Dogon etnia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Banani herria. Togouna, irudiaren erdialdean ikus daiteke.

Dogonak Mendebaldeko Afrikan dagoen Maliko etnia bateko kideak dira. Guztira 300.000 direla kalkulatu da. Bandiagarako Amildegietatik Niger ibaiaren bihurgunearen hegomendebalderaino hedatzen den lurraldean bizi dira. Dogon batzuk Burkina Fasoren iparraldean bizi dira. Dogonak, batez ere, artatxiki nekazariak eta errementariak dira. Ospetsuak dira beren eskultura eta kosmogoniagatik.

Dogon hizkuntza hitz egiten dute, zenbait dialektotan banatuta. Hizkuntza sekretu bat ere badute, sigi so delakoa, Maskaren Elkarteko kideek bakarrik erabil dezaketena. Dogonek lotura dute bozo etniarekin txantxaren ahaidetasuna edo Sanankuya izeneko gizarte ohituraren bidez. Dogonek eta bozoek elkarri trufa egiten diote, baina, era berean, elkarri laguntzera beharturik daude.

Dogonen mitologia, eta ufologia modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasizientziarik hedatuenetakoa den ufologian diharduten hainbatek honako hau diote, Marcel Griaule antropologoaren lanean oinarriturik:

«Dogonak, aberatsa bezain konplexua den mitologia baten jabe dira. Europarrekin inolako harremanik izan ez duen herri horren elezaharrek, inola ere, euren kabuz lortu ezin izan zituzten ezagutza astronomikoak azaltzen dituzte. Horrek, zientziari, azaltzeko gai ez den misterio bat aurkezten dio, ohiko konponbideetatik kanpo dagoena. Herri horren jakinduriak eguzki sistemari buruzko datu zehatz eta xeheak ditu, kasu askotan, astronomia modernoaren ezagutzara oso berriki sartu direnak: Ilargia, "lehorra eta antzua" bezala deskribatzen dute, Jupiter planetak (Dana Tolo deitzen dutena) lau ilargi handi dituela badakite, Saturnoren eraztunak ezagutzen dituzte, baita planetek, eguzkiaren inguruan, orbita eliptikoak egiten dituztela ere

Besteak beste, esplikatzen dute ezagutza horiek estralurtar izakiek eman zizkietela.[1]

Zientzialariek diote istorio hori guztia engainua besterik ez dela. Robert Todd Carrollek adierazi du Sirio izar sistemari buruzko jakintzen iturririk probableena gaur egungo lurtar iturriak direla, eta dogon etniako kide interesatuei eman zietela; eta aurreiritziz jokatzen duten zenbait afrikar aditu sinesberak mito berriak asmatu dituztela.[2] James Obergekk ere gogor kritikatu du dogonek beren jakintza estralurtarrengandik jaso duten ideia; aitzitik, aipatu du dogonek harreman handia izan dutela Mendebaldeko Europako esploratzaile, bidaiari eta misiolariekin, bai eta Frantziako Armadako kideekin ere; izan ere, hainbat dogon Frantziako Armadan aritu ziren, Bigarren Mundu Gerran.[3] Noah Broschek, Sirius Matters bere liburuan, adierazi du dogonek izango zutela harremanik, 1893an, dogonen lurraldean bost asteko espedizioa egin zuten astronomoekin. Astronomoak 1893ko apirilaren 16ko eguzki eklipsea aztertzera joanak ziren.[4] Obergek, orobat, nabarmendu du dogonen mitoek badituztela hainbat eta hainbat akats, hala nola Jupiterren ilargi kopuruarena, Saturno eguzkitik urrunen dagoen planeta izatearena, eta Saturno planeta eraztundun bakarra izatearena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dogon etnia Aldatu lotura Wikidatan
  1. (Gaztelaniaz) Ikus, bereziki, artikuluaren azken zatia.
  2. Robert Todd CARROLL (2003): The Skeptic's Dictionary: A Collection of Strange Beliefs, Amusing Deceptions, and Dangerous Delusions. John Wiley & Sons. 104. orrialdea. ISBN 0-471-27242-6.
  3. James OBERG: UFOs and Outer Space, Mysteries Donning Press, 1982. Ikus seigarren kapitulua («The Sirius Mystery»).
  4. Noah BROSCH (2008): Sirius Matters, Springer. 66. orrialdea.