Edukira joan

Drain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Drainatze filtratzaile» orritik birbideratua)
Drain bat.

Drain bat drainatzeko balio duen lurpeko hodia da[1], lur eremu bateko ur soberakina kentzeko edo ateratzeko[2]. Egun, legarrez betetako zanga eta zulatuta egoten den plastikozko hodi batez osatua dago. Gainera, lurzoruek eta zangek dituzten materialen artean, estalki “geotextil” batez inguratu egiten dira. Estalkia ura pasatzeko gai izatea nahitaezkoa izaten da drainatze sistemaren eginkizunetarako.

Uraren ibilbidea jarraituz, lehenik, urak estalki geotextila zeharkatu egiten du eta drainaduran sartu egiten da. Legarren artean ura filtratu egiten da eta grabitatearen ondorioz, behean kokatuta dagoen tutu zulatura iristen da. Tutuaren ordez, ura garraiatzeko beste sistema batzuk ere erabili izan dira[3]. Azkenik, tutuak jasotako ura garraiatu egiten du eta estolderia sarera edo ura drainatzeko beste sistema batera iristen da. Ura filtratzeaz aparte, euri isurketaren laminazioan lagundu egiten du, isuritako emari maximoen balioak leunduz eta kontzentrazio denborak handituz.

Normalean drainatze sistema hauen eginkizuna, drainatze sistema handiago batean atal baten osagai giza parte hartzea da. Errepide edo aparkalekuetan infiltratzen diren urak batzeko eta drainatze sistemetara eramateko erabiltzen dira, adibidez.

Buztinezko draina.

Aspalditik drainatu izan dira lur-eremuak, batez ere bizitzeko edo landatzeko desegokiak edo arriskutsuak zirenak egokitzeko (padurak, zingirak, zohikaztegiak eta abar). Mendebaldeko Europako ia arro hidrografiko guztietan, Asiako zenbait zonaldetan eta geroago Ipar Amerikan erabili izan da, aldaketa hidrologiko eta ekologiko handiak sortuz.

Erromatarren garaian, mundu mailan modu eraginkorrean eraikitako lehen estolderia sistema eraiki egin zen eta ura bideratzeko saneamendu sistema oso bat sortu egin zuten.

Azaleko ura kentzeko, drainen bidez egin daiteke, eta leku hezeagoetan zangak edo ubide txikien sareak erabiliz, batzuetan ponpa edo haize-errota batzuei konektatuta, ura altxatzeko:

  • erretenak, lurrean edo zohikaztegietan eginak, konponbide eraginkorrak eta ekonomikoak dira, baina ez dira egokiak nekazaritza mekanizatuan. Leku hezeetan zabalagoak eta sakonagoak dira (adibidez, Flandria eta Herbehereetako watergang erretenak).
  • drainak sakonean lurperatuta daude, kalkulatutako tarteen arabera. Lehen, toskazko edo buztinezko elementuz osaturik zeuden, muturra bata bestearen barnean sartuta[4].

Hainbat teoria daude drain hauen sorkuntzaren inguruan. Henry French[5] izeneko estatubatuar nekazari baten omenez deituriko teknika dela esan izan da.

Hala ere, XIX. menderarte ez ziren sistema drainatzaile filtratzaileak erabiltzen hasi. Garai artan, Frantziako drainatze sistemak legarrez betetako zangak izaten hasi ziren. Legar horien antolaketa oso garrantzitsua izan zen, uraren garraioa hoberena izateko eta galera gutxien izateko. Hala ere, ura bideratzeko garaian eta sistemaren iraunkortasunean, drainatze sistema hark hainbat arazo zituen. Horregatik, urte batzuen ondoren iritsi ziren oihal geotextilek eta hodien fabrikazio teknika berriek arazo gehienen konponbidea eta teknikaren hobekuntza ekarri zuten.

