Jose Maria Iparragirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jose Maria Iparragirre
Joxe Mari Iparragirre Balerdi.jpg
Bizitza
Jaiotza Urretxu1820ko abuztuaren 12a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntza euskara
Heriotza Ezkio-Itsaso1881eko apirilaren 6a (60 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
Lanbidea
Lanbidea bertsolaria eta musikaria

Jose Maria Iparragirre Balerdi (Urretxu, Gipuzkoa, 1820ko abuztuaren 12aItsaso, Gipuzkoa, 1881eko apirilaren 6a) olerkaria, euskal abeslari eta musikagilea izan zen, "nazio olerkigile"tzat hartua. Hark sortuak dira, besteak beste, Gernikako Arbola eta Agur Euskalerria kantuak. Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanak berritzaileak eta sakonak izan ez baziren ere, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan, Polonian Adam Mickiewiczek eta Italian Alessandro Manzonik izandakoaren antzekoa.

Haren bizitzako 60 urtean izan zituen Euskal Herriak bere historiako eraldaketa garrantzitsuenetariko batzuk. Eraldaketa horiek Erregimen Zaharraren krisialdiarekin hasten dira, gero krisi horren ondorioz karlistaldiak etorri ziren, eta Iparragirreren bizitzaren hondarrean Euskal Herriko industrializazioa izan zen. Arteari dagokionez, Erromantizismoaren arrakasta garaian bizi izan zen Iparragirre, eta horrek haren estiloan eragin nabarmena izango zuen, gizabanakoaren errealizazio pertsonalerako eta askatasun kolektiborako sentimendua eta irrika indartuta. Hori islatuta ageri da Jose Maria Iparragirreren jarduera guztietan, hala nola haren olerki eta abestietan. Bertsolaritza zaharrean Euskal Herriko Erromantizismo artistikoaren pertsonaiarik nabarmenena da, eta haren Gernikako Arbola ereserkia euskaldunen nortasun ikur bilakatu da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan dagoen Iparragirreren erretratua.

Urretxuko (Gipuzkoa) antzinako kale nagusiko Altzola etxean jaio zen, 1820. urtean. Aita gozoki denda baten jabea zen. Zerainen maisu ziharduen osaba batekin egin zituen lehen ikasketak. Hamaika urterekin Gasteiza bidali zuten gurasoek ikastera, baina laster itzuli zen. Hamahiru urte zituela gurasoak Madrila aldatu ziren, baina berehala, 1833. urtean, Lehen Karlistaldia piztu zen, eta gurasoei ezer esan gabe osabaren etxera joan zen.

1834. urtean karlisten gudari talde batean sartu zen, Gipuzkoako lehen batailoian, 1839 arte. Lehen Karlistaldia amaituta, atzerrira joan zen, beste karlista asko bezalaxe. Frantzian jauntxo baten babesa izan zuen, eta Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantua ikasten, horretarako zituen berezko dohainak jorratzen. 1848an, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzen giro nahasian jendaurrean Marseillesa abestu zuela eta.

Frantzia, Italia, Suitza eta Alemanian barrena ibili ondoren, Londresen azaldu zen 1851n, abeslari. Mazarredo jeneralak abesten entzun zion, eta zigorrik gabe sorterrira itzultzea proposatu. Bilbora iritsi eta Madrila joan zen. Hantxe abestu zuen lehen aldiz, 1853. urtean, Café de San Luis kafetegian, Juan Maria Altuna piano-jotzailea lagun, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola.

Euskal Herrira itzulita, 1855ean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. Euskal Herritik erbesteratu eta Espainian zehar ibili zen. Euskal Herrira itzuli eta Angela Kerexeta neska gaztea ezagutu zuen. Argentinara alde egitea eta han berarekin ezkontzea proposatu zion Iparragirrek.

Hartara, 1858ko abuztuaren 29an, Baionatik itsasontziz abiatu ziren Argentinara. Han ezkonduko ziren 1859ko otsailaren 26an, Iparragirrek 36 urte eta Angela Kerexetak 17 urte zituztela. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan. Azkenik, hango adiskide batzuek egindako diru ekarpenei eta haren omenez antolatutako kontzertu bati esker, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen 1877. urtean.

Sorterrian berriro, eskean ibili arren, inoren laguntzarik gabe herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Itsasoko (Gipuzkoa) baserri batean aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean euripean lo egin ondoren pneumoniaz hil zen arte. Angelarekin zortzi seme-alaba izan zituen: Benigno, Frantziska, Angela, Luzia, Juan, Felisa eta Dominga.

Kantak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jose Maria Iparragirre Aldatu lotura Wikidatan
Wikiiturrietan badira testuak, gai hau dutenak:
Jose Maria Iparragirre
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Jose Maria Iparragirre