Donostiako Berritzegunea

Koordenatuak: 43°19′17″N 1°57′47″W / 43.321403°N 1.962935°W / 43.321403; -1.962935
Wikipedia, Entziklopedia askea
Berritzeguneak Donostian duen egoitza, Ategorrieta auzoan.
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′17″N 1°57′47″W / 43.321403°N 1.962935°W / 43.321403; -1.962935
Map

Donostiako Berritzegunea, 2001 urtean sortutako irakasleentzako zerbitzua da, prestakuntza, aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dituena.

Donostiako zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1988an sortu zen. 21 pertsonek osatzen dute lantaldea eta gehienak ikastetxean irakaskuntzan lanean aritutakoak dira.

Lan ildoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza Sailaren ildoetatik eratorritako eta ikastetxeen beharrak uztartuz honako atalak jorratzen dira:[1]

  • Elkarbizitza - berdintasuna.
  • Informaziorako eta Komunikaziorako teknologiak.
  • Ikaskuntza Kooperatiboa eta inklusioa.
  • Hizkuntza Normalkuntza eta eleaniztasuna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak: 1984an Aholku eta Baliabide Taldeak (CAR /ABT)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadaren erdialdean, Administrazioak Hezkuntza Laguntza Zerbitzuak sortzearen beharra hartu zuen kontuan. Europako estatu askotan martxan ziren, baina hemengo hezkuntza komunitatearentzat berriak ziren. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Aholku eta Baliabide Taldeak deitutakoak sortzeko erabakia hartu zuen, horretarako hainbat arrazoik bultzatuta:[1]

  • Barreiaturik zeuden beste zerbitzu batzuk (Talde Multiprofesionalak, Euskarazko koordinatzaile Taldeak…) bateratu eta funtzioak zehazteko beharra.
  • Hezkuntzaren inguruan ugaritzen ari ziren esperientzia, jardunaldi, formakuntza planak eta antzerakoen jarraipena eta orokortzearen beharra.
  • Ikastetxeei baliabide didaktikoak eskaintzea eta ikastetxeetan egiten ari zenari aholkularitza didaktikoa emateko premia.
  • Ikastetxeetan sortzen ziren hainbat erronka berriri erantzutea: eskola antolamendua, eskola porrota, elebitasuna, gizarte arazoak, teknologia berrien hastapenak…

Horrela, CAR/ABT deiturikoek, hezkuntza komunitateari laguntzeko guneak izango ziren neurrian, hainbat eginkizun aurrera eramateko lagungarri bilakatu ziren: esperientziak bideratzerako, zerbitzuak koordinatzerako, prestakuntza zein berrikuntza ekintzak antolatzerako; gainera, ikastetxeetan bertan beren ezaugarriengatik edo beren prezio altuengatik eduki ezin zitezkeen baliabide pertsonal eta materialak guneok eman zitzaketen eta elkar-lanerako giro aproposa eskaintzen zuten.[1]

Aipatutako xede horiekin, 1984ko urrian (27/7/1984ko Agindua) Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan sei zentro jarri ziren abian. Bertan lan egiten zuten hezkuntzako profesionalek, zuzendaritza batek koordinatuta, honako ildo nagusi hauei erantzun nahian zihardutelarik:

  • Berrikuntza (zientzia esperimentaletako eta ikus-entzunezko baliabideetako teknikariak),
  • Integrazioa (talde multiprofesionalak),
  • Euskalduntzea (euskara koordinatzailea), orientabidea, informatika…

Zuloagako egoitzan hasiera batean eta gero Ibaeta Eskola hexagonalean (gaur egungo Physics Certer-a dagoen lekuan) kokatu zen zerbitzu hori.

1988an Pedagogia Aholkularitzategiak: PAT-COP[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza Sailak, lau ikasturteetan garaturiko lanaz eginiko ebaluazioa medio, Laguntza Zerbitzuen azpiegitura eta funtzionamendu birmoldaketa egitea beharrezko jo zuen, beti ere gizarte eredu eta hezkuntza komunitate berriek eskatzen zituzten baldintza berrietara egokitu nahian. Gauzak horrela, 1988ko irailean, Pedagogi Aholkularitzategiak [PAT/COP] deiturikoak abian jarri ziren.

