Dekonstruktibismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bilboko Guggenheim Museoa, dekonstruktibismo mugimenduaren adibide bat
Paseo de Gracia geltokia (1991-2014) Bartzelonako Daniel Navas eta Neus Solé.

Dekonstruktibismoa arkitektura-mugimendu bat da, 1980ko hamarkadaren amaieran sortutakoa. Arkitekturaren oinarrizko printzipio batzuk desitxuratzen eta ordezkatzen dira dekonstruktibismoko eraikinetan, eta, aldiz, sustatzen dira: espazio zatitzea, diseinu ez-linealaren prozesua, egituren eta eraikin-azalaren ideiaren manipulatzea, eta, itxuraz, geometria ez euklidearraren erabiltzea (adibidez, forma ez-ortogonalak). Itxura zirikagarria eta kontrolatutako kaosa erakusten saiatzen da eskolan. Arkitektura-estilo hau mugimendu teoriko-literarioan oinarritzen da, dekonstrukzioa deitzen dena. Hala ere, Errusian 1920ko hamarkadan sortutako arkitektura-mugimendutik datorkio izena, konstruktibismotik alegia. Horrek inspirazio formala eman dio dekonstruktibismoari.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu dekonstruktibistak hainbat ezaugarri ditu komun: bereziki arkitektura modernoaren arauak askatzeko ahalegina, eta, orokorrean, arauak hausteko nahia. Izan ere, teorialarien ustez, ez dago molde bakar bat arkitektura ona sortzeko. Halere, lau puntu oso garrantzitsutzat jotzen dira mugimenduan: arkitekturaren oinarrizko printzipioen eta prozesu linealen distortsioa, plano-Kartesiarraren aldatzea, osotasun-ideia eta eraikinaren berehalako ulermena zatitzea, eta geometria ez-euklidearra. Bestalde, printzipio dekonstruktibistek erakusten dute arkitektura giza-artea dela eta ez dela logikoa, naturala edo aldaezina, eta, ondorioz, kontraesanez beterik egon daiteke. Estiloak sustatzen ditu: bakoitzeko pertzepzio desberdina, kaos kontrolatuaren bidez; arkitektura ezohikoa eta publikoak ideia arkitektoniko propioa hautatzeko ahalmena. Azken finean, mugimenduak arkitekturaren logikaren iraultza sortzen du; hau da, lana bere osotasunean behatu beharrean, osagaiak kontuan hartzen dira zatika.

Mugimendu dekonstruktibista hainbat arte-korrontetan oinarritzen da, besteak beste: abangoardietan, konstruktibismo errusiakoan eta Jacques Derridaren filosofian. Hori aintzat hartuta, deskonstruktibismoa ere modu ezberdinetan bideratu da eta arkitekto nagusien lanak ere sailkatu ahal dira hainbat eratan. Aipatzekoak dira arkitekto batzuk: Peter Eisenman, Zaha Hadid, Frank Gehry, Rem Koolhaas, Daniel Libeskind eta Bernard Tschumi.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, eraikin dekonstruktibista ospetsuena da Bilboko Guggenheim Museoa, Frank Gehryk diseinatua eta 1997an eraikita. Eraikin horretan, mugimenduaren hainbat ezaugarri ikusteko eskuragarri daude. Esate baterako: azala eta egituren manipulazioa, geometria ez-euklidearra, eraikinaren-osotasunaren zatitzea, eta abar. Dena den, aipu egin behar da eraikina bereziki ondo txertatuta dagoela hiriaren topografian, eta harreman dialektiko nabaria lortzen duela La Salveko zubiarekin; dekonstruktibismoan ohikoa ez den ezaugarri hori.

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta mugimenduak oihartzun handia erdietsi 2000. urtetik aurrera eliteko arkitekturaren eta arte ederren munduan, oraindik ez dago argi etorkizunean arkitekturako beste arlo batzutara zabalduko den. Adibidez, etxebizitzak diseinatzean, zalantzagarria da dekonstruktibismoaren egitura eta forma korapilatsuek onurak dakartzatenik diseinura. Dekonstrukzioko beste lan eta aurrekari batzuk baztertzeko eta kritikatzeko ere beharra dago, estetika eraikinen funtzioaren aurretik jartzeagatik.