Laborategi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Laborategi baten eredua.

Laborategia modu kontrolatuan ikerketa zientifikoak, saiakuntzak eta neurketak egiteko erabiltzen den instalazioa da. Hainbat tresneria eta gailuz zuzkituta egoten da, eta bertan egingo diren ikerketak bereziak izango dira laborategi horri egokitzen zaion jakintza-adarraren arabera.

Laborategi zientifikoak eskola eta unibertsitateetan ere aurki daitezke, bertan saio praktikoekin eta irakaskuntzarekin lotutako ekintza asko egin ahal izateko.

Bertan egiten diren saiakuntzak egoera kontrolatu eta normalduan egiten dira:

  • Saiakuntza edo neurketaren emaitza aldatuko duen eragin arrotzik ez dagoela ziurtatzen da (kontrola).
  • Burututako saiakuntza edo neurketa errepikagarria da, hau da, beste edozein laborategitan errepikatuz gero emaitza bera lortuko da (normaltzea).

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Laborategi" txarto eratutako hitza da. Arean ere, -tegi ez da atzizki egokia espainierazko -torio, -terio edo frantsesezko -tére, -toire eta gisakoak euskaraz ordezteko. Santutegi eta kafetegi modukoek euskal oinarria dute (santu eta kafe), baina *monastegi, *anbulategi, *zapategi eta laborategi hitzek ez daukate halakorik (euskaraz ez dago monas, anbula, zapa eta labora hitzik). Hala ere, salbuespen gisa, Euskaltzaindiaren Hiztegiak "laborategi" onartzen du.[1][2]

Bestalde, instalazio honi izena emateko, euskaraz beste izen batzuk erabili izan dira: aztertegi[3], azterkola[4], beharkintegi[5], ikusleku[6], laboratorio[7] eta lantegi[8].

Laborategiko egoera normaldua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tenperatura. Giro tenperatura arrunta 20 °C-takoa da. Neurketa edo saiakuntzaren arabera aldaketa txiki batzuk egon daitezke, baina beti ere tarte baten barruan.
  • Hezetasuna. Eskuarki hezetasuna ahalik eta txikiena izan behar da, altzairuzko tresnen herdoiltzea azkartzen baitu. % 50 eta % 75 artean egotea litzateke egokiena.
  • Presio atmosferikoa. Laborategiko presio atmosferikoa kanpokoa baino zertxobait handiagoa izaten da laborategi batzuetan. Honela aire zikinaren sarrera ekiditen da. Arrisku biologikoa duten laborategietan aldiz alderantzizkoa gertatzen da, laborategiko airearen irteera ekidin nahi da, eta, horregatik, presioa txikiagoa da.
  • Elikadura elektrikoa. Neurketa elektrikoak egiten direnean sarearen tentsio aldaketak ekidin behar dira. Laborategi guztiek larrialdietarako sistema elektriko bat izan behar dute, ohiko hornidura elektrikotik bereiz dagoena.
  • Hautsa. Hautsa egoteak argiak eguratsean duen jarrera aldatzen du, eta, beraz, kontrolatu beharrekoa da interferometria laborategietan.
  • Dardara eta hotsa. Sortzen duten eragozpenez gain, emaitzak alda ditzakete.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «-tegi - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  2. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  3. «aztertegi - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  4. «azterkola - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  5. «beharkintegi - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  6. «ikusleku - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  7. «laboratorio - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).
  8. «lantegi - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]