Diseinu-droga
Diseinu-droga terminoak modu klandestinoan ekoiztutako psikofarmako sintetikoen multzo zabala hartzen du. Kontzeptu geopolitikoa da, farmakologikoa baino gehiago, eta zentzu bikoitza du: batetik, drogei buruzkoa da, laborategi klandestinoetan egiten dutena, eta, bestetik, oraindik erregistratu gabeko produktuak dira, legez kanpokoak, eta beren berritasun kimikoaren ondoriozko lege-hutsunea aprobetxatzen dute[1].
Diseinu-droga horietako batzuk jatorrian ikertzaile akademikoek edo industrialek sintetizatu zituzten, albo-ondorio gutxiagoko substantzia indartsuagoak aurkitzeko ahaleginean eta gero berrerabiltzen hasi ziren aisialdirako. Beste diseinu-droga batzuk laborategi klandestinoetan sintetizatu dira lehen aldiz. Substantzia horien eraginkortasuna eta segurtasuna ohiko prozeduren bidez ebaluatu ez direnez, ustekabeko albo-ondorioak sor ditzake[2].
Egun merkatuan dauden substantzia psikoaktibo berriak ohiko drogen eraginak imitatzeko asmoz sortu ziren. Substantzia berri hauek sortzeko, jatorrizko substantziaren egitura kimikoan aldaketa txikiak eragiten zituzten, anfetamina berriekin adibidez. Horrela, legez kanpo ez dauden substantzia berriak sortu ziren. Gainera, substantzia berri hauek eragin ezberdinak ere izan ditzakete; izan ere, kasu batzuetan potentzia handiagoa duten substantzia berriak lortu dira eta beste batzuetan eragin gehigarriak dauzkaten substantziak, anfetamina haluzinatzaileak adibidez. Izan ere, egitura kimikoan egindako aldaketak txikiak izan daitezkeen arren, eragin farmakologikoan aldaketa handia eragin dezakete. Beste kasu batzuetan, kannabinoide sintetikoak kasu, egitura kimiko guztiz ezberdinak lortu dira antzeko eragin farmakologikoak lortzeko. Izaera kimiko ezberdina izate horrek asko zaildu ditu substantzia berrien detekziorako lanak laborategietan. Urteak aurrera egin ahala, gero eta talde kimiko gehiago sartu dira substantzia psikoaktibo berrien artean: anfetaminaren analogoak, kannabinoide sintetikoak, katinona sintetikoak, piperazinak, landare-jatorriko substantziak, ketaminaren antzeko substantziak, etab[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Horrillo, Igor & Callado, Luis Felipe. (2017). Droga berriak merkatu berritzailean. Osagaiz, 1, 1.
- ↑ (Ingelesez) Reneman, L.. (2003). Fleischhacker, W. W. ed. «Designer drugs: how dangerous are they?» Addiction Mechanisms, Phenomenology and Treatment (Springer): 61–83. doi: . ISBN 978-3-7091-0541-2. (Noiz kontsultatua: 2025-01-08).