Drainatze filtratzaile mota baten sekzioa

Material drainatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Drainatze funtzioa betetzeko material estruktural garrantzitsuena da. Draina kokatuta dagoen zanga osoan zehar hedatzen diren materialez osatua dago. Gehienetan legar^$rak erabiltzen dira. Legarren hautaketa oso garrantzitsua da, harrien arteko hutsuneaz baliatuz uraren mugimendua baimenduko delako. Harrien tamaina, gaur egungo legediaren arabera, 20 eta 60 mm arteko diametro baliokidea izan beharko du. Zangaren perimetroan oihal geotextilik erabiltzen ez denean batez ere, diametro egokiaren banaketa garrantzi handia du, oso legar handien hautaketak, inguruko lurraren material finen penetrazioa eragin dezaketelako eta legar txikiek, aldiz, uraren filtrazioa oztopatu dezaketelako.    

Uraren garraioan arazoak aurreikusten badira eta tuturik ez erabiltzea erabakitzen denean, drainatzailearen beheko geruzetan erabili beharreko legarren tamaina handiagoa izaten da. Harrien tamaina gero eta handiagoa izatean, uraren garraioa errazten da zirrikitu gehiago izanez. Teknika berezi honi “drain itsua” deritzo.

Oihal geotextila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fitxategi:French drain Toronto.jpg
Oihal geotextila eta tutua zangan

Lurzoruaren propietateen arabera zanga eta material filtratzaileen artean oihal bat ipini behar izaten da. Oihalaren funtzio nagusia, inguratzen duen materiala babestea eta drainaren egitura mantentzea da. Mintzaren iragazkortasuna ezinbestekoa denez, oihal geotextil ez-ehunduak erabilitzen dira. Mota askoren artean erabilienak hurrengoak dira:  puntzonatuak, kimikoak eta beroz lotutakoak.

Zangaren egonkortasuna mantentzeaz aparte, inguruko agente kutsakorren aurkako babesa eskaintzen du, partikula ez-koloidalak adibidez. Inguruko lurrak izan ditzakeen lohiak eta buztinak banandu egiten ditu eta landare edo zuhaitzen sustraiak drainetik urrun mantentzen ditu. Hala ere, oihal geotextilak uraren filtrazio egokia bermatzeko behar duen dentsitatea 80 eta 150 -en artekoa izatea gomendatzen da. Balio hori, lurraren loditasunaren arabera hautatzen da.

Hodi filtratzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Drainatze mota hauetan tutuen erabilpena hautazkoa izan arren, oso gomendagarria da. Zangaren luzera osoan zehar jarri ez arren, ura biltzeko aparatu batera iristean nahitaez jarri behar izaten da. Zangaren beheko geruzan egoten da eta oihaletik eta legarretatik grabitatez filtratutako ura bildu eta zirkulazioa errazten duen egitura da. Tutuek ura filtratzeko gai izan behar dutenez hurrengo motetakoak erabiltzen dira: tutu zulatuak, material iragazgarriz egindakoak eta juntura irekiak dituztenak.

Tutuen kopurua eta dimentsioak, drainak bilduko duen ur bolumenaren arabera kalkulatzen dira. Horretarako, lurpeko ur-lasterrek neurketak eta gainazaleko azalera erabilgarriak kalkulatzen dira.

Orokorrean, 4 eta 8 erpuru arteko diametroak dituzten hormigoizko, PE[6] edo PVC tutuak erabiltzen dira. 

Gainazaleko geruza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Drainak estaltzeko erabiltzen diren materialak oso desberdinak izan daitezke, gainazaleko ura iragazteko gai diren bitartean. Bilduko diren ur kantitateen arabera eta zoruaren kokapenaren arabera hautatzen dira. Errepidetako bazterbidetan adibidez, draina estaltzeko, belarra edo legarrak erabiltzen dira.

Ataza honetan, gainazaleko urak ekarri dezakeen kutsadura filtratzeko material bereziak erabil daitezke.

