Edukira joan

Derioko egoera soziolinguistikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Derioko egoera soziolinguistikoa Tximintx euskara elkarteak 2003 urtean Derion eginiko txostena da.

Euskarari buruzko datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza gaitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko datuen arabera, Derioko biztanleen %27´9a da euskalduna, %27´8a ia euskalduna (txosten honetan ia euskaldun kontzeptua erabiltzen dugu, datuetan gehien aurkitu dugun izena izan delako euskaldun hartzaile edo erabili beharrean) eta %44´3a erdalduna. Baina datuak horrela ikusita zer dira onak ala txarrak? Zeren arabera neurtuko dugu datuen egokitasuna? Horretarako, beste datu batzuekin alderatu behar ditugu aurretik aipatutako datu gordin horiek. Eta zer datuekin alderatuko ditugu, bada? Alde batetik, Euskal Herriko datuekin, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) datuekin, Bizkaiko datuekin eta Txorierriko datuekin. Beste alde batetik, datu hauek erkatuko ditugu aurreko urteetan Derion lortutako datuekin. Lehenik eta behin, EAEko datuei erreparatuko diegu. Ez ditugu kontuan hartu Euskal Herri osoko datuak, ez ditugulako 2001eko datuak aurkitzerik izan. Dena den, AZTIKER ikerguneak (2002) Udalbiltzarako egin zuen ikerketaren arabera, 1996an erdaldunak euskal herritarren %63´0 ziren, ia euskaldunak %14´5 ziren eta euskaldunak %22´5. 2001ekoak ez ditugunez, erkaketa ez dugu egingo Euskal Herri osoko datuekin, EAEkoekin baino. EAEn 2001ean euskaldunak ziren 656.980 pertsona, ia euskaldunak 470.124 eta erdaldunak 906.143. Ehunekoetara ekarriz kopuru hauek honela geratuko litzateke: euskaldunak %32´3, ia euskaldunak %23´1 eta erdaldunak %44´6. Beraz, Deriok EAEko batezbestekoaren kopuru antzekoak ditu. Euskaldunen kopurua apur bat apalagoa da (-%4´4), ia euskaldunen kopurua Derion handiagoa da (%4´7) eta erdaldunen kopurua ia-ia antzekoa (-%0´3). Ondorioz, Derio EAEren batez bestekotik oso hurbil dabil. Hala ere, erkaketa hau ez da besteak bezain esanguratsua oso orokorra delako eta, hortaz, ezin ondorio garbirik atera. Bigarrenik, Bizkaiko datuak ikusiko ditugu: 2001ean Bizkaian euskaldunak ziren 273.872 pertsona, ia euskaldunak 272.034 eta erdaldunak 551.382. Kopuru horiek ehunekoetara ekarriz hauxe da emaitza: euskaldunak %25, ia euskaldunak %24´8 eta erdaldunak %50´2. Derio Bizkaiko datuen gainetik dago euskaldun (%2´9) eta ia euskaldunen (%3) kopuruetan eta behetik erdaldunen kopuruan (-%5´9). Dena den, ezberdintasunak txikerrak dira eta, hortaz, ez oso esanguratsuak. Hirugarrenik, Txorierriko datuei helduko diegu. Derio Txorierri haranean dago kokatua eta bertako herririk populatuena da. Eusko Jaurlaritzak Derio eta Txorierri harana Bilbo Handiko eskualdean sartzen ditu, baina guk uste dugu berezko identitatea duen eskualdea dela Txorierri. Beraz, Bilbo Handiko datuak kontuan hartu beharrean, Txorierriko datuei erreparatuko diegu. Txorierri harana diogunean bertan sartzen ditugu ondoko herriak: Sondika, Loiu, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu. Batzuek defendatzen dute Erandio ere Txorierri dela, baina guk ez dugu aintzat hartu hori eta egituraturik dagoen Txorierriko Mankomunitateari egin diogu jaramon. Txorierriko datuak guk geuk ateratakoak dira, udalerri guztien datuak batuta. Txorierrin 2001ean 17.281 pertsona bizi ziren. Horietatik, 7.507 euskaldunak ziren, 4.374 ia euskaldunak eta 5.400 erdaldunak. Ehunekoetan honela egongo lirateke: %43´4 euskalduna, %25´3 ia euskalduna eta %31´3 erdalduna. Beraz, Derio nabarmen behetik dago euskaldunen kopuruan (-%15´5) eta nabarmen gora erdaldunen kopuruan (%13). Ia euskaldunen kopuruan, aldiz, antzera: %2´5. Gainera, Derio da Txorierrin euskaldun ehunekorik baxuena duen herria (Sondika hurrengoa da eta bertan euskaldunak %33´5 dira).

