainiarraren arabera, itunaren xedapen baten zuzeneko eraginaren inguruan eta, horrenbestez, norbanakoaren eskubideak modu zuzenean aitortzeari buruz, 119. artikuluko eskubidea lege nazional baten bidez ezartzen bada soilik aplika zitekeela aipatu zuen. Ildo beretik, 75/117/EEE Zuzentarauak[3] estatu kideen eskuetan uzten du soldata berdintasunaren printzipioa aplikatzeko neurri eta xedapenei buruz erabakitzeko eskubidea. Europako Erkidegoen Batzordeak, era berean, estatu kideei tartea eman zien, 1961eko urtarrilaren 1etik 1964ko abenduaren 31ra, Europako tratatuak aplikatzeko. Orobat, Europako Batzordearen arabera, Defrenne kasuan, 119. artikuluak ez zuen zuzeneko ondoriorik sortzen, partikularren arteko lan-harremanen esparruan lege nazional bat beharko litzatekeelako harreman horiek arautzeko.[4] Dena den, Defrenne II (43/75) auzian, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak adierazi zuen Europako Erkidegoen Tratatuaren 119. artikuluak (gaur egun EBFTren 157. artikulua) partikularren eta Estatuaren artean ez ezik partikularren artean ere balio duela (zuzeneko ondorio "horizontalak" eta "bertikalak" aipatuz). Justizia Auzitegiak, halaber, Erkidegoak gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren alde duen funtsezko balioa nabarmendu zuen. Hala ere, auzitegiaren aburuz EEEren 119. artikulua ezin da interpretatu ordainsari berdintasunaz gain, gizonen eta emakumeen arteko gainerako lan baldintzen berdintasuna agintzen duen xedapen moduan.

Epai horren ondorioz, Sabenak Gabrielle Defrenneri 1962-1966 aldian administratzaile gisa jasoko zuen soldata bera ordaindu behar izan zion, epaia eman zen momentuan zuena baino altuagoa.

Garrantzia / Ekarpen nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezko eta gizonezko langileen arteko ordainsari-berdintasunari nabarmeneko berme zabalkuntza ekarri zion erabakiak.

Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko Itunaren 119. artikulua (egungo EBFTren 157. artikulua) efektu zuzen horizontalaz hornitzeak bere aplikagarritasuna partikularren arteko eremura zabaldu zuen, honek eskaturiko ordainsari-berdintasunerako betebeharrari unibertsaltasuna emanaz. Modu honetara, enpresa pribatuetako langileek jasandako ordainsariaren arloko genero-diskriminazioak organo jurisdikzional nazionaletan ebaztea galdagarri bihurtu zen.

Helburu hura erdiesteko asmoarekin, Europar Batasuneko estatu kide oro bere legedia egokitzera behartua izan zen epemuga zehatz baten aurretik. Gainera, interpretazio berriak ekar zitzakeen ordura arteko kasuen ebazpen gatazken ondorioz, erabakiaren atzeraeragin edo aurretiazko aplikagarritasuna ezeztua izan zen ebazpenaren unetik atzera.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «EUR-Lex - 61977J0149 - EN» European Court reports 1978 Page 01365; Greek special edition Page 00419; Portuguese special edition Page 00463; Spanish special edition Page 00399; Swedish special edition Page 00127; Finnish special edition Page 00127; (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
  2. Europako Ekonomia Erkidegoa Eratzeko Ituna
  3. (Ingelesez) «EUR-Lex - 31975L0117 - EN - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
  4. Europako Justizia Auzitegiaren Epaia, 1976ko apirilaren 8koa, 43/75 auzian
  5. Eceizabarrena, Juan Ignacio Ugartemendía; Caballero, Joxerramon Bengoetxea. (2014). «Breves apuntes sobre las sentencias básicas del Tribunal de Justicia de la Unión Europea» Teoría y realidad constitucional (33): 443–479. ISSN 1139-5583. (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]