Eman ta zabal zazu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eduardo Chillidak sortutako ikurra, eman ta zabal zazu goiburuarekin batera.

eman ta zabal zazu Euskal Herriko Unibertsitatearen goiburua da, unibertsitatearen ikurrarekin eta logotipoarekin batera doana.[1] Iparragirre koblakariaren Gernikako arbola abestiko lehen ahapalditik ateratako esaldia da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981. urtean, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu eta urtebetera, orduko errektore zen Gregorio Monrealek Unibertsitateko Gobernu Batzarra ohartarazi zuen ikur berria sortu behar zela, antzinako Universidad de Bilbaoko ikurra ordeztearren. Arte Ederretako Fakultateko orduko dekano Pedro Manterolaren txosten bat jaso ondoren, Eduardo Chillida artistari eskatu zioten ikur berria diseinatzea. Euskal Herriko unibertsitate baten aldeko kanpainako ikurra oinarritzat hartuta, artistak Zientziaren Arbola irudikatzen duen irudia sortu zuen 1982. urtean, Iparragirre olerkariaren Gernikako arbola kantuko «eman ta zabal zazu» hitzak gainean zituela.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiburua («eman ta zabal zazu», Euskal Herriko foruen oroitzapenez), ikurra (Zientziaren Arbola) eta logotipoa («Universidad del Pais Vasco», ezkerraldean, «Euskal Herriko Unibertsitatea», eskuinaldean, edo «UPV EHU») batera doaz beti, zigiluetan eta antzekoetan izan ezik, horietan goiburua eta ikurra bakarrik ager baitaitezke. Goiburua ikurraren gainean kokatzen da, beti minuskulaz, lehenengo letra barne. Logotipoa beti azpian dago, tipografia jakin batez. Ikurrak, goiburuarekin eta logotipoarekin batera, beltzez agertu behar du, atzealdea argia edo neutroa denean. Zuriz agertu behar du, ordea, atzealdea iluna denean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Erakunde Irudiaren Eskuliburua, Euskal Herriko Unibertsitatea.