Biztanleak Euskaldunak Ia euskaldunak Erdaldunak
EAE 2.033.247 656.950 (%32´3) 470.124 (%23´1) 906.143 (44´6)
Bizkaia 1.097.288 273.872 (%25) 272.034 (%24´8) 551.382 (50´2)
Txorierri 17.281 7.507 (%43´4) 4.374 (%25´3) 5.400 (%31´3)
Derio 4.728 1.321 (%27´9) 1.314 (%27´8) 2.093 (%44´3)

1. laukia: 2001ean EAEn, Bizkaian ,Txorierrin eta Derion hizkuntza ezagutzari buruzko datuak. Geuk egindakoa.

Behin EAE, Bizkaia eta Txorierriko datuak ikusita, Derioko datuei erreparatuko diegu. Derion 2001ean 2 urtetik gorakoak 4.728 pertsona ziren. Horien artean euskaldunak ziren 1.321, ia euskaldunak 1.314 eta erdaldunak 2.093. Ehunekoetan adierazita honela geratuko litzateke: euskaldunak %27´9, ia euskaldunak %27´8 eta erdaldunak %44´3. Jarraian ikusiko dugu zeintzuk ziren datu hauek 1996an: Derion bizi ziren 4.526 pertsona (2001ean baino 202 gutxiago); horietatik euskaldunak ziren 1.242 pertsona (%27´44), ia euskaldunak 1.013 (%22´4) eta erdaldunak 2.271 (%50´1). Ikusten dugunez, erdaldunen ehunekoa nabarmen jaitsi da bost urtetan ( -% 5´8), baina euskaldunen kopurua ez da igo proportzio berean (%0´46). Beraz, erdaldunen kopurutik ateratako jendea ez da euskaldunen taldera joan, ia euskaldunen taldera baizik. Gainera, azkenengo bost urte hauetan euskaldunen kopurua ia ez da igo, eta hori bereziki kezkagarria da, igoeraren erritmoa erabat gelditu egin delako. Aipatu behar da ere Derion inmigrazioak duen indarra. 1996an Derioko 1.131 biztanle etorkinak ziren (% 24´9), hau da, EAEtik kanpora jaiotakoak. Beraz, derioztarren laurden bat ez da jaio EAEn eta suposatzekoa da horietatik gehienak erdaldun elebakarrak direla. Ez dugu lortzerik izan 1986 eta 1991eko datuak, baina bai, ostera, 1981ekoak. Beraz, estimatu dezakegu zein izan den urte hauetan gertatutako igoera. 1981ean derioztarren %19´86 zen euskalduna, %14´99 ia euskalduna eta 65´15 erdalduna. Beraz, 1981etik 1996ra igoera %7´58a izan denez, bost urterik bost urtera igoera gutxi gorabehera %2´5a izan da. Azken bost urteetan (96tik 01era), aldiz, igoera %0´46koa izan da. Argi dago igoera asko moteldu egin dena, gelditu ez dela ez esatearren.

2. laukia: Derion ezagutza datuak 1981ean, 1996an eta 2001ean. Geuk egindakoa.

Hiztun tipologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztun tipologiari dagokionez, ez dugu lortzerik izan 2001eko datuak. Beraz, 1996ko datuak erabiliko ditugu. Ondorioz, kontuan hartu behar da erdaldunen multzoetatik ateratako ia pertsona guztiak ia euskaldunen multzoetara pasa direla, euskaldunen kopurua ia ez delako aldatu azken 5 urteotan. Derioko biztanle multzorik handiena (%49´5) erdaldun zaharra da, 1996an 2.232 pertsona. Hurrengo multzoa partzialki euskaldunduena da (%19´3), 1996an 875 pertsona. Hirugarren multzoa euskaldun zaharrena da (%14´9), 675 pertsona. Laugarrenik, euskaldun berriak ditugu (%9´3), 423 pertsona. Ondoren daude jatorrizko elebidunak (%3´2), 144 pertsona, partzialki erdaldunduak (%3´1), 139 pertsona eta guztiz erdaldunduak (%0´7), 31 pertsona. Aipatzekoa da euskaldun zaharren eta jatorrizko elebidunen multzoak nahiko handia direla, euskaldun guztien kopuruari begiratuta (1242 euskaldunetik 819, %65´9 hain zuzen ere). Beraz, Derion etxeko transmisioa indar handia dauka euskararen ezagutzari dagokionez.

Euskaldun zaharrak Jatorrizko elebidunak Euskaldun berriak Partzialki euskaldunduak Partzialki erdaldunduak Guztiz erdaldunduak Erdaldun zaharrak 1996 675 (%14´9) 144 (%3´2) 423 (%9´3) 875 (%19´3) 139 (%3´1) 31 (%0´7) 2.232 (%49´5) 3. laukia: Derion 1996an zeuden hiztunen tipologia. Geuk egindakoa.