Drainatze-sistema guztien moduan, mugitu egingo den ur kantitatearen arabera diseinatu beharko da draina. Horretarako inguruko azaleraren azterketa egiten da eta lurpeko uraren presentziaren azterketa egiten da. Gainera, 100 urteko birgertatze-aldirako emariak garraiatzeko diseinatu egiten dira. Ondoren, zanga egingo den luzera adostu eta beharrezko sakonera kalkulatzen da. Orokorrean, sakonera maximoa, maila freatikotik metro eta erdira mantentzen da, lurpeko uren eragina kontuan hartu ez bada nahi. 

Ondoren, drainak beharko dituen ezaugarrien arabera zanga hondeatzen da. Zangaren paretetan, eta drainaren ezaugarrien arabera hondoan, oihal geotextila jarri egiten da. Zangaren behealdean tutu filtratzailea kokatzen da eta azkenik legarrez estaltzen da. Legarrak guztiz konpaktatu egiten dira. Ipinitako legarrak eta oihalak guztiz garbi eta materia organikorik ez edukitzea oso garrantzitsua da. Drain barruko materialak kanpotik isolatuta egongo direnez eta sartutako ura, ur garbiagoa denez, barruan aurretik egon daitekeen materia organikoak iragazkortasun arazoak ekar dezakete, erreakzio anaerobioak eraginda.

Drain hauen erabilerak mota askotakoak dira, lurzoru barruan doazen ubideak direnez, ia edozein obratan instalatu daitezke eta. Eraikinen zimenduen inguruan egon daitezkeen lurpeko ur soberakinak drainatzeko erabili daiteke edo berdeguneen drainatze egokia egiteko. Hala ere, errepideen eta parkingen drainatzean aurki daitezke adibide gehienak.

Onurak eta kalteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri-drainatze sistema jasangarrien artean dagoen teknika denez, jasangarriek dituzten onura gehienak dituela esan daiteke. Uraren filtrazio oso ona eskaintzen du, metal astunak edo olioak xurgatuz, eta emari altuak laminatzeko erabili daiteke. Gainera, nahi izatekotan, zangaren beheko partetik ura infiltratzen da, denbora igaro ahala, isuritako ura guztiz infiltratuz. Metodo honen bidez, ura jasotzeko sistema gehigarririk ez izatea ahalbidetzen du. Beste sistema batzuekin konparatuz, nahiko merkeak eta seguruak dira eta ia edozein zoru motatan erabili daitezke, inpaktu bisuala minimoa izanda.

Hala ere, hainbat eragozpen dituen sistema dela kontuan hartzekoa da. Uraren filtrazioan harrapatutako materialen garbiketa egitea beharrezkoa denez, drainadura ondo funtzionatzeko, mantenimendu[7] egokia behar izaten du. Gainera, guztiz lurpean dagoenez, drainaduraren egoera aztertzea oso zaila da eta mentenimendu lanak egiteko hondeaketa lanak egiten dira. Azkenik, esan beharra dago, beste hiri-drainaketa motek, kanalizazio berdeek adibidez, materia organikoa tratatzeko onurak dakartzatela, baina drainatze filtratzaileek, lurrazpian lan egiten dutenez, ez dutela materia organikoari aurre egiteko modurik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Drain». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-20.)
  2. «Drainatu». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-20.)
  3. Castro Fresno, Daniel; Rodríguez Bayón, Joseba; Rodríguez Hernández, Jorge; Ballester Muñoz, Francisco. (2005-05). «Sistemas urbanos de drenaje sostenible (Suds)» Interciencia 30 (5): 255–260. ISSN 0378-1844. (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  4. baxerazko tutu batzuek, muthurra batak bertzearen barnean sartzen dutenak. Drain Orotariko Euskal Hiztegian, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-7-23)
  5. (Gaztelaniaz) «DREN FRANCÉS. Ejecución y características.» CONSTRUBLOG 2014-01-23 (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  6. (Gaztelaniaz) «Tubo de drenaje francés ondulado de metro en carretera.» Made-in-China.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  7. «Filter trench» www.susdrain.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]