Laguntza Zerbitzu berri horien ezarpenak lehengo CAR/ABT-ek hasitako lana sendotu zuen. Irakasleriaren parte hartze mailak gora egin zuen nabarmen bai formakuntza ekintzetan, bai ikastetxeetan garaturiko berriztatze ekintzetan, eta baita baliabideen mailegutzan ere. LOGSE legearen ezarpenak beren egitura indartzea ekarri zuen, erreformaren ezarpenaren erreferente bihurtu ziren hainbat eginkizunetarako: aholkularitza, prestakuntza, esperientzien elkar-trukaketa, baliabideen ekarpena eta abarretarako. Ikastetxeetan presentzia handia hartzen hasi ziren eta Tutoretza lan horrek lan taldeen bidezko lan-kultura bultzatu zuen ikastetxeetan formakuntza ekintzak sortuz. Hezkuntza Sailaren ekimen horren eskutik etorri ziren hain harrera ona eduki zuten Ikastetxeko Prestakuntza Proiektuak eta Hezkuntza Berriztatzeko Proiektuak.

1990eko hamarkadan, zerbitzu horien benetako finkapena etorri zen: ekintza plangintza zabala, ikastetxeetan etengabeko eta oso ondo baloratutako presentzia, ekintza eta esku-hartzeen kopurua handitzea, esperientzia bultzatze etengabea, eskainitako baliabide didaktikoen eta euren erabiltzaileen tamaina gero eta handiagoa... Behar horiek eta beste batzuek bultzatuta Donostiako PATa gaur egun kokatua dagoen egoitzara etorri zen 1992ko udan, Ategorrietako “Uribesalgo HI”ra, Irakasle Eskolaren eranskina zen hartara, hain zuzen ere.

2001ean Berritzeguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helburuak lortu ahala, gizartearen behar premiei handituz zihoazen, eta aldaketak eta egokitzapenak eskatzen zituen: genero eta hezkidetza ikuspegia, kulturartekotasuna eta zehar balioak, kalitatea eta hezkuntzaren hobekuntza, elkarbizitza, informazioaren gizartean murgiltzea... Giza ingurune horri erreparatuz, Hezkuntza Sailak programa batzuetan oinarrituko ziren Ildo Nagusi batzuk bultzatzea erabaki zuen eta horrek Laguntza Zerbitzuen beste birmoldaketa bat ekarri zuen.

Honela, 2001ko apirilean Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzeguneak) abian jarri ziren non ohiko hezkuntza premia bereziko eta arloko aholkularitzez gain, bai Berrikuntza programetarako, eta bai hezkuntza etapetarako beste aholkularitza berri batzuk sortu ziren. Azpiegitura berria eta Euskal Eskola Publikoaren Legetik egozten zen aholkularien egoera administratibo berri batean oinarriturik, 2001eko irailean Berritzegune hauek martxan jarri hasi zen.

2009an Berritzeguneak berrantolatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko seiurtekoan zehar lorturiko eskarmentuak bultzaturiko egokitzapen batzuen ondoren, 2009. urteko otsailaren 17an 40/2009 Dekretua argitaratu zen, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen zuena. Etapako aholkularitzak indartu nahi zituen berrantolaketa gauzatu zen; etapako aholkularitza horiek Hezkuntza Sailak lehenetsitako ildo eta programak bultzatzearen ardura hartuko zuten. Halaber, Dekretu horren arabera, Berritzegune Nagusia sortu zen, Euskal Autonomia Erkidego osoa izango zen bere esku-hartze eremua.[2] Era berean, Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda 41/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, onartu zen baita ere.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Berritzeguneraren Webgunea. Noiz ikusia:2016-11-14.
  2. «40/2009 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzekoa.» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2009-2-26 (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).
  3. «41/2009 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda onartzen duena.» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2009-2-26 (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]