Ama hizkuntza eta etxean erabiltzen den hizkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu honetan erabiliko ditugun datuak Eustat-ek 2001ean argitaratutakoak izango dira. Beraz, alderatu ahal ditugu datuok arazo barik ezagutzari buruzko datuekin. Derion ama-hizkuntza gaztelera dute biztanle gehienek (%77´7k), 2001ean 3.766 pertsonek hain zuzen ere. Euskara, aldiz, ama-hizkuntza dute 789 pertsonek, %16´3k. Euskara eta gaztelera dute ama hizkuntza 250 pertsonek, %5´2k. Azkenik, beste hizkuntza bat dute 41 pertsonek, %0´8k. Datu hauek hizkuntza gaitasuneko datuekin erkatuz gero, konturatuko ginateke irabazitako euskaldunak %6´4 baino ez direla. Hau da, Derion euskaldunak %27´9a badira eta ama hizkuntza euskara gutxienez daukaten ehunekoa %21´5 bada, euskara etxetik kanpora egoki ikasi dutenen kopurua %6´4a baino ez da. Etxean erabiltzen den hizkuntzari dagokionez, derioztar gehienek gaztelera erabiltzen dute, %82´9k, 4.017 pertsonek. Euskara, aldiz, 311 pertsonek baino ez dute erabiltzen (%6´4k) eta euskara eta gaztelera 506k (%10´5k). Azkenik, beste hizkuntza bat erabiltzen dutenak 12 baino ez dira (%0´2). Beraz, ama hizkuntza eta etxean erabiltzen den hizkuntzen datuen artean alde nabarmenik egon badago. Euskara da biztanleen %21´5entzat ama hizkuntza, baina etxean %16´7k baino ez du erabiltzen. Zer gertatzen da bidean geratzen den %4´8 horrekin? Hausnarketa merezi duen datua delakoan gaude.

Euskara Gaztelera Biak Beste bat Ama hizkuntza 789 (%16´3) 3.766 (%77´7) 250 (%5´2) 41 (%0´8) Etxean zein erabiltzen den 311 (% 6´4) 4.017 (%82´9) 506 (%10´5) 12 (%0´2)

4. laukia: Derion 2001ean ama hizkuntza eta etxean erabiltzen den hizkuntza zeintzuk diren. Geuk egindakoa.

Irakaskuntzari buruz aurkitu ditugun datuek ez diete erreferentziarik egiten Derioko biztanleei, baizik eta Derion kokatuta dauden irakaskuntza zentroei. Beraz, ez dago jakiterik zenbat derioztarrek ikasten duten herrian eta zenbat kanpotarrek Derion. Hortaz, datuak ez dira oso esanguratsuak izango eta kontu handiz hartu beharrekoak. Ezinezkoa da, beraz, datu hauek derioztar guztiei estrapolatu. Hala ere, erabaki dugu hona datuok ekartzea joeren berri eman baitezakete. Derion, egun, bost ikastetxe daude: hiru publikoak dira (Derioko Herri Eskola, Txorierri institutua eta Derioko Nekazaritza Eskola) eta bi pribatuak (Txorierri Politeknika ikastegia eta Asbibe ikastetxea). Horretaz aparte, haurtzaindegi pribatu bat ireki berri dute Derion 2002ko irailean, Eguzki Eder haurtzaindegia hain zuzen ere. Kontuan eduki behar da Asbibe ikastetxean (Heziketa bereziko zentroa da), Txorierri institutuan, Nekazaritza eskolan eta Politeknika ikastegian matrikulatuta dauden ikasle gehienak ez direla derioztarrak izango, nahiz eta derioztar gehienek bertan ikasi. Haurtzaindegiak euskaraz baino ez du funtzionatzen. Aurton (03/04 ikasturtea) 37 haur daude matrikulatuta bertan. Dena den, haurrak Deriokoak ez ezik, Txorierriko beste herri batzuetakoak ere badira. 2001/2002 ikasturtean Haur Hezkuntzan matrikulatutako haur guztiak D ereduan zeuden (Herri Eskolan, 107 ikasle). Lehen Hezkuntzan D ereduan matrikulatuta zeuden 135 ikasle (Herri Eskolan) eta 83 A ereduan (Asbibe-n). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan D ereduan matrikulatuta zeuden denak, 330 pertsona (Txorierri institutuan). Kontuan izan behar dugu institutura Txorierriko herri guztietatik datozela ikasleak (Sondika, Loiu, Zamudio, Lezama eta Larrabetzukoak, derioztarrez aparte). Batxilergoan D ereduan matrikulatuta zeuden 154 pertsona eta A-X ereduan 55 (Politeknikan). Lanbide Heziketan panorama errotik aldatzen da: A-X ereduan 399 pertsona zeuden matrikulatuta (Politeknikan eta Nekazaritza Eskolan) eta D ereduan 29 (Politeknikan). Datu hau oso kezkagarria da, kontuan hartzen badugu bertan ikasten duten askok eskatzen dutela euskarazko irakaskuntza. Lanbide Heziketa euskaraz ez dute ikasleek klaserik hartzen , ez eskaririk ez dagoelako, eskaintzarik ez dagoelako baizik. Datu hauek ikusi ondoren, irakaskuntza publikoan D eredua baino ez dago Derion (Nekazaritza Eskola kenduta). Beraz, datuak pozgarriak direla pentsa genezake. Dena den, ez dugu ahaztu behar Loiun eta Zamudion ikastetxe pribatu pila bat dagoela eta derioztar batzuek han ikasten dutela, nahiz eta datu zehatzik ez izan. Ikastetxe pribatu horietan A-X eredua da nagusi. Hortaz, ez dezagun pentsa derioztar gazte guztiak eskolak euskaldunduko dituela, eskolan D eredua baino ez dagoelako. Horretaz aparte, aipatu behar dugu Derioko Herri Eskola, Txorierri institutua eta Politeknika ikastegietan martxan daudela Hizkuntza Normalkuntzako programa bana. Horrek etorkizunari begira ondorio baikorrak eduki beharko lituzke gazteen eta haurren ezagutzan eta erabileran. Dena den, ez dugu lortzerik izan programa hauen inguruko datu zehatz eta fidagarririk.

