Egia-Iriondo Memoriala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Egia-Iriondo Memoriala
Egia eta Iriondo
IrteeraBerriatua, Bizkaia, Euskal Herria
HelmugaOndarroa, Bizkaia, Euskal Herria
DataAbenduan
Distantzia4,250km
Lehen edizioa1984
Errekorra13:09, Guillermo Burgoa

Egia-Iriondo Memoriala Berriatuatik Ondarroara urtero ospatzen den 4,25km-ko lasterketa da. Jose Mari Aranbarri "Egia"-k eta Martin Iriondo "Iriondo"-k 1983. urtean eginiko apustua du oinarri.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apustua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983. urtean, Iriondo zen bi lagunetatik korrika aritzen zen bakarra. Berriatuako "Cordeleria Eizaguirre"-tik Ondarroako "Gelasio" tabernaraino egunero egiten zuen korrikaldia.

Urte hartako ekainaren 3an, biak "Gelasio" tabernan zirela, bertakoak Egia zirikatzen hasi ziren. Iriondo bezala korrika hasi eta forman jartzea hobe zuela esan zioten. Orduan Egiak, inongo prestakuntzaren beharrik gabe, momentu hartan tabernan zeuden guztiak garaitzeko gai zela erantzun zuen. Pedro Marik, "Gelasio" tabernako nagusiak, erronka zalea izaki, desafiorako aukera paregabea antzeman zuen Egiaren hitzetan. Iriondori aukera azaldu eta erronkaren nondik norakoak zehaztu ostean, apustua egitea hitzartu zuten Egiak eta Iriondok.

Korrikaldia Iriondoren ohiko entrenamenduaren ibilbide beretik izango zen, Berriatuako "Cordeleria Eizaguirre"-tik Ondarroako "Gelasio" tabernaraino, uztailaren 25ean, eta 15.000 pezeta egongo ziren jokoan.

Adostu bezala, uztailaren 25ean, eguerdiko 12etan hasi zen lasterketa. Ikusmira handia sortu zen, inguruko herrietatik ere jendea bildu bai zen norgehiagoka hura ikusteko. Egia izan zen garaile, Iriondori 3 minutu eta 20 segundoko aldea aterata.

Lehen edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apustuak izan zuen arrakasta ikusita, 1984. urtean errepikatzeko erabakia hartu zuten. Ordungoan, Egia eta Iriondoz gain beste korrikalari batzuk ere gehitu ziren erronkara. Modu honetan, Memorialaren lehen edizioa ospatu zen.

Gorakada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora aurrera joan ahala Memorialaren garrantzia handitzen eta parte hartzea ugaritzen joan ziren. Ondarroako eskoletako haurrek ere lasterketan parte har zezaten erabakia hartu zen, eta horrek korrikalari kopuruan eragin nabarmena izan zuen. Garairik arrakastatsuena 2004 eta 2008 urte bitartean bizi izan zen. Urte haietan parte hartzea 500 pertsonatik gorakoa izaten zen, errekorra 634 korrikalarin ezarri zelarik.

Protesta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterketarako beharrezkoa zen asegurua lortzeko egon ziren arazoak zirela medio, 2010. urtean Memoriala protesta-martxa gisara ospatu zen. Korrikalari guztiek bat eginik eta bi autoren artean burutu zituzten ibilbideko 4,25km-ak. Taldearen aitzinean "EGIA-IRIONDO XXVII. MEMORIALA" zioen pankarta eutsiz, lasterketaren jarraipena berma zedin eskatu zuten parte hartzaileek.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterketak bere horretan darrai eta abenduan ospatzen da.

Egia eta Iriondo apustua hasi aurretik, 1983ko uztailaren 25ean.
Lehen edizioko kartela, 1984.
Protesta martxa, 2010.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbidea.

Lasterketako ibilbidea 4,25 km gorabeheratsuk osatzen dute. Berriatuan du hasiera, "Itsaskorda" enpresa parean. BI-633 errepidea jarraituz iparraldera abitzen da gero, "Kamiñazpi" kaletik Ondarrura sartu eta "Gelasio" taberna parean amaitzeko.

Aipagarria da, lehen edizioetan ez zela zuzenean errepidean hasten, "Cordeleria Eizaguirre" enpresaren paretik baizik. Ezin esan liteke ibilbide laua denik, batez ere hasieran, non aldapa etzan baina luze xamarrari aurre egin behar zaion.

Datu aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ondarrutarrek edo Ondarroarekin harreman zuzena dutenek baino ezin dute parte hartu.
  • Lehen edizioetan gazteak eta zaharrak bi lasterketa talde ezberdinetan zatitu eta bananduta hasten zuten lasterketa.
  • Egiak eta Iriondok euren arteko lehia mantendu zuten urte askoan. Iriondok hiru ediziotan soilik lortu zuen Egia mendean hartzea. Une batetik aurrera baina, lasterketa batera egiteko erabakia hartu zuten. Gauzak horrela, batera eta jai giroan egin zuten beti Memoriala, 2013. urtean azken aldiz parte hartu zuten arte.
  • Ondarroaren alde lan egindako pertsonak omendu zituen lehen ekitaldia izan zen Memoriala. Ondoren, "Zapato Azule" eta "Antxoa Egune" bezelako ekitaldiek ere antzerako omenaldiak egitea erabaki zuten. Felix Beristain margolaria izan zen lehen omendua.
  • Hainbat elkartek parte hartzaileentzat pintxoak presta zitzaten lortu zuen Memorialak. "Antxoa Egune" ideia honetan oinarritu zen.
  • 2012. urtean, Memorialeko 64084 zenbakidun loteria hamarrena gabonetako loteriako 3. sariaren irabazle suertatu zen. Memorialaren historian hamarren gutxien saldu ziren urtea izan zen, 237.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]