D eredua A-X eredua Haur Hezkuntza 107 (%100) 0 Lehen Hezkuntza 135 (%61´9) 83 (%38´1) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 330 (%100) 0 Batxilergoa 154(%73´7) 55(%26´3) Lanbide Heziketa 29 (%6´8) 399(%93´2)

5. laukia: Derion 2001/2002. ikasturtean matrikulatuta dauden ikasleak ereduka.

Euskalduntze alfabetatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derion hiru euskaltegi daude: AEK-Txepetxa (homologatua), Txorierriko Udal Euskaltegia (publikoa) eta Uztarri (homologatu gabea). Ez dugu jasotzerik izan azkenari buruzko datuak. Dena den, ez direla oso esanguratsuak izango iruditzen zaigu, nahiko ikasle gutxi omen dagoelako. Txepetxa euskaltegiak bere egoitza nagusia Derion dauka, baina klaseak eskaintzen ditu Erandio Goikoan, Sondikan, Zamudion, Lezaman eta hainbat enpresatan. Gainera, datuak ez daudenez banatuta, Txorierriko datuekin konformatu beharko dugu. Udal Euskaltegiak, aldiz, Derion baino ez ditu klaserik ematen. Hala ere, eskualde izaerakoa da. Beraz, kasu honetan eskainiko ditugun datuak eskualdekoak izango dira eta ez Deriokoak. Eskuartean erabiliko ditugun datuak 2000/2001 ikasturtekoak izango dira. Dena den, aipatu dezakegu hurrengo ikasturteetan izan den bilakaera, behintzat Bizkaia eta EAE mailan. Azken urte hauetan euskalduntze-alfabetatzearen sektoreak krisi sakona jasan du, batez ere EAEn. Matrikulazio datuak urtetik urtera behera joan dira 1995/1996 ikasturtetik. Joera mantendu da 2002/2003 ikasturtera arte. 2003/2004 ikasturtean, berriz, datu hauek emendatu dira eta, behingoz, ematen du krisia gainditze bidean egon daitekeela. Azken ikasturte hauetako daturik ez dugu lortzerik izan. Beraz, ez dakigu EAE mailan eta Bizkaia mailan izan den joera horri jarraitu dion gure eskualdeak ere. 2000/2001 ikasturtean Txorierrin 439 pertsona egon ziren euskaltegietan matrikulatuta, 263 Txepetxa euskaltegian (%59´9) eta 176 Udal Euskaltegian (%40´1). Beraz, txorierritarren % 2´5ak ikasten du euskara nagusitan. Nolanahi ere, datu hau altuagoa da kontuan hartzen badugu 16 urtetik beherakoek ezin dutela matrikulatu euskaltegiotan. Aurretik aipatu dugu 1995/1996 ikasturtetik aurrera krisia egon dela euskalduntze eta alfabetatzearen sektorean. Bada, ikus dezagun krisi urte horietan zelan ibili den matrikulazioa Txorierrin. 95/96 ikasturtean 289 ikasle matrikulatu ziren Txorierriko euskaltegietan. Hurrengo ikasturtean, 354 ikasle, hau da, % 22´5 gehiago. 97/98 ikasrutean, berriz, 378 ikasle matrikulatu ziren, %6´8 gehiago. 98/99 ikasturtean matrikulazioak behera jo zuen, 317 ikaslerekin (-%16´14). 99/00 ikasturtean berriro ere igo zen matrikulazioa: 483 ikasle, aurreko ikasturtean baino %52´4 gehiago. 00/01 ikasturtean, azkenik, matrikulazioak berriro behera egin zuen: 439 ikasle, -%9´1a. Datuak ikusita, ez du ematen sektorearen krisiak eragin handirik eduki duenik Txorierriko euskaltegietan. Aitzitik, 95/96 ikasturtetik hona ikasleak galdu beharrean ikasleak irabazi dituzte Txorierriko euskaltegiek: + 150 ikasle, %51´9.

Ikasle kopurua 1995/1996 ikasturtea 289 1996/1997 ikasturtea 354 (+%22´5) 1997/1998 ikasturtea 378 (+%6´8) 1998/1999 ikasturtea 317 (-%16´14) 1999/2000 ikasturtea 483 (+%52´4) 2000/2001 ikasturtea 439 (-%9´1) 6. laukia: 1995/1996 ikasturtetik 200/2001 ikasturtera Txorierriko euskaltegiek izandako matrikulazioa

Amaitzeko, aipatu behar da AZTIKER ikerguneak Udalbiltzarako egin zuen datu-bilketan, 1996an Euskal Herriko 1.000 erdaldunetik (erdaldunak + ia euskaldunak) 21 lagun zebiltzan euskaltegietan (beraz, %2´1). Datu hori Txorierriko errealitatearekin erkatzen badugu, euskara ez dakiten txorierritarrak (erdaldunak + ia euskaldunak) 9.747 dira eta horietatik 439 euskaltegietan daude matrikulatuta. Beraz, euskara ez dakitenen %4´5a, Euskal Herriko kopuruarekin alderatuta oso altua (+ 2´4, bikoitza baino gehiago).

Udal administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derion martxan dago udalaren erabilera plana. Horren arabera eta derrigortasunak ezartzeko irizpidea erabiliz gero (euskaldunak + ia euskaldunak / 2), 1996an Derion derrigortasun indizea %40´86koa da. Hori dela eta, administratuari zerbitzua euskaraz eskaini behar zaio ahoz zein idatziz. Horretarako, jendaurreko atal elebidunak ezarri behar ditu udalak. Era berean, administrazio atal elebidunak ezarriko dira gizarte izaerako ataletan eta, apurka-apurka, erakundeak erabilera normalizatzeko duen planean horrela zehaztuta badago, euskara erabiltzeko mikroplanak egin beharko dira maila orokorreko administrazio ataletan ere. Derioko udalean 2001eko urrian 26 lanpostu zeuden. Horietatik 11etan derrigorrezkoa da euskara maila egiaztatzea (%42´3) eta 8k egiaztatu dute (%72´7). Beraz, hiru langilek ez zuten 2001eko urrian egiaztatu behar zuten hizkuntza eskakizuna. Hortaz, langileen %34´6k baino ez du egiaztatu hizkuntza eskakizuna, derrigorrezkotasun indizetik behera. Erabilera plan honen betetze mailari buruzko bestelako daturik ez dugu topatu. Beraz, balorazio orokor bat egiteko informazio nahikorik ez dago. Hala ere, aipatu behar da 2001eko datuei jaramon eginez gero, derrigortasun indizea igoko litzateke: 44´07. Hori dela eta, lanpostuen derrigorrezkotasuna indizetik behera egongo litzateke. Nolanahi ere, ez dakigu Derioko udalak derrigorrezkotasun indizera egokitzeko pausorik eman duen. Udal administrazioari dagokionez, aipatu behar da Derion Txorierriko Mankomunitateko bulegoak daudela. Horien artean, euskara zerbitzua eta honen barruan euskara teknikari bat.Gainera, Derion, Txorierriko beste herrietan bezala, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan dago 2003ko azarotik aurrera. Honenbestez, oraindik goiz da plan horrek ekarri dituen onurei (edo ekarri ez dituen onurei) buruz berbarik egiteko edo balorazio zehatz bat egiteko. Ondorioz, aurrerantzean plan hau sakon aztertu beharrekoa izango da.

Enpresa mundua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derion bereziki garrantzitsua da industria sektorean lan egiten duen ehunekoa: %35´58. Ehuneko hori Bilbo Handiko, Bizkaiko eta EAEko kopurutik gora dago. Hala ere, enpresa mundua euskararekin oso herren dabil oraindik gure herrian. Derion ez da enpresa bat bera ere euskara plana martxan duenik eta, gizartearen beste esparru batzuetan gertatu ez bezala, lan mundua euskararen berreskurapena oztopatzen ari dela esan dezakegu.Gainera, lehen aipatu bezala Lanbide Heziketan ez dago euskarazko eskaintzarik eta horrek zerikusia izan dezake euskarak lan munduan duen presentzia eskasarekin.

Eustat-ek 2003an argitaratutako datuen arabera, Derion merkataritzarekin zerikusia duten 238 zentro daude. Horietatik 35k (%14´7ak) Artez euskara zerbitzuak martxan ipini duen merkataritza euskalduntzeko kanpainan hartzen dute parte. Horien artean denetarik dago: tabernak, okindegiak, arraindegiak, kioskoak, ... Dena den, kopurua Derion dauden euskaldunen ehunekotik nabarmen behera dago (- %13´2). Horretaz aparte, kontuan eduki behar dugu Artez-ek aurrera daraman kanpaina oso xumea dela. Kanpainak, gehien bat, hizkuntza paisaia euskalduntzeari erreparatzen dio, eta ez horrenbeste benetako euskalduntzeari. Beraz, kanpaina honek oso fruitu eskasak eman ditu orain arte eta ez da sumatu aldaketa handiegirik merkataritza arloan. Dena den, aurrerantzean merkataritza benetan euskalduntzeko kanpaina bati ekiteko abiapuntu egokia izan daiteke.

Komunikabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunikabideen arloan, aipatu behar dugu Derion tokiko hedabide bat baino ez dagoela: Ilotz irratia. Irrati honetan programa guztiak gaztelera hutsez egiten dira, bat izan ezik. Dena den, irratia profesionala ez denez, programa bakoitzak izan behar duen hizkuntza programa egiten duenak erabakitzen du. Saioa gidatzen duena ez bada euskalduna, ez dago euskaraz egiterik. Beraz, euskaldunok irratian parterik ez badugu hartzen, irratia euskalduntzea ezinezkoa izango da. Horrez gain, badago aipatu beharreko beste hedabide bat: Aikor!. Hedabide hau hilerik behin argitaratzen den doaneko eskualde-aldizkaria da. Aldizkari honek Txorierri osoa aintzat hartzen du eta euskara hutsez plazaratzen da. Bertan Deriori buruzko berriek berebiziko tokia dute. Aikor! aldizkaria Derioko etxebizitza guztietara banatzen da, bai eta leku estrategiko batzuetara ere (udala, euskaltegiak, zenbait taberna, …). Ikusi dugunez, komunikabideen arloa ere ez da oso egokia berreuskalduntzeari begira. Alde batetik, tokiko hedabide bi baino ez daude. Gainera, horietako bat ia osorik gaztelera hutsez. Bigarrenik, kontuan eduki behar dugu Derion Espainia eta Euskal Herri mailako komunikabideek ere zer esana dutela. Dena den, lan honen asmoa ez da horien gainean jardutea, denok baitakigu zein den euskararen egoera aipatutako hedabide horietan.

Erabilerari dagokionez, Derion ez da inoiz Kale Neurketarik egin. Litekeena da 2005eko Kale Neurketan Derio egotea, baldin eta 5.000 biztanleko muga gainditzen badu. Dena den, Txillardegik (1994) proposatutako eredu matematikoari jarraikiz erabilera isotropikoa kalkulatzea posible da. Ez ditugu lan honetan Txillardegiren eredu matematikoaren nondik-norakoak aletuko. Horren inguruko interesa duenak jo beza bibliografiara eta bertan aurkituko ditu beharrezkoak diren xehetasunak. Hala ere, ereduaren mamia zertan den labur-labur azalduko dugu. Gizarte honetan bi hizkuntza daude ukipenean. Baina arazoa da hiztun guztiak ez direla bi hizkuntzak mintzatzeko gai. Derion euskaldun guztiok, aldiz, gai gara gazteleraz ere mintzatzeko. Beraz, euskaldunok gure artean baino ezin dugu euskaraz egin. Eredu honek kalkulatzen du euskararen erabilera zenbatean den posible. Hau da, elebidun eta elebakar kopuruen arabera, euskaraz mintzatzeko zenbat aukera dagoen aztertuz, erabileraren proportzioa ezagutu daiteke. Derion, ezagutza datuak kontuan izanda, erabilera isotropikoa %5´01ekoa dela estimatzen da. Datu hau ez da benetakoa, estimatutako datua baizik. Dena den, Euskal Herriko Kale Neurketa guztietan frogatu da benetako erabilera estimatutako datutik nabarmen gora dagoela, euskaldunon komunitatearen trinkotasuna dela eta. Olatz Altunak (2002) 2001eko Kale Neurketaren emaitzen azterketan adierazi duenez, hizkuntza gaitasuna %30ekoa denean, erabilera %14koa izaten da (ezagutza eta erabileraren arteko indizea 0´47koa). Derion gaitasuna ez da %30eko ehunekotik urrun, beraz erabilera ez dela %14tik urrun egongo pentsa dezakegu.

Begira, prospekzioak egiteko tresna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tresna informatiko hau SEI elkarteak gauzatu du. Honen bidez, jakin dezakegu hemendik 10 urtera zenbat euskaldun izango diren gure herrian, orain arteko igoera mantentzen bada. Tresna hau Excel 97an eratutako kalkulu liburua da eta edonork jaitsi dezake internetetik www.sortu.org webgunean. BEGIRAk Deriorako ematen dizkigun datuak ez dira oso positiboak. Kontuan eduki behar dugu 1996tik 2001era Derion euskaldun kopuruaren igoera oso baxua izan dela. Beraz, BEGIRAk ateratzen duen argazkia ez da dantzan hasteko modukoa. Honen arabera, hemendik hamar urtera Derion euskaldunak ez dira %30era ere iritsiko, azken bost urteko joera mantenduz (2012an %29´07). Gainera, kontuan eduki behar dugu Bilbo Handirako Lurraldeko Plan Partzialak aurreikusten duela Derion biztanleria asko igoko dela hurrengo urteetan. 8 urteko epean 6.284 etxebizitza eraikiko dituzte gehienez eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 2´5 pertsona egongo direla etxebizitzako. Beraz, horrek emango liguke 15.700 pertsona gehiago Derion hurrengo urteetan. Populazioa igo denean, Txorierriko beste herri batzuetan gertatu dena espero dezagun Derion ez errepikatzea. Adibidez, Loiun azken bost urteetan euskaldunen ehunekoa % 10´86 jaitsi egin da, baina bertan 520 pertsona gehiago bizi dira, igoera % 31´7 izan da. Gauzak horrela, euskararen egoera Derion hurrengo 10 urteetan oso kezkagarria izan daiteke.

•Derion 1981tik 2001era euskaldunen kopuruak etengabe egin du gora, baina 1996tik 2001era emendatze hori moteldu egin da. 1981tik 1996ra euskaldunen kopurua % 7´6 igo da. Beraz, urtero estimatuko genuke %0´5 igo dela. Baina 1996tik 2001era euskaldunen kopurua %0´5 igo da, hau da, urtero %0´1. Igoera mantentzen da, baina erritmoa gelditu da. Datu hau oso kezkagarria da, kontuan hartzen badugu derioztar gazte gehienek D ereduan ikasten dutela. Berebiziko garrantzia du euskaldunen ehunekoa emendatzeak, igotzeak, baina ez du ematen bide onenean gaudenik.

•Derion bereziki aipagarria da ia euskaldunen kopurua. Ikusi dugunez, ia euskaldunen kopurua euskaldunen parera iritsi da azken 5 urteetan. Igoerarik garrantzitsuena izan du multzo honek. Gainera, joera mantenduz gero, gutxi barru gehiago izango dira ia euskaldunak, euskaldunak baino. Datu hau arretaz jagoteko datua daukagu eta uste dugu euskalgintzan dabiltzanok gogeta egin behar dugula honen inguruan.

•Transmisioari dagokionez, esan dezakegu nahiko ondo ari dela mantentzen. Derioko euskaldunen %65´9a euskaldun zaharra edo jatorrizko elebiduna dugu. Datu honek ere bere alde negatiboa izan daiteke. Hau da, derioztar euskaldunen %34´1ek baino ez du ikasi euskara etxetik kanpora (eskolan edo euskaltegietan). Kontuan eduki behar dugu datu hau behar bezala interpretatzeko, derioztarren %18´1a baino ez dela etxean euskara jaso dutenak.

•Derioztarren %21´5ak du euskara ama-hizkuntza. Aurreko ondorioan azaldutako datuarekin harremanetan jartzen badugu, konturatuko gara %3ko aldea dagoela. Ezberdintasun hori estatistikek izan dezaketen errore margenaren barruan egon daiteke. Datu hau pozgarria da, baina jarraian dator horren baikor ez izateko moduko datu bat. Etxean euskara erabiltzen dutenen kopurua %17a da (horietatik, gainera, %10´5 gaztelerarekin batera). Estatistika hauetan adituek diotenez, fidagarriagoa da etxean erabiltzen den hizkuntzari buruzko galdera, ama hizkuntzarena baino. Biziki kezkagarria da, inondik etxean euskara bakarrik erabiltzen dutenen kopuru apala: %6´4a. Euskararen elikadurarako hauek lirateke funtsezkoenak, euskara ongien eta maizago erabiltzen dutenak baitira (ikus. Martinez de Luna, 1999).

•Irakaskuntzari dagokionez, derioztarrei buruzko daturik ez dugu topatzerik izan, bakarrik Derion dauden ikastetxeei buruzkoak. Dena den, uste dugu derioztar gehienek ikastetxe hauetan ikasten dutela. Beraz, baliagarriak izan daitezke, baina kontu handiz hartu behar ditugu. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan D eredua da jaun eta jabe Derion. Datu horixe oso datu interesgarria da, baina ezin dugu hartu erabateko poztasunez. Gainera, gero eta ikerketa gehiagok aipatzen dute eskolak bakarrik ez dituela umeak euskalduntzen. Gero eta garrantzi handiagoa aitortzen zaio aisialdiari eta gero eta gutxiago heziketa arautuari. Lanbide Heziketan, aldiz, joera guztiz bestelakoa da. D eredua testimoniala baino ez da, eta A-X eredu erdaldunak nagusi dira. Lanbide Heziketan ikasten dabiltzan askok, gainera, ez dute bermatuta irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea.LHko datu hau oso kezkagarria da lan munduan batutako datuekin harremanetan jartzen badugu. Lan mundua eta Lanbide Heziketa esku beretik doaz. Orain arte euskalgintzak ahaleginak egin ditu esparru hauetan eragiteko, baina lan eraginkorragoa egin behar dugulakoan gaude.Ezinezkoa izango baitzaigu lan mundua euskalduntzea, baldin eta LH euskalduntzen ez badugu.

•Euskalduntze alfabetatzeari dagokionez, datuak oso positiboak dira. Aipatu behar da datu hauek Deriokoak barik, eskualde osokoak direla. Zergatik dira positiboak? Alde batetik, ematen du euskalduntze alfabetzatearen sektorea gogor jo duen krisiak Txorierrin ez duela eragin handirik izan. Beste alde batetik, Txorierrin euskaltegietan matrikulatuta daudenen kopurua Euskal Herriko kopurua baino askoz altuagoa da (bikoitza baino gehiago). Ematen du esparru honetan egindako lana egokia izan dela, emaitzek hori esaten baitute.

•Lan munduari dagokionez, panorama beltza da. Ez dago inongo enpresarik euskara plangintza duena Derion, eta gainera, ez du ematen esparru hau lehentasunezko esparrua denik.

•Merkataritza arloan, aldiz, aurrerapauso batzuk egin izan dira, Artez eta Txorierriko Mankomunitatearen eskutik. Dena den, pauso hauek oso uzkurrak dira oraindik. Gainera, kontuan izan behar dugu pausoak eman dituen merkataritza zentroen kopurua Derioko euskaldun kopurutik nabarmen behera dagoela. Nolanahi ere, abiapuntua egokia izan daiteke kanpaina hau aurrera begira.

•Komunikabideen arloan ere lan egin izan da, baina ez da nahikoa. Aikor! hor dago eta oso garrantzitsua da, baina ez dugu ahaztu behar komunikabide handiekin alderatuta harri koskor bat baino ez dela. Txorierri mailako euskarazko hedabide gehiago behar ditugu eta daukaguna maiztasun eta profesionaltasun handiagorekin. Beraz, hementxe dugu irekita geratzen den beste lan esparru bat.

•Erabilerari buruz, ezin gauza handirik aipatu. Derion ez da inoiz Kale Erabilera neurtu eta, beraz, ez dago horren inguruko daturik. Guk estimazioak ekarri ditugu hona eta akaso datorren urteko neurketa Derion egiten bada, estimazio hauek errealitatean frogatzeko parada ederra edukiko dugu eta, bide batez, lan egiteko tresna interesgarri eta baliagarria.

•Ikusten dugunez, datuetan denetarik atera zaigu: onak, txarrak, kezkagarriak, itxaropentsuak,... Dena den, zer edo zer aipatzearren azken ondorio modura, aipatu genuke, oro har, datuak ez direla ematen zuten bezain baikorrak. Hasieran, datu hobeak topatuko genituela uste genuen, baina ustea erdi ustel. Orain dugu datu hauek aldatzeko ordua, lanean hasi eta Derion euskara bizirik eta osasuntsu mantentzeko helburua bete dadin.

  • ALTUNA, Olatz (2002). Erabileraren IV. Kale Neurketa. Emaitzen azterketa. In: BAT aldizkaria 43. zkia., Andoain: SEI elkartea, 37-48 or.
  • ALVAREZ, J.L., ISASI, Xabier (1994). Soziolinguistika matematikoa. 1. edizioa. Bilbo: UEU
  • ARTEZ EUSKARA ZERBITZUA, TXORIERRIKO MANKOMUNITATEA (2004). Begiraleentzako jarraipen fitxak. Txosten argitaratu gabea.
  • AZTIKER IKERGUNEA (2002). Euskal Herria datuen talaiatik. 1. Edizioa. Astigarraga: Udlabiltza.
  • EUSTAT (1984). Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika: 1981. www.eustat.es (2004ko otsaila).
  • EUSTAT (1999). Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika: 1996. www.eustat.es (2004ko otsaila).
  • EUSTAT (2003a). Directorio de actividades económicas: 2002. www.eustat.es (2004ko otsaila).
  • EUSTAT (2003b). Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika: 2201. www.eustat.es (2004ko otsaila).
  • EUSTAT, Eusko Jaurlaritzaren HEZKUNTZA SAILA (2002). 2001/2002ko irakaskuntzaren estatistika. www.eustat.es (2004ko otsaila).
  • EUSKO JAURLARITZA (1999). II. inkesta soziologikoa: 1996. 1. edizioa. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • EUSKO JAURLARITZA (2003). 2001eko Soziolinguistikako inkesta. 1. edizioa. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • ISASI, Xabier, IRIARTE, Arantxa (1998). Euskararen kale-erabilera. *Txillardegiren eredu matematikoa. In: BAT aldizkaria 28. zkia., Donostia, EKB,
  • MARTINEZ DE LUNA; Iñaki (koord.) (2000), Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara. 1. edizioa. Gasteiz: Iñaki Martinez de Luna.
  • TXORIERRIKO EUSKARA ZERBITZUA (2002?). Txorierriko diagnosirako datuak. Txosten argitaratu gabea.
  • TXORIERRIKO MANKOMUNITATEA (2003). Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Txorierri. Txosten argitaratu gabea.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biztanleak Euskaldunak Ia euskaldunak Erdaldunak
1981 4.683 928 (%19,8) 702 (%14,9´1) 3.053 (%65,1)
1996 4.526 1.244 (%27,4) 1.013 (%22´4) 2.271 (%50´1)
2001 4.728 1.31 (%27´9) 1.314 (%22´4) 2.093 (%44´3)